Apartheidetik Munduko Kopara

  • Abian da bost kontinenteetako milaka pertsona Hegoafrikara begira jarriko dituen Munduko Futbol Txapelketa. 19 ediziotan lehen aldiz, “kontinente ahaztuak” hartuko du horrenbesteko ikusmira sortzen duen lehiaketa, eta herrialdeak munduari erakutsi nahi dio Apartheid zaharra atzean utzi eta aurrera begiratzeko prest dagoela.
Hegoafrikako zaleak
Hegoakrikako zaleakwww.flickr.com/south_african_tourism
Lanak izango ditu. Mendebaldeko prentsak oso modu kritikoan aztertu du txapelketarako prestakuntza fasea, eta Hegoafrikan kexu dira, kolonialismo garaiak gogorarazten dituzten titular gaiztoak eskaini dizkiotelako antolakuntzari, segurtasun eza eta txirotasuna behin eta berriz azpimarratuz. Hona BBCren webgunean maiatzaren 17an irakur zitekeena: “Hain arriskutsua al da Hegoafrika? –Titularra hori, eta lehen esaldia ondorengoa– Hegoafrika krimen biolento asko gertatzen diren lekua da”.

Lau haizetara zabaldutako mezu beldurgarriek eta nazioarteko krisiak eragina izango dute bisitari kopuruan, eta aurreikusitako 500.000 bidaiariak urrun geratuko dira. Gainera, FIFAk antolaturiko txapelketak ez du aldatuko pobrezia gorrian bizi direnen egoera; jabetzen direnean, dagoeneko konturatu ez badira, nola erantzungo dute?

Dena den, herrialdea prest da horrenbeste ilusio eta desilusio sortu dituen txapelketa hartzeko eta dudarik ez izan hilabete batez futbola izango dela jaun eta jabe, bai han, baita hemen ere. Kirol hau gustuko dutenek goi mailako norgehiagokez gozatua hartzeko abagune bikaina izango dute. Argia.com-en ere (Hegoafrikarren Munduko Kopa izeneko kanalean) trataera berezia emango diogu txapelketari, bai Euskal Herritik, baina baita Afrikatik bertatik ere eguneroko jarraipena eginez. Horrez gain, finala jokatuko duten astean, Hegoafrikaren egoerari buruzko erreportaje zabala argitaratuko dugu Argia astekarian.

Irakurle, susmatuko duzunez, Argian ez gara soilik futbolaz mintzatuko. Gauza asko erakusteko eta irakasteko dituen herrialdea da Hegoafrika. Futbolari protagonismoa emango diogu, baina ez protagonismo osoa. Futbol txapelketa aitzakia hartuta, mintzagai dugun herrialdea hurbiltzen saiatuko gara, ahalik eta fidelen, prismaren alde ezberdinetatik begiratuta.

Hegoafrika izugarri aldatu da azken 50 urteotan. Beltzek zurien autobusak har ezin zitzaketen herrialdea –guda zibilean itotzeko zorian izan ostean–, 30 urte ilegalizatuta egin zituen alderdi bateko presidente beltzak gidatzen du egun. Mandelaren miraria deitu izan diote askok. Asko dago hobetzeko (pobrezia, langabezia, ustelkeria eta Hies epidemia nabarmenenak), baina futbol txapelketa gorena herritarrek nola bizi duten jakin nahi dugu, ikuspegi alarmista alde batera utzi, eta bertatik ikas dezakegunari ere so eginez.

Koadernoa, grabagailua, argazki kamera, bideokamera eta ilusioa gainean hartuta, egunero hango berri emango dizuegu. www.argia.eus/hegoafrika helbidean irakurriko duzue handik zuzenean idatzitakoa. Sorpresa handiko bidaia izanen da, ez dudarik egin. Lurmutur hirian (Cape Town ingelesez) hartuko dugu lur ekainaren 23an eta Hegoafrika hiri horretatik 1.500 kilometrora dagoen Johannesburgoko nazioarteko aireportutik utziko dugu uztailaren 15ean, behin txapelketa amaituta. Tartean zer gertatuko den? Errazagoa da asmatzea nork altxatuko duen kopa.
Argia.com-en egunero
-Futbola atalean, Ander Altuna kirol kazetariak egunak eman duena laburbilduko du bere kroniketan.
Joxemari Ostolaza kolaboratzaileak futbola landuko du, baina ikuspegi kritikoago batetik.
Bilardo zirikatzaileak berriz, futbol iruzkin ozpinak egingo dizkigu tabernako barratik.

-Juanjo Olasagarre idazle nafarrak gai librean herrialdearekin lotutako artikuluak idatziko ditu egunero. 12 urte dira Mandelaren Afrika idatzi zuenetik, han egindako bidaiaren ondorio. Bidaia kronika hura atzean geratu zen, ea zer emaitza ematen duten denboraren joanak eta oroitzapenen birgogoratzeak.

- Lander Arbelaitz kazetaria Hegoafrikara joango da eta bertan egunez egun bizi eta ikusitakoaz idatziko du.

-Multimedia alorra ere jorratuko dugu, argazki, diaporama eta bideo bidez. Apartheidaren aurka munduan egindako kartelen bilduma ikus daiteke kanalean, bakoitzaren data, egilea eta herrialdea jarrita. Herri bateko kartel politikoak herri horren historiaren hemeroteka fidagarriak izaten dira.
l Apartheidetik Munduko Kopara izeneko atalean, Afrikako herrialdeak jasan duen eraldaketa erraldoia ulertzeko klabeak topa daitezke, azalpen eta argazki ugarirekin.

- Irakurlearen Txokoan, irakurleak hartzaile soil izateari utzi eta kanalean parte hartzeko aukera izango du, iritzi, galdera edo proposamenak argitaratuz. Saiatuko gara ahal bezain ongien erantzuten.

- Twitter bidez idatzitako mezuak ere ikusgai izango dira. #hegoafrika etiketa duten mezuak agertuko dira, bai irakurleek bidalitakoak, baita guk Hegoafrikatik zuzenean bidalitakoak ere.

- Hemeroteka atalean, Argian orain arte Hegoafrikaz idatzitakoak topatu ahal izango dituzu, baita beste hedabideetako artikulu interesgarrienen bilduma eguneratua ere.

- Lotura interesgarriak ere jasoko ditugu, eta gaian sakondu ahal izango du nahi duenak. Alderdi, pertsona eta erakunde garrantzitsuen loturak eskainiko dizkiogu sail honetan.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude