Iruñea aldeko musikaren garrak piztuta jarrai dezan

  • Joan den urteko azaroaren 16an lau hormen artean bizitza handia zuen Aizoaingo (Nafarroa) baserri batek sua hartu zuen eta ia erabat kiskaldu zen. Hainbat musika taldek entsegu lokalak zituzten bertan, eta Iruñeko soinu teknikari ezagun batek ekipo guztia gordetzen zuen. Taldeek instrumentuak galdu zituzten; soinu teknikariak, ekipoa. Beraien eguneroko erremintak. Eta, funtsean, dirutza. Gainera, baserria bota egin dute.
Quemequemé jaialdia
Quemequemé jaialdia
Suak baserriaren bi heren erre zituen sasoian, honako musika taldeek entseatzen zuten bertan: Antigua y Barbuda, Electric Riders, Astrovandals, Hoey & The Mussels, Jon Ulecia y Cantina Bizarro, Black Lagun eta Lex Misterio. Talde horiek eta soinu teknikariak 30.000 eurotik gora galdu zituzten.

Musikariek, atsekabetuta, galdutakoa berreskuratzeko hainbat ekimen aurrera eramatea erabaki zuten, hoberen egiten dakitenarekin; musika joaz. Hala, abenduaren 18an lokal horietako taldeak Totem aretoko agertokira igo eta elkartasun kontzertua egin zuten. Baina, zoritxarrez, elurte handia bota zuen eta ez zituzten aurreikuspenak bete.

Musikari ezagunen elkartasuna

Orain, berriz, hainbat musika talde handi batu eta apirilaren 30ean elkartasun kontzertu erraldoia egingo dute Atarrabiako kiroldegian, 20:00etatik aurrera. Barricada, Lendakaris Muertos, Bizardunak, Governors, Los Zopilotes Txirriaos –lehengo Impekables– eta Ze Esatek arituko dira.

Baina zein lokal dira, erre ziren horiek? Goazen urte batzuk atzera: 1990eko hamarkada hasieran Tijuana In Blue taldeko Montxo Aizoaingo baserri batera bizitzera joan zen. Han Iruñeko zenbait taldek entseatzeko lekua hartu zuen: Mierdosos, Impresentables, Tijuana In Blue, Bajo Cero, Dekadencia, The Dos In Blue… Gerora, Phil eta JC ingelesek baserrian lur hartu zuten, eta Montxorekin batera ondoko baserria ere berenganatu, musika-etxe bat egiteko asmotan. “Grabazio estudio bat, tailer bat eta entsegu lokala egitea erabaki genuen, eta lanean jarri ginen”, gogoan dauka Montxok.

Bigarren baserriko lokalak prest izan zituztenean, Mermaid taldea sartu zen, eta haren atzetik So Blind eta beste batzuk. “90eko hamarkada erdialdean hasi ginen Mermaid taldearekin eta Iruñean entseatzeko lokalak eskasak eta garestiak ziren. Kontzertuetan JC ezagutu genuen eta galdetu genion ea Aizoainen entseatzeko aukerarik ote genuen”, azaldu du taldeko Iñigo Firehead-ek.

Txikia zen baserria, baina poliki-poliki lau lokalak goraino bete ziren eta egunez beti zegoen soinua teilatupean. Mermaid taldekoek uda osoak pasa zituzten barruan, ia irten gabe. “Uda batean, bigarren diskorako abestiak konposatzen buru-belarri genbiltzala, bazkaldu eta afaldu ere han egiten genuen, irten gabe”.

Mota askotako talde esanguratsuak

“Gogoan daukat talde askok baserri hartan entseatu nahi zutela, baina lokaletan lekua hartzeko ezinbesteko baldintza zen JC edo Montxo ezagutzea, edo ordurako bertan geunden taldeok musikari horien gaineko erreferentzia onak ematea; hala sartzen ziren berriak. Eta, sasoi batean, ia ez zen etenaldirik egoten egun osoan. Bestalde, rocka oso endogamikoa da, badakizu, eta taldeak biderkatu egiten ziren”, gogoan dauka Iñigok, nostalgia puntu batekin. “Giroa oso berezia zen, musika taldeetakook, Montxok eta JC-k elkarri laguntzen genion edozer gauzatan; Iruñean ez zegoen halakorik beste inon”.

Montxok dioenez oso ezagunak egin ziren baserriko lokalak hiriburuan, jende asko handik pasatzen zelako. “Nik esango nuke Iruñean egon diren musikari guztiak inoiz Aizoaingo baserritik pasa direla: hartu-eman eta mugimendu handia zegoen eta asko pasatzen ziren ekipo bila, lokaletan inprobisazioak egitera edo elkar ikustera”.

Hoey & The Mussels taldeko Karlek gaineratu du, lokal horietan aritutako taldeek Espainiako estatuan ospea lortu dutela. “Pasa direnen izenak ikustea besterik ez dago”. Tonino Carotone moduko musikari glamourosoak handik irten ziren, baina askoz jende gehiago ere pasa zen, alboko orrialdeko koadroan azaltzen diren izenak, besteak beste.

Taldeen artean batasun eta elkartasun handia zegoen, eta kontzertuak egitea eta gauez entseatzea debekatuta zuten arren –inguruan etxeak daude; behin Mermaid-ekoek egin zuten proba, JCren atsekaberako–, beste hainbat herritan lokaletako taldeek elkarrekin kontzertuak egin zituzten, elkarrekin bizi zuten giro onaren erakusgarri.

Grabazio estudioa

Ordurako, lehenengo baserria bizileku zuten, baina bigarrenean ekimena etengabekoa zen eta El Perro Ingles estudioan ere hainbat grabazio egin zituzten. Mermaid taldearen disko gehienak JCk han errejistratu zituen, baita honako beste hauen lanak ere: Glitter Souls, Los Brillantinas, Jugos Lixiviados, Los Cupras, Decadencia, Dead Flowers, Insoportables, Los Mierdosos, So Blind eta Beaux Degats, besteak beste. “Oso estudio sinplea zen, baliabide gutxi zituen, baina JCk ahalegin handia egiten zuen eta doinu gordin berezia lortzen zuen; oso gustuko genuen”, azaldu du Iñigo Firehead nekaezinak.

Aizoiango lokaletatik pasa ziren talde askok bizirik jarraitzen dute oraindik, eta bukatu ziren proiektuetan ibilitakoek beste talde batzuk ere sortu dituzte gerora, baina baserri horren erabiltzaileen ustetan dagoeneko ez da gauza bera izango. “Talde horiek ez daude geldi, eta nonbait entseatzen jarraitzen dute, baina guztiok etxe berean ez egoteak, JCren inguruan biltzen zen multzo hori apurtu izanak, baldintzatu du beste talde berri asko ez irten izana. Hori izugarrizko galera da”, azaldu du penaz Hoey & The Mussels taldeko Karlek.


Aizoaingo baserrian entseatzen zuten zenbait talde


Tonino Carotone
Mermaid
Basque Country Pharaons
So Blind
Green Manalishi
Las Culebras
Hoey & The Mussels
Los Cupras
Royal Canal
Antigua y Barbuda
The Astrovandals
Esquadron Buck Dharma
Black Lagun
Jon Ulecia y Cantina Bizarro
Electric Riders
Lex Misterio
Gritos de Histeria
Dead Flowers
Los Huajalotes
...

Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude