"Bazterketarik gabeko elkarrizketa da bakea lortzeko bidea"

  • The Peace People mugimendua sortu ostean, Mairead Corrigan Maguire-k (Belfast, 1944) Bakearen Nobel Saria irabazi zuen 1976an, Betty Williamsekin batera. Britainia Handiko Poliziak Maguireren ilobak autoarekin harrapatu eta hil zituen, IRAko militante bat jarraitzen ari zenean, eta haien amak bere buruaz beste egin zuen gutxira. Harrezkero, The Peace People sortu eta bake mugimenduen bozeramaile bilakatu da Maguire.
Mairead Corrigan Maguire
Mairead Corrigan MaguireAlberto Pradilla
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Azken urteetan, Palestinako gatazkaren konponketaren aldeko mugimenduetan aritu da Mairead Corrigan Maguire. Iragan ekainean, Free Gaza itsasontzian sartu eta Israelgo armadak atxilotu zuen. Egun, Israelek Palestinan duen jarrera epaitzea helburu duen Russell Auzitegiko kide da. Ipar Irlandaz, Palestinaz eta Euskal Herriaz mintzatu gara berarekin.


Mugimendu bakezaleek zer nolako ekarpena egin dezakete Palestinako gatazkan?


Urtero joaten naiz Palestinara, bereziki Bilinera, Ramalaren ondoan dagoen herri txiki batera. Bilinen, okupazioaren aurkako mugimenduak indar handia hartu du eta beste toki batzuetara ere zabaldu da; desobedientzia zibilean oinarritzen da eta biolentziarik gabeko bideak defendatzen ditu. Oso mugimendu interesgarria da: biolentziarik gabeko erresistentziaren alde egitea erabaki dute, okupazioaren biktimak izan arren eta giza eskubideen eta nazioarteko legeen aurkako etengabeko abusua jasan arren. Izan ere, beste aukera bakarra pistola hartzea da. Ipar Irlandan biolentziarik gabeko mugimendua sortu genuenean mezu argia bidali genuen: eskubideak defendatzeko mobilizazioak egitea eskubide bat da. Azken finean, erakunde politiko eta sozialen bitartez, eta mobilizazioen eta antolakuntzaren bidetik, bestea konbentzitzen ahal da.

Osloko akordioak egin zituztenetik, “bakea” hitza oso erabilia izan da Palestinan, batez ere Israelgo Gobernuak esaten duenean bakea lortu nahi duela. Aldi berean, ordea, kolonizazio politikak erabiltzen ditu estatu horrek. Beldurrik ematen al dizu hitzak bere benetako esanahia galtzeak?


Bakeaz ari garenean, bake justu bati buruz hitz egiten dugu. Zapalduak dauden herriek, Palestina kasu, aukera dute autodeterminazioaren alde biolentziarik gabe egiteko, nahiz eta bakea den garrantzitsuena. Biolentziarik gabeko mugimenduak pizteko konbentzimenduarekin hurbildu naiz Palestinako herrietara. Izan ere, ekintzaile bakezalea izateko, ekintzak egin behar dira, ezin gara ezer egin gabe gelditu. Harresiaren kontrako manifestazio batean plastikozko bala batekin zauritu ninduten eta azpimarratzekoa da harresia nazioarteko legediaren aurkakoa dela. Nire ustez, mundu guztia mobilizatu beharko litzateke etxeak eraistearen eta Gazako blokeoaren kontra. Adibidez, pasa den ekainean, beste 21 ekintzailerekin batera, Free Gaza itsasontzian sartu eta eremu horretara janaria eta osasuna zaintzeko materiala eramaten saiatu ginen. Israelgo armadak, baina, indarra erabiliz bahitu gintuen eta gero, handik joatera behartu. Bakea zerbait aktiboa da, sortzailea. Eta gainera funtzionatzen du; bakeak aukerak sortzen ditu indarkeria ez delako funtzionatzeko modua eta egiteko modu horrek emaitzak ematen dituela erakutsi behar dugu. Hegoafrikan gertatu zen, baita Ipar Irlandan ere. Palestinan, baliteke funtzionatzea. Hango buruzagi askorekin hitz egin dut eta baieztatu didate bertako gizarteak biolentziarik gabeko bideen alde egiten duela apustu. Bide horretan, gure sostengua eman behar diegu.

Palestinarrek zer jaso dezakete Ipar Irlandan gertatutakotik?


Ezberdintasun asko daude, baina gure ekarpenik onena biolentziarik gabeko ekimenekiko itxaropena da. Norabide horretan, helburuak erdietsi daitezke, eta justizia eta bakea eskuratu. Ipar Irlandan gerra zibila bizi genuen 1976az geroztik. Jendea mobilizatua zegoen, antolatuta. Eta guk biolentziarik gabeko aukera abiatzea erabaki genuen. Paramilitarren indarkeria salatu eta aski zela esan genuen. Hortik aurrera, gizartea aldaketaren alde mobilizatzen saiatu ginen. Buruzagien artean, bazterketarik gabeko eta baldintzarik gabeko elkarrizketa exijitu genuen. Palestinan ere, nazioarteko komunitateak bazterketarik eta baldintzarik gabeko elkarrizketa eskatu diezaioke Israelgo Gobernuari, prozesu hori serio hartzeko. Alegia, bakearen aldeko prozesuari ekitera behartu beharko luke nazioarteko komunitateak Israelgo Gobernua. Israelek, izan ere, bakearen alde dagoela esaten du, baina zaila da hitz horiek sinestea harresia eraikitzen jarraitzen duten bitartean. Edo etxeak botatzen ari badira, palestinarren egoera apartheid bilakatzen jarraitzen badute. Politika genozida horren erruz, palestinarrak garbiketa etnikoa ari dira sufritzen.


Nazioarteko araudiak erresistentzia armatuaren eskubidea ere onartzen du.


Erabiltzen diren tresnek helburuak justifikatu behar dituzte. Giza eskubideetan, nazioarteko legeetan eta bizitzaren errespetuan oinarritutako gizartea eraiki nahi baduzu, gizarte osasuntsu eta demokratikoa lortu nahi baduzu, ezin duzu biolentzia erabiliz hasi. Ez da bide zuzena. Bakea beste biderik ez dago. Nik, bonba bat erabiltzeko prest dagoen jendeari, atzera egitea eskatuko nioke. Beren sufrimenduan eta minean pentsatu behar dute eta momentu horretan justizia pixka bat ikusiko dute. Haien bake propioa aurkitzen duten heinean, biolentziarik gabeko bideak hautatzeko prest izanen dira. Nik 1976an ahizparen hiru seme-alabak galdu nituen, hil egin zituzten Britainia Handiko armadaren eta IRAren arteko enfrentamendu batean. Ahizpak, gainera, bere buruaz beste egin zuen ezin zuelako barruko min hori sendatu. Biolentziak gisa horretako historiak ekartzen ditu, pertsonen bizitzak suntsitzen ditu. Eta horixe da palestinarren sufrimenduak dakarrena, israeldarren sufrimenduak dakarrena. Ez dena egin behar da min horretan parte hartu; zergatiak bilatu behar ditugu, ezin gara arazoen zati bilakatu.

1976an irabazi zenuen Bakearen Nobel Saria. 22 urte beranduago, Ostiral Santuko akordioak sinatu ziren Ipar Irlandan, prozesu demokratikoa irekiz. Nola ikusten duzu Irlandako gatazkaren egoera une honetan?


Etorkizuna itxaropentsu ikusten dut. Dagoeneko gobernu bat daukagu eta proposatu diren aldaketetatik asko martxan daude. Gaur egun, gizartea ez da bizi amesgaizto baten barruan, ez dute egunero pentsatzen beren seme-alabak erailak izan daitezkeela militarren edo paramilitarren esku. Hori iraganean gelditu da. Benetako demokraziarekin eta adiskidetasunarekin bizitzea dagokigu orain. Gure gizartearen integrazioan sinesten dut; besteez fidatu behar dugu, bestearekin lan egin. Behin bakea lortuta, beste hamaika gauza eskuratu daitezke. Oinarritzat bakea hartzen baduzu, aurrerapenak izanen dituzu ekonomian eta giza eskubideetan. Horregatik nago itxaropentsu, eta bakea lortzea posible dela esan nahi diet beste herrialdeei. Horixe da Ekialde Hurbilera bidali behar dugun mezua: bakea posible dela.

Ipar Irlandarekin lotura izan duen beste gatazka bat Euskal Herrikoa da.


Adibide gisa Ipar Irlandako gatazka nola konpondu genuen hartzen baduzu, arazo etniko-politiko bat ikus daiteke. Onartu beharra dago ETA bezalako taldeak ezin direla baztertu, beraien arazoak zeintzuk diren entzun behar baita, beraien ideiak zeintzuk diren jakin behar da. Hortik abiatuta, elkarrizketa politikorantz abiatu behar dira. Konponbidearen parte izan behar dira, arazoaren parte direlako. Giza eskubideak sustatzeko ezin dituzte larrialdietan sortutako legeak erabili. Ekimen mota batzuek beldurra, haserrea eta zatiketa sortzeko baino ez dute balio, gatazka konpontzeko tresna izan beharrean. Hori da nire esperientzia Irlandan gertatutakoa ikusita. Honakoa da bide bakarra: biolentziarik gabeko eta bazterketarik gabeko elkarrizketa.


Hala ere, une honetan legez kanpo dago ezker abertzalea. Halakorik ez zen inoiz gertatu Irlandan.


Irlandako adibidetik kontuan hartu behar duguna da arazo etniko-politiko sakonen azala dela indarkeria. Hots, sustraietara joatea beharrezkoa dela, benetako arazoa ulertzeko. Jendearekin hitz egitea ezinbestekoa da, hori baita bidea gizartean biolentzia ez beste alternatibak aurkezteko. Ipar Irlandan erakutsi genuen talde bakezale bat alderdi politiko guztiekin bildu daitekeela. Baita paramilitarrekin ere. Isolamendua apurtzeko pausoak eman genituen, pixkanaka, euren arazoak entzun ahal izateko eta konponbidea bilatzen saiatzeko. Ezin dituzu horrelako taldeak baztertu. Eta ezin duzu haien kontra egin larrialdi egoeretan sortutako legeak erabiliz. Larrialdiagatik izan da hain suntsitzailea terrorismoaren aurkako kanpaina mundu osoan. Negoziazioaren ordez, saiatu dira pertsona batzuk isolatzen eta hain justu, pertsona horiek dira elkarrizketetara hurbildu beharrekoak.

Bakearen Nobel Saria jaso duen pertsona izanik, nola ikusten duzu AEBetako presidentea izatea azken sariduna?  


Itxaropentsu sentitu nintzen Barack Obama presidente hautatu zutenean, aldaketaren aldeko plataforman zegoelako. Jende pila bat zegoen munduan gerrarekin eta indarkeriarekin bukatzeko asmoan sinesten zuena. Gizartearen segurtasuna bermatzeko, bide militarrak erabiltzen ez dituzten agintariak behar ditugu. Hezkuntza, Osasuna… dira jendeak nahi duena. Horregatik, itxaropentsu sentitu nintzen Obamak aldaketaren aldeko hitzak agindu zituenean. Izan ere, Alfred Nobelek Bakearen Saria sortu zuen aintzat hartzeko desarmearen aldeko pertsonak; alegia, talde armatuak disolbatzen dituzten pertsonak, bake elkarrizketak bultzatzen dituztenak, arazoak indarkeriarik gabe konpontzen ahal direla ikasi dutenak. Hori da Bakearen Nobel Sariaren espiritua… Eta garaia baino lehen eman zioten Obamari saria. Momentuz, ez du ezer egin. Hala ere, ardura izan behar du, gogoratu behar du aldaketaren aldeko plataformaren burua izan bada, jendeak aldaketa nahi duelako izan dela. Aukera begien aurrean dauka, baina aprobetxatu ordez, Afganistanera tropa gehiago bidali ditu. Militarrak arazoak konpontzeko baliogarriak direla esan dio gizarteari, bide horren aldeko ilusioa mantendu du. Baina nire ustez, militarrak arazoa dira, ez dute ezer konpontzen. Dena den, etorkizunik onena opa diot, jendeak aldaketan sinesten jarraitzen du eta aldaketa exijitzen jarraitzen du AEBetan eta mundu osoan. Aldaketa kultural baten aurrean gaude, hor daude justiziaren aldeko mugimendua eta bakearen aldeko manifestazioak. Oraindik ere, benetako aldaketa ailegatu daiteke.


Pertsona baikorra zara.


Bai, noski. Jendearengan sinesten dudalako.

Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude