Momentuz ez dira libratuko

  • Urtero, milioika animalia erabiltzen dira ikerkuntzan. Batzuek nahiago lukete, ordea, “erabili” neutroa baino, “torturatu” eta “hil” esatea. Errealitate latza hori da: animalien sufrikarioa izan ohi da aurrerapenaren ordaina. Urrats asko egin dira ahalik eta animalia gutxien erabiltzeko eta horiei ahalik eta kalterik txikiena egiteko xedearekin, baina ikertzaile gehienek diote oraingoz ezinbestekoa dela haiekin zenbait proba egitea.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Zerbaiten nazioarteko eguna ez den data bat aurkitzea baino gauza zailagorik ez dago. Apirilaren 24a laborategietako animaliena izango da, eta horregatik, seguru asko, hedabideetan protagonismo apur bat bereganatuko du normalean informazioaren mainstream-etik aparte samar egoten den eztabaida batek. Eztabaida etikoa da, azken batean: zilegi da animaliekin esperimentuak egitea?

Galdera horri ezetz erantzuten diotenen ahotsa nabarmenduko da, batez ere, apirilaren 24aren karietara sortuko den adierazpen oldean. Mundu osoan, makina bat elkartek eskatzen du bertan behera uzteko animaliak erabiliz egiten diren ikerketak. Euren argudio nagusia sinplea da: ezerk ez du justifikatzen, ezta zientziaren aurrerapenak ere, animalia batek tratu txarrak edota heriotza jasatea, pertsona batek halako patua izatea justifikatuta ez dagoen bezala. Eta animaliarik ez erabiltzea galga izango bada ikerkuntzan, bada, izan bedi.

Zientzialariengan erabat gailentzen den iritzia bestelakoa da: oraindik beharrezkoak ditugu, tamalez, animaliekin egindako saiakerak. Garrantzitsuak dira “oraindik” eta “tamalez” hitzak; animaliak erabiltzea zilegi da baina ez edonola, adierazten dute. Badira jarrera hori defendatzeko propio sortutako elkarteak ere; nonbait, laborategietan animalia bakar bat nahi ez dutenei erantzuteko jaioak dira. Horietako batengandik –AEBetako Ikerkuntza Defendatzeko Elkartea– jaso dugu honako argudioa: “Ahalegindu arren, ikerketa askotan badira saio-hodi batean ezin egin daitezkeen probak, ez baita nahikoa molekulek, zelulek, edo ehunek, bakarka, zer jarrera duten jakitea. Gorputz bizi bat zatien bilduma hutsa baino askoz gehiago da, eta guk jakin behar dugu zer nolako elkarrekintzak dituzten zati horiek”.

Ez da etikoa animalia bat hiltzea guk erabiliko dugun sendagaia sortzeko, diote animaliekin egindako esperimentuen aurkakoek. Ez da etikoa sendagai berri bat ematea gaixoei seguru ez bagaude ez diela kalterik egingo, beraz animaliengan probatu behar dira lehenago, erantzuten dute Ikerkuntza Defendatzeko Elkartearen gisakoek. Norberak jakingo du zein aldetara lerratu. Utz dezagun horretan beraz, eta ostera errepara diezaiegun, arreta handiagoaz oraingoan, “oraindik” eta “tamalez” hitzei, azken beltzean horien atzean ezkutatzen dena baita gakoa auzi honetan.

Hiru R-en printzipioa

Aspaldi zabalduta dago laborategietan erabiltzen diren animalienganako kezka. Haien sufrimendua ahal den neurrian murrizteko borondatea, alegia. Hala adierazi digu Gloria Letek, EHUko Animalien Ongizaterako Etika Batzordeko presidenteak: “1959an, William Russell eta Rex Burch biologoek hiru R-en printzipioa aldarrikatu zuten, eta esango nuke horrekin batera hasi zirela zientzialariak animalien ongizateaz arduratzen. Gaur egun egiten den ikerkuntza guztiak printzipio hori du ardatz”.
Hiru R-ak ingelesezko replacement, reduction eta refinement hitzen lehen letrak dira (ordezkatzea, murriztea eta fintzea). Ahalik eta animalia kopuru txikiena erabiltzea, ahalik eta kalte txikiena egiten duten teknikak baliatzea eta ahal den guztietan metodo alternatiboak usatzea, horra ardatz hirukoitza.

Hiru alderdiek lotura estua dute elkarrekin. Fintzean egindako hobekuntzek beste bietan ere aurrera egiteko aukera ematen dute, eta ordezkapenak, esan gabe doa, berez dakar murrizketa. Ez dago hiru R-etan aurrerapausoak lortzeko xedean ikerketa-lerro berezirik, baina Leteren esanetan, azken urteotan garapen handia eman da eremu honetan. Fintzean, batez ere. Eta hori da, EHUkoaren ustez, hiruretan garrantzitsuena.

Laborategietako animalien erabilera arautzen duen legediak hiru R-ak ditu oinarri. Nazioartean nahikoa legedi uniformea da, bidenabar esateko. Europar Batasunean FELASA erakundea arduratzen da, aholkularitza lana eginez, herrialde guztietan beteko diren gutxieneko baldintzak egon daitezen. Hortik aurrera, estatu bakoitzak nahi beste gogortu dezake legea. Hala sortu dira, berbarako, EHUkoa bezalako etika batzordeak. Euskal Herrian, esperimentaziorako animaliak darabiltzan orok batzordea eratu behar du, edo, horretarako aukerarik ez badu –enpresa txikia izateagatik, adibidez– , beste zentro bateko batzordeari aurkeztu behar dizkio animaliekin egitekoak diren ikerketa-proiektu guztiak, hark onespena eman diezaien. Labur esanda, eta igarriko zenutenez, ikertzaileek une oro hiru R-en arabera jokatzen dutela ziurtatzea da batzordeon zeregina.

Milioika ale urtero

R eta guzti, animalia kopuru eskerga erabiltzen da laborategietan. Ez da erraza datu zehatzak ematea. Kopuruak asko aldatzen dira iturriaren arabera, eta sarritan eguneratu gabeko datuak dira hara-hona dabiltzanak. Bestalde, zifra ofizialek ez dute benetako errealitatea adierazten, animalien defentsan diharduen Altarriba Fundazioaren iritziz: “Laborategiek eurek ematen dituzte datuok, askotan, eta batzuk benetan trebeak dira benetako kopuruak ezkutatzen. Esperimentu militar sekretuak ez aipatzearren”, azaldu digu Matilde Figueroa komunikazio-buruak. Altarribak dio urtero, eta ofizialki, 100 milioi inguru animalia erabiltzen direla munduan. Kontuan hartu behar da zerrendatik kanpo daudela ia ornogabe guztiak, legeek ez baitiete aitortzen animalia izaera. Hala ere, ornodunak erabiltzen dira gehien, saguak eta untxiak batez ere. 

Altarribaren webgunean irakur ditzakegu 2003. urtean Europar Batasunak zabaldutako datu batzuk (1999koak dira): guztira zortzi milioi animalia hil ziren laborategietan, eta horietatik erdia sendagaiak sortzeko erabili ziren. Gaitz erdi, eta barkatu gustu txarreko ironia, sendagai horietako batzuk albaitaritzan erabiltzekoak ziren. Bi milioi eta erdi alek biologia-ikerketetan utzi zuten bizia, eta 770.000 inguruk kontsumo-gaien toxikologia probetan. Ordezkapena eta murrizketa ardatz izanagatik, legediak behartzen du zenbait ikerketa-lerrotan animaliekin probak egitera. Fundazioaren arabera, erabilitako animalia kopuruak gora egin du nabarmen ingeniaritza genetikoarekin zerikusia daukaten ikerketetan, eta seguruenik hazkundea ez da etengo etorkizun hurbilean. Hiru R-ena ez dago hain argi, hauei jaramon egitera.

Ahal beste ordezkatzen da?

Izan ere, animaliekiko esperimentazioaren aurka daudenen jarrera ez da erreportaje honetako bigarren paragrafoak aditzera eman lezakeen bezain bakuna. “Gu ez gaude zientziak aurrera egitearen aurka”, esaten dute maiz, inork galdetu gabe kasik. Argi daukate ez litzatekeela animalia bakar bat ere erabili behar laborategietan, ikerkuntzarako ondorioak edozein direla ere, baina ez dira mugatzen lelo hori behin eta berriro errepikatzera. Aitzitik, talde batzuek aski landua dute metodo alternatiboen gaia, hau da, ordezkapena. Eta salatzen dute ez dela egiten eremu horretan egin daitekeen guztia.  “Egiten diren esperimentu guzti-guztietarako alternatibarik ez dago, baina bai gaur egun erabiltzen direnak baino askoz gehiago”, salatzen du Luis Perezek, DefensAnimal.org GKEko presidenteak. Haren aburuz, ordezkapen-metodo asko ez dira indarrean jartzen badirelako hori oztopatzen duten interes ekonomikoak.

Ildo beretik mintzatu zaigu Matilde Figueroa: “Laborategi askorentzat merkeagoa da animaliekin lan egitea, besteak beste, erabiltzeaz gain, eurek ere saldu egiten dituztelako hazten dituzten animalietako batzuk. Eta ez da ahaztu behar laborategiok animaliekin jarduteko atonduta daudela. Uste duzu hori guztia kenduko dutela, metodo berriak erabili ahal izateko beharko lituzketen instalazioak jartzeko haren ordez?”.

Fintzean ez hain fin

Ordezkapenaren R-an behar beste indar jartzen ez dela salatzeaz gain, fintzearenean ere alde ilun asko ikusten dituzte animaliekin esperimentatzearen kontrakoek. Laborategi gutxi batzuetan paratutako ezkutuko kamerek ikertzaileen edota animalien zaintzaren ardura zutenen jarrera lotsagarriak agertu izan dituzte. Irudiak Interneten topatzen dira erraz, eta ez dira atseginak. Horrez gain, legeak baimendutako praktika batzuk bereziki ankerrak direla diote. Adibide aipatuenetakoa Draize-n testa izaten da: hankak lotuta dituen untxi baten begiei, probatu nahi den substantzia jaurtitzen zaie, behatzeko ea norainoko suminkortasuna eragiten dion. Kritika asko jasotzen duen beste saiakera bat LD50 testa da: substantzia baten toxikotasun maila neurtzeko, animalia talde bati ematen zaio –janaraziz, arnastu araziz edo injektatuz–, aleen erdia hil arte. Adibide gehiago eman genezake, baina balio bezate bi horiek.

Bitxiena da, esperimentuok kritikatzen dituztenen ikuspegitik, haien emaitzak ez direla zientzialariek dioten bezain erabilgarriak. Substantzia batek sagu batengan efektu bat eragiteak ez du esan nahi gizakiengan efektu bera izango duenik. Eta horren zenbait adibide ematen dute.

Horren guztiaren aurrean, animaliekin ikertzearen aldekoek argudiatzen dute egia dela gauzak ez direla beti modu egokienean egin, baina horrek ez diola baliorik kentzen animalien erabilerari. Hauek ere badute euren tesiak defendatzeko balio dien zerrenda, besteena baino mardulagoa: animaliak usatzeari esker medikuntzak egindako aurrerakuntzena.

Kritikak kritika, hiru R-en printzipioak helburu ideal bat gordetzen du bere baitan: erabateko ordezkapena. Matilde Figueroak eta Luis Perezek bihar bertarako nahiko luketena, hain zuzen. Baina hori ez da gertatuko, jakina. Etikari bizkarra emanda dihardutenak albo batera utzita, zientzialariei ere gustatuko litzaieke ametsa gauzatuta ikustea, baina ez ikerkuntzaren kaltetan. Presa gabe, beraz. Gloria Letek dioenez, “ez dut uste nik ikusiko dudanik erabateko ordezkapena lortuko den unea”. Apirilaren 24 asko igaro beharko dira helburua lortzerainoko bidean, inoiz lortuko bada.
Kosmetikoak animaliengan probatzea, debekatuta Europan
Sendagai berriak garatzea gauza bat da, eta beste bat geure burua edertzeko produktuak sortzea. 2009ko martxotik, eta hasierako asmoekiko atzerapenez bada ere, Europar Batasunean (EB) debekatuta dago animaliengan probatuak izan diren produktu kosmetikoak merkaturatzea. Galarazita dago, halaber, produktu horien testak egitea animaliekin, zenbait proba motaren kasutan izan ezik –horiek 2013an debekatuko dituzte–. Izan ere, 2004tik ezin izan da egin era horretako saiakerarik guztiz garatuta dauden produktu kosmetikoekin. Osagaiekin edo osagai konbinazioekin bai, baina metodo alternatiboak sortu arte besterik ez. Iaztik, ezta hori ere. Legeak ez du inoiz behartu mota honetako artikuluek gure osasunean eduki dezaketen eragina animaliengan aztertzera, baina enpresa askok hala egin dute euren borondatez, Altarriba Fundazioak salatzen duenez.

Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


Eguneraketa berriak daude