Nahi bezalako teatro-karta

  • “Ez dugu antzerkia gugandik urrun dagoen zerbait bezala ikusi behar; are gutxiago, kontuan izaten badugu gure nortasuna indartzeko balia dezakegula”, esan digu Mamacrea antzerki taldeko sortzaile Itziar Diaz de Duranak. Izan ere, sormena edota ohiko antzerkia ez ezik, asko dira, arte eszenikoen ildotik, Mamacreak eskaintzen dituen zerbitzuak.
Mamacrea
Sar daiteke? antzezlaneko eszena bat behean. Taula gainean egiten den teatroaz gain, Mamacreak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu bestelako esparruetan.Mamacrea
Iaz, ibilera luzeko aktore bik –Nuria M. Crespo eta Ana i punto– eta kudeaketa zein ekoizpen lanak, besteak beste, bere gain dituen Itziar Diaz de Duranak sortu zuten Mamacrea antzerki talde kooperatiboa. “Taldea kooperatiba bezala antolatu dugu, figura horrek bat egiten duelako egin nahi genuenarekin: hau da, gura dugun arloan lan egiteaz gain, lana gure eran kudeatu nahi dugu.
Proposamen berriak egitekotan, gauzatzeko erak edukiek bezainbesteko garrantzia behar duelakoan gaude”.

Egun, antzerkira gerturatzen den jende kopurua gero eta txikiagoa izanik, antzerki konpainia sortzeak arriskutsua dirudi. Mamacreakoek, baina, pentsatzen dute gakoa eskaintza dibertsifikatzean datzala. “Antzerki merkatua, Euskal Herrian behintzat, ez dabil oso ondo. Arlo pribatuan etekin ekonomikoaren aldeko apustua egiten da, eta neurri txikiko proposamenak nahiz berritzaileak zokoratzen dira. Gauzak horrela, ikusleak antzerkira hurbiltzea erakundeen ardura da. Antzerkia ez da gugandik urrun dagoen zeregina. Hemengo ia herri guztiek dauzkate antzokia edo antzerkirako erabiltzen diren gelak, baita euren lanak sistematikoki taularatzea nahi luketen taldeak ere. Ezin dugu ahaztu antzerkia lanpostuak sortzen dituen arloa dela”, azaldu du Diaz de Duranak.

Euskal Herriko antzerki-eskaintza oparoaren barruan keinuetan oinarritutako antzezlanak egitea da Mamacrearen bereizgarri nagusia, oso testu laburrez egindako obrak. “Keinuak gure nortasuna islatzen du; keinua esateko era berezia da, gure marka. Gure ustetan publiko zabalera heltzeko bide aproposa da, lengoaia unibertsala”, dio Diaz de Duranak. Hirurek parte hartzen dute lanak erditzerakoan: arestian esan lez, proposamen berriak erro-errotik dira berriak.

Eta hirurak emakumeak dira. Horrek antzezlanetan nola eragiten duen galdetuta zera erantzun dute: “Antzezlanean sar daiteke, esaterako, heriotza, bakardadea edota menpekotasuna. Jorratzen ditugun gaiak horiek dira. Hau da, emakumeak gara eta gure izatetik egiten dugu lan, baina gaiak unibertsalak dira; ez dira emakumeen gaiak”.

Ez da, dena dela, sormen lana Mamacrearen zeregin bakarra. Asko dira arte eszenikoen balizko erabilpenak eta, etorkizunera begira, dibertsifikazioan ikusten dute ogibideari eusteko modua. “Gure ikuskizunak eta besteenak ekoizteaz gain, geuk taularatzeko ez diren produktuak ere baditugu, hots, antzerkiaren beraren osagaiak baliatuz, keinua bereziki, ohiko antzezlanak ez direnak eskaintzen ditugu. Gizakion ekimena da antzerkia; beste arloekiko elkarlanerako primerako tresna dugu. Horregatik, arte eszenikoak enpresaren eta hezkuntzaren munduan erabiltzea proposatzen dugu. Enpresa-munduarentzat, adibidez, hainbat zerbitzu dauzkagu, komunikazioarekin, formazioarekin eta marketinarekin zerikusi handia dutenak. Harremanetarako eta komunikazio abildadeak lantzeko tailerrak egiten ditugu: aktore jolasetan oinarritutako tailerrak dira, jendearen aurrean rol bat egin behar dutenei zuzenduak –komertzialak, adibidez–. Ez dira lotsa galtzeko erabilpen ‘terapeutiko’ hutsak, nork bere garapen pertsonala eta profesionala indartzeko tailerrak baizik. Oso erronka zaila izan arren, berria den heinean, itxaropentsua ere bada”, dio Mamacreako kideak.

Ez da baina, enpresei eskaintzen dieten zerbitzu bakarra: “Marketina ere lantzen dugu; proposamenak berriak ez badira ere, gure artean ezezagunak dira, sorpresa eragiten dute. Iaz, esaterako, Bilboko Udalak antolatzen duen Jet Lag jaialdia ezagutarazteko ikuskizun berezia prestatu genuen. ‘Gerrila marketina’ deitu genion. Jaialdiaren izaera kontuan izanik pertsonaiak sortu genituen eta kalez kale ibili ziren Jet Lag 09 aurkezten, jendea asaldatzen. Ez da publizitate hutsa, bezero bakoitzak behar duenari erantzuna emanez egindako ikuskizun berezia eta errepikaezina da”.

Hezkuntzari ere arreta eskaintzen dio Mamacreak. “Bitxia da, baina gaur egun, eskolaren alde ludikoa kirolak eta lehiak hartuta dago. Eskola gehienetan ez dago antzokirik; horren ordez kiroldegia dago. Antzerkiak ere tokia behar duela pentsatzen dugu. Horregatik, ikasleentzat eta gurasoentzat produktuak eskaintzen ditugu. Ohiko antzerki tailerrak eta ikastaroak dauzkagu, baina baita berri-berriak diren beste ekimen batzuk ere, non arte eszenikoek ikasteko balio duten. Bilbon, Miribilla auzoko eskolan eta bertoko auzoa birgaitzeko mahaiarekin batera, ari gara hainbat kanpaina garatzen –azken biak birziklapenari buruzkoak izan dira–. Helburua da, antzerki proposamenen bidez, zenbait balore hedatzea eta sendotzea. Ikasleek curriculumeko baloreak jorratzen dituzte jolasaren eta arte eszenikoen bidez, zertan ari diren ia-ia konturatu gabe. Bost minutuko agerraldiak egiten ditugu geletan: klasea geldiarazten dugu eta, jolasetik abiatuta, erreakzioak sortzen ditugu umeengan; interesa eta parte-hartzea piztu nahi ditugu. Eta badauzkagu sendientzako antzerki tailerrak ere. Aurrekoetan bezala, helburua ez da antzezlan bat prestatzea eta egitea: autoestimua eta konfiantza, bat-batekotasuna eta aipatutako curriculumeko baloreak garatzen ditugu”.

Badira interes handiko beste zerbitzu batzuk ere Mamacrearen karta gozo honetan: “Ederrak dira ‘gau sortzaileak’. Horietan, momentu bakoitzarentzat proposatutako gai baten inguruan –kabareta, esaterako– giro errepikaezina sortzen dugu gonbidatutako pertsonek euren lana zertan datzan azal dezaten. Eta joaten direnek ondo pasatzen dute. Ez da antzerkira mugatutako ekimena: argazkigintza, sukaldaritza edota literatura ere agertzen dira”.

Bukatu aurretik, Itziar Diaz de Duranak beste zerbitzu mota bat ere azaldu du: “Ikuskizun karta bat daukagu, bezeroek nahi dutenean egiteko: etxera dantza, olerkia, kantak... eramaten ditugu”. Zer iruditzen? Ekarriko dugu etxera opera apur bat, edo gogokoen dugun filmeko eszena?

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude