"Xiberotarrak ez gara raperoak baino fosilduagoak"

Allande Sokarros
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Noiz jeikiko dira egiazko xiberutarrak tirano arrotzen ohiltzeko?


Jeikirik dira egiazko xiberutarrak, egiazko euskaldunak, baina besteen artean bizitzeko. Ez dakit Matalazek barkatuko didan, baina bizi gaitezen denak elkarrekin.


Euskal Herriaren bihotz purua manexekin konpartitzeko prest?!


Beste eskualdeetan bezainbat astopito bada gurean, ez bat gehiago, ez bat gutxiago. Gure buruaren garaikide gara, ez gara raperoak baino fosilduagoak. Zer uste duzu egiten dugula maskarada eta pastoralik ez den urteko 363 egunetan?


Oraintxe duzu euskaldun askoren duda existentzial bat argitzeko parada...


Gure biharko zortea zuzendu, kudeatu, edo pairatu nahian bizi gara. Errealitatea eta pertzepzioa bi mundu dira, eta Euskal Herria ez da ideiaz ideia eraikitzen, jendez jende baizik.


Zer zara zu, alternatibaren liderra edo lider alternatiboa?


Alternatibitatea ez, alteritatea da gakoa. Traiziotik duen tradizioa ez al da alteritatea? Zer zentzu du bestela lehengoei jasoa egungoei besterik gabe emateak?

Ai, ai, ai, esango duzu berriz garrantzitsuegia dela artea politikariei uzteko.


Inauteria ere garrantzitsuegia da haurrei bakarrik uzteko. Ez da ahantzi behar kultur politika baino lehen bazela kultura, eta kultura baino lehen bizia. Egokitzea da gure zortea, beti sortzaile bizi ahal izateko gure ipurdiei ostikoak ematea. 

Ostikorik ematen ez dutelako dituzu txoriak maisutzat?


Hil ondoan baizik ez didazue sinetsiko. Kontserbatorioak eta diplomak modan daudela? Gure herriko parkea goi-mailako kontserbatorioa da. Horregatik ez dute nornahi onartzen.

Xiru festibalerako bederen ateak ireki beharko dituzue, ezta?


Euskal nortasunak munduarekin elkarrizketa izan dezan sorturiko laborategia da Xiru. Ez da Euskal Herria Zuzenean, baina mundua zuzenean dugu guk!


Zer da egungo munduaren zuzeneko soinua?


Joan den 30.000 urtetan kromañonak gara eta soinu kutsadurarekin ez dugu ez deus irabazi, ez deus galdu. Etengabeko sinfonia horren pertzepzioa lortzea da mundua poetizatzeko bidea. Soinua poesia da.

Ziur txirularekin duzun harremana ere poetikoa dela.


Ez nuen nik erran anitz maite duenak anitz sufritzen duela. Amodio azkarregi baten ondorioak belarriko minez ordaintzen ari naiz. Pentsa, kontrabaxua erosi berri dut!

Kontrabaxuarekin ala gabe, Xiberua gora eta Xiberua behera segituko duzu zuk...


Han sortu, han bizi, eta hil arte bederen han biziko naizelako. Hori bai, Xiberuak hautatu ninduen ni, ez nik bera.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!