ARGIA.eus

2022ko ekainaren 28a
Elebitasun pasiboa

Zuk egin erdaraz, nik euskaraz egingo dizut

  • Euskaraz hitz egin ez baina ulertzen duenari egiten al diogu euskaldunok euskaraz? Berari mihia askatzen laguntzen al diogu? Hizkuntzen arteko urruntasunak nolako eragina dauka? Elebitasun pasiboa delakoak aukerak zabaltzen dizkie euskal hiztunei, eta erdaldunei euskarara hurbiltzeko parada eman.
Elebitasuna
Elebitasuna
2010ko martxoaren 07a
IV. Mapa Soziolinguistikoaren arabera, 2006an arabarren laurdena elebiduna zen, %17,8 elebidun hartzailea eta %57,3 elebakar erdalduna. Euskal hiztunak erdaldunari eta elebidun hartzaileari gaztelaniaz egingo balie, 217.278 arabarri egingo lieke. Aldiz,  elebidun hartzaileek euskara ulertzen dutela kontuan hartuta haiei euskaraz egingo balie,  165.759 arabar elebakarri egingo lieke gaztelaniaz. Aldea badago.

Papereko kalkulu hotza baino ez da, baina elebitasun pasiboaz hitz egiten hasteko aztarnaren bat edo beste ematen du. Alegia, euskal hiztunari euskaraz aritzeko aukerak biderkatzen zaizkio elebidun hartzaile edo pasibo izendatutako horiei ere euskaraz eginez gero. Beste gauza bat da zenbateraino baliatzen ditugun dauzkagun aukerak. Zenbat aldiz entzun edo esan dugu, “ez du euskaraz egiten, baina dena ulertzen du, e!”. Eta ez diogu euskaraz egiten.

Ez dakienari euskaraz egitea ez da onuragarria euskara hiztunarentzat soilik, baita erdaldunarentzat eta euskara ikasten ari denarentzat ere. Euskarara hurbiltzeko modua litzateke ulermena lantzea, gero poliki-poliki, hitz egiten hasteko, EGA mailako euskara lortu arte zain egon gabe. Beldurrak, lotsak... beti mahai gainean ditugu.

Sentsazio horien berri ederki adierazi zigun Durk Gorterrek, soziologo herbeheretarrak, Argian egindako elkarrizketan (2188. zbk., 2009-06-14). Bera Euskal Herriko Unibertsitatean ari da lanean eta euskara eta gaztelania ikasten ari da. Hizkuntza kontuez ari zela ondokoa esan zuen: “Oso deigarria egin zait hemen, jendeak ingelesa erabili aurretik “my english is not very good (nire ingelesa ez da oso ona)” esaten dizula. Nik uste jendearen iritzia dela, maila bikaina izan arte, ezin dutela erabili. Ez da inolaz ere egia. Erabiliz ikasten da!”. Eta euskarari buruz: “Euskaltegiko ikasleak hanka sartzeko beldur dira. Garrantzitsua da testuingurua kontuan hartzea. Nik elkarrizketa hau ezin dut gaztelaniaz edo euskaraz egin, ez dut nahikoa mailarik. Testuinguru honetan garrantzitsua da niretzat ongi azaltzea. Baina beste testuinguru batzuetan euskara edo gaztelania erabili egin behar ditut ikasiko baditut. Hemengoa oso fenomeno interesgarria iruditzen zait, arrazoi konplexuek eragindakoa”.

Pasiboa baino, aktiboa

Elebitasun pasiboa terminoa darabilgu hemen, asko zabaldutako terminoa delako eta errazago aritzeko, baina batek baino gehiagok adierazi digu terminoa ez dela batere egokia. Bi hiztunek elkar komunikatzeko ahalegina egiten duten momentutik, jarrera pasiboa baino aktiboa da. Eta horrekin lotuta dago distantzia linguistikoaren kontua. Koldo Biguri itzultzailearen hitzak dira ondokoak: “Euskarak ez dauka inguruko hizkuntzen antzik, ulertezina da beste hizkuntzetako hiztunentzat, eta horregatik elebitasun pasiboa deitzen den hori ezinezkoa izan da hemen. Elebitasunaren ordez hizkuntz ordezkapena jasan izan dugu aurreko mendeetan, eta oraindik ere ari gara jasaten”. Esate baterako, katalanaren eta gaztelaniaren arteko distantzia linguistikoa askoz ere txikiagoa da eta katalanak aspalditik saiatu dira aukera hori baliatzen. Norberaren hizkuntza albo batera utzi gabe bizitzen eskarmentu handia dauka Ferran Suay psikologo valentziarrak. Euskal Herrian ezagunak dira bera eta Gemma Sanginés emaztea, TELP tailerrak (Taller d'Espai Lingüístic Personal) eman izan dituztelako. Suayren blogean irakurri dugu duela gutxi gertatu zaiona: autoa bateriarik gabe geratu eta auto aseguruari deitu dio. Telefonoaren bestaldekoarekin hiru-lau elkartruke egin ditu eta norberak bere hizkuntza mantendu du, Suayk katalana eta auto asegurukoak gaztelania. Orduan aseguruko langileak: “Barkatu, ez dizut valentzieraz egiten, gaztelaniaz erosoago nago”. Suayk esan dio ez dagoela inolako arazorik, berak gaztelaniaz oso ondo ulertzen duela, eta bere egoera berean aurkitzen dela, hau da, erosoago ari dela valentzieraz gaztelaniaz baino.

Valentziarrak blogean anekdota xume hori kontatu du hiru kontu interesgarri ikusi dizkiolako: hizkuntza desberdinetan ari diren bi hiztunek egoera erraz konpondu dutelako, inolako iskanbilarik gabe, eta bietako inork hizkuntza aldatu beharrik gabe. Langileak ez zuen esan valentziera ez zekienik, baizik eta gaztelaniaz erosoago sentitzen zela eta hori –dio Suayk– eztabaidaezina da. Era berean, besteari (kasu honetan bezeroari) ez dio eskatzen hizkuntza aldatzeko. Suayren ustez, langile hura edukazio onekoa eta argia izan zen, egoera elegantziaz bideratu zuen.

Hizkuntza alternantzia txarto ikusita dago

Esti Amorrortuk, hainbatekin batera, Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak (Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila) liburua idatzi zuen iaz. Argian egindako elkarrizketan (2207. zbk., 2009-11-22) ondokoa esan zuen: “Pertsona bat nahiz eta euskaldun oso ez izan, ulertzeko gai bada, zergatik hitz egingo dugu gaztelaniaz? Nik euskaraz eta berak gaztelaniaz saiatu beharko genuke edo gauza errazagoak esateko euskaraz eta zer edo zer ez badugu ulertzen gaztelaniaz eta gero berriro euskarara pasatu. Ez diogu eskolan, baina lagunartean zergatik ez erabili hizkuntza bat baino gehiago? Itxaron behar badugu koadrilako denak euskaldun oso izan arte sekula ez dugu euskaraz egingo”. Aitor du jarrera preskriptibistek indarra izan dutela eta dutela, alegia ez dagoela ondo ikusia bi hiztun norbera bere hizkuntzan aritzea edo hiztun bakarra hizkuntza batetik bestera igarotzea. Aldiz, Amorrortuk dio hizkuntza alternantzia baliatu egin behar dela. Mendebaldeko herrietan ez, baina hizkuntza aniztasuna aspaldikoa den herrietan, Kamerun edo Indian esate baterako, Amorrortuk dio jendeak zazpi hizkuntza dakizkiela eta denak erabiltzen dituela; bat halakorekin, bestea bestelakorekin, gero solaskide bakarrarekin hizkuntza bat baino gehiago... arazorik gabe.

Bizkar-zorroa beteta daukagu, arindu beharrean, bai euskal hiztunek, bai bidean direnek eta ez direnek. Hor dira lotsa, beldurra, errespetu kontuak, pazientzia eza, erosotasuna... Edozein urrats, txikia izanagatik, da onuragarri hiztunentzat, beti ere eta Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak esan digun moduan, jomuga euskaraz biziko diren euskaldun osoak direla.
Guraso bilerak Karmelo Ikastolan
Begoña Ocio Bilboko Santutxu auzoko Karmelo Ikastolako zuzendaria da. Gurasoekiko harremanean hizkuntza kudeaketa nola egiten duten azaldu digu. Guraso bilerak hartu ditugu adibide. Bilerak euskaraz eta gaztelaniaz egiten dituzte, informazio bera bi hizkuntzetan. Ez dituzte bi bilera egiten, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz, izan ere haien asmoa urte bereko haurren gurasoak bileretan batera izatea da, informatzeko eta elkar topatzeko. Bilerak pisutsuagoak dira, bi hizkuntzetan dena errepikatzen delako –beti ere irakaslearen abildadearen arabera–, baina gaia aztertu ondoren, ez dute irtenbide egokiagorik aurkitu orain arte. Galdera-erantzunetan bestela jarduten dute, euskaraz egindako galderak euskaraz erantzuten dira eta hartu-emana gaztelaniara itzultzen da baldin eta norbaitek eskatu badu.

Erdaldunek jarrera ona dute orokorrean, badakite zein eskoletara bidali dituzten haurrak. Gainera, ohitu egiten dira bilerak molde horretan egitera.

Idatzizko oharrak euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz bidaltzen zaizkie gurasoei, eskatu duten aukeraren arabera. Halaber, gutxieneko kontzeptuak ez dira itzultzen; esate baterako, otsaila-febrero ez da jartzen, asteko egunak ez dira itzultzen...
Eskola Kontseiluan denak euskaldunak dira bi ezik. Bilerak euskaraz egiten dira. Euskaraz pattal dabiltzanek zerbait ulertzen ez badute esan egiten dute eta azaldu egiten zaie.
Oskar Elizburu, AEK-ko irakaslea
Ardura ikaslearena: “Ikasleek beldur eszenikoa dute: ‘Erakusten badut euskaraz zerbait ulertu dudala usteko dute dena ulertzen dudala eta ez da horrela...’. Lotsa sentitzen dute. Guk argi eta garbi esaten diegu ardura beraiena dela, harro adierazi behar dute euskara ikasten ari direla eta laguntza behar dutela. Besteek gaztelaniaz egiten badiete beraien ardura da esatea: ‘Euskaraz egin nahi dut, egidazu euskaraz’”.

Euskaldunak zer? “Erosoena gaztelaniaz egitea da, elebidunak baikara. Baina ikasten ari denari adierazi behar diogu gu laguntzeko prest gaudela. Lagundu beldurra kentzen, ezina arintzen. Esan gauzak poliki-poliki, errepikatu, adierazi keinuz ulertu diozula... Adierazi ez digula axola denbora gehiago pasatzea”.

Euskaldun pasiboa: “Ez zait gustatzen termino hori. Pasiboak dira baldin eta ez badute baliatzen euskaraz egiteko duten aukera. Pasiboa baino, maila aktibo asko daude. Pasiboa izatekotan gizartea da, ez gara konturatzen zein potentzial dagoen euskararen erabilera igotzeko. Ez dugu baliatzen. Taldean denak euskaldunak eta bat erdi erdalduna baldin badago zer egiten dugu? Erdaraz. Eman diezaiogun dakien apur hori erabiltzeko aukera, edo guk euskaraz egin”.

Errespetua: “Errespetuaren kontua sartu ziguten buruan: ‘Gaixoa ez da moldatzen eta erdaraz egingo diot’. Euskaraz ikasten ari denari euskaraz egiten badiogu ez dugu ataka estuan jartzen, zubiak eraikitzen ari gara. Eman konfiantza, txalotu, animatu”.
Enpresetako esperientziak
Oñati eta Antzuolako (Gipuzkoa) kooperatibetan ibili gara galdezka, ea hizkuntza kudeaketa nola lantzen duten. Horietan euskara planak ezartzen dituen Emun kooperatibak eman dizkigu azalpenak.

Kontuan hartu behar da kooperatiba horietan euskararen ezagutza maila %75-85 artekoa dela. Emunek aholkuak ematen dizkie enpresei eta gero beraiek dira erabilera irizpideak adosten dituztenak. Adibide bat baino gehiago azaldu digute non langileek eta organoek erabaki duten batzar nagusian, kontseilu errektorean edo alorrekako kontseilutxoetan euskaraz aritzea. Jakina, ahaleginak ugariak dira eta beti ez da lortzen euskarak lehentasuna izatea. Ahozko hartu-eman horietan euskaldunek (ia denek) euskaraz egiten dute eta erdaldunak gaztelaniaz aritzen dira. Batzuetan power pointak gaztelaniaz ere izaten dira. Enpresa batean esate baterako, lanorduen jarraipenerako aplikazio informatikoa euskara hutsean jarri dute. Aldi batez gaztelaniazko hiztegitxoa izango du alboan lagungarri, baina gero kendu egingo dute.

Euskaldunak: Motibazio handia behar dute erdaldunen artean euskaraz aritzeko. Alabaina, hasieran behartua dena (euskaraz egitea) natural bihurtzen da gero, eta erdaldunek onartzen dute egoera berria. Hau da, euskarak pausoak emateko euskal hiztun motibatuak behar dira. Erdaldunek berriz, euskara ulertzeko gai izan eta hizkuntz moldaketak onartzeko prest egon behar dute.

Xuxurlatze teknika: Erdaldunak euskara pixka bat baldin badaki, ondoan jarri eta norbaitek, ulertzen ez dituen bilerako pasarteak itzul diezazkioke. Dena ezin da xuxurlatu, hori interpretearen lana litzateke, ezer ulertzen ez duenari itzulpena egitea, alegia.

Hiperleialtasuna fenomeno linguistikoa: Erdaldunen aurrean egonda ere euskaraz aritzea esan nahi du. Gerta liteke kafe makinan lau langile solasean aritzea, hiru euskaldun eta erdalduna. Hirurak euskaraz ari dira. Euskaldun hiperleialak, alegia.
Ferran Suay, psikologoa
“Eutsi besteak ‘no entiendo’ esan arte, bere gaitasun eza erakutsi arte”

Zuk natural-natural egiten duzu katalanez lehen hitza.


Mundu guztiari hitz egiten diot katalanez eta jende askok erantzuten dit gaztelaniaz. Hori da gizarte katalanaren eta euskaldunaren arteko diferentzia garbienetakoa, distantzia linguistiko ospetsua. Hizkuntzen gertutasunagatik pentsatzen dut besteak ulertzen didala. Gehiengoak ez dit esaten ez nauela ulertu eta hala esaten didatenean ere, nik uste dut ulertzen didatela. Proba egiten dut, katalanez segitzen dut eta esaten diot: “Ez duzu ezer ulertu?” eta erantzuten badit ezetz bada ulertu dit eta jarrai dezaket katalanez.
Euskararekin ez bezala, hizkuntzalariek diote %80ko ulertze gaitasuna dagoela gaztelania-katalanaren kasuan, katalana ezagutu gabe ere.

Katalanez segitzen duzunean bestea ez al da deseroso sentitzen?


Moldatuko dira. Nire arazoa da ni deseroso ez sentitzea.


Ez zaitu bere hizkuntzara eramaten?


Ez. Ohikoena da berak berera eramatea, bateratasuna bilatzea. Hizkuntza bat baino gehiagotan ari garenean gertatzen zaigu hori, baina baita hizkuntza bereko erregistroekin ere. Baserritarrarekin hitz egiterakoan eta hitzaldia ematerakoan ez zara berdin aritzen. Hizkuntza guztietan saiatzen gara beste hiztunarenera doitzen. Gurean ordea, doiketa beti guk egin behar dugu eta halako batean “aski da!” esaten duzu. Beti zuk bilatzen baduzu bateratasuna hark inoiz ez dauka beharrik zure hizkuntza ez ulertzeko eta ez jakiteko.


Segi duzu katalanez eta bestea saiatzen ari da, baina laguntza eskatzen dizu. Askotan gertatzen zaizu?


Oso gutxitan, laguntza nik eskaintzen dut: hitzen bat ulertzen ez baduzu esaidazu eta itzuliko dizut. Jendaurrean esaten dut norbaitek gaitasunik ez badu zer edo zer ulertzeko, esateko. Eta jendeak nola inoiz ez duen izan nahi gaitasun gabea sekula ez du ezer galdetzen. Kontuan izan besteak ia dena ulertzen duela.


TELP tailer ugari eman duzu Euskal Herrian. Nola erantzun du jendeak?


Askok pozez. Jendeak helburu zehatzak hartzen ditu, nahiz eta xumeak izan. Alabaina, aldaketak elur bola bilaka daitezke. Orain oso zaila litzateke nik eta beste askok egiten duguna Euskal Herrian norbaitek egitea. Ezin duzu onartu ulertzen zaituztela. Erdibideko helburua izan daiteke jende asko sistematikoki euskaraz hastea eta ez aldatzea lehenengoan. Bestela, segituan gaztelaniaz egiten badiozu, ez da konturatuko zuretzat gaztelaniaz egitea ahalegina denik. Alegia, euskaraz ezjakina izateak nolabaiteko kostua izan dezala. Eutsi besteak “no entiendo” esan arte, bere ahuldadea erakutsi arte. Garbi gera dadila bere gaitasun eza dela arazoa. Mailarik okerrena da euskalduna gaztelaniaz hastea, justifikatzen ari da euskararen beharrik eza eta bestea oso lasai geratuko da.
Maite Zipitria eta Arrate Arozena, Elhuyar Aholkularitzako teknikariak
Ni eta euskara. “Enpresetan, euskara planetan besteak beste, taldeak osatzen ditugu eta eskatzen diegu jaiotzetik euskararekiko dituzten bizipenak kontatzeko. Pentsatzen eta sentitzen dutena mahai gainean jartzeko eskatzen diegu, hizkuntzaren gaia ez baita agerian jartzen, tabua da. Aurreiritziak, lotsak, beldurrak atera nahi izaten ditugu eta ondoren sare berria eraikitzen saiatu. Ohikoena da bi komunitateen artean (euskalduna eta erdalduna) gai hori saihestea”.

“Ez didate euskaraz egiten”. “Perlak ateratzen dira bilgune horietan. Prozesua amaitu eta urtebetera zer moduz joan zen jakiteko bildu eta batek hala esan zuen haserre aurpegiarekin: ‘Euskara ikasten ari direnek egiten didate euskaraz, euskal hiztunek ez’. Eta euskal hiztunen erantzuna, ia-ia barkamen eske: ‘Ez nuen uste hainbesteko grina zenuenik’. Behin baino gehiagotan bilkura horietan konturatu dira albokoak euskara badakiela, eta urteak daramatzate lanean elkarrekin”.

Naturaltasunez. Lan munduko euskara planez gain, erakunde publiko zein enpresa pribatuentzat parte hartze prozesuetan aritzen da lanean Elhuyar Aholkularitza. Gaia hizkuntza ez duten jarduera taldeak dira, baina ezertan hasi aurretik hizkuntza mahai gainean jartzen dute: “Denek euskaraz dakiten ala ez galdetzen dugu. Hala ez bada proposatzen dugu norbera erosoen sentitzen den hizkuntzan aritzea. Tartean behin galdetzen dugu ea ondo moldatzen ari diren euskaraz ondo ez dakitenak, itzulpen laburrak ere egiten ditugu. Hizkuntzaren gaia mahai gainean jartzen dugu naturaltasunez, beldurrez bazoaz, zer edo zer gaizki egitera bazindoaz bezala, edo mesede eske bezala, parekoak hala jasotzen du. Alabaina, esaten baduzu bakoitzak erosoen sentitzen den hizkuntzan egin ahal duela zeinek esan behar dizu zer?”.

Azkenak
2022-06-27 | ARGIA
Euskal LGTBI+ Behatokiak eskatu du lege integral bat eratzeko EAEn

Eusko Legebiltzarrari eta EAEko LGTBI+ elkarteei proposatu die elkarrekin mahai bat osatu eta legea egiteko. Helburua da kolektiboko pertsonen eskubideek “estalki” bat izatea eta diskriminaziotik babestea, besteak beste.


2022-06-27 | ARGIA
Afrikako Batasunak ikerketa eskatu du Melillan hil diren 23 migratzaileei buruz

Melillako hesian gutxienez 23 pertsonaren heriotzak “berehala” ikertzeko eskatu dute. Moussa Faki Mahamat Afrikako Batasuneko presidentea “hunkituta eta kezkatuta” agertu da Afrikako migratzaileei ematen zaien indarkeriagatik eta tratu umilgarriagatik.


2022-06-27 | ARGIA
Kote Cabezudo argazkilariari 28 urteko kartzela zigorra jarri diote

Sexu izaerako hainbat delitugatik zigortu dute donostiarra: sexu abusuak, bortxaketa, haur pornografia eta modeloei iruzur egitea egotzi diote. 116.000 euroko kalte ordaina eman beharko die erasan zituen emakumeei.


Irakurrienak
ASTEKARIA
2010ko martxoaren 07a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude