Txerra Rodriguezen garaigoikoa blogean aurkitu dugu ondoko pasartea. Rodriguezek erandioar batek erabili ohi duen konpasaren teoria jaso du blogean. Erandioarrak teoria hori darabil Erandio Goikoako euskal komunitatearen gesaltzea azaltzeko. Hara Rodriguezen kontakizuna: “Erandioko eliza zentrotzat hartuta, konpas batekin marrazten baduzu mapan, elizatik gero eta urrunago, orduan eta ‘euskaldunago’. Hau da, Erandioko elizatik abiatuta, zirkuluak egiten hasiz gero, Erandioko euskal komunitatearen gesaltze prozesuaren argazki paregabea lor dezakezu. Berak dioen moduan [erandioarrak], salbuespenak egon badaude, baina hori dira, salbuespenak. Eta, gaineratzen du, salbuespen horiek burugogorrak izateagatik direla. Burugogor politikoak: hau da, elizatik hur bizi arren, euskal nortasun politikoa garatuta zuten gurasoek transmisioa bermatzen zuten, bestela ez”.