"Prozesu parte-hartzaileak soilik meza nagusiaren ordua erabakitzeko dira?"

  • Eliteko kirolari zenbaitek panikoa diote kirol-bizitza osteari. Ez da samurra, argitik itzalera pasa, eta urteetan sortutako burbuila zulatu eta errealitatearekin topo egitea. Baina batzuengan berezkoa da birziklatzeko sena.
Xabier Mikel Errekondo
Xabier Mikel ErrekondoDani Blanco

Ematen du kirolari edo kirolari ohi batek kirolaz baizik ezin duela hitz egin.


Eliteko kirolaren inguruan sortzen den burbuilaren ondorio bat baizik ez da hori. Batzuen kasuan topikoa betetzen da umetatik diru-usainean burbuila horretan sartuta egon den ume baten heziketa ezin delako taxuzkoa izan, baina gehienetan ez da hala, eta errealitateak erakutsi dit kirolarien artean ere oso jende kezkatu eta jantzia dagoela. Nola ulertu bestela, urtearen azkenetan, Euskal Herriko kirolariek Kirolhaerriaren baitan emandako urratsa? Analisi mamitsu bat egin eta konpromiso sakon bat hartzeko gai den jendea agertu da hor.

Zure garaian Espainiako selekzioarekin aritua zara. Nolakoa da kirolari euskaldun batek pauso hori ematerakoan duen barne-borroka?


Barne-borroka horrek mundu oso bat dakar mahai gainera. Ezkerreko eta abertzale sentitzen nintzen orduan ere, eta nire burua ez nuen ikusten piper-potoaren defentsan. Oso garbi neukan selekzioa ukatuko nuela. Baina bizitzako beste arlo askotan bezala, unea iritsi arte ez dauzkazu egoera analizatzeko premiazkoak diren parametro guztiak, eta hasieran ezezkoa eman banien ere, nire helburu pertsonal zein kolektiboak aintzat hartuz, joatea hobetsi nuen azkenean. Batetik selekzioari ezetz esateak bi urteko inhabilitazioa zekarren, horren ondorio profesional guztiekin, eta bestetik, banekien pertsona bat markatuta edo erreta dagoen momentutik bere mezuek ez zeukatela eraginkortasunik.

Kirol ibilbidean pilatutako esperientziak balio dizu alkatetzarako?


Uste baino askoz sentsazio freskoagoak dauzkat, udaleko eguneroko martxan eskubaloi jokalari nintzela bizitako egoera antzekoak egokitzen zaizkidalako. Esango nuke urtetan ikusitakoa eta bizitakoa buruan daukadala eta inkontzienteki erabiltzen dudala, baina bolo-bolo dabiltzan kontu batzuk desmitifikatu behar direla uste dut. Aldagelako giroarena, esaterako. Kanpotik, emaitza onak direnean, dena margotzen da arrosa kolorez, baina 20 laguneko aldagelan ezinezkoa da denekin primeran eramatea inbidiak areagotu baizik egiten ez dituen mundu elitista batean. Bakoitzaren historia eta jatorria hartuta, zure txokoa egiten asmatu behar duzu, zure lagun taldea, eta besteekin ahal bezain harreman eramangarri eta jasangarria izaten saiatu, denak helburu beraren alde borrokatzeko gisan. Udalean bezala, funtsean.


Politikari batek izan dezakeen ohore handiena norbere herriko alkate izatea dela dio Sabin Intxaurragak.


Dudarik ez dago ohorea itzela dela. Hasierako ezjakintasunari gogo, ilusio eta asmo onenarekin egiten diozu aurre, jabetzen zaren arte kontrakotasunak, herrigintzak baino gehiago, alderdi interesek eta ezinikusi pertsonalek sortzen dituztela. Gainontzean, pertsonalki, tratuan eta harremanean, izugarri aberasten zaituen kargua da. Herritarrak ezagutzen joaten zara, eta ikusten duzu interes altruista asko dituztela baina baita interes pertsonalak ere, eta kontraesan horietatik izugarri ikasten da. Baina, oroz gain, ni hemengoa naiz, beti izan dut Usurbil ideal bat buruan, eta norabide horretan proiektuak bideratu eta gauzak martxan jartzeak satisfazio handia dakar.

Gustura egongo zara hondakinen atez ateko bilketak hartu duen bidearekin.


Aitzindaritza markatu dugula uste dut, ez bilatu dugulako, hasiera-hasieratik proiektuan sinetsi genuelako baizik. Guretzako ez dago ingurumena eta osasuna baino garrantzitsuagorik, eta horiek bermatzeko modu bakarra (tamalez) atez ateko hondakinen bilketa da. Hasiera-hasieratik izan genuen garbi prozesu parte-hartzailea izan behar zela, eta hastapeneko informazio fasera 1.600 herritar inguratzea lortu genuen. Baina hori ez da nahikoa, eta inkestek argi adierazten dute lehen urrats horietan zaila dela sinesgarritasuna irabaztea, teoria hutsarekin ari zarelako. Praktikak erakusten du bidea, eta %36a alde egotetik %68ra pasa gara: zalantzan zeudenen bi heren eta aurka zeudenen laurdena alde jarri dira. Praktikak jarri du jendea alde, praktikak eman digu sinesgarritasuna, benetako zilegitasuna; eta praktikak erakutsi du ohitura aldaketa bat baino ez dela, arazoari irtenbidea ematen diola, ez dela garai bateko usain txarreko aldrebeskeria bat... Oso garrantzitsua da jendeak kolore politikorik ez duen proiektua dela ulertu izana. Ez da udal baten arazoa, gizarte guztiarena baizik, eta atez atekoa Usurbilen soilik eginda ez da gizarte osoaren arazoa konponduko.

Kolore politikorik ez duen proiektua izan arren ez al da joko politikoaren menpe dagoen asmo bat?


Kolorerik ezarena argi dago, eta hasiera-hasieratik eztabaidak ahalik eta maila teknikoenean aurrera eramanez, hori transmititzea lortu dugula uste dut. Ez dugu sekula gure proiektua denik esan, udalarena eta herritarrena baino. Denon ahalegina da eta denok ikusi behar dugu geure burua ispilu horretan islatuta. Hori hala, egia da joko politikoa hor dagoela, eta trabak ere jarri dizkigutela. Nahiko esanguratsua da, hondakinen kudeaketan aitzindariak izanik, eta horretarako diru-laguntza bereziak egonda, aurkeztu ditugun lau proiektuentzako Foru Aldunditik txakur txiki bat ez jaso izana. Ez daukat dudarik proiektua %100ean esportagarria dela, baina horretarako ondo etorriko litzaiguke beste herri eta udalerrietan hondakinen arazoak kolorerik ez duela ikustea. Bitartean, herrian herriko udal-gobernuaren borondate politikoaren baitan egongo da dena, eta batzuk beti egongo dira kontra, atez atekoa benetako soluzioa dela ikusi eta beste irtenbiderik geratuko ez zaien arte.


Erraustegiaren mamuak bizirik dirau?


Bizi-bizirik. Zoritxarrez, orain hamarkada pare bat ez bezala, egun zail egiten da proiektu injustu eta kaltegarrien aitzinean herritarrak aktibatzea. Gainera, herritarrek pasiboki jasaten dituzten egitasmo erasokor andana dago. Horrek izugarri zailtzen du benetako kontra-indar batek eskatzen duen metaketa sortzea. Horixe gertatu da errauskailuarekin. Baina horrek ez du esan nahi mehatxua benetakoa ez denik. Indarrik badugu, oraintxe da momentua erraustegiaren aurka plantatzeko. Atez atekoarekin bide horri ekin diogu, alternatibarik badela erakutsiz, eta erraustegi toxiko munstroaren proiektua inguruko herrietara eramatea jendea mobilizatzeko akuilu izan daiteke. Ziur nago kontrakotasuna adierazten asmatuko dugula, eta Aldundiak eta Donostiako Udalak interes ekonomiko hotz hutsen eta ia 400.000 gipuzkoarron osasunaren artean erabaki beharko duela. Guk argi daukagu.


Etxe horietan parte-hartzearen beste kontzeptu bat daukate.


Eta alferkeria politikoa, herritarrei hastapenetik parte hartzeko aukera ematea lana eta konpromisoa delako oroz gain. Baina kontzeptu askorekin egin duten gisan, parte-hartzea ere mediatikoki prostituitu dute. Prest daude kale baten nolakotasuna foro parte-hartzaile batean erabakitzen uzteko, eta ondo iruditzen zait, baina proiektu garrantzitsuagoekin zer? Zer gertatzen da erraustegia edo AHTa bezalako atzera-bueltarik gabeko proiektuak ezkutatuz ukiezin bihurtzen dituztenean? Prozesu parte-hartzaileak soilik meza nagusiaren ordua erabakitzeko dira?

Herritarrek iritzia emateko aukeraz ari garela, berriki onartu dizuete atez ateko hondakinen bilketari buruzko erreferenduma antolatzeko baimena. Emaitzak kezkatzen zaitu?


Ez, udal baten egunerokotasunean aurrera egiteko erabaki asko hartu behar badira ere, gai bat herritarrekin landu, prestatu eta erabakitzea deliberatzen den unetik, ondorio guztiekin egin behar direlako gauzak. Horretarako ordea, urrats guztiak ondo baino hobeto eman behar dira, garaia heltzean, herritarrak erabakitzeko tresna guztiak eskuetan izan ditzan. Hasteko, informazio garbia eta zuzena eman behar duzu, eta zentzu horretan, ikaragarria da hastapeneko prozesu parte-hartzailean 1.600 lagun bertaratzea, Usurbilek 6.000 biztanle izanik. Bidea tentuz, urratsez urrats, ibili dugu eta bilketa hasi aurretik %36 bazegoen alde eta gehienak zalantzan, egun orduan alde zeudenek alde segitzen dute, zalantzan zeudenen bi herenak alde egotera pasa dira, eta aurka zeudenen laurden bat alde dago. Hori gutxi balitz, %71k erantzuten du harro dagoela egindako ahaleginarekin. Zer esan nahi du horrek? Batetik, atez atekoa benetako aterabidea dela, eta bestetik, galdeketa baldintza serioetan egin ahal izateko proiektua esperimentatu eta probatu behar dela aurrez. Hori hala, galdeketa izango da proiektu honen zilegitasunaren berme handiena, udalak plenoz erabaki baitzuen emaitza loteslea izango dela eta, emaitza aldekoa den kasuan, inoiz bilketa sistema aldatu nahi izanez gero bide bera erabili beharko dela.


Atez atekoa utzi eta jo dezagun egoera politikoaren atea. Nola egiten da politika ilegalizatuta eta zure alderdiko alkateak kargutik kentzeko ahalegin nabarmenarekin?


Damoklesen ezpatapean. Ilegalizazioaren mamua lehen egunetik izan dugu bizkar gainean, ez dugu sekula jakin legegintzaldian zer ibilbide egin ahal izango genuen, eta beste alkate batzuei eginiko eraso bortitz eta burugabeek gainontzekook ere dianaren erdian jarri gaituzte. Horretaz gain, ANV ilegalizatzean, gure lan tresna ahuldu egin zuten, eta kriminalizatzeko ahaleginean beldur arrastoak utzi zizkigutela nola ukatu. Ez dakigu prentsaurreko batera gauza zenbait esatera joan gaitezkeen, eta denborak pilota hori pixkanaka irensten badu ere, arriskua beti hor dago. Oraindik ere estatuko indarren benetako nahien igitaiaren mehatxupean jarraitzen dugu. Pentsa, alderdi nagusiak hurrengo hauteskundeetarako euren estrategiak finkatzen hasiak direnean, gu ilegalizatuta gaude, eta aurkezterik izango dugun jakin ere ez dakigu.

Ezker abertzaleak aurkeztu berri duena Altsasuko proposamena da. Bidegurutze historiko baten atarian egon omen liteke. Nola ikusten duzu?


Euskal Herriaren historian une garrantzitsu asko izan badira ere, nago oraingoan oso momentu klabe bezain aberasgarri baten aurrean gaudela. Edukiz betetako eltze bat dago borborka eta begi-belarriak irekita dauzkan edonor asetzeko aukera dago. Ezker abertzalea beti izan da ausart eta anbiziotsua, eta zentzu horretan, independentzia eta sozialismoa bezalako helburu gorenek hor jarraitzen dute. Proposamenean planteatzen dena da bide horretan zer urrats eman, zer norabide hartu. Niretzako gure gorputz osoarekin egiten dugun apustua da, orain arte behar hainbat erabili ez ditugun bide batzuetan sakontzeko apustua. Etsaiak hor daude, baina gu ezin gara zer egingo duten zain egon. Garrantzitsuagoa da gu zer emateko gai garen hausnartzea, eta zentzu horretan, ildoak oso zuzen eta zehatz enfokatuta daudela iruditzen zait.

Nor gara euskara, kirola, kultura, hezkuntza... finean herri honen burujabetza nahi dugunak? Bide horretan bilduz izango dugu etsaiaren aurrean inoiz indarrik gehien, hainbeste non estatuaren erantzun-oldarraldiak ohartaraziko gaituen egiten ari garen bidearen balioaz. Horregatik, herriaren aktibazioa behar-beharrezkoa izango da prozesu guztia bermatzeko eta bidean gertatuko diren astakerien aurrean iparra mantentzeko. Estatuaren oldarkeria hasia da eta astakeria geroz eta handiagoak egingo ditu, baina etorriko diren kolpeen indarra, malkoak eta odola aurrera egiteko baliatu behar ditugu, norabidez aldatu gabe, gure asmoarekin aurrera jarraituz. Hori jakinik, independentziara bidean bilduko garen eragile eta herritarrok ez dugu ahaztu behar gure artean diferentziak egonik ere, helburu gorenari begira eta batzen gaituenaren inguruan egin behar dugula lan. Hori lortuz indarrak batzen baditugu estatua ahul egongo da.
Nortasun agiria
1964ko abuztuaren 12an jaio zen Usurbilen (Gipuzkoa). Informatikaria ikasketaz, eskubaloi jokalari gisa egin zen ezagun, Bidasoa, Teka, Ciudad Real, Ademar edo Portland San Antonio bezalako talde handietan arrastoa utziz. Espainiako selekzioarekin bederatzi aldiz aritua, Usurbilgo alkatea da egun.
OFF THE RECORD - Hondakinak
Piztu genuen grabagailua, joan ziren galderak, etorri ziren erantzunak, baina Xabier Mikelen ahoan ez zen “zabor“ hitza agertu, dena zen “hondakin”. Marketin edo komunikazio ahalegin hutsa zela pentsatu nuen hasieran, baina ez, kultura eta ohitura aldaketaren isla baino ez zen. Zaborra hondakinak nahastea da. Bereizita jasotzen den orok uzten dio zabor izateari berrerabiltzeko lehengai bihurtuz. Hitz berak Azkuna edo Otegiren ahoan esanahi bera zeukan galdetzen zuen Xabier Gantzarainekin akordatu nintzen lehenbizi; “Kontua ez da hitzek zer esan nahi duten, nork agintzen duen baizik” idatzi zuen Lewis Carrolekin gero. Eta bai, zaborrek gobernatzen duten hondakin bat baizik ez da mundua.

ASTEKARIA
2010ko urtarrilaren 24a
Azoka
Azkenak
2024-10-07 | Joan Mari Beloki
Euskal europarlamentari gehienak guda Europara zabaltzearen alde

Irailaren 19an Europako Parlamentuaren gehiengoak honen alde eman zuen botoa: "Berehala kendu ditzatela Ukrainari emandako arma-sistemaren erabilerari jarritako murrizketa guztiak Errusiako lurraldean". Hitz arruntetan esanda: "Bota itzazue luzera handiko misilak... [+]


Euskaragatik bazterturiko euskaldunak

Euskal Herriko lurralde batzuetan euskara ofiziala da, besteetan meridianoaren arabera ofiziala ala ukatua eta, aitzitik, ipar aldera bagoaz, toleratua (ez ofiziala).

Azken boladan, epaitegi batzuk ebatzi dute funtzionario publikoek ez dutela euskara ezagutzarik izan behar eta,... [+]


2024-10-07 | Leire Ibar
Gasteizko Udalak zabor tasa %80 igotzea kritikatu du Eguzkik

Igoera Europako Hondakinen Legeak eskatzen duela argudiatu du Udalak. Eguzki talde ekologistak adierazi du, ''sekulako iruzurra'' egiten ari direla legeari, herritarrei eta ingurumenari.

 


Bonba hotsak Libanon eta Gazan, urriaren 7 hartatik urtebetera

Israelgo armadak bortizki egin du eraso igandetik astelehenerako gauean, Hamasen urriaren 7ko erasoaldiaren urtemugarekin bat eginez. Libanoko Beirut hiriburuaren hegoaldea bonbardatu du, eta Gaza erdiguneko beste ospitale bat ere bai.


2024-10-07 | ARGIA
Polizia ugari eta Espainiako Erregea Gasteizen, terrorismoaren biktimen inguruko Nazio Batuen konferentzia dela-eta

Asteartean eta asteazkenean NBEren Terrorismoaren Biktimei buruzko Nazioarteko Konferentzia egingo da Gasteizko Europa Jauregian. Bertan izango dira, besteren artean, Felipe VI.a Espainiako erregea, Kanpo Arazoetako ministro José Manuel Albares eta Barne ministro Fernando... [+]


2024-10-07 | Behe Banda
EHUn, zaharrak berri

Ezin inoiz jakin zer topatuko duzun ikasturtea hasten denean, irailaren lehenak beti ohi dira tentsio altuko garaiak, hiru ala berrogei urte izan. Motibazio altuko garaia, hizkuntza eskolan eta gimnasioan izena emateko unea. Aurten zeramika ere egingo dut, beti izan da nire... [+]


Ainhoa Mendiluze (Etxebizitza Sindikatua):
“Etxe kaleratzea behin behinean geldiarazi dute, baina gertutik segituko dugu kasua”

Etxea uzteko agindua zuen gaurko emakume batek Artikaberrin eta momentuz bertan behera gelditzen dela jakinarazi du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. "Emakumearen abokatuak atzo jaso zuen deia epaitegitik eta ebazpenaren berri eman zioten", azaldu du... [+]


2024-10-07 | Bertsozale.eus
Osatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak
Azken final-zortzirena jokatuta, erabakita geratu da hurrengo fasean nortzuk ariko diren.

2024-10-07 | ARGIA
Milaka euskal herritarrek Palestina babestu eta Israelen konplizeak salatu dituzte

Bilboko eta Iruñeko manifestazioetan milaka lagun elkartu dira. Palestinarekin elkartasuna plataformak “basakeria geldiarazteko” aukera bakarra dagoela azpimarratu du: Israelgo Estatua desagertzea. Urgentziazko eskariak egin ditu plataformak, besteak beste... [+]


Udazkeneko garbiketa

Bada urtebete udazkeneko bederatziurrenak nola egin artikulua idatzi nuela eta berriz ere urtaroak eskatzen digun lanaz idatzi beharra daukat. Izan ere, gibel garbiketa egiteko sasoia dugula esanez publikazio dezente ari naiz ikusten sare sozialetan eta kezka eragin dit. Orain... [+]


Xabiroia
Eztena, marmokena ez dena

Aurtengo udan ez dugu gure hondartzetan marmoka gehiegirik ikusi. Baina ehunka pertsona izan dira Kantauriko postuetan artatuak, Galiziatik Euskal Herrira. Marmokak? Ez. Karabela portugaldarrak orduan? Ezta ere. Oraingoan, arrain baten eztenak izan dira ur-ertzean hankutsik... [+]


2024-10-07 | Jakoba Errekondo
Lezkarekin sagardo hobea

Barrikoteak, barrikak, bukoiak eta upelak bete berriak ditugu etxean sagar muztioz (Malus domestica). Makina bat beteko ziren, ipar eta hego, gure geografia guztian mahatsarenarekin ere (Vitis vinifera). Sagasti, mahastiko lanak eta dolare, soto, upelategi eta pitarretako lanak... [+]


2024-10-07 | Garazi Zabaleta
Sareko
Bertako elikagai ekologikoak identifikatzeko bilatzailea

EAEko ekoizpen ekologikoaren kontseilua da ENEEK-Ekolurra, eta zertifikazioaz gain, eredu ekologikoaren aldeko sustapen lana ere egiten du elkarteak. “Gaur egun, argi ikusten dugu etorkizuneko eredua dela ekoizpen ekologikoa, eta badagoela honi buruzko informazioa emateko... [+]


Eguneraketa berriak daude