Giza simaurretan adituak behar ditu gizadiak

  • Ura, elikadura, erregaia edo alfabetatzearen alderantziz, gizadiaren premia larrien artean ez da aipatzen komuna. Izatekotan “ura eta estolderia” formulan uzten da ezkutaturik. Baina milioika gizakiren gernu eta gorotzak ondo bideratu gabe segitzeak arazo oso larriak dakartza.
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2010ko urtarrilaren 24a
Wikipediatik hartutako argazkian Haitin herritarrek Our Soil erakundearen laguntzaz auzolanean eraikitako komun lehorrak ageri dira. Altuera baten gainean daude, herritarren eginkariak azpiko biltegian jasotzeko. Urik gabe funtzionatzen dute eta pertsona bakoitzak eginaldi bakoitzean eskukada batzuk zerrauts, txirbil edo sutako hauts jaurti behar ditu zuloan, higienezko neurri moduan eta usainak ekiditeko. Tarteka hustu egiten dira biltegiak eta bertan bildutako simaurra aparte eramango da baratzetarako konpost bihurtzeko. Ez urik, ez estolderia garestirik eta ez depurazio sistemarik behar ez duten komoditate idorrok asko zabaldu dira. Herrialde txiroetan herritarren osasuna bermatzeko adina balio izan dute gizakien duintasuna bermatzeko.
Ez dirudi polita kakaz eta pixaz komunikabideen orriak zikintzea. Azkenerako, gizakion eguneroko beharrak izendatzeak berak buruhausteak ematen dizkigu. Net Hurbil hau, hala ere, kakaz, gorotzaz eta oro har gizakion eginkariez –Gipuzkoako Goierrin “inkaie” usatzen da, hitz polit askoa– ariko da. Aipatze hutsa lotsagarria dirudiena munduak dituen arazo larrienen artean dagoelako.

Bada kontuotaz liburu bat klasikoa: The Last Taboo: Opening the Door on the Global Sanitation Crisis (Azken tabua: komun sistemen mundu mailako krisiari atea zabalduz). Ben Fawcett eta Maggie Black-ek plazaratu zuten 2008an, hain zuzen Nazio Batuen Erakundeak “Saneamenduaren urtea” deitu zuen horretan. Zerbaiten seinale dirudi ur zikinak bideratzeko sareari “saneamendua” deitzea...

Beste askorekin alderatuta zalaparta txikia eragin zuen gai honek 2008an. Haren gaurkotasuna oroitarazteko, Maggie Black-ek artikulu zabala plazaratu du urtarrilean Le Monde Diplomatiqueren frantsesezko eta ingelesezko edizioetan: Le tabou des excréments, péril sanitaire et écologique. Honela hasten da: “Denok egiten dugu ‘hori’ baina ez da esan behar. Txukundadeari lotutako tabuak, hala ere, saihestu litezkeen milioika heriotza estaltzen ditu. Gero eta jende gehiago bizi delarik hirietan, eginkarien kudeaketa hil ala bizikoa da, bai osasunarentzako eta bai giza duintasunarentzako”.

Hona datu funtsezkoa: 2.500 milioi jende bizi da komunik gabe munduan. Planetako populazioaren %38ak konpondu gabe dauka egunero sortzen dituen gorotzen arazoa. Milioika pertsona horiek moldatu beharra daukate edo aire librean libratuz edo osasun baldintza minimoak betetzen ez dituzten sasi-tualetak usatuz.

Herrialde txiroetako baserri eremu gehienetan herritarrek zelai, baratze eta basoak erabiltzen dituzte. Populazioa asko ugaldu denez, higiene aldetik desastre bat da, mota guztietako gaitzak kutsatzen direlako, batik bat haurren artean. Baina gainera gaua aprobetxatu behar da eginkizunotarako, eta horrek baimentzen ditu klase guztietako bortizkeriak, batik bat emakumeek –egun argitan beren beharrak egitea zailago daukatenek– nozitu behar dituztenak.

Hiritartzearekin ez dira gauzak hobetu herrialde txiroetan. Askok lortu dute etxe ondoan instalatzea maila sozialean igo izana erakusten duen komuna, baina azpiegiturarik ezean inguruko parajeetan edo ibaietan pilatzen dira eginkariak, sekulako kutsadura eraginez. Hori horrela da turistaz betetako auzoetako atzeko aldeetan.

Munduan urtean milioi eta erdi haur txiki hiltzen da diarrearen ondorioz, gehienetan saneamendurik ezak eraginik. Beste milioi askok hesteetan edo oinetan daramatzate parasitoak. Baina arazoa da sarritan herrietara edateko ura bera ekartzea baino garestiagoa dela saneamendu sistema antolatzea. Herrialde aberatsetako sareen berdinak ezingo lirateke bere horretan antolatu nazio txiroetan: nondik atera hainbeste diru? Europarra ez da ohartzen zenbat kostatzen den komoditatean utzi duen oparia hodi sistema konplexu batez, ur asko erabiliz, depurazio guneraino eramatea.

Eginkarietan txapeldun

Duela urte eta erdi New Internationalist aldizkariak aipamen berezia egin zien komun sistema herrialde txiroetako herrietara zabaltzen txapeldun diren pertsonei. Titulu hau darama artikuluak: “Komunetako txapeldunak ez dira hain arraza bitxia. Hona hemen zenbait ale nabarmen”.

Kamal Kar da horietako bat. Bangladeshen 1999an hasita Herritarrek Kudeatutako Saneamendu Osoa (CLTS ingelesezko sigletan) jarri du martxan. Irolak subentzionatzeko partez herritarrak mobilizatzea da Karrentzako gakoa. Sistema abiarazi nahi duten herrietan, lehenik auzotarrak eramaten ditu aditu batekin herri inguruak ikustera, “lotsagarrizko ibilaldia” egitera: zelai eta baratzeetan egindako kaka pilak ikusten dira, horiek mapan markatzen eta eragiten dituzten klase guztietako arazoak eztabaidatzen. Gero herritar guztien artean antolatuko dira komun berriak, saneamendu arau zorrotzak erabaki eta horien jarraipena kontrolatzen.

Blindeshwar Pathak 1970etik Indian ari da Sulabh Sanitation Movement animatzen. Honen kasuan, lehen helburua soziala izan zen: Brahmin kastakoak izan dira betidanik gainerako herritarren hondakinak –tartean gorotzak– eskuz atera behar zituztenak. Sulabh sistemarekin komun kolektiboak antolatzen dira gune jakinetan, herritarrek merke ordainduta erabiltzen dituzte, eta lanbide umiliagarri eta osasunaren kaltekoan ari ziren Brahmindarrak bestelako ofizioetan enplegatu ahal izan dira. Tartean, tualetak fabrikatu, instalatu eta artatzen. New Internationalisten arabera, 60.000 boluntario ari dira Sulabh proiektuan.

Herritalde behartsuetako saneamenduan eta leku aberatsagoetako giza simaurraren erabilera ekologikoagoan ari direnen artean, erreferentzietako bat Uno Winblad suediarra da. Arkitektoa ikasketaz, 1980an egin zuen lehen lana Addis Abeban, Kenyan. Berehala ohartu zen Winblad ez zitzaizkiola baliagarri Europatik eramandako saneamendu eskemak: aski ur ez zegoen Afrika idorrean, simaurrez eta gernuz betetakoan putzuak husteko energia falta zen, lurpean hodi sistema eraikitzeko materialik ez...

Winblad jotzen da Ecological Sanitation ideiaren aitatzat, elkartu zituelako urik gabeko komuna eta giza eginkariak konpost bihurtzea. Europan eta Amerikan ere gutxi izango ziren garai hartan –orain bertan ez dira asko– ohartzen zirenak gizakion kaka eta txiza komunetik behera eramateko ura usatzea alferrik galtze handia dela, ingurugiroa kutsatzen duela eta gainera nekazaritzari ongarria kentzen diola. Txirotasunean amildutako herrialde batean giza konposta arazo bat baino gehiagoren konponbidea gerta daiteke.

Hasieran ez omen zuen harrera handirik eduki Winbladen Ecosan proiektuak, baina Suediako gobernuak lagundurik pixkanaka Afrika, Txina, Vietnam, Hego Amerika, Mexiko eta abarretara zabaldu zen. Denborarekin, kaka alde batetik eta pixa bestetik tratatzeko moduan egokitu ziren sistemak, bien nahasketak arazoak dakartzalako.

Interneten sartuz gero irakurlea harrituko da zenbat informazio dagoen komun idorrez, eta zenbat tresna komertzializatzen den munduan sistema horretan aritzeko. Euskal Herria Zuzenean-era joan eta komunlarria sentitu zuenak ezagutuko zuen horietako bat. Giza simaurtegi jasangarria, alegia.

Informazio gehiago:

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-09-25 | Nahia Ibarzabal
Euskaraz egiteko eskatzeagatik erantzun oldarkorra salatu dute Azpeitiko tren museoan

Irailean Azpeitiko Tren museoa bisitatu duen familia batek jarrera erasokorra pairatu duela salatu du tranbiako gidariaren partetik.


2018-09-25 | Nahia Ibarzabal
Suitzan emakumezkoek gizonezkoen soldata bera izatearen alde protesta egin dute

20.000 pertsona atera dira Suitzako Berna hiriburuko kaleetara larunbatean, emakume langileek pairatzen duten zapalkuntza salatzeko, Democracy Now-k jaso duenez.


2018-09-25
"Oreina". Ibai batek izan ditzakeen adarrak

Almandozen aurreko lanekin alderatuta pelikula hau proposamen konbentzionalagoa izango zela irakurria nuen eta, izan, bada, baina ez zait iruditu horregatik asko gutxitu denik ikusleari eskatzen dion inplikazioa: Oreina-n, publikoak igarri behar ditu gauza asko, pantailan ikusten duenari beretik erantsi, eta hortaz, geruza ugariko lan baten aurrean gaude, ageriko interpretazioei ihes egiten dien pelikula baten aurrean.


2018-09-25 | Zero Zabor
Zubietako martxaren biharamunean, errausketaren aldeko jardunaldia antolatu du GHK

Kontraprogramazioa oraingoan egun batetik besterako tartearekin egin dute GHKko estrategek. Igandean izan bazen Zubietako erraustegirako martxa –hain irudi esanguratsuak utzi dituena–, biharamunerako zeukaten prestatua ‘Waste to Energy: Hondakinen kudeaketa Europan‘ jardunaldia, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia parkean.


2018-09-25 | ARGIA
Aman Komunak Sarearen deia: "G7 hautsi, goazen borrokara!"

Aman Komunak sareak datorren abuztuaren 25etik 27ra Miarritzen iragarria dagoen G7 munduko gailurra dela eta borrokarako deia egin du. Jarraian irakurgai zabaldu duten oharra osorik.


2018-09-25 | ARGIA
250 eragile eta pertsona ezagunek OkupaTU Gasteiz Eguna babestu eta Udalaren "zentsura" salatu dute

Fermin Muguruza, Gorka Aginagalde, Irantzu Lekue, Bernardo Atxaga, Toti Martinez de Lezea, Juanito Oiarzabal, Blanca Urgell eta Green Valley dira, batzuk aipatzearren, datorren urriaren 6an egingo duten OkupaTU Gasteiz Eguna babestu duten pertsona ezagunetako batzuk. Jendea gonbidatu dute egunean parte hartzera eta Hala Bedik, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana Pilotalekuak eta Errekaleorrek eskainitako agertokia eskertzeaz gain, Udalaren debekua "zentsura" gisa definitu dute.


2018-09-25 | Nahia Ibarzabal
"Esku Harriak: Oteizaren (h)aria" sormen lanaren bertsioa estreinatuko dute urriaren 3an

Iruñean egingo den Garaikide 2018 izeneko zikloaren baitan eskainiko dute MugMus laborategiaren emanaldi berria.


2018-09-25 | Uriola.eus
Iigo Cabacasen familia eta lagunei babesa adierazteko manifestua

Larunbat honetan, irailak 29, esparru ezberdinetako hainbat lagunek sinatutako manifestuaren aurkezpena egingo da goizeko 12:30ean Bilboko Kafe Antzokian.


2018-09-25 | Guaixe .eus
88 guardia zibil eta 27 ibilgailu azken 4 atxiloketak egiteko

“Ihes egiteko arrisku nabarmena” zegoelako, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioko agindua bete eta garagarrilaren 5ean Guardia Zibilak Altsasuko auziagatik epaitutako Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen atxilotu zituen.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude