Desobedientzia berpiztera doaz

  • Indarkeriarik gabeko 500 ekintza (Bidea Helburu; Robles Arangiz Institutua) liburuan desobedientzia zibilaren historia kontatu du Sabino Ormazabalek. Biolentziarik gabeko ekintzetan parte hartu duten hainbat kiderekin mintzatu gara. Ekintza zuzenari berrekiteko garaia dela adierazi digute guztiek.

2009ko abenduaren 16an
KEM-MOCeko kidea
KEM-MOCeko kidea
Armadari intsumisoak izan ziren desobedientzia zibilaren aitzindariak. Espainiako Estatuan, 1971n, Pepe Beúnza (Valentzia, 1948) Gerra Kontseiluan epaitu zuten lehen herritarra izan zen. KEM-MOCeko kideek haren ereduari segitu zioten Euskal Herrian. Ander Egiuren eta José Ignacio Royo dira hauetako bi. Lehena 1988an zigortu zuten lehen aldikoz, bigarrena 1998an. Epaiketa, zigorra edo kartzela hitz arruntak dira euren jardunean: “Nire garaian 500 intsumiso izan ginen Bizkaian. Gure xedea ez zen soldadutza behartua salatzea soilik, guk ekintza zuzena plazaratu genuen” dio Egiurenek. Royo soldadutzara derrigortutakoen azkenetakoa da: “Sarjentuak ‘bihar, haginetako mina izan arren, denak hemen’ esan zuen. Guk desertatu genuen. Tira, bi egunera, militarrez mozorroturik strip-tease egin genuen kuarteleko atarian soldaduak intsumisiora animatuz”.

Azken hamar urteotan estatua, politika eta gizartearen joerak aldatu dira: “Duela hogei urte, lehen intsumisoek Jarrai-ko ‘La mili con los milis’ leloarekin topo egin genuen. Indarkeriarik gabeko gure lehen ekintzak pedagogikoak ziren” diote biek. Desobedientziaren eta ekintza aktiboaren ekimenak ez dira horren sendoak gaur egun: “Desobedientzia dena den, ez da tresna soila, bizitzeko filosofia ere bada. Gure asmoa ez zen soldadutzari uko egitea besterik gabe, antimilitarismoaren, armagintzaren eta gerren interesen aurka joatea ere bazen”.

KEM-MOCeko kideak Bilboko Gobernu Militarrean (Juan de Garay kalean) egiten zituzten salaketa-parodiak gogoratu ditugu: “Gandhiz, Dalton anaiez, baita euliz edo garitaz mozorrotu izan gara...”. Egun ere modu beretsuan ari dira, botereen manipulazioaren kontra kaleratzen dira. Berbarako, Alakrana arrantza-ontziaren zioz Arrantzaleak nora zoaizie? lemako pankarta zabaldu zuten Bermeon: “Mares eskilmados por armadores militarizados edota militarrak ez hemen ez Somalian ez inon” izan dira ere gure lemak. EITBk ordea horrela kontatu du: “KEM-MOCek ejertzitoaren aurkako beste ekintza bat egin du”.

Intsumiso ohi hauek kementsu segitzen dute: “Guk borroka eta eztabaida boterearekiko harremanetan planteatzen dugu. Boterea bankuak, ejertzitoak edo Eliza izaki. Alderdiak botereen jokoan ari dira, gu ez. Guk mugimendu sozialeko bileretan ez dugu bozka sistema erabiltzen, kontsentsu bitartez egiten dugu bat. Bilboko Konpartsen barruan ez da bozkatzen, gure filosofiaren eraginez”.

Burujabetzaren aldeko desobedientzialariak

Aitor Ilarreta euskararen mugimenduaren inguruan zebilen Lizarra-Garaziko Akordio garaian. AEK-n irakasle da egun, Errenterian. Hamazazpi urte zituen Patxi Azparren irakaslea espetxeratu zutenean: “Bat-batean barrura sartu zuten, ez nuen ulertzen gertatua”. 18/98 auziaren hastapena izan zen. Ilarretaren iritziz garai hura klabea izan zen: “Talde pila hasi zen desobedientziaren bidean, borrokarako ilusioa izugarri zabaldu zen”.

Desobedientzialariak taldea Autodeterminazioaren Aldeko Biltzarretan (ABK) sortu zen eta ekintza mediatikoak egiten hasi ziren estatuaren hainbat agindu salatzeko: “NANaren bulegoko atea adreiluz tapatu genuen Portugaleten. Donostiako posta-bulegoa edota Faisaien Uhartea okupatu genituen sinbolikoki”. Polizia, Ertzaintza bereziki, hasieran ez zen oso bortitza izaten beraiekin, poliziak ez zekien borroka molde berria nola kudeatu, ekintzaileen jokamoldea ezberdina zelako: “Guk egoera tentsionatzen genuen eta haiek harrituta geratzen ziren. Ez zekiten legalitatearen marra non zegoen”. Lizarra-Garaziko Akordioaren porrotaren ondoren egoera politikoak okerrerantz egin zuen ordea: “Egoera politikoa nolakoa, erantzuna ere halakoa. Polizia guztien hasierako jarrera leunak erantzun gogor bihurtu ziren. Hedabide boteretsuek erabili zituzten: “ETAren estrategia berriarekin lotu gintuzten. Gure mugimenduaren koherentzia zaindu behar zuen arlo hori ez genuen ondo landu”. Ez zen erraza. Kazetarien artean polizia infiltratuaren kasua ere ezagutu zuten.

“NANari uko” kanpaina izan zen Desobedientzialariak-en ekimen sonatuetako bat: “Kanpaina ez da bukatu. Oraindik ere badago karnetarik gabe dabilen jendea”. Ekimenaren indartsu hasi zen. Udabiltza konprometitu nahi izan zuten. Udalbiltza zatitu zen ordea: “Guk ez genuen abangoardia sortu nahi halere, herritarrekin lotutako mugimendu zabala eratu nahi genuen”.

Desobedientzialariak taldeak KEM-MOCen intsumisoengandik ikasi zuen: “Euren sistema kopiatu genuen nolabait. Batzuk ekintzaileak ginen, bestetzuek ekintzetan ez baina karnetari uko egin zioten, bestetzuek horiei guztiei babes ematen zieten”. Ilarretak ekintza zuzena berriz ere martxan jartzeko aukera ikusten du: “Politikariekiko konfiantza galdu dut halere. Politikariek azken unean ematen dute pausoa, egoera beren interesen aldera bideratu ondoren, zure atzetik eta betiere irabaziko dutela ziur direnean”.

Iruñerria piztera goaz

Iruñerria piztera goaz mugimenduko Koldo, Maite, Fermin eta Gorirekin bildu gara. Taldea 2007an eratu zen Iruñean, poliziak Euskal Jai frontoia desalojatu zuenean: “Polizia orduan hasi zen gazte aktiboen kontra oldartzen. Hiriko herri mugimendua eraitsi nahi dute boteretik”. Historia Euskal Jaiko Asanbleako kide zen Xabier Errea kartzelara sartzean hasi zen. Udaltzaingoko buruari kapelua kendu ziolako “desakatuz” espetxeratu zuten. Gazte hauek Iruñerria piztera goaz taldea sortu zuten Errea sostengatzeko: “Piztera okupaziotik harago doa halere. Udalak gazte mugimendua karrika, plaza eta espazio publikoetatik erauzi nahi du eta horri aurre egiteko sortutako taldea gara” dio Gorik. Gaztetxea berreskuratzea dute helburu, desobedientzia zibilaren ekintzen bidez. 24 ekintza egin dituzte orain arte: “Ekintzak gero eta hobeto prestatu nahi ditugu. Gure helburua ahalik eta oihartzun handiena lortzea da” diote gazteek. Koldok azaldu ditu taldearen aldarrikapenak: “Mugimendu sozialekiko errespetua eskatzen dugu. Udalaren ereduaren eta Udaltzaingoaren errepresioaren kontra gaude. Hitz bitan, egungo itun zibikoaren aurka. Xabier Errearen askatasuna eta Santamaria udaltzainburuaren dimisioa eskatu dugu aldi berean”.

“Hiri honetan gazteak politika hutsa egiteagatik atxilotzen dituzte” dio Maitek. Hori salatzeko ekintza orokorrak hala nola zuzenak egiten dituzte: kateatzeak edo eseraldiak, kasurako. Ondorioz, gazteek zigor gogorrak jaso dituzte “aginteari desakatzea”z akusatuak: “Isun eta xantaia ekonomikoen bidez kriminalizatu nahi gaituzte. Legearen aplikazio bihurria erabili dute gure aurka” diote. Esaterako, Udaletxearen aurrean kateatu zirelako epaituko dituzte urtarrilean: “Batzarra egin genuen udaltzainburuaren jarrera gaitzesteko”.

Labrit-eko eseraldia deitu bideoan jasoa dago: www.3gazte.net helbidean. “Agintariei zaila zaie gure aurka gogor jotzea. Molestatzen diegu, baina ez dakite hori nola adierazi jendeari. Adibidez, haurrei txokolatea ematen egon gara Ikastolan edo titiriteroen agerraldia egin dugu plazan. Haur horien amonek edo amek ikusten gaituzte Udaletxeko plazan baketsuki kateatuak. Eskemak puskatzen zaizkie agintariei. San Frantzisko ikastolan munipek txokolate pertz bat kendu ziguten”, diote irriz gazteek. Horiek dira beren armak. Horiek eta oihartzun mediatikoa izatea. Webguneaz gain gazteentzako kazeta plazaratu nahi dute.

Gazteen kolektiboa anitza da. Kide bakoitzak bere ideologia dauka, libertarioek eta abertzaleek harreman ona dutela diote. Gaztetxearen aldarrikapenak batzen ditu: “Kontziente gara poliziak Gazte Asanblada erabili dezakeela, euskal gatazka politikoa dela medio kriminalizatu gaitzaketela, baina ez dugu atzera eginen. Udalak errepresioaren bidez guk amore ematea nahi du, gu garaitzea edo haiek diotenez gu heztea. Euskal Jai frontoia desalojatu zutenetik 120.000 euroko zigorra jarri diete isunetan gazteoi: “Zuzen edo zeharka diruz zigortzen gaituzte, eta ordaindu ezean kartzela zigorraz mehatxatzen gaituzte”. Koldok eta Maitek 20 urte dituzte. Ferminek 24 eta Gorik 28. Horra jokoa!

Bizi eta Mugarik Gabeko Ekintzaileak

Nikolas Padrones Demoak-eko kidea izan zen. Gaur egun Bizi mugimendua eta Mugarik Gabeko Ekintzaileak-eko kidea da: “1990an intsumitu ginen lehen aldikoz Iparraldean. Estatuaren erantzuna oso bortitza izan zen. Sei lagun kondenatuak izan ginen”. Desobedientziaren bidea landu zuten eta 2000n, eztabaida luze eta sakonen ondoren, Iparraldeko lurraldearen ezagutza, hizkuntzaren ofizialtasuna eta Euskal Presoak Euskal Herrira, hiru lema horien inguruan sortu zuten Demoak mugimendua. Hiru errebindikazioak sustraituak ziren gizartean eta Demoek indarkeriarik gabeko ekintzen bidez aldarrikapenok bizkortu zituzten: “Mugimendu soziala pareta baten aurka jotzen ari zen, borroka armatuaren eragin okerrez. Indarkeri horrek min gehiago egiten zien gure aldarrikapenei estatuari baino”.

Padrones 1989an preso sartu zuten desobedientziazko ekintza baten ondoren: “Michelle Alliot-Marie Barne ministro eta Donibane Lohizuneko auzapeza zela Marianne estatua [Errepublikaren irudi ofiziala] ebatsi genuen. Auzapeza Herriko Etxean zegoen. Guk ez genekien. Seguritate neurri guztiak gainditu genituen: Marianne hartu eta eskapo egin genuen”. Poliziak Padrones identifikatu bide zuen prentsan agertutako argazki batean: “Zortzi polizia erraldoi agertu ziren etxean goizeko seietan. ‘Zer egin behar duzue? Dena hankaz gora jarri?’ Ez, ez, ez. Manotak jarriko dizkidazue?. ‘Eskapatuko zara?’ Ez”. Estatuak xantaia egin nahi izan zion. Kartzelako 60 egun zigorra jarri zioten, alabaina egun bakoitzeko 100 euroko isunez ordaintzeko aukera eman zion. Ordaindu ezean, egunen kopuru erdia kartzelan egin behar zuen: “Uko egin nion eta presondegian eman nuen hilabetea”. Estatuak biziki gogor jo zuen Demoen aurka: “Horrek ez gintuen beldurtu, alderantziz, eraginkorrak ginela eta min egiten genuela ohartu ginen. Egia da errepresio izugarria jasan genuela. Hiru milioi euroko zigorra ezarri ziguten isunetan”.

Demoen eragina gutxitu bada ere, desobedientziaren eremua berriz zabaltzen ari dira. Bizi mugimendua horri begira sortu da: “Klimaren gaia arazo larria bilakatu da, baina ez dugu hori bakarrik landu nahi. Euskaldun gisa eta arazo sozialei ere ekin nahi diegu”. Kapitalismoak produktibismoa azkartu du eta horrek kontsumismora bultzatzen gaituela dio Padronesek. Globalizazioaren eredua biziki kaltegarria da, ingurugiro naturala, soziala eta kulturala beheiti ari dela: “Azken bi urteetan hausnarketa egin dugu eta jende kopuru polita bildu da. Ez dago duela hogei urteko giroa, baina ezkertiarren eta ekologisten aldetiko konfiantza irabazi dugu. Abertzaleok borroka armatutik aldendu garela ohartu dira. Bizi mugimendua Demoen aldarrikapenak emeki bereganatuko dituen itxaropena dugu”.

Kronobusaren aldeko kanpaina izan da ekintza zuzen zabalagoen adibidea. Bizi mugimenduak nork bere autoan ibiltzea akabera dela kontzientziatu nahi ditu herritarrak; garraio publikoaren eskaintza zabala ezarri behar dela dio talde honek: “Bizikletaz egindako ekintzan 100 lagun joan ginen Baionako Herriko Etxetik Angelukora. Egoera aldatzen ari dela sentitu dugu. Hautetsi batzuk hurbildu ziren Angelura, berdeak eta ezkerrekoak gehienak. Kronobusen erabiltzearen alde daude, baina gaia ez dezaten beren intereserako erabili eskatu diegu: “Kronobusaren garapen plana baldin baduzue, azaldu argi eta garbi. Haien proposamenak eta gureak hausnartzen hasi gara”.
 


Itoizekiko Solidarioak

 


Solidarioak-en Txomin Yubero ezagutu dugu azkenik. 1979an, Itoiz urtegiaren obretako kableak moztu zituen zortzi ekintzaileetako bat da. Yuberok dioenez, lehen epaiak obra ilegaltzat jo zuen: “Epaia onartezina zenez guk ekintza hura egitea erabaki genuen. Ekintza publikoa izan zen. Baketsua. Prentsa deitu genuen. Ekintzaileok bertan gelditu ginen, lurrean botata”. Yubero buruan hartu zituzten kolpeez akordatzen da: “Gaur ere gauza bera egingo nuke, baina beste era batez. Hau da, egun ez nintzateke hantxe geldituko, alde eginen nuke eta segituan, prentsarekin batera, epailearen aurrean deklaratzera joanen nintzateke. Inozoak izan ginen nolabait. Abokatuek bahiketa egiteagatik ez gintuztela kondenatuko esan ziguten. Zinpeko bat lotu genuen eta horregatik kondenatu gintuzten”.

Zortzi lagunak kondenatu zituzten: bost urteko kartzela zigorra jaso zuten. Zortziak sasira joan ziren. Lauk Europako Bira-ri ekin zioten eta 70 hitzaldi eman zituzten: “Kondenatzeko erabili zuten azpijokoa salatu genuen. Legea eskuetan guk libre izan behar genuen. Baina Estatuari benetako mina egiten badiozu, ahalegin guztia eginen du zu espetxeratzeko”. Solidarioak kondenatu ahal izateko, epaileek 125 urte atzera jo zuten legedian: “Egungo tertulianoek Auzitegi Gorena justiziaren berme-emaile dela diote. Baina Estatua Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren gainetik dago. Gure aurkako auzia horren lekuko da”.

Ekintza egin zutenean Yubero Burlatako euskaltegi berria eraikitzen ari zen. Eraikuntzan aritua zen behiala eta AEKn irakasle zen orduan. Ekintza egin baino bi egun lehenago bukatu zuen margotze lana: “Dena lotuta utzi nuen, lana bukatuta eta nire ordezko irakaslea”. Duela bi urte itzuli zen Berlinetik. Desobedientzia zibilaren ildoan segitzen du orain ere. Mugarik Gabeko Ekintzaileak-eko kidea da. Itzuli ondoren Euskal Herria asko aldatu dela dio. Gatazka politikoak kezkatua bizi da. Berlinen bizi izanda, talde berriak Berlingo Munduko Atletismo Txapelketan burutu zuen ekintza lagundu zuen. Hamar urte joan dira Zuzen taldekoek Sevillako Munduko Atletismo Txapelketan Giraldillaren ekintza egin zutenetik: “Botereari erantzuteko ahalmena izugarri jaitsi da. Errepresioa azkartu da eta hein handi batean horregatik ere erantzutea oso zaila da. Halere, unea egokia iruditzen zait ekintza zuzenei berriz ere ekiteko”.

Mugarik Gabeko Ekintzaileak osatzen ari da. Oraingoan, ahalik eta ekintza anitz eta zabalenak egin nahi dituzte: “Taldea The activistes pelikula bat egiten ari da desobedientziazko ekintzen inguruan. Ali Urrusolo da zuzendaria, ideia oso interesgarria da. Horrek ere animatu nau. Gure garaikook agian ez genuen jakin gure ekintzak ondo azaltzen. Bideoak eta dokumentalak egiten genituen, baina lagunek baino ez zituzten ikusten”.

Txomin Yuberoren aburuz “Euskal Herriko gatazka politiko larria konponduko bada, hitz eginez konponduko da”. Gatazka barruan gauden guztiok ulertu behar dugu hitz eginez iritsiko garela irtenbide batera dio Itoizekiko solidarioak: “Orain arteko negoziazio guztietan herri xumeak ez du tokirik izan, oso pasiboak izan gara. Behingoz herriak konponbidean parte hartzeko aukera izan behar luke. Abagunea sortzen ari da atzera ere. Mugarik gabeko ekintzaileon ‘Bake prozesu iraunkorra posiblea da’ helburua gailendu behar da behingoz. Desobedientzia taldeetan ibili garenok ekintza zuzen aktiboak egiteko prest izan behar dugu berriz ere”.
"ETAren antzekoak garela esaten hasi zen Vocento"
Gutako batzuek AHT geldi daitekeela uste dugu, beste batzuek ez. Gelditu ez arren, gizarteak gura duen eredua adierazteko eskubidea duela defendatzen dugu denok. AHT indarrez dator, baina estatuek oso zaila dute trenbidea eraikitzea. Gobernuen
arteko interes eta desadostasun handiak dira, krisi ekonomikoa tarteko.

EKINTZEN BEHARRA: Urbinan egon ginen. Hogei lagun trenbideko trabesen modura etzan ginen bidearen zabalera irudikatzeko. Beste behin, inguruko gazte pila hurbildu zen eta plastikozko hesia kendu zuten. Ordizian manifestazioa egin zen eta batzuk obran sartu ginen. Polizia zegoen, batzuk ausartu ginen sartzen eta beste batzuk ez. Ni Beasaindik jaitsi nintzen, mendi magaletik, bridak neramatzan tren makinara igotzeko eta gure aurkakotasuna adierazteko. Gutako batzuk makinara igo ziren, baina ez lotzea erabaki zuten. “Lotu zaretenek desobedientzia delitua egin duzue” esan zigun poliziak. Polita izan zen. Jendeak animatu gintuen. Batzuek ez zekiten ekintza bat prestatuta zegoela. Batzuetan koordinazio falta izaten da.

SABOTAJEAK: Manipulatuak izan gara. Vocento taldea gure gainean kaka botatzen hasi zen. Ingurua seinalatzen duen egur bat kentzeari deritzote sabotajea. ETA AHTren obren aurka hasi zenean, Vocento ETA eta gu antzekoak garela esaten hasi zen. ETAk Inaxio Uria hil zuenean tentsioa are gehiago handitu zen. Horri buruzko jarrera hartzeko beharra urtebete lehenago aztertu genuen guk. Talde batzuek eztabaida landu genuen eta ni gustura nago. Batzuek zioten ez zela eztabaidatu beharrik, ez ginela derrigortuta posizioa hartzera. Hainbatek zioen jarrera ez hartzea, jarrera hartzea zela. Vocentok eta bere inguruko sektoreek finean ETAk AHTren auzian sartzea nahi zuten. Jendeak ondo daki zein den zein, Vocentok ez. Ez du jakin gura, noski.

DESJABETZEAK: Desjabetzeak Madrilek egiten ditu, baina Eusko Jaurlaritzak aurpegia ematen du publikoki. Lurranek elkartea sortu zuen horretarako. Jabe askori diru gehiago eskaini diete, eta txantajea eta eroskeria ere erabili dituzte. Jabeek ez dute normalki kontra egiten, salbuespenak salbuespen. Dena den, lurra gizarte osoarena da, denok gara kaltetuak, ez bakarrik desjabetuak, denok daukagu eskubidea desjabetzearen kontra egiteko. Durana, Legorreta eta Itsasondo herrietan lan handia egin da desjabetzearen aurka, arrakastaz.

KONTSULTAK: Botereek ez ikusiarena egin dute. Hamabi bat herrietan egin dira kontsultak. Urbinako Kontseiluan lehena,
Aramaion gero. Jendeak ez du parte hartzen presioaren eta mehatxuen beldur delako. Orain arte egindako kontsultetan parte hartu dutenen kontrako botoa eta jarrera gailendu da halere.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude