"Krisi garai latz honetan irauteko gaitasuna izan nahiko nuke"

  • Mendebaldea krisi ekonomiko ikaragarriak jota. Gobernuak banketxeak diruz hornitzen. Enpresa lehen dirutuei diruz laguntzen. Dirua espaloietan lurperatzen. Eta, gure arreta desbideratu nahian, zentzurik gabeko atxiloketak gauzatzen, inon delitu ez den argazki erakusteak galarazten, ertzain eta poliziari zarata eragiten… Zarata horrek krisiak jota dagoenaren min eta sufrimendua isilaraziko duelakoan…
Pello Unzurrunzaga
Pello UnzurrunzagaDani Blanco

Pello Unzurrunzaga…


Schmitz.

Schmitz?


Alemana. Dusseldorfekoa dugu ama. Hala gertatu zen. Aita Alemaniara joan, andrea han egin eta horrela sortu ginen gu, bost anai-arrebak. Unzurrunzaga Schmitz.

Durango garai beti estuan hartu gaituzu Itxaropena inprimategian.


Ez da gezurra. Durangok horixe dakar: estutasuna, larritasuna, presa, estresa eta gainerako guztiak. Tartean, ustekabekoak! Goian zeruan eta behean lurra izaten gara, askotan. Hainbeste liburu bata bestearen ondoren egin beharrak horixe dakar. Denak ondo egin eta zailtasunak! Frogak, zuzenketak, azken orduko aldaketak… Ohiko kontuak dira argitalpenean, baina lan guztiak batera etortzen direnez, korapilatu egiten da kontua, larritasuna handiagoa da. Garaia, estresagarria, beti. Badakigu horrela antolatuta dagoela eta sasoi honetan are gehiago saiatzea dagokigula.


Hobe liburu lanak urtean zehar banatuko balira, beraz.


Hobe bai, baina hori ez dator bat argitaletxeen politikarekin. Udazkena dute argitaratzeko garaia. Durango, berriz, azken esprinta jotzeko sasoia. Guk argitaletxe batentzat baino gehiagorentzat egiten dugu lan, eta estutasunak eguneroko ogia ditugu egun horietan. Durangoko Azoka beti izan da lana korrika eta presaka egin beharreko garaia. Korrika eta presaka eta ondo egin behar, gainera. Nik beti ezagutu dut horrela, lanean hasi nintzenetik. Hemeretzi urte nituen inprimategi honetan hasi nintzenean, 1979an, eta ordurako martxan zegoen Durango. Horixe, bada, “betitik” ezagutu.

Hamaika ikusiko zenuen hogeita hamar urte honetan…


Bai, hamaika, eta bat gehiago! Gaur bertan hiru ustekabeko gertatu zaizkigu: bateko azala, besteko plegua, honako hau, harako hura… Inprenta munduan ohikoa da hori. Normaltasunez hartzen dugu.


Normaltasunez…


… Bai, normaltasunez, galeraz! Lana ondo ateratzea da helburua. Horretan saiatzen gara, eginahalean.


Gogoan dut irudi bat: zu, Pello, Itxaropenako kaxa lepoan Durangoko Azokako korridoreetan barrena, jende artean. Hots handian iragarritako liburu bat zeneraman, azokara lehenengo egunean heldu ez zena: Letrak kale kantoitik, Anjel Lertxundirena.


Bai… Azal gogorreko koadernatzea zuen liburu hark. Kanpoan egiten genuen, Gasteizen, hango enpresa batean. Desagertu zen enpresa hura ere! Bada, elurtea izan zen eta elurraren ondorioz ezin liburua garaiz helarazi feriara. Gogoan dut nola ibili ginen elurrari kontra egin nahian, furgonetan atzera eta aurrera, kateak jarrita, Urkiolan gora eta behera. Horrek eragin zuen liburua berandu iristea Durangora. Anekdota txiki bat. Horrelakoak, hamaika ikusi ditugu.


Zuen aitona Patxi Unzurrunzagak ere hamaika ikusi zuen!


Bai, hark guk baino lehenago, gainera. Beste mundu bat zen hura. Gu inprimategi huts gara. Aitona Patxik, inprimategi ez ezik, argitaletxe lanak egin zituen. Hango kontuak, hango komeriak, ezin konta ahala dira. Gure osaba Imanolek ondo kontatu zituen gure aitona Patxiren biografia idatzi zuenean. Han bada zer irakurria! Nik ez nuen aitona inprentan lanean ezagutu. Erretiratuta zegoen ni lanean hasi nintzenerako. Hala ere, beti tailerrera hura! Tailerreko gizona zen. Ni lanean hasi nintzenean ere, egunero joaten zen inprentara, baina ez lanera. Gaitzak jo zuen lehenago, eta inprentako lana utzi behar izan zuen. Herriko Barra kalean zegoen orduko Itxaropena. Gaur egun, industrialdean gaude, bestelako egoitza batean, zerikusirik ez du. Nik hango eraikina bai, gogoan daukat. Hango jendea, hango makinak, han egiten ziren liburuen bilduma… Oroitzapen horiek gordeta dauzkat, bai.

Zuk ez ezik, Zarautzek ere bai. Ohorezko domina eman dizue herriko Udalak aurtengo abuztuan.


Bai. Itxaropenari eman dio, joan deneko hirurogeita hamar urtean euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanarengatik. Aitona Patxik hasitako lanari jarraipena eman diogu, baina bestelakoa da egoera. Hura argitaletxe eta inprimategi zen eta gu ez gara inprimatzaile besterik. Egoerak horretara behartuta jardun zuen argitaletxe lanak egiten aitonak. Besterik da gaur egun.


Zeure burua inprimategian lanean ikusi izan zenuen inoiz?


Ez! Kar, kar, kar… Administraritza ikasketak egiten ari nintzen baina utzi egin nituen, aitari Arte Ederrak ikasi nahi nuela esanez. Aitak, “‘Arte’ bai, horraino ailegatuko gaituk, baina ‘Ederrak’ partez ‘Grafikoak’ jarriko diagu!” Eta Arte Grafikoak ikasi nuen! Hemen naiz harrezkero! Hasieran ez nintzen zeharo konforme, baina pixkanaka-pixkanaka gustatu egin zitzaidan. Arte Grafikoak badu arte ttanttoa: estetika, diseinua, tipografia, maketa… Eta hor esku hartzen dut nik. Hor lan handia dago, eta jarduten dut horretan ere. Ez dut enpresaburu lana besterik gabe egiten. Batzuetan, argitaletxeek erabakiak hartuta dituzte; baina, beste batzuetan ez, eta hor sartzen naiz ni, nire barruko artistaren alderdia jorratzen dut horren bidez.


Zuen aitonak arazo latzak izan zituen zentsurarekin. Zuk zeinen kontra borrokatu behar izan duzu?


Krisiaren kontra! Teknologia. Aldatu beharra. Merkatuan irautea… Ez dira garai onak izan, eta orain ere ez dira onak. Industria hau ez da batere aberastekoa.

Nahiz eta bazter askotan ikusi zuen izena: Itxaropena.


Bai, itxaropen handia daukagu guk beti! Kar, kar, kar… Industria honetan beti izan dugu krisia. Euskal liburuak besterik ez dugu egin duela gutxi arte. Hamar urte baino gehiago dira Europara begira jarri ginena, bezero bila, eta lortu dugu hor leihoren bat zabaltzea. %80 hemengo liburua egiten dugu; gainerakoa, atzerrikoa. Hemengo liburuen tiradak txikiak dira, ordea, eta ez digu irauten laguntzen, nahiz eta bezeroak argitaletxe pribatuak izan, nahiz Jaurlaritza edota gainerako herri erakundeak izan. Hortik datorren krisia betikoa dugu.

Liburu bati azkeneko zuzenketak egiten jardun nuelarik Itxaropenan, oraindik orain, beste bi krisi ere aipatu zenizkidan, nahiko modu larrian…


Bai. Aurrekoaz gainera, krisi teknologikoa eta ekonomikoa. Krisi ekonomikoari dagokionez, murrizketak datoz alde guztietatik. Murrizketak aurten, eta murrizketak datorren urtean. Oso kezkatuta gaude zer gertatuko den gure lanarekin. Argitaletxeak berriz, hor ari dira, behin ere baino gehiago estuago pentsatuko dutela zer argitaratu, eta zer ez. Bestelako liburu formatuak ere badatoz: Internet bidezkoa, euskarri elektronikoa… Teknologia, alegia. Krisi teknologikoaren barruan, bestalde, geure-geurea, lantresnak, erremintak berritu beharra.

Paper formatuko liburuari lehia egingo dio ebook-ak, besteak beste.


Gurea paper formatuko lana da. Edukiak, berriz, hasita daude bestelako euskarri batzuetan agertzen. Frankfurten izan gara oraintsuko azokan, eta zenbait ebook ikusiagatik ere, heldu gabe dago produktua. Nahaste-borraste handia dago. Denok ebook-ari begira, baina inork ondorio erabatekorik ez du. Ikuskizun dago zer etorriko den hortik.


Eusko Jaurlaritzaren kanpainak, ikasleen testuliburuak maileguan ematekoak, alegia, zenbateraino kalte egiten dizue?


Oro har, onik ez. Hemengo argitaletxeek testugintza dute oinarri. Hortik ateratzen dituzten etekinak baliatzen dituzte literatura liburuak publikatzeko. Testuliburuen salmentatik datorren murrizketak ondorioak ekarriko ditu, oraindik ez ditugu ikusi, baina ikusiko ditugu… Mailegu sistemaren ondorioz, libururik ez da sartuko etxe askotan. Eta, hainbat kasutan, haiek ziren etxera sartzen ziren liburu bakarrak! Maileguak ez dio mesederik egingo liburuari. Ez dut uste. Horrek kalte egiten dio argitaletxeari, kalte inprentari, kalte industria osoari: talde didaktiko eta pedagogikoak, argitaletxeak, inprimategiak, papergintza fabrikak, banatzaileak, liburu dendak… Sektore osoari egingo dio kalte horrek, goitik hasi eta beheraino.


Internet eta formatu berriko irakurgaiak, paper formatuko liburuaren kontrario dira?


Ez dakit bada. Denborak esango du. Beharbada irakurle gehiago sortuko dira. Papera nahiko dutenak, esan nahi dut. Ezin jakin zer etorriko den… Irakurlea da gakoa, euskarri batean irakurri, ala bestean irakurtzea. Batean irakurtzen duenak bestean ere irakurriko du. Interneten irakurtzen duenak paperean ere irakurriko du. Horretan ez dut dudarik.

Irakurlea da gakoa. Liburuaren bidean kate-begi hori ahula da.


Idazleak idazten du. Itzultzaileak, itzultzen, hala badagokio. Argitaletxeak maketatzen du, edo gure esku uzten du lan hori, eta inprimatze eta koadernatze lanak egiten ditu inprentak. Ondoren, banatzaileak jasotzen du liburua, eta dendara heltzen da, eroslearen eskuetaraino…


Baina eroslerik gutxi, eta liburuak bueltan…


Hala diote argitaratzaileek. Liburuak saltzea beti izan da lan zaila. Kontua da batzuk bai, saltzen direla, edizio osoa saldu ere, eta beste batzuk, aldiz, salduko duenik ez dagoela, edo kosta egiten dela. Tiradak, berez, oso txikiak dira Euskal Herrian. Beti ezagutu ditut nik horrela: 500, 1.000, 1.500 ale bitarteko tiradak dira ohikoenak. 2.000tik gora, banakak.

Liburuaren krisia, krisi teknologikoa, krisi ekonomikoa… Sartu hiru krisiak koktel ontzian eta zer atera behar du hortik?


Auskalo! Koktel konplikatua da hori. Egoerak ez du laguntzen, batere. Datorren urteari dagokionez, oso kezkatuta gaude. Ez dakigu zer etorriko den. Iaz izan genuen lana, eta aurten izan duguna erabat jaitsiko da. Sektorean lanean ari garenon artean, batzuek egin duten kalkuluaren arabera, lana %30 jaitsiko da. Beste batzuek %40 diote! Kezkagarria da hori. Gu enpresa gara, eta enpresa garen aldetik dirua sortu beharra daukagu, dela langileei ordaintzeko, dela hornitzaileei… Lana behar dugu.

Zuen aitona atzerrira joan ohi zen, sektoreak sei-zazpi urtetik behin egin ohi zituen mundu mailako biltzarretara. Eta zu?


Nazioarteko ferietara joateko ohitura dut. Teknologia azoka garrantzizkoenak Alemanian egiten dira eta erraz joaten naiz hara, ama hangoa dugunez eta senideak ere baditugunez han… Urteak daramatzat Frankfurteko liburu azokara eta Pariseko Liburu Aretora joaten. Kanpoan beti ikasten da, eta ikusten da, asko. Horretan bizi gara beti, ondokoa zertan ari den begira. Gure arloan beti izan da horrela. Nahitaezkoa da irten eta ikustea, eta ideia berriak ekartzea. Ekartzen dira egileak, estetika, bezeroak… Kanpora begiratu beharra dago. Bestalde, Euskal Herriko merkatua txikia da. Gure neurriko enpresak kanpoan bilatu beharra dauka lan bolumena. Kanpoan, Europan: Frantzian, batik bat. Gure bezeroa, kasu horretan, argitaletxe txikia da. Argitaletxe handiek tirada handiak egiten dituzte eta Asiara joaten dira: Txinara, adibidez. Edo Indiara. Guk, bolumen handiegia ere ez duen argitaletxea behar dugu.

Gaurko egoera zail honen aurrean, zein aholku emango lizuke aitona Patxik, biziko balitz?


Ez dakit, bada!

Zer laguntza mota eskatuko zenioke?


Ez dakit, bada!

Zer eskatzen diezu erakundeei?




Nori dagokio egoera honetan zuei laguntzea?


Galdera zailak dira hotz eta motz erantzuteko. Nori dagokio gure lana salbatzea? Jakingo bagenu, beharbada ez ginateke hemen izango! Kluster bat sortuta dago sektorean, baina bere bidea egiten ari da, denbora behar du. Haren lanaren eragina urtebete, bi urte arte ez da ikusiko.


Bitartean?


Bitartean, oraintxe, irautea da gure apustua. 77 urte dira Itxaropena sortu zenetik, 77 urte iraun dugu… Krisi garai latz honetan irauteko gaitasuna izan nahiko nuke. Datorren urtea pasatu behar dugu, eta hurrengoa nola datorren ikusi.
Nortasun agiria
Pello Unzurrunzaga Schmitz (Zarautz, 1960). Maria amonaren etxean jaioa da, amonaren eskuetatik mundura etorria. Zarauzko ikastolako lehen promoziokoa da. Lanbide Heziketa ikasketak egin zituen Zarautzen eta Usurbilen, Administraritza adarrean. Ikasketak bertan behera utzi zituenean hasi zen Itxaropena inprimategian lanean, hemeretzi urte zituela. Hirugarren belaunaldia da Itxaropena inprimategian lanean. Pelloren semea, Ion, laugarrena osatzeko bidean da. Ezagutuak ditu garai latzak, baina ez oraingo krisi honen parekorik, oraingoa bezain larririk.
GALDE SHORTA - Ez dunk hamahiru
1. Patxi Unzurrunzaga.
Aitona. Itxaropenaren sortzailea. Editore eta inprimatzaile amorratua.

2. Maria Goikoetxea.
Amona. “Bizkaitarra” esaten zioten, markinarra izanda hango euskaraz hitz egiten zuelako, ezberdin Zarautzen. Tenperamentu handikoa.

3. Sabin Unzurrunzaga.
Aita. Lanean eduki dut beti, aldamenean. Nire maisu eta aholkulari. Bera ez balitz ni ez nengoke hemen lanean.
4. Juan Kruz Unzurrunzaga.
Osaba, oraindik orain hila. Arte galeria zuen. Oso polifazetikoa.

5. Imanol Unzurrunzaga.

Osaba. Oso jakintsua euskara gaietan.

6. Xabier Unzurrunzaga.

Osaba. Arkitektoa.

7. Maria Tere Unzurrunzaga.

Izeba. Arkitektoa, akuarelista eta margolaria.

8. Pello Unzurrunzaga.

Ni neu

9. Ion.
Semea. Inprentan ari da, prozesua ikasten. Ikusiko dugu laugarren belaunaldia osatzen dugun inprimategian.

10. Andrea.

Alaba. Argazkigintza lantzen ari da.

11. Unzurrunzagatarrak.

Andre eta gizon! Denetarik dago. Oso xelebreak gara.

12. Itxaropena.

Itxaropenez!

13. Hamahiru.

Ez dunk hamahiru!

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude