Karbonokrazia

Iñaki Barcena
Iñaki BarcenaIñigo Azkona
Klima ari da berotzen. Eta kasu honetan ez gara planetaren eguratsean gertatzen ari diren aldaketaz soilik ari. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) diplomaziak CO2 isurketak jaisteko martxan dituen negoziazioetan ere tenperatura igotzen ari da, eta munduko kaleetan ere giro sutsua nabaritzen da. Pasa den urtarrilean Belem do Parán bildu zen Mundu Gizarte Foroak Kopenhagerako (Abenduaren 7tik 18ra) deialdi berezi bat egin zuen, gizarte mugimenduen presioa egiteko karbonokraziaren aurrean, hots, gehien kutsatzen duten herrialde eta enpresen aurrean, Ama Lurrean bizi diren pertsonen arteko klima-justizia aldarrika dezagun.

Eta Kopenhagen, bikingoen hiriburuan, mundu guztiko aktibistak bilduko dira, duela 10 urte Seattle-ko batailan gertatu zen moduan, Mundu Merkataritzaren Erakundearen batzarrean, orain NBEk munduko gizarte zibilaren ahotsa entzun dezan. Asmoa ez da, Seattlen antzera, NBEren konferentziari boikota egin eta porrota eragitea, baizik eta ekintza globaleko egun bat antolatu gobernu nagusiak kezkatu eta arreta deitzeko.

Kopenhagen. Jutlandiako penintsulan karbonokrazia eta justizia klimatikaren arteko lehia antzeztuko da, modu gordinean. Alde batetik karbono isurketen komertzializazio eta merkatuaren bitartez “kutsatzeko eskubideak” (sic) mantendu nahi dituztenak eta bestetik teknologia kutsakorrak, inseguruak eta sostengatu ezinak kritikatzen dituztenak.

Klima aldaketaren politika eta agendan Kopenhageko konferentzia (COP-15 ingelesezko akronimoan) hitzordu garrantzitsua dugu, Kyoto eta gero, 2012. urtetik aurrera zer-nolako murrizketak eta zer-nolako herrien arteko kuotak negoziatzen ari dira-eta. Eta ematen du akordiorik gabe pasako dela, herrialde kutsakorrenek ez baitituzte euren negutegi efektuko gasen isurketak geldiarazi nahi. Txina edo India historikoki ez baitira arazoaren erantzule eta AEBek, Europako Batasunak, Japoniak, Australiak edota Kanadak hazkunde ekonomikoa karbonoaren erreketarekin guztiz lotuta ikusten baitute.

Murrizketak onartzen dira baina epe luzera, G-8ak L’Aquilan uztailean iragarri zuen gisan (%50a 2050rako) eta ez da hori zientzialariek (IPCC) gomendatzen dutena ezta gizarte mugimenduek urbi eta orbe exijitzen dutena ere. Eta Kopenhagen ez bada akordiorik lortzen? Petrolioaren eta gasaren gailurrera heltzeak ezinbesteko norabidea markatzen du, karbonorik gabeko eredura abiatzea, alegia. Mundu guztian ari dira, trantsizio hirietatik karbono-ondoko herrietako esperientzia berriak antolatzen. Hori da bidea.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude