Iribarne, Constantin eta Xaho bidelagun

  • Atharratze eta Sorholüze herriak bateratzearen 150. urteurrena ospatu zen iragan agorrilaren 26an. Egun horretan, Michel Castan atharraztar kultura zale sutsuak idatzi eta paratutako ikusgarri ibilkari baten bidetik urratsez urrats gogoratu zen 1859ko maiatzaren 31n gauzatuta egon zen bateratze aski neketsu hura. Kultur agerraldi hartako zortzi jelkaldietan zehar egin zen ibilbide bera egin dezagun orain elkarrekin.
Allande Sokarros
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Maule aldetik etortzean, Sorholüzeko sarreran bertan kokatuak diren hilerrien ingurutik hasiko da gure txangoa. Gune hau aurkitzea erraza da oso, Atharratze-Sorholüzen dagoen gasolindegi bakarra hantxe baita. Hilerrien albotik alde eginda, bide nagusiari jarraituko diogu apur bat gorantz eginda. Berehala egingo dugu topo ezkerraldeko bide ertzean bertan eraikitako etxe handi eta dotore batekin. Honek bai oroigarri bat mereziko lukeela, hementxe egon baitzen, 1909. eta 1920. urteen bitartean, Ipar Euskal Herriko lehendabiziko esnetegi kooperatiba. Dominique Iribarne (1874-1933) pertsonaia guztiz aipagarria eta goresgarria izan zuen sortzaile. Gaur egun, tamalez, erabat ahaztuta dagoen Dominique Iribarne Zuberoako ekonomiaren bultzatzaileetan aurrendaria izan zen.

Ingeniari lanbidea utzirik, Atharratze-Sorholüze eta Basabürüko baserritarren bizipide nagusitzat jotzen zuen ardi esne ekoizpena bultzatzeari ekin zion. Iseya euskal izena eman zion gazta ekoitzi zuen, baita ardi esnearekiko jogurta ere. Sorholüzeko esnetegi kooperatibak ekoitzitako gazta hark zaukan kalitatearen lekuko argi, urrezko domina eman zioten 1929. urteko Parisko nekazal lehiaketa nagusian. Ardi esne ekoizpenarekin guztiz bateragarria zela jakinda, arkume salmenta ere antolatzen jardun zuen Iribarnek.

Euskarari eta euskal nortasunari errotik atxikia zela nabari dago, zeren eta, ardi esnedun hazkuntzara laborariak akuilatzeko asmoz idatzi zituen esku-orriak euskaraz egin baitzituen. Euskararen gutxiespena eta euskaldun izatearen lotsa nagusi ziren garai haietan, ausartu behar zen horretara… Atharratze-Sorholüzeri eta oro har Zuberoari asko ekarri zuen Dominique Iribarnek, eta are gehiago ekarriko zukeen, gazterik hil ez bazen –59 urtetan– Wall Streeteko astearte beltzak (1929eko urriaren 29ak) dirurik gabe utzirik eta garuneko gaixoaldi batek ezindurik. Etxe horren albotik igarotzean, garaiaz aurretik Euskal Herriaren zaintzale eta garazale izan zena gogoratzea komeni izango da.

Dominique Iribarneren etxea izan zenetik berehala, Atharratzeko ospitalea deitzea ohi zaionaren aitzinetik iraganen gara. Azken urteotan handizki zaharberritu egin den eraikin zuri hau, baina, Sorholüzen kokatua da eta Padovako San Antonio babesle duen erietxe pribatua da. Alabaina, Basabürüa eskualdeko erietxe eta zahar-etxe bakarra da. Atharratzeko auzapez Arnaud Villeneuve du, 2009. urte honetatik, bertako zuzendari gaztea. Ospitaletik berrehun bat metrora soilik, Atharratze-Sorholüzeko Dona Maria Madalena eliza topatuko dugu. XIX. mendeko eraikin hau ez da beraz guztiz zaharra, baina dotorea bai asko. Eliza honen gainaldean nonbait aurkitzen zen, aldiz, Lukuzeko Jaunaren jauregia. Euskal historia ezezagunean ospetsua geratu da, haatik, jauregi honen oroitzapena, hain zuzen Atharratze Jauregian kantuarekin. Abesti hau, Zuberoa euren ustez ezagutzen duten ezjakin batzuek oker izendatu dute Ozaze Jaurgainean.

Constantin, euskaltzale argituarengan

Elizaren inguruan dauden etxe ederki zaharberritu batzuk miresteko denbora hartu ondoren aurrera jarraituko dugu eta 30 bat metro eskas egin ondoren, ikusiko dugu, eskuinaldean, Atharratze-Sorholüzeko udaletxe polita. Etxe hau Albert Constantin (1873-1957) euskaltzale suhar eta Basabürüko politika gizon garrantzi handikoarena izan zen. Constantin sendiaren erroak Santa Grazi herrian topaturik ere, Albert Constantin Izpuran jaio zen, bere aita Jean-Baptiste Constantin asko ezagun egin zelarik Joanes Garaztarra euskal idazle izengoitiarekin. Albertek bere aitaren euskaltzaletasun ildoari jarraitu zion eta hazi ere egin zuen, euskararen sustatzaile suharra izan baitzen. Alabaina, bere lanbideak –medikua zen eta ia 60 urtez jardun zuen ofizio horretan– eta politika jardunek – Atharratzeko kontseilari nagusi geratu zen kasik 40 urtez – denbora gutxi utzi zizkioten euskarari atxikitzen zion maitasun sakona hazteko. Haatik, Dominique Iribarne bere lagun minarekin batera, Kepa Altonaga adiskideak deitu egin duen Atharratzeko taldea gogoeta eta lan multzoko bultzatzaile nagusietatik izan zen. Constantinek eta Iribarnek handizki sustatu zuten Basabürüko eta inguru zabalago bateko gizartea… baina ez zuten maila bereko jarraitzailerik izan, ezta hurrenik ere. Constantin euskaltzale sutsuak bere sendian bertan ere ez zuen segizalerik izan eta hark hazitako eta bildutako euskara eta euskal kulturako ondasunak nonbait galdu egin dira… agian ez betiko.

Albert Constantinen etxearen ia-ia parean ikusiko dugun bastiza handi eta dotorea Atharratzeko Posta eta Zerga Etxea dira gaur egun. Atharratzekoa bai, leku honetara iritsirik Sorholüze atzean utzia baitugu. 30 bat metro aurrera egin eta gero, Atharratzeko merkatu plazara helduko gara eta orduan dugu argi ikusiko Mauleko Oier III.a bizkondeak 1299. urtean eraikitzeko agindua eman zuen herri hau bastida dela. Orain dela zenbait urte, udalak etxe aitzinaldeen edertze lan bat bideratu zuen eta, honezkero, koloreak lehia polit batean dabiltza plaza honetan. Atharratzen, tamalez baina, euskara oso gutxi ematen dute saltokietako jabeek. Nonbaiten trago bat hartzeko edo ostatatzeko, dena den, plaza honen saihets batean dagoen Piellenea ostatua aholkatzekoa da.

Xahoren bizibide joriaren sorburura

Erdiko plaza ere deitzen zaion leku xarmagarri honetatik bide nagusian aurrera jarraituz, une batean eskuin aldetik oinezkoen pasabide hertsia ikusiko dugu, behera seko sartzen den eskalera batekin. Honek Ühaitzandia ibaiaren bazterrera eraman gintzake, baina buelta egitean handik igaroko gara, hain zuzen. Anartean, aitzina joko dugu eta hortxe berehala, ezker alderat apur bat gure ibilbidetik saihestuz gero, Atharratzeko leheneko udaletxea zen Dagerre jauretxea miresteko aukera izango dugu. Bide nagusian egonda edo honetara bueltatuta ehun bat metro egin ondoren topatuko dugu Atharratzeko beste seme ospetsu baten sorlekua izan zen etxe zaharra. Gaur egun Trinketearen taberna den bastiza zabal honetan 1811ko urriaren 10ean jaio zen Agosti Xaho pertsonaia guztiz aipagarria. Nola laburbildu, bada, Xaho izan zen guztia? Idazle, kazetari, euskararen eta euskal kulturaren bultzatzaile, abertzaletasunaren aitzindari, ezkertiar sutsua, demokrata suharra, errepublikano erne eta kementsua, pentsalari askea, erlijio egitura eta dogmen aurkari bizia baina sinesleen errespetazalea, olerkari ezagutuenen adiskidea… Ororen buru, aberastasun handi-handiko norbait izan zen Agosti Xaho. Eta bizi-ibilbide jori hori tarte nahiko laburrean eraman zuen, Baionan, 1858ko urriaren 23an, hots 47 urtetan, hil baitzen Atharratzeko seme argia. 2008. urteaz geroztik, lagun talde batek lanean dihardu, haren jaiotzaren 200. urtemugan Xahok merezi duen omenaldi handi eta aberatsa antolatzeko asmoz. Hain seguru ere, etxe honen aitzinean omenaldi horretatik zer edo zer egongo da.

Tranbiaren iraganeko bidetik buelta

Anartean, gure ibilbidean aurrera jarraitzearren, trinketa xume, txiki, eta, egia erran, traza nahiko txarrekoaren albo-albotik behera sartzen den bide txikia –Etxebarrerako bidea!– hartuko dugu. 200 metro eskas egin ondoren, eskuinaldetik datorren bide are txikiago bat ikusiko dugu eta horretatik ekinen diogu buelta emateari. Ühaitzandia gure ibaitxoa bidelagun duen bidexka honi “tranbidea” deitzen diogu Basabürüan. Izan ere, hau izan zen 1905. eta 1931. urteen bitartean Paue, Olorue eta Maule lotzen zituen burdinbidearen zati bat. P.O.M  izena zeraman linea honetako bidaiariek ez zuten prisa handiegirik izan behar, tren xume honek, gehienetik jota, orduko 30 edo 40 kilometro egiten baitzuen… Beste denborak ziren haiek! Nostalgiaren gazi-gozo artean, tranbide honen lasaitasuna gozatuko dugu, etxe batzuen –hala nola Barnetxenea edo Lhandenea– gibelalde ederrak miretsita. Une batean ikusiko dugu tranbidea eta karrika nagusiaren artean lotura egiten duen oinezkoen harrizko eskaler ederraren beheko sarrera ere.

Alozeko zubiaren punta batera iritsirik, Altzai eta Lakarrirako bidea zeiharkatu eta gero, zuzen joko dugu. 200 bat metro eskasera, eskuinaldean eraikin arrosa koloreko bat ikusiko dugu eta hori Atharratze-Sorholüzeko tren geltoki ohia zela pentsatuko ere, saihetseko borobil batean “Heltü niz” hitz grabatuak irakurtzean! Norbaitek izpiriturik izango zuen geltoki ohi bat horrela deitzeko… Beste berrehun bat metro egin eta gero, gure abiapuntuarekin egingo dugu topo, Iribarne, Constantin eta Xahori agur eta ohoreak zuzentzeko ordua iritsia izango dugularik.

Azkenak
Etxebizitza Sindikatuak etxegabetzeen kontrako jota abestu du sanferminetako prozesioan

Bigarren urtez jarraian Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak "jota aldarrikatzailea" abestu du uztailaren 7an, sanferminetako prozesioan, balkoi batetik. 2024an "elkarbizitzaren ideia faltsuari eta turismoaren negozioaren ondorioei" abestu... [+]


2025-07-08 | Euskal Irratiak
Zigor Goieaskoetxea
“Baserriberri: iguzki izpi bat krisia sozialaren hodei beltzen artetik”

Eskolatuak ez diren 3500 gazte pasatzen dira urte guztiez Ipar Euskal Herriko Misio Lokaleko 34 permanentzietatik. 16 eta 25 urte arteko gazteak berjendarteratzen laguntzen ditu Misio Lokalak orientazio, formakuntza eta laneratze sailetan. Krisia egoerari buru egin behar dio... [+]


Arabako Foru Aldundiak ere aurretiko baimena eman dio Larragorriko zentral eolikoari eta “hirigintza irizpideekin bateraezina” dela salatu dute

Arabako Foru Aldundiko Deskarbonizazio zuzendariak aurretiko baimena eman dio Green Capital Energy enpresari, Larragorrin kokatu nahi duen zentral eolikoak aurrera egin dezan. Gauzak horrela, Orozko, Laudioko eta Amurrioko Udalek izango dute azken hitza.


Trapagarango Amazon zigortu dute, langileen osasunerako eskubidea urratzeagatik

Hainbat irregulartasun egitea egotzi dio Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak: batetik, istripuei buruzko dokumentuak ezin direla bateratu, eta bestetik, istripuaren izaera lanekoa den ala ez erabakitzea ez dagokiola Amazoni.


2025-07-08 | Gedar
Tolosaldean, adin txikiko neska bat modu jarraituan bortxatu du 71 urteko gizon batek

2024aren bukaeratik behartu du gaztea berekin sexu-harremanak izatera, diru truke.


2025-07-07 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Jaiak ere, gizonenak?

Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]


Antxon Alonsok ukatu egin du Cerdan Servinabar enpresaren %45aren jabe zela

Epailearen aurrean deklaratu du astelehen goizean Alonso enpresari gipuzkoarrak, Servinabar enpresaren jabeak, eta adierazi du Guardia Zibilak haren etxean aurkitutako agiriak ez duela balio, notarioarenera eraman ez zuelako. Accionako kontseilari Fernando Merinok ere deklaratu... [+]


Gasteizko lorezainak negoziazioetara bueltatu dira 100 greba egun eta gero, Jaurlaritza erdian

Gasteizko lorezainen eta udalak azpikontratatutako enpresaren arteko negoziazioak uztailaren 7an hasiko dira Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin. 


Israelek onartu ostean, Hamasek esan du 60 eguneko su-etena “berehala” ezartzeko prest dagoela

Hamasek jakinarazi du Palestinako erresistentziako beste taldeekin hitz egin duela AEBek, Egiptok eta Qatarrek proposaturiko meniaz, eta "pozik" hartu dutela. 60 eguneko su-etenaz gain, akordioak barne hartuko luke Hamasek Gazan dituen hamar bahitu israeldar askatzea,... [+]


2025-07-07 | Estitxu Eizagirre
Lurraldeko ogi ekologikoaren balio nutrizionalak aztertu dituzte HoBBea proiektuaren baitan

HoBBea proiektua hiru elkarte hauek elkarlanean egina da: Biharko Lurraren Elkartea (BLE), Biolur eta Hazialdeko. Nekazari-okinaren figura indartu nahi dute HoBBea proiektuaren bidez, eta lurraldeko ogi ekologikoa kontsumitzearen balioak eta onurak ezagutarazi nahi dituzte... [+]


Tauromakia “bekatua” dela salatu dute talde antitaurinoek Iruñean

AnimalNaturalis eta PETAk manifestazioa egin dute Iruñeko Udaletxearen aurrean, tauromakia bekatua da lelopean.


“Ezin dugu kikildu fatxerioaren aurrean. Ez dira pasako!”

Sei urte, sei urte luze, pasa dira Ciudadanos alderdi politikoak bere mitina egin zuenetik gure herrian. Bere mitina apirilaren 14an, errepublikaren egunean, eta inongo ordezkaritzarik ez duen herri eta lurralde batean. Ohituak gaude horrelako probokazioekin, baina egia da... [+]


BRICS+ taldeak Trumpen muga zergak gaitzetsi ditu, eta honek %10 igotzea mehatxu egin die

BRICS+ taldeak hamazazpigarren gailurra egin berri du Rio de Janeiron, eta herrialde parte hartzaileek oharra argitaratu dute Trumpen muga zergak eta Iranen aurka eginiko erasoak gaitzetsiz. Erantzun gisa, AEBetako presidenteak mehatxu egin die "Amerikaren aurkako... [+]


Eguneraketa berriak daude