Vargas poliziakoa zuri-beltzean

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Los cuatro ríos. Fred Vargas - Edmond Baudoin.
Astiberri (2009).
225 orrialde, zuri-beltzean. 18 euro.


Istorioa ez da iraultzailea. Bi mutiko gaztek maletatxoa lapurtuko diote gizonkote bati. Diru mordoa dago barruan, baita nortasun agiri  faltsuak eta objektu arraro ugari ere. Magia beltza, sorginkeria... zorroan aurkitutakoak gazteak beldurtu ditu. Badute arrazoirik horretarako, gizonkoteari bor-bor egiten dio odolak, eta mendekua bilatuko du. Gidoia, baina, espresuki komiki-liburu honetarako sortua, Fred Vargas idazlearena da, eta marrazkiak Edmond Baudoin ilustratzailearenak. Frantziarrak biak, euren arteko elkarlanak ezin zuen fruitu txarrik eman.

Nobela beltzaren eta komikiaren artean koka dezakegun liburu gomendagarri honetako protagonistetako bat Adamsberg da, Vargasen irakurleek aski ongi ezagutzen duten polizia inspektorea. Berak darama kasuaren gidaritza, Baudoinen zirriborro eta trazo lodiek harrapatuta. Ilustrazioak guztiz bukatu gabe daude, baina nabari da Piero, Le Voyage eta Couma acò obren egileak nahita bilaturiko zerbait dela, Parisko paisaiari eta pertsonaiei ukitu berezia eman nahi izan diela, narrazioaren tonalidade ilunarekin bat egiteko. Liburuan apenas dago testu deskriptiborik. Narratzailea ezkutuan dago, eta elkarrizketek eusten diote istorioaren pisuari. Hizkera kolokiala darabilte pertsonaiek, ironikoa zenbaitetan, jostalaria, irakurlea konplize bihurtu arteraino. Tira, guztiek ez dute halakorik lortzen.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude