Nobel Sarira bidaia

  • Ez zegoen faboritoen artean, ezustekoa izan zen: Herta Müllerrek Literatura Nobel Saria irabazi izanak hautsak harrotu ditu Errumanian. Alemanieraz mintzatzen den gutxiengokoa, Ceaucescuren diktaduratik ihes egin zuen Alemaniara, baina han ere asko borrokatu behar izan zuen. Ezohiko idazle honen bizitzako zailtasun handi eta txikiak dituzu jarraian.
Herta Müller
Herta MüllerHerta Müller
Liztor habia ostikatu zuen herrixkako neska

Zenbait arrazoirengatik, Herta Müller (1953an jaioa) Nobel Sariaren ezohiko irabazlea da. Arrazoi horietako batzuek, nahitaez, polemika eta eztabaida sutsuak pizten dituzte, ez soilik Alemanian, haren adopziozko herrialdean, baita Errumanian ere, jaioterrian. Müller “ezohiko” irabazlea da, azken 100 urteetan hamabi emakumek soilik lortu dutelako Literatura Nobel Saria. Gainera, Banat probintziako suabiar alemanen gutxiengokoa da Müller; alegia, arazo asko izan dituen Alemaniako gutxiengo etniko batekoa.

Horrez gain, Nobel Saria Solzhenitsyni eman ziotenetik, ez zaio sari hori eman Ekialdeko Europako diktaduraren baten menpeko errepresioa jorratu duen inori, eta horregatik bakarrik, Müllerren aukeraketa esanguratsua da.

Azkenik, errumaniar ikuspegitik, Müller txiki izatearen konplexua apenas onartzen duen herrialde batetik dator (Belgika edo Irlanda bezala, edo, agian Euskal Herria), oso gutxitan ulertua eta askotan gaizki ulertua izan den herrialde batetik. Bere literatura ekoizpenari esker, bederen, Müllerrek pertzepzio hori alda dezake: Nobel Sarirako izendatua izateagatik soilik, Errumania albiste da, eta albiste horrek zerikusi gutxi du iraganeko estereotipoekin. Izan ere, banpiroekin, umezurztegiekin, giza trafikoarekin, giza eskubideen urraketarekin eta antzekoekin lotu izan da herrialdea orain artean. Gaur egun, eta azken hogei urteetan, Nicolae Ceaucescu zapatari-diktadorearen amaieratik –“Karpatoetako jenioa” esaten zioten hura zuritzen zutenek (bai, horrelaxe esaten zioten)–, Errumania modernoak dilema honi egin behar dio aurre: ez hainbeste iraganari aurre egitea eta iragana onartzea, baizik eta iragan hori nola estali eta atzean utzi. Testuinguru horretan, Müller bazter nahaslea da, gai hori jorratzen duelako, eta zuzen-zuzenean aurre egiten dielako aldaketak egiteko gai izan baina horretarako adorerik ez dutenei: Müller liztor habia ostikatu zuen neska da!

Herta Müllerren herrikideen jazarpena II Mundu Gerraren ondoren

1930eko hamarkadako ekonomia depresioaren ondoren, errumaniar-aleman askok nazionalsozialismoa eredutzat hartu zuten. Reichetik kanpo bizi ziren alemaniar gutxiengoak (Volksgeutsche) bereganatu Hitlerrek, eta errumaniar-alemanak Alemaniako armadetan borrokatu ziren ekialdeko frontean, errumaniar nazionalitateari eutsita. Hertaren aita bizirik atera zen gerratik, ama Siberiara bidali zuten, eta gainerako senideak berriz, Baragan ordokietara erbesteratu zituzten, Danubio Beheko estepa gogor eta babesgabeetara. Han, desjabetutako errumaniar nekazariak lohizko etxoletan bizi ziren, Paleolitoko etxoletan bezala. Lurra eta etxeak konfiskatu zizkieten eta ez zieten Banatera itzultzen utzi 1953ra arte, bizitza hutsetik hastera, Stalin hil eta gero izandako liberalizazio partzialaren ondoren. Herta Müller urte horretan bertan jaio zen, eta aldi horrek oso eragin handia izan zuen errumaniar haurrarengan. Garai horiek gordin-gordin deskribatzen ditu idazleak: “Nire familian, kide bakoitzak bere barne bizitza pribatua uharte bat balitz bezala bizi zuen. 1950eko hamarkadan, estalinismoaren garaian, horrelakoxea zen bizitza herrixka bakartu honetan, non kale nagusiak asfaltorik ere ez zuen. Baina, gure herrixka, bakartuta egon arren, ezin zen natura erreserba baten moduko zerbait izan eta ezin zuen politikaren gorabeheretatik isolatuta egon. Hemen, hiruzpalau aktibista politikok herrixka osoa kontrolpean zuten. Hiritik etorritakoak ziren. Ikasten amaitu ondoren, herrixka galdu honetara bidali zituzten, beren kontrolatzaile ibilbidea hasteko, nork mehatxu, galdeketa eta atxiloketa gehiago egingo. 405 etxeko eta 1.500 biztanleko herrixka zen gurea. Bakoitza bere gauzez baino ez zen arduratzen, eta beldurrez bizi ginen. Inor ez zen ausartzen horretaz hitz egiten. Beldurraren esanahia ulertzeko oso ume txikia nintzen arren, beldurraren sentimendua errotu zen nigan. Nire familiako guztiak gaitz bereaz jota zeuden”.

1968an, Müllerrek hamabost urte zituenean, errusiar tankeek Txekoslovakia inbaditu zuten, demokraziaren aldeko txekoslovakiarren ahalegina zapaltzeko. Une horretan, sentitu zuen Müllerrek zerbait egin behar zuela. Beraz, alemaneraz mintzatzen ziren ikasleen elkarte klandestino batean sartu zen, Aktionsgruppe Banat izenekoan. Securitatea berehala infiltratu zen elkarte horretan. Gero, atxiloketak, galdeketak eta etengabeko zaintza etorri ziren. Alemaniako kantu herrikoiak abestea eta Alemaniako literatura irakurtzea ekintza susmagarriak ziren zerbitzu sekretuentzat, eta erreprimitu egiten zituzten. Une horretatik aurrera, Müller Securitatearen jomuga izan zen. Azkenean, Timisoarako Unibertsitatean lizentziatu zen, eta irakasle bihurtu. Baina Securitateak kolaboratzaile izateko eskatu, Müllerrek uko egin, eta lanpostua galdu zuen. Ogibiderik gabe geratu zen: “Egun batean, ile-apaindegira nindoala, norbaitek besotik heldu zidan bat-batean: polizia zen, eta inguruko etxebizitza bloke bateko sotora eraman ninduen. Han, hiru gizon zeuden nire zain. Haien buru zela zirudienak leporatu zidan, besteak beste, arabiar ikasleen emagaldua izatea, kosmetikoen truke [erregimen komunistan, funtsezkotzat jotzen ez ziren edertasun produktuak ez zeuden dendetan]. Esan nion ez nuela arabiar ikaslerik ezagutzen, baina berak hogei ere aurkituko zituela erantzun zidan, nire aurka lekukotza emateko. Gero, polizia argalak atea ireki zuen, joaten uzteko, nire nortasun agiria lurrera bota zuen eta ostikada bat eman zidan atzealdean: belar gainean erori nintzen, zuhaixka batzuen atzean. Zakur batek bezala egin nuen botaka, burua altxatu gabe”.

Ceaucescuren Errumanian, erbestera joatea zen Herta Müllerren aukera bakarra. Jaioterritik alde egiteko erabakia hartzea ez zen erraza izan, baina amore emateko zorian zegoen, eta berarentzat, gainera, bizirik irautea zegoen jokoan. Ez zen “errefuxiatu ekonomikoa”, errefuxiatu politikoa zen, alemaniar leinuko errumaniarra, bere balio moralengatik eta diktadurari egoskor aurre egiteagatik jazarria. Egoera horretan, Errumaniatik 35 urte zituela alde egitean, Müllerren bagajea ez zen mugatu arauek agindutako 80 kiloetara, askoz maleta astunagoa, ikusezina, atera baitzuen gaulan, diktaduraren menpe jasandako errepresioaren oroimen mingarriez betetako maleta.

Müllerren hizkuntza kodetua

Ez da harritzekoa Herta Müllerrek, bere eleberrietan, Errumanian izan zuen bizitza, erbestearen minaz koloreztatutako hizkuntzaz deskribatzea. “Autofikzio” esaten die egileak eleberri horiei: “Nire ahotsa entzun gabe abestu nuen. Zalantzaz beteriko beldurretik erabateko ziurtasunez beteriko beldurrean amildu nintzen. Urak abesten duen moduan abes nezakeen. Agian, nire amonaren dementzia kantaritik zetorkidan doinua. Agian, amonak burua galtzean galdutako doinuak nekizkien. Agian, haren garunean lugorrian zeudenek nire ezpainetara heldu behar zuten”. (Herta Müller, Aran berdeen lurra).

Berehala, haserrea azaleratzen du Errumaniatik alde egitera behartu zutelako: “[Nire galdetzaileak] hark hildako guztien zama eraman zezan nahi nuen. Haren ile motzak hilobi bateko soropil ebaki berriaren usaina izatea nahi nuen, bizartegira joango zen orotan. Haren krimenek hatsa jariotea nahi nuen, lanostean ilobarekin mahaira esertzean. Haurrak higuina izatea pastela ematen zioten hatzei”. (Herta Müller, Aran berdeen lurra)

Eta berriz ere, elkarrizketa batean, haurtzaroko herrixkan erabilitako “errugabetasunaren hizkuntza” gogoratzen du: “Hazi nintzen herrixkan ez zegoen errumaniarrik. Errumaniera eskolan ikasi nuen, atzerriko hizkuntzatzat… Timisoaran, suabieraz eta errumanieraz idazten zen, baina errumaniera komunikaziorako hizkuntza zen. Bi hizkuntza horiez gain, alderdi komunistaren langue de boisa zegoen, alderdiak hizkuntza ere bereganatu egin baitzuen. Hori dela eta, oso arreta handia izaten genuen ideologia politikoaz kutsatutako edo faltsututako hitzak edo kontzeptuak ez erabiltzeko. Gure errealitatea deskribatzeko, hizkuntza errugabearen bila genbiltzan etengabe”.

Aitorpena Alemanian

Berlinera egokitzea ez zen erraza izan, Banateko herrixkaren oso bestelako lekua baita, eta Timisoararen oso desberdina. Hezkuntza zuela agerikoa zenez, Hertak aurrera egitea lortu zuen, nahiz eta haren azentuak eta diktaduraren garaian eraikitako “errugabetasunaren lexikoak” idazkeran eta hizkeran arrastoa utzi. Alemaniako zenbait kritikarik ez atzera-ez aurrera zebilela leporatu zioten, “geldialdian” zegoela, “iraganean ainguratuta”, bere eleberriek totalitarismoaren ondorioak jorratzen zituztelako gehienbat, aurrera egin eta “Mendebaldeko gizartearen bidegabekeriak” jorratu ordez. Baina kritikari horiek gutxiengo bihurtu ziren berehala, Müllerrek nazioartean ospea eta izen ona lortzearekin batera. Hala ere, gatazka gupidagabea zegoen Ekialdeko deserrotutako idazle erbesteratuaren eta Mendebaldeko ezker intelligentsiaren artean –Mendebaldeko Alemanian zeuden Banateko alemaniarrek ere gaitzesten zuten, Errumaniako Securitateak manipulatuta–: “Zure liburuek erretzea merezi dute, eta zuk ere bai; ez zaitugu hemen nahi”.

Erbesteratutako errumaniar idazle gehienek izan dituzte antzeko gatazkak; batez ere, Frantzian –esaterako, Monica Lovinescu, Marie-France Ionesco–. Frantzian, izena zikintzeko erasoak egin dira, gehienak Errumaniako zerbitzu sekretuen atzerriko agenteek bultzatuta, Paul Goma, Virgil Gheorghiu, Emil Cioran, Eugene Ionesco, Mircea Eliade edo Vintilà Horia-ren aurka. Vintilà, hain zuzen, Goncourt Sari ospetsurako izendatu zuten 1960an, Jainkoa erbestean jaio da eleberriagatik, baina Frantziako prentsak eginiko sorgin-ehizaren ondoren –Jean-Paul Sartre ere tartean izan zen–, sariari uko egin behar izan zion, eta Espainiara joan zen. Han hil zen 1992an, Collado Villalban. Testuinguru hartan, aipatzekoa da Herta Müllerrek PEN elkarteko kide izateari utzi ziola, elkarte hura garai bateko Ekialdeko Alemaniako PEN elkartearekin bat egin zuelako –jakina da Stasiko agente ohiek erabakitzen zutela elkarte horretako kide nor izan–.

Errumaniaren pizti beltza

Errumaniako errumaniarrek, oraindik ohitura komunisten ondorioen menpe, beste metodo batzuk zituzten Müllerri literaturan berez zegokion lekua ukatzeko: “Alemanez idazten du; beraz, ez da errumaniar idazlea…”.

Langue de boisaren bidez arrazoiak adieraztea ezinezkoa izan zenean, idazlea ez aipatzea izan zen bidea, erresistentzia sistema askoz eraginkorragoa, Müller behin eta berriz uzten baitzuten Errumaniako literatur-kritikako liburuetatik edo antologietatik kanpo, baita Ceaucescu hil zenetik bi hamarkada eta gero ere.

Hertaren literatura ekarpena ez zen aipatu ere egin România Literarà Errumaniako idazleen zerrendan. Diktadura amaitu zenetik hamahiru urte ingurura egindako. Errumaniako idazleen lau liburukiko hiztegian ere ez zuten sartu, ezta Errumaniako idazle erbesteratuen azken-azken sintesian ere. Hori guztia, zalantzarik gabe, Errumaniaren kalterako da, Müllerren fikzioak sustrai sakonak baititu Errumaniako lurraldean eta historia sozio-politikoan.

Are okerragoak dira Paul Gomaren kexak. Honela zioen idazle antikomunista eta Errumaniako Charta 77 adierazpenaren bultzatzaile horrek –bai, horrelakorik izan zen, eta hamabi bat pertsonak sinatu zuten–: “Alemanian liburuak idatzi nituen Herta Müllerrek baino lehenago… Zergatik ez zuen idatzi liburu bat bere amak sobietar gulagetan jasandakoari buruz? Zergatik ez zuen Charta 77 adierazpena sinatu? Artean, 24 urte zituen; bazuen gauzak ulertzeko adina!”.

Banateko Müllerren herrixka galduan jada ez dago alemaniar biztanlerik, Ceaucescuk Danubio ibaian gora bidali baitzituen, gero Mendebaldeko Alemanian ezartzeko. Gaur egun, errumaniar nekazariak bizi dira herrixkan, eta albistearen berri izatean, honako galdera egin zuten: “Zer da Nobel Saria?”.

Milioi bat euroko literatura saria dela esatean, hau jakin nahi zuten: “Eta zer dago hor guretzat?”.

Bukaresteko literatura zirkulu gaiztotu eta egozentrikoetan inbidiaz hartu zuten albistea: “Noski pozten garela hain idazle gazteak saria eskuratu izanaz”, dio Errumaniako Idazle Elkartearen presidenteak, diktadura estalinistaren garaian 40 urteko ibilbide arrakastatsua izan zuen idazlea bera. Gerontokraziak indar handia du Errumanian oraindik ere, eta haientzat 56 urteko Herta “oso gaztea” da eta itxaron egin beharko du! Errumaniako gazte guztiek dakite hori, eta hanka eginez erantzuten dute: zenbait milioi gazte atzerrira joan dira Ceaucescu fusilatu ondorenetik.

Frankfurteko liburu azokan, Errumaniako standean (140 m2-koa), kopeta zimurtu zuten: “Ustekabean harrapatu gaitu… standa aspalditik antolatuta genuen, Nobel Saria eman ziotela jakin baino askoz lehenago”, nolabait aditzera emanez ezin zutela ezer aldatu: ez dute autonomiarik Bukarestetik agindutakoa aldatzeko; bestela, zigorra jasotzeko arriskua izango lukete baita nork bere “literatura” ondarea eta abantailak galtzekoa ere. Eta hori “Herta... nor”-engatik? Ezin zuten Müller standera gonbidatu ere, han zituzten liburuak sinatzeko edo kontraturen baten eskaintza jasotzeko aukera izan zezan. Ezin zuten Hertaren Alemaniako argitaratzailea gonbidatu ere, zerbait esatera… Errumania iraganeko ohituretan ainguratuta dago. Müller ohituta dago eta badaki nola jokatzen duten. Hogei urtez oposizio gogorra egin eta gero, berari buruzko Securitateko fitxategia, Bukarestekoa, ikusten baino ez zioten utzi –900 orrialdeko hiru liburuki, zati asko galduta dituztenak…–. “Noski, den-dena faltsututa zegoen…” dio Müllerrek. Jakina, Errumanian jasandako jazarpenaren gertaera osoak aerografoz ezabatu zituzten.

Desjabetuen hizkuntza

Frankfurteko Liburu Azokan, Hertak Txina kritikatu zuen, eta elkartasuna adierazi zien bertako idazle zentsuratuei eta espetxe politikoetan giltzaperatutako uigur etniako disidenteei. Gertuago ere, Europan bertan, Kaukasotik Atlantikoraino aurkituko lituzke borrokarako kausak, haiei aurre egiterik ahal izan balu, borrokalari gutxi baitago hainbeste kausa onen alde egiteko, eta politikari oportunista, ezjakin eta harroputz ugari: “Errumaniar emakumeak? Zer errumaniar emakume?” galdetu zuen britainiar argitaratzaile batek Nobel Saria iragarria izan aurretik; eta mespretxuz gehitu zuen: “Hiru baino ez ditut ezagutzen!”

Ez nion galdetu zein ezagutzen zituen, badakidalako anglosaxoiek bereari baino ez diotela erreparatzen eta ez dituztela beren kulturatik kanpoko balioak aintzat hartzen. Nolanahi ere, animatze aldera, honela erantzun nion: “Hasteko, ez dago gaizki!”.
Orain, horrelako lau emakumeren berri duela, hiruren ordez, Hertak Nobel Saria irabazi izanak aldatuko al du joera, eta jarriko al du Errumania dagokion lekuan? Argi eta garbi, Errumaniak eta errumaniarrek ez dute beren bakartasuna batere gogoko, baina, hein batean, beraien errua da. Herta Müller erbesteratutako emakume txiki eta argalak ez zuen amorerik eman, eta haren setak jende asko eta asko gogaitu zuen: baliteke salbuespena baino ez izatea. Izan ere, liztor habia ostikoz jo zuen neska da.

Literatura Nobel Sariaren epaimahaiaren iritziz, hau du bereizgarri: desjabetuen paisaia poesiaren kontzentrazioaz eta prosaren argitasunez deskribatzen du.

Multumesc (eskerrik asko), eta Jainkoak bedeinka zaitzala, Herta: badakit eginkizun izugarria dela, baina itxaropen berria egon beharko luke desjabetu guztientzat!
Artikulu honen egileari buruz
Constantin Romanen biografiak, zenbait alorretan, lerro paraleloa marrazten du Herta Müllerrenarekin: Errumaniatik erbestera joan zen Ceaucescuren diktaduran eta Londresen bizi da egun. Hainbat alorretan lan egindakoa, azpimarratzekoak dira geodinamikaren alorrean egin dituen ekarpenak, plaken tektonika ulertzeko kontzeptu berriak garatu baitzituen. Literaturari dagokionez, Blouse Roumaine antologiaren egilea da. Liburu erraldoi horretan bildu zituen Errumaniako emakumezko idazleen biografia, testu eta erreferentzia ugari. Euskal kulturarekin ere interes bizia du: Bernardo Atxagaren eta Kirmen Uriberen poemak itzuli ditu errumanierara; eta, besteak beste, Ignacio Zuloagak eta Eduardo Txillidak Errumaniarekin izandako harremana ikertu du.

ASTEKARIA
2009ko azaroaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude