Adimen artifiziala

Iritsiko dira gure parera?

  • Zientzia-fikzioak aspaldi aurkeztu zizkigun beren kasa pentsa dezaketen makinak. Benetako zientzian ere bide horretatik ari dira batzuk; adimen artifiziala ikerketa-eremu zabala da, eta ildo asko ditu bere baitan, gu baino azkarragoak izango diren gailuak sortzeko helburua barne. Ezinezkoa, askoren ustez. Oztopo handiz betetako lasterketa, edozein kasutan.
Unai Brea @unaibrea
2009ko urriaren 18a
Robota
Robota
Orain dela bi asteko Argian, Garbine Ubedak hainbat galdera interesgarri eginez amaitu zuen eboluzioari buruzko erreportajea. Horietako bat hau zen: “Gizakia makinarekiko sinbiosian biziko da ala haren morrontzan?”. Idatz dezagun orain beste modu batez: sortuko ditugu, noizbait, gure morrontzatik askatzeko gai izango diren makina adimentsuak? Adituen artean baiezkoaren zein ezezkoaren aldekoak daude. Seguruenik bigarren multzokoak dira gehiago, baina baietz diotenen ideiak kitzikagarriagoak dira. Haiei eskainiko diegu geure arreta lehenbizi.

Hans Moravec austriar zientzialariak ez du zalantzarik: sinbiosian lan egingo dugu –“biziko garela” esatea gehiegizkoa litzateke– makinekin, eta luze gabe gainera. Adimenaren umeak liburuan, Moravecek mende erdi barru kokatzen du “bazkide ‘naturalaren’ eta ‘artifizialaren’ arteko ezberdintasunak nabarituko ez diren” garai hori. Kontuan izan mende erdi horren puska ederra joan zaigula jada, liburua 1988koa baita.

“Zeharo sinetsia nago gizakiena bezalako adimena izango duten robotak guztiz gauza arruntak izango direla 50 urte barru”, zioen orduan austriar zientzialariak. Ez hori bakarrik: “Hemendik lasterrera, gizakiaren oinarrizko eginkizun guztiek –bai gorputzez eta bai adimenaz egiten ditugunak– ordain artifiziala izango dute. Makina horiek gure bilakaera kultural bera izango dute eta beren buruak eratzeko eta gero eta hobeak izateko gai izango dira gure eta gure geneen laguntzarik gabe. Hori gertatuko denean, gure ADNa langabezian geldituko da”.

Adimen hilezkorrak

Hans Moravecen ideiak transhumanismo izeneko pentsamendu ildoan kokatu daitezke. Beste transhumanista batek, Raymond Kurzweilek, The age of spiritual machines (Espiritudun makinen aroa) izeneko liburu hagitz interesgarria argitaratu zuen 1998an. Aurreikusi zuen hamarkada gutxi barru adimen artifiziala eta adimen naturala maila berean egongo direla, eta handik lasterrera lehenengoak bigarrena gaindituko duela.

Makinek beren kasa egingo dituzte aurkikuntza zientifikoak. Gizakiok, gero eta gehiago, gure gorputzetan txertatutako gailuen bidez komunikatuko gara makinekin, eta une bat iritsiko da non gizakiak eta makinak bereizten dituen marra oso lausoa izango den, ia desagertzeraino. Are gehiago, ez da egongo lotura argirik adimenaren eta euskarri fisiko baten artean; adimenak batetik bestera ibiliko dira, Interneten antzeko sare batean bidaiatuz. Hori 2099. urterako aurreikusi du Kurzweilek. Ondo irakurri duzue: 2099. Argitu dezagun, norbaiti freaky hitza ezpaineratu baino lehenago, estatubatuarra ospetsua dela bete-betean asmatu duelako teknologiaren bilakabideari buruz emandako zenbait iragarpenetan. 2009rako eman zituenetako asko, hala ere, ez dira gauzatu. Momentuz.

Zertxobait apalago, Hans Moravecek ere hitz egiten du gure gogamena, gorputzarekin batera hiltzen dena, burmuinetik atera eta beste euskarri batzuetara transferitzeaz. Horrek hilezkor bihurtuko gintuzke nolabait, gure gorputzak hil arren. Ideia hauek maisutasunez adierazi zituen Isaac Asimovek The last question (Azken galdera) ipuinean. Ingelesez ez ezik, gaztelaniaz ere oso-osorik irakur dezakezue Interneten.

The last question 1956an argitaratu zen. Urte berean, zientzialari handi talde bat elkartu zen Dartmoutheko Biltzar historikoan, eta han sortu zen “adimen artifiziala” esamoldea, ez denen gustukoa, bide batez esateko, arlo horretan lanean dabiltzanen artean. Horietako bat dugu Basilio Sierra, EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta Adimen Artifizialaren Espainiako Elkarteko (AEPIA) zuzendaritza batzordeko kidea. “Horretan aritzen garenok”, esan digu, “badakigu hor ez dagoela ez adimenik ez halakorik, baizik eta ordenagailu batean, egindako kalkulu batzuen arabera, ateratako ondorio batzuk. Hori besterik ez da”.
Adimentsuak?

Ordenagailuak tentelak dira. Hori da, Sierrak dioenez, informatika ikasleei karrerako lehenengo egunean esaten dietena. “Lehen aldiz entzuten dugunean, sinetsi egiten dugu hala dela; ikasketak amaitu orduko, berriz, guztiz seguru gaude”. Ordenagailuek abantaila bakarra dute giza-burmuinarekin alderatuta: askoz azkarragoak dira kalkuluak egiten.

Hala ere, adimena egozten diegu zenbait makinari. Hitzaren erabilerak badu inertziatik zerbait. Dartmoutheko Biltzarrean parte hartu zutenek ez zuten zalantzarik izan “adimena” bezain hitz potoloa erabiltzeko; besteak beste, hamar urteren buruan lengoaia naturala erabiliz gizakiekin solasean arituko ziren makinak existituko zirela iragarri zuten. Hasierako aurreikuspenak gehiegizkoak zirela konturatu ahala, finantzazioa murriztuz joan zen, eta adimen artifizialaren inguruko ikerketak moteldu egin ziren 70eko hamarkadaren erdira arte. Geroztik urrats asko egin dira, baina oso urrun gaude oraindik –ez hain urrun Moravec eta Kurzweilen iritziz, jakina– Dartmouthen ezarri ziren helburuetatik. Horiek fikzioan baino ez ditugu ikusi orain arte.

Ramon Lopez de Mantarasek, adimen artifizialaren arloan Espainiako Estatuan dagoen aditu handienetakoak, zera esan zuen 2007an: “Gizakion adimenak sen onaren bitartez lortzen diren ezaupide asko erabiltzen ditu. Ezaupide horiek gure bizipenei esker lortzen ditugu, sozializazio prozesu baten barruan, eta makinek ez dute halako prozesurik izaten”. Oraindik ez dugu asmatu makinei sen hori txertatzeko modurik, eta horrek eragin du adimen artifizialaren mende erdiko ibilerak sortutako paradoxarik handiena. Lopez de Mantarasen hitzek esplikatuko digute hobeto: “Ustez errazena izango zena –ingurua ikusmenaren bitartez identifikatzea eta interpretatzea, adibidez– izan da gerora zailena; eta aldiz, gaixotasunen diagnostikoa egitea edo xakean jokatzea, hasiera batean oso zailak iruditzen zitzaizkigun gauzak, errazenak suertatu dira”.

Nola “pentsatzen” dute makinek

Makinek, makina tentelek, gaixotasunak diagnostikatu, xakean jokatu –eta irabazi– eta adimen “itxura” daukaten beste hamaika gauza egin ditzakete gaur egun. Basilio Sierrak azaldu digunez, gauza askotarako erabiltzen da adimen artifiziala, baina haren dohainak nabariagoak dira datu kopuru eskerga erabili behar den zereginetan. 70eko hamarkadan adimen artifizialari berriro bultzada eman ziona, sistema adituen –ingelesezko expert systems– agerpena izan zen. Egiten zituzten lanak oso zailak ziren gizakiontzat, datu asko erabili behar zirelako aldi berean, baina makinari planteatzen zitzaion arazoak oso zehatza izan behar zuen. Makinek, guk ez bezala, ez dakite informazio anbiguoa erabiltzen. Garai hartako sistema aditu ezagunena Stanford-eko Unibertsitatean (AEB) asmatutako Mycin zen; gaixotasun mota jakin bat diagnostikatu zezakeen, medikuek baino arrakasta handiagoarekin.

Adimen artifizial programa haiek oso onak ziren, baina ia artisautzazkoak. Normalean, programa sortu zuen informatikarietako batek aditu batengana jo behar zuen –mediku batengana, esaterako–, elkarrizketa egin, eta haren jakinduria erregela matematiko batzuetan jarri, ia-ia eskuz.

90eko hamarkadan beste jauzi bat egin zen: oso azaletik esplikatuta, sistema adituek modu automatikoan ikastea lortu zen, formula batzuk ezarriz. Esateko modu bat da, ikastea. Makina batek ezin baitu, gaur gaurkoz, guk ikasten dugun eran ikasi. Haiena estatistika hutsean oinarritutako ikasketa da, Basilio Sierrak dioenez. “Demagun minbizia daukaten 10.000 gaixo daudela, eta guztiek daukatela gene jakin bat aktibatuta; minbizirik ez duten beste 10.000 lagunengan berriz, ez dago aktibatuta gene hori. Gu ezin gara horretaz konturatu, baina ordenagailua bai, milaka estatistika egin ditzakeelako segundo batean”. Medikuntzan ez ezik, beste arlo askotan ere erabiltzen dira adimen artifizialeko programak. “Kontua da gaur egun enpresa txikienak ere datu piloa daukala aztergai”, azpimarratu du Sierrak.

Hala ere, adimen artifiziala prozesamendu gaitasuna baino zerbait gehiago da. Heuristiko izeneko teknikak erabiliz, makinek askoz emaitza hobeak lortzen dituzte euren kalkuluetan. Iñaki Inzak, EHUko irakasle eta Basilio Sierraren lankideak, honela azaldu zuen Elhuyar aldizkariaren apirileko zenbakian: “Adimen artifizialak proposatu du naturak ingurunean dituen hainbat problema nola ebazten dituen behatzea. Inspirazio horretatik proposatutako teknikak dira heuristikoak”.

Adimen artifiziala eta robotak

“Robot” hitza txekieratik dator, eta jatorriz “lana” edo “morrontza” esan nahi du. Sarritan, adimen artifiziala aipatzen denean, robotak datozkigu gogora, baina Sierraren ustez mugimendua da batez ere robotak definitzen dituena, ez adimena. Hala ere, robot asko, Sierraren lan-taldean erabiltzen dituztenak esaterako, “adimentsuak” dira, adimena dutela esatea gehiegi esatea bada ere, dagoeneko behin baino gehiagotan argi utzi dugunez. Nolanahi, gero eta mugimendu autonomoagoa lortzera bideratuta dago adimen artifiziala robotengan.

“Orain, batez ere, etxeetan erabili ahal izango diren robot adimentsuak garatzea da helburua”, dio Sierrak. Adimen artifizialeko programen xedea enpresetan edo ospitaleetan egiten den lana arintzea den bezala, robot horiena etxean laguntzea izango litzateke, pertsona zaharrei eta elbarriei gehienbat. Baina horretarako etxetik erraztasunez mugitzen ikasi beharko dute. Eremu horretan aurrerapauso asko eman badira ere –badaude, esaterako, museo eta ospitaleetan gidari moduan dabiltzan robotak–, oraindik askoz gehiago daude emateke. Edonork etxerako robot bat prezio onean erosi ahal izateko hamar urte baino gehiago itxaron beharko da. Eta hori ere, Lehen Munduan baizik ez da gertatuko seguruenik.

Gure bizimodua erraztu bai –zertarako dira, bestela, makinak?– baina partekatu ez, ez dira gure adiskideak izango. “Nire iritziz hori ez da inoiz lortuko”, dio Sierrak, “baina posible izanda ere ez dut uste hori denik une honetan robotikaren helburua, nahiz eta batzuk horretan ari diren. 2050ean robotekin ezkonduko garela entzun nion aurrekoan bati”. Oinak lurrean ondo bermatuta dituzte EHUn, eta gutxiagorekin konformatzen dira. Ez dira erronka makalak, hala ere, esku artean darabiltzatenak Ibaetan nahiz mundu osoan. Makinei gurea bezalako mugikortasuna ematea da ikerketa-lerro bat, ikusi dugunez. Beste bat gurea bezalako ikusmena ematea litzateke. Alegia, ordenagailua daukazun gelara sartzean, hark automatikoki jakitea zeu zarela sartu dena. Oso helburu zaila da, gogora ezazue lehen aipatu dugun paradoxa. Hans Moravec izan zen paradoxa hori formulatu zutenetako bat, eta haren izenaz ezagun da izan ere. “Ez da hain zaila konputagailu batek gizaki heldu baten adinako gaitasuna agertzea adimen-test batean, eta aldiz, oso nekeza da urtebeteko ume baten pertzepzio eta mugikortasun gaitasunak edukitzea”, dio austriarrak.

Helburua bete helburua ezagutu gabe

Ikusi dugunez, makina “adimentsuak” datu berriak jaso eta erabil ditzake helburu bat lortzeko, baina ez da gai helburu hori definitzeko. Ez daki zertarako ari den lanean; are gehiago, lanean ari denik ere ez daki. Ez da autonomoa, esango luke Alvaro Morenok, EHUko Zientziaren Filosofian katedradunak.

Robot autonomoak sortzeko ikerketa-lerroak abiatu dira, baina helmugatik oso urrun daude, inoiz iritsiko badira. Ramon Lopez de Mantarasek dioenez, “ez dut ezinezkotzat jotzen robot batek adimena garatzea, baina ez litzateke gure adimenaren mota berekoa izango”. Arrazoiak lehenago aipatuta daude: gure berezko sena falta zaie makinei. Alvaro Morenoren aburuz, adimen artifizialaren aurrerapenek, gehienez, gizakion sistema kognitiboaren protesiak sortuko dituzte –eta sortu dituzte dagoeneko–, baina ezin daiteke harago joan oinarri biologikorik gabe. Ikus dezagun zergatik.

Emoziodun makinak?

Gure adimena, bere helburuak definitzeko gai den adimen hori, emozioetan oinarrituta dago, azken ikerketek frogatu dutenez. “Batzuek esaten dute posible dela makina bat programatzea emozioak eduki ditzan”, dio Morenok, “baina hala diotenek ez dakite askorik emozioez”. Filosofoak azaldu digunez, emozioak eboluzioaren ondorioz sortu ziren, nerbio-sistema konplexu samarra zeukaten organismo batzuek nerbio-sistema hori atal bitan disoziatu zutenean, “bata, erraiak kontrolatzeko, eta bestea, zentzumenak eta mugimendua koordinatzeko. Bi atal horien eta erraien euren arteko interakzioak sortu ditu emozioak, eta hiru elementu horiek ez dituen sistemak ezin du emoziorik garatu”. Hortaz, emoziodun makina bat sortzea, azken batean, bizidun bat sortzea litzateke. Morenok ez du uste hori erabat ezinezkoa denik, baina oso urrun dagoen zerbait da.

Oinarri biologikodun adimen artifiziala garatzeko egitasmoak badira, baina oraingoz sehaskatik irten gabe daudela esan liteke. “Eboluzioak 3.500 milioi urte eman ditu antolakuntza sistema askorekin saiakerak egiten, eta arazo asko konpondu ditu, baina beti ere milioika aldiz porrot egin ostean”, gogorarazi du Morenok. Bizia kopiatuz adimen artifiziala sortzea oso erronka polita da, baina haren zailtasun ikaragarriez jabetu behar dugu, etikari zor zaiona ahaztu gabe. Beharbada ez dago hain urrun hau bezalako erreportajea idazteko gauza izango den makina, baina bai erreportajea gustatu zaion ala ez erabakitzeko ahalmena izango duena. Zure burmuinak, aldiz, oso erraz egin du jada hori.
Maskota artifizialak
Europan eta AEBetan ez bezala, Japonian oso ikerketa-lerro sendoa da maskota artifizialak sortzen saiatzen dena. Irudian duzuen Paro izeneko foka-robota da adibide ezagunenetakoa. Foken itxura dauka, haiek bezala mugitzen da eta haiek bezalako soinuak emititzen ditu laztanduz gero. Beroa ere ematen du, benetako foken era berean. Eta adimen artifiziala erabili da hura egiteko, baina ez dakigu foka batek adinako adimena daukan, foka baten adimena zenbatekoa edo zer nolakoa den ez dakigun heinean. Kontuak kontu, maskota artifizialek, apeta hutsetik harago, badituzte aplikazioak. Esaterako, Alzheimer edo bestelako gaitz mentalak dituztenei laguntzea, baina benetako animalien arazoak saihestuta.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude