Herri eriak

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Orain dela hogei urte erori zen Berlingo Harresia. Iragan are urrunagokoa dirudi bi aldeetako erkideen besarkatze emozionatua ilustratzen duten irudi ajatuak bistaratzen baditugu. Edo, efektuzko kolpearen bila, ondoren heldu diren gertakari esanguratsuak errepasatzen hasten bagara.

Zenbat kontu eta datu, zenbat protagonista, zenbat kontzeptu eta tresna, komunismo hondoratuaren sinboloa itxuratu zenez geroztik. Nelson Mandelaren askapena, Kroazia eta Lituania edo Eslovenia bezalako herrien independentzia; gerrak eta gerrak, gerra zahar-berriak, Golkokoa, Bosnia-Herzegovinakoa, Irakekoa; Intifadak, Talibanak, New Yorkeko Dorre Bikiak eraitsiak; indarkeria nuklearra, birus suntsitzaile berriak; atentatuak, su-etenak, bake-prozesuak, ilegalizazioak, egunkarien itxierak; Kyotoko zein besteko protokoloak eta Goi bilerak; Hugo Chavez, Sarkokrazia, euroa, telefono eramangarriak, Internet; berotze efektua, ekologismoa, globalizazioa, altermundialismoa, kapitalismoaren krisia... Abiada biziko kronologiak edo poker partida bateko karta markatuak, nondik begiratzen zaien.

1989ko hesi urratze hura Frantzia eta Espainiaren arteko muga fisikoak europartasunaren izenean ezabatzearekin parekatzen dut nahi gabe; bi estatuen mugarri ziren aduanak, zaindari uniformatuak, aldiko karneta erakusteko lanak bertan behera gelditu zirenekoarekin. Orduko sentsazioak, Irundik harakoekin oztoporik gabe elkartzeko itxaropenak, hizkuntzak batuko gaituen amets mitifikatuak eta gainerakoak inozo eta kasik ergel ageri dira hainbeste urteren buruan.

Gaur, muga fisikorik gabe ere mugak inoiz baino handiagoak diren honetan, kilometroa baino unitate argigarriagoa behar genuke Bidasoaren alde batekoak nahiz bestekoak bereizten dituen urruntasuna neurtzeko. Eta dekodifikatzaile filosofiko-linguistiko bat, “Iparralde” edo “Bestalde” deituriko kontzeptu hutsalean zakutu duguna ezagutzeko. Errazkeriak, esango nuke, lurralde zati baten guretasuna errefusatzera eraman gaitu oharkabean, eguraldi-mapak osotasunean eskaintzen saiatzen baldin bagara ere.

Sagardotegiak frantziarrez bete direla esaten dugu sasoia denean, Hernani-Astigarragara heldu diren autobusak nagusiki lapurtarrek bete izan dituztenean ere. Bilbo aldeko erdaldunak izan baitaitezke gutarrak, besteak aldiz, ez. Euskaraz egiten duten apur horien mintzaira itsusiagoa dela, ulergaitza eta arrunt frantsestua dela entzun izan dut aspaldion, geure erdarakadei jatortasun labela aitortu beharko bagenie bezala. Frantzian zer moduz bizi ote naizen galdetu dit abertzale –eta ezkerreko– batek baino gehiagok, atarikoan “ulalaka” eta “madamka” eginez, Hendaiara aldatu nintzela jakin dutenez geroztik. Eta asaldatu egin izan zaizkit, nire umore beltzaz harritu, “zu Españan bizi zaren bezalatsu” erantzun izan diedanean.

No man's land dirudien herri txiki honetan gauzak ez dira hobeak, erraz imajina daitekeenez. Ez noa Hendaiatik goragokoek duten pertzepzioa aipatzera. Nire frantses kaxkarra gaztigatzeko, “Espainolak Espainiara!” erantzun zidan nerabe koadrila batek joan den egunean, haur txikiez mukuru beteta zegoen jolastokian patineteak alboan uzteko eskatu nienean. Are ozenago errepikatzen zidaten esalditxoa gero, astakeria hori entzunda, nire hizkuntzan “oraindik horrelakorik!” eta beste hainbat purrustada erremedio gabeki atera zitzaizkidanean. Arabieraz egin zidan trufa orduan horietariko batek. Hitzik ulertu gabe ere, “hemen hizkuntzak ez dizu nortasun berezirik ematen, atso espainol tuntuna” zirudiena interpreta zitekeen tonuagatik, keinuengatik, “frantsesok soberan ditugu zeu bezalakoak”. Tamalez, ez da lehen aldia horrelako atakan aurkitzen naizena.

Premiazkoa zait Alemania batzeko tratatu ofizialaren parekoa. Behar bezain ona izango ez bada ere. Premiazkoa zait lurraldetasunaren eta bereziki hizkuntzaren bidez heldu beharko litzaigukeen aitorpena, estatusa, estatua. Jolastokietan ere makurkeria politikoak aditu behar ez izateko.

Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


Eguneraketa berriak daude