Araban barrena

  • Arabako erdigunean zabaltzen da Trebiñuko enklabea. Azaleran 228 kilometro koadro hartzen ditu, bi udalerritan banatuta: Trebiñuko Konderria –209 km2 ditu honek– eta Argantzun. Lehenengoaz jardungo dugu artikulu honetan. Euskal Herriko eskualde aski ezezaguna da hau, Gasteizko udalerriaren ondoan badago ere. Erdi Aroko gerra-gertakariek eta handi-mandien interesek Arabatik at laga izan dute Trebiñu, Burgosko administraziopean. Horrela dirau egun, bertakoen borondatearen kontra.
Trebiñu
TrebiñuAlex Larretxi
Trebiñuko hiribildua aitzindari da Arabakoetan, zenbait historialariren iritziz. Gasteiz bera baino lehen, eta are Guardiaren aurretik, sortu zuen 1161 urtean Antso VI.a Jakituna nafar erregeak. Hori dela eta, sorreraren 850. urteurrena ospatuko dute trebiñarrek 2011n. Erdi Aroko hiribilduaren aginte-esparruan herri txiki mordoa zegoen, eta horietako asko ongi dokumentatuta daude lehendik ere, konkretuki 1025 urtean. Hala ere, mendetan zehar, herri horietako zenbait husten eta galtzen joan ziren desagertzeraino, izurriteek eta bestelako hondamenek eraginda. Egun berrogeitaka herri dira Trebiñuko Konderrian, eta 1.300 bat bizilagun baino ez.

Herri txiki horiek Trebiñuko Konderriko lur azala zipriztintzen dute, han-hemenka, Ihuda ibaia bizkarrezur antzera dutela. Eskualdea malkarragoa da ipar-ekialdean, eta haritzen zein arteen berdeaz jantziagoa. Mendebalderantz jaitsi ahala, ordea, orografia leuntzen da poliki, eta galsoroak ugaritzen. Ihuda ibaiaren urak mantso doaz, harik eta Argantzundik datorren Zadorra ibaiarekin bat egin arte.

Trebiñuko hiribilduak ondo merezia du bidaiariaren arreta. Eskualde zabal baten buru da Trebiñu, eta egun pentsa daitekeena baino pisu eta zeresan handiagoa izan zuen Erdi Aroan. Gorabehera historikoak tarteko, 1366 urtean Gaztelako Enrique II.a erregeak Trebiñuko jauntza eman zion Manriquetarren leinuari, ordurako Gaztelako boteretsuenetakoa zenari. Errege gaztelauaren konfiantza osokoak ziren, eta artean Bernedo aldean mugakide zen Nafarroako Erreinuaren kontra lantza-punta moduan jarri nahi izan zuen leinu hori. Familia horren itzalak handitzen jarraitu zuen denborarekin, eta Trebiñu Arabako Ermandadean sartzeko eragozpen izan zen: 1482 urtean Naiarako Duketza jaso zuen Pedro Manriquek errege-erregina katolikoengandik, eta 1520an Espainiako Handien aukerako elitean sartu zuen Carlos I.a erregeak.

Historiaren arrastoak nonahi

Historiaren oihartzunaz eta artearen edertasunaz gozatzea izango du bertako kaleetan erne eta begi zoliz dabilenak. Trebiñuk intereseko ondare historikoa gordetzen du eraikin askoren harri zizelkatuetan. Merkatuko plazan San Pedro eliza zutitzen da sendo. Ikusgarria da sarbideko arkibolta, urteko hamabi hilen errepresentaziorako eguneroko bizimoduan inspiratutako irudiak dituena. Atetik harago, eliza horrek aski elementu artistiko gordetzen du bidaiariaren jakin-mina gogobetetzeko. Herriko plazaren albo batean, errenazimenduko jauregi dotorea dago, harrizko zutoin gotorrean Manrique familiaren armarria erakusten duena. Udaletxea da, eta funtzio bera izan du beti, XVI. mendean eraiki zenetik hona. Gehienez ere Manriquetarren gobernadorearen egoitza izango zen noizbait. Trebiñuko kondeak sekula ez ziren eraikin horretan bizi izan, egoitza Madrilen baitzeukaten, errege-gortearen baitan.

Erdi Aroko hiribilduaren bi kale nagusiek ibilera lasaian paseatzera gonbidatzen dute. Aldapa leunean gora, San Juan Bataiatzailearen ermitaraino iritsiko da bidaiaria. Berez, tenplu hori eliza izandakoa da, Trebiñuko hiribilduak historian zehar izan dituen bost elizetako bat. Muino horretatik paisaia zabala ikus daiteke hegoaldera begira. Atzean Trebiñu herria ipar haizetik babesten duen mendixka dago. Egun komunikazio antenaz josita dago tontorra, baina bertan zegoen Trebiñuko gaztelu ospetsua, lehenengo karlistaldian suntsitu zutena.

Jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza da oraindik ere, batez ere garia eta garagarra, baina atzeraka doa etengabe, nekazari gazteen faltagatik. Gero eta trebiñar gehiago joaten dira egunero Gasteizera industrian edo zerbitzuen sektorean lan egitera. Abeltzaintzak hondoa jo zuen aspaldian, eta ez da susperraldirik aurreikusten. Egun oso artalde gutxi ikus daiteke bertako larreetan bazkatzen.

San Formerio

Maiatzaren lehenengo astetik uda amaitu arte ia astebururo izaten da herriko jairik konderriko geografian zehar. Jai egutegi bete horretan aparteko garrantzia du konderriko zaindari den San Formerioren erromeriak. Izen bereko santutegian ospatzen da. Bertara ailegatzeko Panguako herrian gora abiatu beharra dago, artez inguratutako asfaltozko bidea hartuta. 772 metroko talaia natural horretatik konderri gehienaren ikuspegia dago, eta erraz ulertzen da antzinatean, santutegia izan baino lehen, gotorleku gisa erabili izana. Tradizioak dio bertan, sei giltzapeko kutxa batean, gorderik dauden erlikiak Kapadoziatik iritsitako santuarenak direla. Izatez jaia irailaren 23an ospatzen zen, baina azken urteetan hilaren laugarren larunbatera aldatuta dago. Urtero, eguerdiko meza hasi aurretik, santuaren buru-hezurra kutxatik atera eta prozesioan eramaten da elizaren inguruan.

San Formerioren tontorretik, Gasteizko mendien hego-isurialdea begiekin zorrotz miatuz gero, eliz dorre bakartia ikusten da, iraganeko denboren lekuko mutu gisa. Otxate herriko elizaren dorrea da, egun bertan zutik dirauen eraikin bakarra. Jendez hustu zen XX. mendearen lehenbiziko hamarkadetan, gaixotasunen eta estuasun ekonomikoen erruz, hau da, zeharo gizatiarrak ziren arrazoiengatik. Hala ere, gertakari paranormalen zaleen imajinazioa elikatu izan du Otxatek: ustezko plater hegalariak direla, eta hilobiaz haraindiko psikofoniak direla. Baina herri hustu horrek berezko dituen soinu bakarrak naturarenak dira, larreetan bazkatzen ari diren abereenak esaterako; eta ez da gutxi. Hori guztia begirunez gozatu nahi duen bidaiaria ondoko Imiruri herrira hurbildu daiteke, eta handik Otxatera oinez igo, asfaltorik gabeko bide atsegingarri batetik.

Natura ere ondare

Trebiñuko Konderriak aniztasun paisajistikoa eta ondasun natural bikaina biltzen du 12.000 hektareako baso-azaleran. Esaterako, Gasteizko mendien hego-isurialdea, Saseta herriraino, ametzez eta artez oparo beteta dago, eta pago ale ederrik ez da falta mendikatearen gainetan. Bidaiariak horren erakusgarri aurkituko du, esaterako, Pagogan (1.025 m.) mendiaren inguruan. Gasteiztik abiatuta, Bernedoko errepidea hartu behar da, eta gero, Agilluko bidegurutzean ezkerretara jarraitu. Aurrera eginda, Saratsuko, Ogetako eta Marauriko saihesbideak utzi behar dira. Marauri eta Agillu bitartean San Pedro ermita dago. Erdi Aroan Uribarri herria zutitzen zen bertan, XIV. mendeko izurriak garbitu zuen arte, eta egun ermita soila dena eliza izan zen ordura arte.
Agillun Axartera daraman errepidea har daiteke. Axarte herri txikiak 800 metroko altitudea du, eta Trebiñuko Konderriko garaiena da. Bertatik etengabeko aldapa igota, Pagoganen tontorra du zain bidaiariak. Mendi-mazela horietan florak ustekabe atsegin asko ematen ditu, hala nola udaberrian loratzen den orkidea kopurua, horietako zenbait bakan samarrak. Fauna nekezago da atzematen, baina baso horietan 200 bat animalia espezie bizi dira. Pagadia bizileku duen animalietako bat muxar grisa da –Trebiñun mitxarro esaten zaio–, egoera aski ahulean den karraskaria.

Hemendik urrutira joan gabe San Bizente herrixka dago. Bertara joateko hego-mendebaldeko norabidea hartu behar da, eta jaitsialdian Otxate atzean utzi. Gasteizko mendatera doan errepidera iritsi aurretik, San Bizente izango du aurrez aurre bidaiariak. Duela 200 bat urtera arte San Vicente de los Olleros izenarekin ere ezaguna zen, bertan lurrezko ontzien industria eta salerosketa egiten zen seinale. Egun jarduera hura erabat galduta dago herrian.

San Bizente herrixkan arte erromanikoaren harribitxi bat dago, Sortzez Garbiaren ermita. Jatorrizko adbokazioa San Bizenterena da, hegoaldeko aurrealdearen idazkunean irakur daitekeenez. Eraikina XIII. mendearen bukaerakoa da eta, adituen esanean, Gasteizko Elizbarrutiaren eraikin erromaniko ederrenetakoa da. Izan ere, Trebiñuko enklabea elizaz Araba da 1949 urteaz gero. Urtetan abandonatuta egon ondoren, 1963an berriztatu zuen ermita Arabako Foru Aldundiak.

Euskaraz Burgosen

Trebiñuko enklabearen berezko ondasun kulturalen artean euskara dugu. Araba gehienean bezala, XVIII. mendean zehar galdu zen, baina oraindik konderriko herri askotan toponimoen erdia baino gehiago euskarazkoak dira. Mendebaldeko euskara zen, Arabakoa, gaurko bizkaieratik oso gertukoa. Trebiñar askok horren kontzientzia dute. Duela bi urte Eusko Jaurlaritzak II. Ikerketa Soziolinguistikoa egin zuen enklabean, bi udalerrien eskariz. Zazpi herritarretatik batek (%13,5k) ondo daki euskaraz, ahoz zein idatziz. Horrezaz gain, beste %13k aitortzen du euskaraz ulertu egiten duela. Egun, enklabeko eskola-umeen erdia baino gehiago Gasteizko ikastetxeetara joaten da, batez ere euskal sare publikoaren D eta B ereduetara. 2007ko ikerketa soziolinguistikoak erakusten du 16 urtetik beherakoen artean ia erdia dela euskaldun (%46).

Trebiñuko herritar talde batek Gutxisolo euskara elkartea sortu zuen 2001ean, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera enklabean sustatzea xede harturik. Helduentzako euskara eskolak antolatzen ditu, baita bestelako kultura ekintzak ere. Oroz gain, Euskal Jaia da bereziki nabarmentzekoa. Urtero egiten da enklabeko herrietako batean, eta aurten bederatzigarren edizioa izan da irailaren 12an, Argote herrian.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude