Nahikoa litzateke iruzur fiskala ezabatzea

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Espainiako Estatuko Gobernu eta Administrazio publiko guztiak eztabaidatzen ari dira ea zer egin behar den krisiak herritarrei ekarri dizkien arazoei aurre egiteko. Batzuek eta besteek zergak igotzeaz hitz egin dute. Badago ustezko ezkerretik, PSOEko Gobernuaren kasuan esaterako, zunda-globoak bidaltzen dituenik, egiaz ezkerreko politika sozioekonomikoa dutela sinestarazteko. Horretarako, aho txikiarekin, mezua bidaltzen dute esanez zergak igo “beharko” litzaizkiekeela botere ekonomiko handiagoa duten klaseei, nahiz eta jakina den hortik ez direla pasako. Enpresen etekinei dagokion Elkarteen gaineko zergarekin demostratu dute hori, aldian aldiro jaitsi egin baitute; ondarearen gaineko zerga ezabatuz demostratu dute hori; errenta altuetako PFEZarekin demostratu dute hori; eta batez ere, errenta altu horietan dagoen iruzur fiskal izugarria ez moztearekin demostratu dute hori.

EAEn gertatzen ari dena adierazgarria da guztiz. Nahikoa da irakurtzea 2007ko Euskal Ogasunaren Urteko Txosten Bateratua. Datu horien arabera, langileek aktibitate ekonomikoak deklaratzen dituztenek baino 8.150 euro gordin gehiago deklaratu zituzten sarreratan 2006 urtean. Langileek, bataz beste, 20.642,75 euroko errendimendua deklaratu zuten eta aktibitate ekonomikoengatik zergak ordaindu zituztenek 12.491,89 euroko sarrerak deklaratu zituzten. Eta hori da urte hauetako guztietako joera orokorra. Nahikoa litzateke iruzur fiskal nabarmen hori moztea, krisiaren ondorio sozialei aurre egiteko. Eta agintariek badakite non dagoen iruzur hori, hau da, profesional liberalen artean: bankariak, finantza txiringitoak, medikuak, dentistak, notarioak, abokatuak, ingeniariak, arkitektoak, aholkularitza enpresak… eta abar, eta abar.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude