Metamorfosia helburu

  • 150 urte joan dira Charles Darwin naturalistak bizitzaren odisea esplikatzen duen obra argitaratu zuenetik. Haren teoriak eboluzionatu egin du geroztik, eta jakintza-arlo ugariren inspirazio-iturri bilakatu da.
Darwin
Darwin
Joan den mende eta erdiko hirutasun karismatikoa aintzat hartzen badugu –esan nahi baita Marx-Freud-Darwin–, denboraren bahe hertsia garaitu duen bakarra Charles Darwin dela irakurri nuen orain dela gutxi, hiru handi horiek sortu teorietatik darwinismoak besterik ez duela aurrera egin. Psikoanalisiaren edota marxismoaren gaineko iritzi kategorikoak hurrengo baterako utzita, plastizitate handiagoa behinik behin aitortuko diogu Bizidunen Zuhaitza proposatu zigunari. Horixe baita, hain justu, eboluzioaren teoria zientzialari askorentzat: funtsik galdu gabe, deskubrimendu berriei esker frogatzen, zehazten, egokitzen, aberasten joan den ardatz teoriko malgua. Edota, nahi bada, izaki biziduna bailitzan eboluzionatzen jakin duen koadro zientifikoa.

Sinple bezain erradikala da Darwinek Espezieen jatorria izenburupean 1859an aurkeztutako lana. Garaiko ideia transformazionista apurrak barneratzen dituela, bi habe nagusiren gainean dago formulatuta.

Lehena, etxeetan hazten diren abereei erreparatuta irudikatu ahal izan zuena, eboluzioaren gakoa bera azaltzera dator, bizitza finkatu zenez geroztikako historia harilkatzera. Motzean, belaunaldiz belaunaldi transformazio ñimiño ikusezinak gertatzen dira. Gurasoengandik jasotzen eta metatzen joango diren eraldaketa horiei esker eta isolamendua tarteko, talde batzuk eta besteak bereizi egingo dira, espezie berriei bide emanez.

Ordura arte sekula ozen aldarrikatutako ondoriorik ausartenera eramango zuen, gainera, lehen premisa honek. Alegia, organismo guztiek jatorrian arbaso bat (edo multzo bat) eta bera dutela baieztatzera. Ideiaren ilustragarri, sustraiak iragan urrunean finkatu eta denboraren harian motel baina etenik gabe adartzen joan den enborra aurkeztu zigun Darwinek, antzekotasunak zedarritzat hartu eta izaki bizidunen odisea azaltzeko baliatzen duen arbol genealogikoa.

Naturak ingurunera hobetoen egokitzen diren formen alde egiten duela azaldu zigun, bestalde. Bizitzaren historia gidatzen duen bigarren printzipioa, hain zuzen, hautespen naturala dela. “Espezie bakoitzeko behar baino lagun gehiago sortzen denez –Thomas Malthus ekonomialariak demografiari buruz esandako hitzetatik abiatutako gogoeta–, une oro berritzen da bizirauteko borroka. Hil ala biziko lehia horretan, garaitzen laguntzen duten moldaketak primatzen dira. Herentziaren ahalmenari esker, hautatutako barietate orok forma berritua zabaltzeko joera izango du”.

Darwinen obrak, esan gabe doa, asaldatu egin zituen bazterrak. Jainkoaren ekimena jokoz kanpo uzten zuelako, antropozentrismoa baztertzen zuelako, gurasoengandik kumeenganako moldaketa horien iturria arrazoitzen ez zekielako edota, aurreraxeago argitaratutako obra batean ikus daitekeenez, gizakia eta ziminoa estreinakoz familiakidetzat jo zituelako, besteak beste, epelak jaso behar izan zituen.

Darwinek falta zuen argudioa

Iragan diren 150 urteotan, eta bereziki DNA molekularen estruktura fisiko-kimikoa ezagutuz geroztik, bultzada itzela jaso du belaunaldiz belaunaldiko transmisioak. Hala, genetikaren eta aipatutako ideien uztardurak Eboluzioaren Teoria Sintetikoari luzatu dio erreleboa. Funtsezko hiru oinarri ditu Neodarwinismo ere deitzen den teoria honek. Lehena, moldaketa dakarren oinordetza. Bigarrena, material molekular heredagarriak jasaten dituen transformazioak dira espezie-dibertsitatearen erantzuleak. Eta hirugarrena, hautespen naturalak ingurunera egokien moldatutako banakoak hobesten du.

Gaur, milioika birus, milaka bakterio, goi mailako ehunka animalia nahiz gizakiaren beraren genomak xehekatu ostean, kontzeptu esanguratsuak argitzera heldu da zientzia. Hasteko eta behin, DNA molekula arrunt egongaitza dela frogatuko zaigu (gene osoak galtzen ditu, baseak ezabatu, gehitu, ordezkatu egiten dira, sekuentziak errepikatu… ), eta ezin egon horixe dela, justuki, moldaketa dakarren herentziaren giltzarria.

Ezegonkortasun horren ajea ondorio esanguratsurik gabe iragaziko da kasurik gehienetan. Noizik eta behin, erabakigarri gertatuko da, eta horren fruitu organismo gaixo edo bideraezina jaioko da. Inoiz eta salbuespen gisa, ordea, abantaila emango dio moldaketa jasan duen banakoari, eta hementxe hasiko da hautespen naturalaren jarduna.

Jakin badakigu, gainera, hautespen naturalak espektro zabala hartzen duela. Geneak edota zelulak ez ezik, banakoak, taldeak eta baita populazioak ere, haren ekintzaren pean daudela. Edota eboluzioak batzuetan modu ez darwinianoan jarduten duela, hautespen naturalaren bahetik gaindi. 1960ko hamarkadan Motoo Kimura genetikari japoniarrak erreparatu zuen lez, zenbait mutazio jitoan higitzen dira, zoriak bultzatuta bezala, eta helburu jakinik gabe finkatzen dira populazioetan, ingurunearekiko egokitzapena oztopatu gabe, baina organismoak aldatuz.

Eboluzioaren erritmoak ere eman du zeresana, ez baitu, Darwinek zioen gisan, etengabeki abiadura bera gorde. Espezieak geldialdi luzeetatik nahiz aldaketa-garai azkarretatik pasatu direla uste da gaur, eta bereizketa genetiko handi ugari bizkorraldietan gertatu dela. Tempo orokorra ez da, beraz, konstantea ezta bakarra ere: organismo batzuk ez dira milioika urtetan mugitu, eta beste batzuk, HIESaren birusa kasu, etengabe mutatzen dira, zein bere metamorfosi propioari segika.

Eboluzio polierritmiko hau zerk biziagotzen duen argitzeak baditu, bestalde, bere lanak. Erabateko adostasunik ezean, inguruneak sortutako estresak edota nitxo ekologiko berrien konkistak dukete azalpen posiblearen gakoa.

Erritmo anitzeko sinfonia

Darwinen zuhaitzak ere egokitu beharra izan du azken urteotan, batik bat espezieen artean ere gene trukaketa gertatzen dela –eta organismo plurizelularrei bagagozkio transferentzia horien erantzuleak birusak direla– deskubritu zenez geroztik. Elkarrengandik urruntzen ari ziren adarrak saretuta ageri dira orain, aspaldi banandutako espezieak elkarri horizontalki lotuta.

Baina genetika ote da dena? Inondik ere ez. Ikerketa berriek frogatu dutenez, organismoak ez dira euren geneen produktu hutsak, eta halaber, geneak ez dira gurasoengandik jasotako herentzia bakarra. Fekundazioan pasatzen diren RNA molekulek, kasura, kontuan hartzeko moduko informazio aktiboa dakarte.

Zerk gidatzen du, bestalde, geneen espresio gradua? Zerk agintzen du gurasoengandik jasotako informazioak organismoan nabarmendu egin behar ote duen edota, hala denean, zein neurritan egin behar duen? DNAren gainetik diharduten markagarri kimikoek edo epigeniak, antza. Eta horra hor korapiloa, markagarri erregulatzaileok ere, ingurumenaren eraginez edo, aldatu egin daitezke bizitzan zehar; aldatu eta aldaketa eta guzti heredagarri bilakatu, zehatzago esanda.

Ikerlariek sinfoniaren metafora baliatzen dute faktoreotaz mintzo direnean. Hala, DNA partitura litzateke eta epigenia interpretazioa. Azken hau finkatu eta partiturara integratzen delarik, obra nola jo behar den azaltzen zaie datozen belaunaldiei.

Zein da, bada, fenomeno honen garrantzia ingurumenerako egokitzapenari dagokionez? Genotipotik fenotipora edo geneetatik organismora egiten den bidea ongi ulertzeak inkognita asko argituko lituzke, zalantzarik gabe.

Prozesu dinamiko konplexua da, inondik ere, eboluzioa, mekanismo nahiz parametro ugari batu eta maila askotan diharduena… eta oraindik orain sorpresa ugari gordetzen dituena.

Hautespen kulturala

Eta zertan gara, bitartean, Homo sappiensak? Espeziearen sorreratik honantz apenas eboluzionatu dugula entzun izan da sarritan. Areago, gizakiaren eboluzioa funtsean amaitu egin dela argudiatuko dute batzuk. Harraparirik ez dugu, haur jaio berriak, herrialde garatuetan bederen, ez dira hiltzen, inoiz hilkorrak izan diren gaisotasun genetikoak sufritzen dituztenek ere oinordetza izateko aukera dute… Eboluzioak, beraz, memetikoa dirudi genetikoa baino gehiago. Ideiak eta kultura inplikatzen ditu. Beste hainbaten ustez, berriz, eboluzioak jarraitzen du, baina alderantzira: bizitza modernoak biziraupenerako ezdeusak egin gaitu.

Baina moldaketa ebolutiboak izan badira, etenik gabe gertatu dira. Areago, eboluzioaren erritmoa bizkortu egin zaio gizakiari, ikerketa berriek frogatzen dutenez.

Badu gure espezieak, nolanahi ere, ezaugarri bat besteekiko bereizten duena: guk eboluzioaren motorra eraldatzeko ahalmena dugu. Landare eta animalia ugariren ibilbidea moldatu ostean, geure eboluzioa gidatzera heldu gara. Klima ere aldatu egin dugu eta handiena ikusteko dago oraindik.

Geure genomaren analisi zehatzari esker, sendagai pertsonalizatuak dagoeneko abian dira. Laster batean herentzian jasoko diren moldaketak bideratzeko gai izango gara, zahartzeari genetikoki egin nahiko zaio aurre... Nolakoa izango da etorkizuneko gizakia? Aurreikus ote daiteke haren itxura? Makinarekiko sinbiosian biziko ote da ala haren morrontzan? Giza espezie berririk izango ote da?

Oraingoz zientzia fikzioak besterik ez dezake erantzun biribilik eman.
Fosilak
Darwinen teoria zalantzan jarri zutenek, bere lagun Thomas Huxley kasu, arreta serie fosiletan ipintzeko eskatzen zuten. Espezie batetik besterako transformazio progresiboaren arrastoa inon ageri ez, eta gainera, arrunt kontrako historia iradokitzen zutela argudiatzen zuten; alegia, espezieak bat-batean eta bere horretan agertu, milioika urtez moldaketarik gabe iraun eta azaldu bezala desagertu zirela. Erdibideko forma horiek deskubritzeke zeudela erantzuten zuen Darwinek sinpleki. Aurkitzea zail dirudi honez gero, eboluzioaren abiadura ez baita beti konstantea, ezta sedimentuetan erregistragarria ere. Argazkian, dinosauru baten hezurdura.
Darwinek ez zekiena
Herentzia

Genetikaren ezagutzarik ezean, herentzia misterio itzela zela aitortu zuen Darwinek, bere bizitzako ikerketa osatzeke uztera behartzen zuen ezintasuna. XIX. mendeko herentziaren teoriari jarraiki, haurrek bi gurasoen nahasketa jasotzen zutela aipatzen zuen. Ideia guztiz kontraesankorra zaio eboluzioaren teoriari, karaktereak nahasiko balira, aldaera bitxi oro diluitu egingo bailitzateke belaunaldi gutxi batzuetan.

Nahasketaren teoria gainditzeko pausorik esanguratsuena Gregor Mendeli eta haren ilarrei zor zaie.

Espeziea

Nola definitzen dira espezieak? Zerk bereizten ditu? Darwinen garaian ezaugarri morfologikoak besterik ez ziren kontuan hartzen (kolorea, forma, tamaina…) eta orduko naturalisten proposamenek ez zuten gure genioa asebetetzen. Espezieak eta azpi-espezieak bereizteko zailtasuna aldez aurretik azpimarratuta, bere senari jarraitu zion sailkapena osatzeko.

James Watson eta Francis Crick ikerlariak material genetikoa berkopiatzeko mekanismoez eta helize bikoitzaren itxura duten estrukturez mintzatu zirenetik arrunt aldatu dira gauzak. Espezieak ez ezik, banakoak ere zehatz-mehatz bereizten dituen tresna da DNA.

Eboluzioaren erritmoa

Ezaugarrien berritzea gradualki eta abiadura konstantean gertatzen zela uste zuen. Moldaketak hain dira haren ustez motelak, ezen forma berriak nola sor zitezkeen ere nekez esplika baitzezakeen.

Hautespen naturalaren maila

Arrautzatik hasi eta heldua den arte, izaki bizidun bakoitzari eta haren oinordetzari aplikatzen zien hautespen naturala. Beste mailatan gerta zitekeenik ez zekien. Bestalde, eboluzioan zerikusia duen mekanismo bakarra zela uste zuen.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude