"Independentzia prozesuak eratzen du independentziaren subjektua"

  • Slavoj Zizek (en/es/fr) pentsalariaren ideiak baliatuz, Imanol Galfarsororen (Aretxabaleta, 1960) Subordinazioaren kontra (Pamiela) saiakerak kritika zorrotza egiten die Bernardo Atxagak eta Joseba Zulaikak Euskal Herriko egoera politikoaz egindako hainbat irakurketari. Kultur-aniztasun militantearen aldekoa, liburuan independentzia politikoaren garrantzia azpimarratu du, euskaldun etniko izateari uzteko bide gisa.
Imanol Galfarsoro
Imanol GalfarsoroDonna Lucy
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Diskurtso multikulturalistaren uholde betean, liburu honek presa lana egin nahi duela dirudi.


Ez nuke esango Subordinazioaren Kontra kontentzio dikea izateko bokazioarekin idatzi nuenik. Liburutxo hori kokatzen da azken bizpahiru hamarkadetan isil-misilean landu den testuinguru intelektual berri batean, orain loratzen ari dena. Berriro ere, borrokaren, hegemoniaren eta antagonismoaren hizkuntza kritikoa lau haizetara barreiatzen ari da.


Bestelako diskurtso politikoa, beraz.


Gaur egun diskurtso multikulturalista ofizialak diferentziaren administrazioa dakar, desberdintasunaren kudeaketa aditua. Horregatik dira egokiak, gaur egun, bizi-tankera berezien –etnikoak, sexualak...– aldeko identitate-fragmentazio eta proliferazioaren politika postmodernoak. Horregatik kabitzen da diskurtso hori egungo erregimen global, liberal-demokratiko, kapitalista eta post-politikoan; politikarik gabeko politikan oinarrituriko gizarte ondo kudeatuaren nozioan laburtzen da. Slavoj Zizeki jarraituz, politikaren kulturalizazioan oinarritzen da.

Zizekek Violence (2008) liburuan ezartzen duen bezala, kontua zera litzateke: “Gaur egungo hainbeste arazo, zergatik sumatzen dira intolerantzia arazoak balira bezala, eta ez esplotazio edo bidegabekeria gisa? Zergatik da proposatzen den erremedioa tolerantzia eta ez emantzipazioa; borroka politikoa, edo baita borroka armatua ere? Berehalako erantzuna kultur-aniztasun liberalaren oinarriko operazio ideologikoan dago: politikaren kulturalizazioa. Ezberdintasun politikoak –desberdintasun politikoek edo esplotazio ekonomikoek kondizionatzen dituzten desberdintasunak– naturalizatu eta neutralizatu egiten dira, eta toleratu behar diren diferentzia ‘kultural’-tzat antzematen”.

Baina diferentzia kulturalak izan, badira… Baztertu egin beharko genituzke eztabaida publikotik?


Nire kritika ez da multikulturalismoaren kontra oro har. Esan nahi dut garai batean bazegoela, eta oraindik ere badago, halako kultur-aniztasun militantea, diferentzia kulturala politizatu eta unibertsalizatzen saiatzen dena. Zentzu honetan, beste liburu batean [Kultura eta identitate erbesteratuak. Nomadologia subalternoak, Pamiela 2005] sumatzera eman nuen jada, norberaren identitate kultural eta sozialak –jenerozkoak, sexualak, klasea...– harreman aberats eta problematikoetan lardaskatuta daudela hainbat mugimendu sozialen borrokekin batera –ekologismoa, feminismoa...–.

Euskal Herrian, esaterako, askapen mugimenduak gai eta jarrera horiek guziak oso berezkotzat bizi izan ditu azken hiruzpalau hamarkadetan, eta oraindik ere ditu bizitzen. Ondorioz, gaur egungo zenbait diseinuzko ezkertzale aurrerakoi bakedunei zera bota behar zaie aurpegira; bat: pluraltasuna, mestizajea, errespetua eta halakoak hitz fetitxe bihurtzeaz gain, guztiz zaudete harrapatuta multikulturalismo neo-liberal post-politikoaren eremu humanista akritikoan; eta bi: gu geuk, aldiz, mestizajearen eta heterogeneitatearen gaiak, esate baterako, edota unibertsaltasuna eta partikulartasunaren arteko harremanari buruzkoa, aspalditik ditugu jorratzen, eztabaidatzen, borrokatzen… Gure bigarren “natura” osatzen dute.

Liburuan zera diozu: “Batailatxo ideologikoren bat edo beste irabazteak ez dakar berez politikoki gauza bera gertatzen denik (…) marra batetik harago (gu) entretenitzeko iskilu bilaka daitezke”.


Hegemonia politiko eta sozial berri baten aldeko borrokan, askapen mugimendua oinarritzen da uka ezin daitekeen borondate kolektibo batean. Jakina da, halaber, marra edo muga zehatz bat eratzen dugula bi talde antagoniko nagusi identifikatuz. Askapen mugimenduak bultzatzen duen identitate herritarra, gizartearen zatiketa dikotomiko konkretu baten bitartez sendotzen da, bi eremu guztiz eta zeharo laburtezin eta inkonpatible izendatuz.

Askatasunaren aldeko diskurtso politiko oso bat oinarritzea etsaiarekiko bereizketa zehatz horretan, aldebatekoia dela esan liteke; baina gatazka politikoa ez da batere balizkoa: benetako indar zapaltzaile eta indar askatzaileen arteko borroka hegemoniko zehatz batean dago antolatua.

Gatazka hor egonda, ordea, bestelako errealitateak ere badaude…


Gertatu izan dena zera da: azken hiruzpalau hamarkadetan diferentzia partikular batek –borroka nazionalak, alegia–, bera baino gehiago den osotasunaren ordezkaritza asumitu izan duela, kondentsazio prozesu baten bidez. Figura erretorikoa, hemen, sinekdokea izan da. Zehaztapen larregietan sartu gabe, askapen mugimendua aktore historiko moduan konfiguratu da aldarrikapen herritar eta demokratiko batzuen inguruan. Aldarrikapen herritarra –independentzia eta sozialismoa– eta aldarrikapen demokratikoak –mugimendu sozialak, identitate-politikak, borroka feminista, gay eta lesbianen eskubideen aldekoa, ekologista, anti-arrazista…– desberdinak dira. Hala eta guztiz ere, batzuk besteen isla dira: aldarrikapen herritarra gizartean barne-muga antagonistiko zehatza artikulatuz gauzatu da, gure kasuan estatu zanpatzaileen eta Euskal Herria bere osotasunean ordezkatzen duen askapen mugimenduaren artean ematen dena. Aldarrikapen demokratikoek, berriz, diferentziaren logika dute oinarri, eta makina bat borroka partikularretan gauzatzen dira.


“Egia (...) perspektiba-distortsioek dakarten antagonismoaren benetako izaera da” diozu pasarte batean. Euskal Herriko politikaz idaztean, gehiegi errepikatzen den akatsa da ikuspegi “objektibo”-ak bilatu nahia?


Egia egon badago; ez dagoena da inpartziala den egiazko errealitaterik edo jakintza objektiborik. Egia egon badago, gainera, dena erlatiboa ez delako. Egia ez da, maiz joera pluralista erdikoietan aurreratzen den bezala, erdian-edo kokatzen den multiplo komun gutxienekoa, makina bat jakintza eta ikuspuntu desberdin eta balio bereko antzemanez lortzen dena. Alderantziz, egia perspektiba distortsioetan ematen den egia bera da: ez “gaineko”, “kanpoko” edo “erdiko” perspektiba “neutral” alderdigabekotik ematen den azaleko egia, itxuraz distortsiorik gabekoa; ezta distortsio askoren arteko fruituak nahastetik sortzen den koktel pluralista modukoa ere.

Funtsezko azken egiarik ez dagoela dioen ikusmen “pluralista”-erlatibistak, berdin desegin nahi du askapen mugimenduaren mami eraldatzaile benetakoa, azalduz gureak “balizko” gatazka batean murgilduta dauden independentziazale “autodenominatu” eta “ustezko” batzuen efektu ideologikoak direla. Eta bitartean, sinesten dute beraien hizkuntza garailearekin –edo kolaboratzailearekin–, hainbat jarrera zibilizatu eta moderatu, eta zenbait kontzeptu “neutral” eta “ez-ideologiko”-ren jabe direla –operazio ideologiko bat, par excellence–.


Horren aurrean, zuk subjektibotasun engaiatuaren alde egiten duzu.


Independentzia lortzeko prozesuan garrantzitsuena, metahizkuntza politiko-objektibo baten ezintasuna da. Independentziaren subjektuak ez du prozesua bideratzen distantzia objektibo baten bitartez. Independentziaren prozesuak berak eratu eta gauzatzen du independentziaren subjektua. Beraz, ezinezko da jakitea independentzia garaiz edo sasoiz lortzeko zein den une edo momentu egokia.

Horregatik, independentziaren prozesua errepikatu eta errepikatu egin behar da garaipenaren baldintzapenak sortuz, eta independentziaren subjektu eta eragilearen itxaropenak –nire itxaropenak, alegia– honetan dirau: ekin eta jarrai, are, hutsera jaurti beharrez gero ere, gauzak ondo aterako baitira; independentziaren aldeko errotiko zeinu arriskutsuak burutuz, ondorio posible guztiak argi ikusteko gauza ez banaiz ere, arriskuak hartzeko eragiletasuna erakusten dut, gero dena ondo aterako denaren esperantzarekin… Fanatikoa, ez da hala? Autoritarioa! Seguru asko. Baina ez zait batere axola. Niri, oraindik ere, Rosa Luxemburgen “espontaneismoa” atsegin zait, hor nonbait bere metaforizitate eraginkorrean.


Baina espontaneismo hori ez al dago kontraesanean askapen mugimenduaren abangoardismoarekin?


Ez. Abangoardiosmoaren salaketa hori lehoi buztan izan nahi bainoago sagu buru direnen partetik datorrelako soil-soilik, beste inondik ere ez; gainera, gai zein arrazoiketa osagarri ezagun bezain bigun batzuk erabiliz: pluraltasuna, heterodoxia, “demokrazia”-ren inguruan... Espontaneismoak, bestalde, ez du lidergoaren beharra ukatzen, ezta diziplina edo antolakuntzaren balioa ere. Afrikako Kongresu Nazionala plurala zen eta espontaneoak ziren helburu zehatz baten bidean sortzen zituzten hainbat borroka modu, baina inork ez du gero esango Hego Afrikako askapen mugimendua abangoardista eta ortodoxoa zenik, edo Nelson Mandelaren buruzagitza intolerantzian oinarritzen zenik.

Azkenak
2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago “arrazoitu”, orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Desokupacyl enpresa Donostian dagoela ohartarazi dute

Desokupacyl desokupazio taldeak bideo bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan, Luis Nuñez Mané burua eta beste hiru kide Donostian zeudela esanez. Bideoa, Kontxan grabatuta dago, eta “okupatutako” etxeak erostera bultzatzen du bertan Manék:... [+]


Ekialde Erdia
Mundua begira, Israelek eta Iranek elkarri erasotzen jarraitzen dute

Joan den ostiralean Israelek Iran eraso zuenetik, bi herrialdeek bata bestea erasotzen jarraitzen dute. Ali Khamenei Iraneko liderra hilko dutela diote Israeleko agintariek, AEBen parte hartze zuzena eskatzen dute, baina AEBetako lehendakari Donald Trumpek ez du oraindik erabaki... [+]


Langileen eskubideek okerrera jo dute azken hamarkadan, bereziki Europan eta Ameriketan

Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioak (ITUC) urtero argitaratzen duen txostenak langileen eta sindikatuen egoera globala gero eta okerragoa dela adierazi du.
 


2025-06-19 | Axier Lopez
Banco Santanderrek armagintzan eta genozidioan duen parte-hartzea salatzeko ekintza egin dute Azpeitian

Azpeitiko Elkar-ekin taldeak protesta ekintza egin du asteazken gauean. 1.000 kilo obra-hondakin utzi dituzte bankuko sarreran, hildakoak irudikatzeko panpinak jarri eta porlanez zikindu dute egoitza.


Iruñeko eta Gasteizko gertakarien gaineko erantzukizuna aitor dezala eskatu diote Espainiako Gobernuari

78ko Sanferminak Gogoan plataformak eta Gasteizko Martxoak 3ko ekimenak bat egin dute espainiar estatuak gertakari latz horietan bere erantzukizuna onartu eta biktimen aitortza ofiziala egin dezan. 'Estatua Erantzule!' izena darama kanpainak.


Prostituzioa debekatzeko lege proposamena aurkeztuko du Espainiako Berdintasun ministroak irailean

Birritan saiatu da PSOE legea aurrera ateratzen. "Berriro ekingo diogu, beharra bertute bihurtu behar dela uste baitut. Benetan, unea dela uste dut", adierazi du Ana Redondo Berdintasun ministroak.


BVE talde parapolizialak gutxienez 40 lagun hil zituen 1975 eta 1983 artean, Iñaki Egañaren arabera

Iñaki Egaña historialak Impunes (Txalaparta, 2025) liburuan dio frankismoak talde parapolizialetara jo zuela errepresioa "itxurak mantenduta" ezartzen jarraitzeko, eta beren kideen "inpunitatea" azpimarratu du. Duela 50 urte sortua, bederatzi... [+]


Teresa Zavaleta 
“Euskararen bidez Euskal Herriko egoera politikoa ulertu nuen”

Argentinarra da, baina sustraiek errotzen dute. Euskararekin maiteminduta dago, 25 urterekin ikasten hasi zenetik. Arbasoetako batzuk Euskal Herrikoak zituen, Soraluzekoak eta Azagrakoak, eta bizpahiru urterekin hasi zen Arrecifeseko Euskal Etxera joaten; arbasoa sortzaileetako... [+]


PSNko idazkariorde Ramón Alzórrizen dimisioak ustelkeria eta krisi politikoa Euskal Herrian kokatu ditu

María Chivite Nafarroako Presidentearen "konfiantza galdu" duela eta, Ramón Alzórrizek PSNko idazkariorde nagusi eta Nafarroako Parlamentuko bozeramaile izateari utziko dio. Bere bikotekidea Servinabar enpresan lanean aritu zela publiko egin ostean eman du... [+]


Papax Fagoaga, mutil-dantzaria 1970eko hamarkadatik
“Ezin nuen ulertu emakumeok herriko bestetan ezin genuela mutil-dantzetan parte hartu, horregatik hasi nintzen dantzan”

Elkarrizketa ilustratzeko erabili dugun argazki nagusia 1970eko hamarkadan hartua da. Erratzuko plaza festetarako apainduta ageri da, ezpelez atonduriko ohiko eszenatokiarekin eta etxetik etxera zintzilik, dilindan dauden xingolekin. Urrunean bi soinulari agertzen dira, Maurizio... [+]


Faxismoaren aurka borrokan, munduan zein Euskal Herrian

Lanaren Ekonomia irratsaioan faxismoaren gorakada aztertu dugu, munduan eta Euskal Herrian gertatzen ari dena.


Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du bi kidek jazarpenak eta irain matxistak jasan dituztela

Taldeko kideen aurkako eraso matxistak talde osoaren aurkako eraso gisa ulertzen dituela adierazi du Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Komiteak salatu duenez, Aroztegiko epaiketara ikusle gisa sartu nahi zuen jendearen zerrendatik "Baztango mutil-dantzari talde... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Umandi ikastolak 50 urte
Euskara, bizikidetza eta berrikuntza pedagogikoa ardatz

Gasteizko Umandi ikastola duela 50 urte sortu zuten hainbat familia aski ausartek –herri ekimena, orduan ere–, euskararen transmisioa ardatz hartuta. Mende erdia joan da, ikastola hazi egin da, belaunaldi berriak hezi ditu ez gutxi, komunitate baten erreferente ere... [+]


Eguneraketa berriak daude