PuntuEus elkarteko kideek domeinua eskatzeko prozesuari buruzko azalpenak eman zituzten joan den astean. Eskaera 2010eko martxoan egin nahi dutela adierazi zuten, eta erakunde, elkarte eta herritarren atxikimenduak biltzen ari direla orain. Momentuz 25.000 atxikimendu jaso ditu ekimenak, eta ekimenarekin bat egin nahi duenak aukera zabalik dauka oraindik Interneten, www.puntueus.org helbidean.
Domeinuak esleitzen dituen ICANN erakundeari aurkeztu beharreko dokumentazioa prestatzen ari dira PuntuEus elkartekoak: “Irabazi asmorik gabeko proiektua da gurea, baina domeinua erosteko eta hari martxan eusteko azpiegitura eta baliabide batzuk behar dira”.
“.eus” domeinua euskararen eta euskal kulturaren komunitatearentzat sortu nahi dutela adierazi zuten ekimeneko kideek, baina horretarako komunitateak berak adierazi behar duela beharra.