Noiztik, zergatik eta zertarako Europazaletasun federalista

  • Euskal europeismoa XX. mendearekin ernatu eta Bigarren Mundu Gerraren ostean loratu zen erbesteko Euskadiko Gobernuko kideen eskutik. Besteak beste, Europa federalaren egitasmoarekin bat eginez, Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluan islatu zen europazaletasun hori, eta federalismoa izan zen haren zutoin nagusietako bat.
2009ko lehen erdian, Europar Batasuneko Kontseiluko presidente dugu Mirek Topolánek Txekiako lehen ministroa. Europako konstituzio egitasmoaren kontrakoa. Txekiako presidenteak, Václav Klaus-ek, europazaletasunaren (europeismoaren) aurkari zuzen-zuzena dela aldarrikatu du behin baino sarriagotan. Idatzi du: “Europeismoak, estatu-nazioen egiturak ezabatu egiten ditu eta nazionalismoaren ordez, internazionalismoa du azken helburu”. Europako presidente izan daiteke, Europa politikoa ukatu arren. Heldutasun indartsuaren froga ala Europa politikoaren ezinaren isla? XXI. mende hasieran, bidezkoa da honakoa galdetzea: Europan zenbat europeista politiko ote da une honetan? Europa politikoa bai, baina zein eratakoa?
 
Galdera hau XXI. mendean ez ezik, XX.ean ere zabaldu zen. Begi-bistakoa zera da, Europako kontserbadoreek, Europako Parlamentuan alderdi popularrean antolaturik daudenek, europeismo politikorik ez dute maite. Baina bestalde, europazaletasun politikoa aspaldiko egitasmoa dugu eta une honetan gero eta gehiago ohitzen ari gara datuak eta ikuspegiak Europako kategorietan pentsatzen eta alderatzen.
 
Euskal Herrian ere, XX. mendean barrena, europazaletasunaren aldekoak eta aurkakoak izan ditugu. Europako beste hainbat herrialdetan gertatu ohi den fenomenoa dugu. Euskal Herrian tradizionalismo politikoan kokaturik daudenak, mehatxu gisa hartu ohi dute europeismoa. Espainiar nortasuna galtzeko zorian dagoela uste dutenek ere, Europa mehatxu gisa hartu dute. Frankismoaren garaian, europeismoaren aurkako joera erabatekoa zen. Buruzagiek zera esaten zuten: Espainia europartu ez ezik, Europako herrialdeak espainiartu behar ziren. Aznarren garaian ere, espainiar eskuma europeismoaren aurkari zurruna izan zen.
 
Baina zein da europazaletasunaren mamia? Europarren arteko liskarrak baretzeko, Europa egitasmo politiko komuna bihurtzea. Berezko balioa du. Ondorioz, indarrean dauden nazio-estatuen gaitasun subiranoa mugatzen da, egitura postnazionalak areagotuz eta zuzenbide eta politika europar bateratua indartuz. Zertarako azken batean? Lehenbizikoz, gerra suntsitzaileak ekiditeko. Ikuspegi hau ulergarriago bihurtzeko historia ezagutu behar da, historian izan diren esperientziak geureganatuz. Eta ez da erraza geure munduan.
 
Europa odolustutzeko joera

Europa, belaunaldiz belaunaldi, gerren bidez odolustu da. Azken 350 urteotan gerrak gero eta bortitzagoak eta suntsitzaileagoak izan dira. 30 urteko gerra giroa amaitu ostean, Westfaliako bake ituna (1648) sinatu zen; bazirudien behin-betiko oreka lortuko zela tolerantziaren bidez. Hala ere Frantziako eta Espainiako erresumen arteko gerrak jarraitu egin zuen, 1659an Pirinioetako bake hitzarmena sinatu zen arte. Ilustrazio garaian Kant filosofoak bake iraunkorra jarri zuen helburu. Baina gaizkiak ez zuen Europan etenik izan. Euskal Herrian, adibidez, XIX. mendean bost gerra bizi eta odoltsu gertatu ziren.
 
XX. mendean, Versaillesen (1918) Lehen Mundu Gerrari –europarron arteko inoizko gerra zibil larrienari, alegia– amaiera eman zitzaionean behin-betiko bake ituna antolatzeko gogoa zegoen. Izan ere, arma kimikoek soldaduak inurriak bailiran hiltzen zituzten bata bestearen atzetik, eta hori gutxi bazen, urte berean gripeak beste hainbat herio eragin zituen. Horren guztiaren ondorioz, Estatu Batuetako presidente T. W. Wilsonek oinarrizko abiapuntuak ezarri zituen 1918ko urtarrilean, eta besteak beste, herrien autogobernua aldarrikatu zuen. Hizkuntzen araberako estatu-nazioak? Egitasmo honek bazirudien Europarako baino ez zuela balioko. Agian, Europan estatu txikiak ugarituz gero, iparramerikarren hegemoniarako bidea erraztuko zen? Baina nazioarteko erakunde berria ere sortu eta indartu zen, Genoan, munduko gatazkak bideratzeko: Nazioen Erakundea.
 
Kontua zera da: herri txikiak aintzat hartzen hasi zirela. Esaterako, Laussanen (Suitza) nazionalitateen hirugarren biltzarra egin zen 1916an. Bertan EAJko Luis Eleizaldek, Isaac Lopez Mendizabalek eta Jose Eizagirrek hartu zuten parte eta euskal abertzaletasunaren ideiak nazioarteko hizkeran ulergarri egiteko proposamena aurkeztu zuten. Euskal Herria, Europako testuinguruan birpentsatzen hasi zen. Horrenbestez, Euskal Herriaren ikuspegi berezitua azaldu zuten, euskal abertzaletasun berriaren ildokoa. Europako giroa ezagutu eta autonomia edo aginte politikoa lortzea aldarrikatu zuten. Aginte politikoa, nortasuna babesteko eta indartzeko. Hori zen Luis Eleizalde buruzagi politiko eta euskaltzalearen helburu nagusia: euskal nortasuna babestu eta indartzeko aginte politikoa lortzea, foruen garaian indarrean zegoen autogobernuaren ildokoa.
 
Euzkadi-Europa (1918-1933)

1918an, Bilboko Hermes aldizkariak T. W. Wilsonen printzipioez idatzi zuen. Alde batetik, Jesus Sarria aldizkariko zuzendariak autonomiaren aldeko aldarrikapena egiten zuen, eta bestetik, José Villalongak “La nación vasca y los principios de Wilson” artikuluan zera idatzi zuen: “El pueblo vasco puede hoy acogerse a los nuevos principios proclamados por el presidente Wilson”. Aurrerantzean, Espainiako beste herriekin adiskidantzazko formula bilatu behar zen bere ustez: “La fórmula de arreglo ha de permitirnos recobrar nuestra soberanía, para que con ella podamos ocupar el puesto que nos corresponde en la Sociedad de las Naciones”. 1918an R. Belaustegigoitiak Gobierno Nacional Vasco delakoa sortzea proposatu zuen. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa formula gisa azaldu zen lehen aldiz –Eusko Gobernua, hiru herrialdeetako Kongresu eta Senatu komuna...–. Egituraketa politiko hori euskal tradizio politikoan arrotza zenez gero, tradizionalistek eta monarkikoek bereziki, erabat arbuiatu zuten.
 
Hala ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioetako buruek eta beste politikari batzuek, Autonomia Estatutua idatzi zuten eta Espainiar Parlamentuan eztabaidarako sartu zuten. Horretan ziharduen, esaterako, Esteban Bilbao parlamentari karlista, gero frankisten garaiko “Cortes” delakoen presidente izan zena. Baina azkenik, 1919an eztabaidatu barik alboratu zuten Estatutua, autonomia ez zetorrelako bat Espainia nazio iraunkorra izatearekin.
 
1933an, Euzkadi-Europa izan zen bigarrenez ospatzen zen Aberri Egunaren izenburu nagusia. Giro horretan Lauaxetak idatzi zuen Euzkadi egunkarian: “Jai handiak... Europara begira egin nahi doguz. Aspaldion konturatuta gabiltz Españara begira eztogula ezertxu be lortuten”. 1936an Eusko Jaurlaritza sortu zen, eusko agintearen ikur berria; bederatzi hilabetez agindu zuen Bizkaian, eta ondoren atzerrian. Eta giro horretan, atzerriratuen ingurua europazaletasunez jantzi zen, Jose Antonio Agirre lehendakaria Ameriketan barrena ibili ostean, hain zuzen.
 
Besterik ezean, europazaletasuna

Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua 1951n sortu zen. Gero, 1994an, berriztatu egin zen, Eusko Legebiltzarreko alderdien ordezkarien bidez. Gaur egun indarrean da, Jose Maria Zorrilla buru dela, honako helburuak betetzeko, besteak beste: “Europako nortasunaren sustapena” eta “Europaren eraikuntza proiektuan sakontzearen alde egingo duen ekintzabide positibo bilakatzea”. Baina zein izan da bere ibilbidea?
 
1946 eta 1951 bitartean, atzerrian zegoen Eusko Jaurlaritza erabat murgildu zen, EAJko buruzagien bidez, europazaletasunaren aldeko ekimenetan. Francoren aurkako borroka nazioarteko ekimenaren eskutik baino ez zen aurreikusten. Gerra garaian (1941-1945), Manuel Irujo eta Jose Antonio Agirre, Erresuma Batuan eta AEBetan europazaletasunaren ideiak ezagutarazi eta indartzen saiatu ziren. Beren ustez, Bigarren Mundu Gerra bortitza gainditzeko bideetariko bat, europarren nortasuna eta batasuna aldarrikatzea zen. Gainera, Javier Landaburu eta Juan Carlos Basterra Luxemburgon izan ziren, 1946an egin zen Europako federalisten batzarrean. 1947ko martxoan, Eusko mugimendu federalista “ituntzailea” antolatu zuten Parisen. Horrela, Europako eraikuntza federalaren alde ekiteko, Euzko Ituntzalle-Aldezko Ekintza izeneko erakundea sortu zen. Karguak honakoak izan ziren: ohorezko presidentea, Jose Antonio Agirre; jarduneko lehendakaria, Manuel Irujo; lehendakariordeak, Juan Carlos Basterra, Laureano Lasa eta Ramón María Aldasoro; idazkaria, Javier Landaburu; kideak: José María Lasarte, José Ignacio Lizaso, Rufino García Larratxe eta Julián Arrien. Erakunde berriaren estelako estatuetan ere izan zuen ordezkaririk erakundeak: Angel Gondra (Londres), Jesús Galíndez (New York), José Luis de la Lombana (Bogotá) eta José Olivares (Buenos Aires). EAJ, PSOE, ANV eta Alderdi Errepublikanokoak zeuden ordezkaturik. Sobiet Batasunaren eta AEBen artean lehia bizturik zegoen eta ordurako gerra hotza deritzona indarrean hasi zen. Europa zatiturik zegoen.
 
Hauxe dugu europeismo federalistaren alde antolatu zen lehen euskal erakunde sendoa. Eusko Jaurlaritzaren helburua, Europa berrian euskal nortasunarekin azaltzea zen. Urte berean, 1947an, Haga hirian Europar Batasunaren aldeko mugimenduen koordinakundea eratu zen eta 1948ko maiatzaren 7tik 10ra Europako Kongresua antolatu zen.
 
Europako federalisten Biltzarrak: Haga (1948), Munich (1962)

Hagako (Holanda) Biltzarrean 800 buruzagi politiko bildu ziren, sozialista, liberal eta kristau demokratak. Baina, berehalako Europa federalaren egitasmoak porrot egin zuen. Hala ere, Europaren aldeko mugimendua (1948), Europako Kontseilua (1949) eta 1950ean R. Schumanek eginiko aldarrikapenak, Hagako kongresu horren ondorio zuzenak izan ziren. Mugalari bizipenak zituztenek Europaren premia zuten. Porrotari aurre eginez, Jean Monetek bestelako bideari ekin zion. Moneten metodoa oinarrizko elkarkidetza solidarioak sortzea zen, jarduera zehatz eta bateratuak antolatuz, betiere R.Schumanen aldarrikapenaren ildoan. Eta horrela, lehenbizi Europa ekonomikoa eratu da eta ondoren politikoa. Europa politiko hori baina, burutu gabe dago oraindik. Hala ere, Parlamentu komuna zuzenean aukeratzen da gaur eta Parlamentu honen aginpidea da etorkizuneko erronketako bat. Kontserbadoreak dira nagusi eta badirudi ez dutela Europako Parlamentua indartzeko asmorik.
 
Horren guztiaren abiapuntua Hagako Biltzarra izan zen eta bertan euskal ordezkaritzak parte hartu zuen. Europako Federalisten Batasunaren (UEF) buru Henri Brugmans Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitzan izan zen eta Kongresurako gonbitea hitzartu zuen Espainiako hiru gobernuentzat (Errepublikanoa, Kataluniakoa eta Euskadikoa) eta pertsonaia berezientzat. Baina, Oxforden bizi zela-eta, Salvador Madariagak gonbidapena lortu zuen Indalecio Prieto eta berarentzat britainiar kontserbadoreen laguntzaz, eta Euskadiko Gobernuarena oztopatu zuen. Hala ere, gonbiterik gabe bazen ere, Agirre, Basterra eta Landaburu Hagara joan ziren, eta azkenean Holandako eta Frantziako ordezkarien bidez gonbitea lortu eta parte hartu zuten.
 
Beste ekitaldi federalista batzuetan ere parte hartu zuten euskal ordezkariek, eta 1948ko urrian Europako Federalisten Batasunean sartu ziren –ordezkaria Landaburu izan zen–. Ondoren, 1949an, Agirrek eta Madariagak Espainiako Kontseilu Federala sortu zuten Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen egoitzan. Lehenago, Madariagak Prietori honela idatzi zion: “Sobre la inclusión de vascos y catalanes, cosa indiscutible desde luego, convendría obtener de ambos garantías de españolismo superiores a las que han dado”. Prietoren erantzuna: Considero no ya dificil sino imposible obtener de vascos y catalanes una declaración como la que usted pretende para darles ingreso en la Asociación o el Comité aludido. Hala ere Madariagak ez zuen beste biderik ikusten. Agirrek zera lortu nahi zuen: federalismoaren kultura espainiarren artean txertatzea. Europaren aldeko mugimendurako Espainiako ordezkaritza federala sortu zenean, Madariaga haren presidente jarri zen eta idazkari nagusi Jose Maria Lasarte EAJko eta Eusko Jaurlaritzako kidea; Manuel Irujo, berriz, lehendakari-orde. Beraz, euskaldunen sailak berezko nortasuna gordetzen zuen, baina Espainiakoaren baitan.
 
Bi urte beranduago, 1951ko otsailaren 1ean, Europako Federazioaren Aldeko Euskal Kontseilua antolatu zen, Eusko Jaurlaritzako alderdietako ordezkarien bidez. Aurrerantzean, erakunde horrek Europari buruzko azterketa eta gogoetak egin zituen, baina pertsonen zirkulua, betikoa eta itxia jarraitzen zuen izaten –atzerriko komunitatean zegoen finkatua–. Hurrengo urtean, Lasartek Europaren aldeko Espainiako ordezkaritzan dimisioa eman zuen. Antza, finantzazio arazoak zeuden. 1953an Bigarren Biltzarra izan zen Hagan eta Agirrek nazioarteko pertsonaia moduan jaso zuen gonbidapena. Aipatzekoa da Agirreren txostenak zioena: federazioaren oinarria tolerantzia da, beraz estatuen baitan ere federazioak erakundetu behar ziren.
 
Aldi berean, Hego Euskal Herrian eta Espainian barrena, Europaren ikuspegiak aztergai bihurtu ziren. Donostian, esaterako, Jose Miguel Azaolak Centro de Estudios Europeos antolatu zuen, eta Bilbon europar federalisten taldea sortu zen. Baina, Parisko euskal federalista atzerriratuak Hego Euskal Herrian debekaturik zeudenez, atzerriko eta barrualdeko ekimenek ez zuten bat egin. 1956an, Parisen Euskal Mundu Biltzarra antolatu zenean, Europar Batasunaren aldeko politika aldarrikatu zen berriz ere.
Frankistek nazioartean gero eta onespen handiagoa lortu zuten arren, 1960an Francoren gobernuak Europar Batasun Ekonomikoarentzat ordezkari ofiziala izendatu zuenean ez zuen sartzerik lortu, demokrazia arauak urratzen zituelako.
 
1962an, Munichen, Europaren aldeko mugimenduak laugarren Biltzarra antolatu zuen, eta bertan euskal ordezkaritza zabala izan zen; betiko Irujo eta Landabururi Hego Euskal Herriko talde bat bildu zitzaien. Espainiako demokraziaren aldeko taldeetako ordezkariak ere joan ziren. Guztien helburua zera zen: Espainian Europako demokrazia indarrean jartzea. Frankismoak aldiz, jatorrizko “demokrazia organikoa” zuenez gero, zertarako nahi zuen Europako eredua? Diktadura, berriz ere, garapen sozial eta ekonomikoaren oztopo bihurtu zen.
 
1976an Bruselan beste kongresu bat antolatu zen eta euskal ordezkaritzaren buru gisa joan zen Manuel Irujo, hasierakoetatik irauten zuen azken politikaria. Dena den, 1993. urtera arte, europar mugimenduaren Euskal Kontseiluak ez zuen apenas ekimenik izan. Urte horretan berrantolatu egin zen eta ekintzabide berria hasi du azken urteotan.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude