“Aberri ama, horixe gauza ridikulua Latinoamerikan!”

  • Argentinan jaioa da baina Latinoamerika du aberri. Hango herrien erresistentzia eta lurrarengatiko borrokarekin bat eginda bizi da.
Carlos Arnarez
Dani Blanco
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

1971koa da Eduardo Galeanoren Las venas abiertas de América Latina (Amerika Latinoaren zain irekiak) liburua. Handik zazpi urtera, berrargitalpena, egilearen gibel-solas batez lagundurik. Zioenez, zazpi urtean, zainak behin ere baino irekiago ziren, egoera okerragoa. Nola dira gaur egun?


Zainak irekita daude oraindik, herrialde batzuetan besteetan baino irekiago. Leku batzuetan kauterizatzen ari dira. Hala ere, zainak irekita dauden herrialdeetan, Galeanok liburua idatzi zuen garaiko arrazoiak eta oraingoak berberak dira. Pobrezia ostertza dute biztanle gehienek; milaka haur heriotzara bidean dira sendatzeko moduko eritasunak izan arren; Estatua zeharo desagertuta dago herrialde horietan… Komunitate indigenentzat ez dago Estaturik, ezta gobernu egoitzetatik bertara bizi diren behartsuentzat ere. Lan duina, auzoan; behar bezalako hezkuntzarik ez; osasuna esku pribatuetan dago oraindik –kreditu txartela baldin badaukazu, biziko zara; bestela, zureak egin du–… Estatua desagertu egin da. Horri buruz ari da Galeano bere liburuan.
 

Estatua zeharo desagertuta dagoela diozu. Errepresioari dagokionean ondo presente dago, horratik! Bateko diktadura, besteko heriotza eskuadroi, hurrengo polizia, militar, paramilitar…


O, bai, horretan bai, horretan Estatuak ez du bere burua erakusteko lotsarik. Errepresioan bezain saiatuko balitz osasunean eta hezkuntzan, beste oilar batek joko luke kukurruku, haurrak osasuntsu eta ikasiak genituzke! Zapalkuntza mailari denaz bezainbatean, ez dago baztertzen duten armarik. Are gehiago esango dizut, badute zapalkuntza arma berri bat, gobernu “aurrerakoiek” –komatxo askoren artean “aurrerakoi”–, erabiltzen ari direna: koptazioa.
 

Koptazioa?


Bai, gizarte eragile eta mugimenduetara hurreratu eta mundu posible hori momentuan bertan eskaintzen diete, diruaren bidetik. Honetan eta hartan lanean jartzen dituzte eta beligerantzia maila urritzea lortzen dute… Mugimendu garrantzi handikoak koptatu dira horrela Argentinan, Txilen, Uruguain, Brasilen… Borroka eta errebeldiaren sinbolo izan ziren mugimenduak koptatu dituzte! Diruaren bidez, kargutxoak emanez, lizitazioak, telefono zelularrak, autoak… Denetarik!
 

Herrialde batzuetan zain irekiok kauterizatzen ari direla esan diguzu arestian…


Bai, hor dira Venezuela, Kuba, Ekuador, Bolivia… Horietan, zer egin dute lehenengo-lehenengo, hauteskunde bidez gobernuaz jabetu eta gero? Jendea alfabetatzen hasi. Eta lortu ere egin dute, denbora epe minimoan! Bere garaian egin izan balute, Latinoamerika osoa alfabetatua izango genuke gaur egun… Baina, jakina, sasoi bateko agintariek horrelako lanik ez zuten egin nahi izan, alfabetatu orduko jendea galdezka hasten delako, eta konturatzen, zeinek engainatzen duen.
 

Dakidanez, fede handia diozu Kubari…


Berak lagundu digu urte hauetan zutik eusten, ez Venezuela eta ez gainerakoak ez zeuden garaian. Kuba itsasargi epikoa izan da, eta hori baino areago, elkartasun eredu, sasoi guztietan. 50 urte ditu iraultzak eta Kubak elkartasuna izan du armak eskuan borrokatzen ari zirenekin; elkartasuna, herriekin; elkartasuna, gerran Guatemalan, Nikaraguan, El Salvadorren zauritu direnekin… Dirurik ematen ez dion elkartasuna da Kubarena: medikuak eta medikuak bidali izan ditu erbestera, baita Kubaren kontrako ziren herrialdeetara ere, herrialde antikomunista suharretara! Horixe da elkartasuna, ordainik gabeko laguntza, eta horixe egin du Kubak Latinoamerikako hainbat herritan, osasungintzan eta hezkuntzan, Hirugarren Munduan eta Lehenengoan. New Yorkeko Bronxen ere kubatarrak dituzu mediku. Eta Pakistanen, eta Afrikan, inor joaten ez den lekuetan –arpilatzera ez bada, alegia–, kubatarrak eta venezuelarrak ari dira sendagile.
 

Zure lan eta idatzietara jo eta Hego Amerikako herrialdeen aipamen askoren artean, nekez ageri da Brasil…


Interesgarria da gaia… Brasil herrialde bat ez ezik, kontinente bat da! Brasil asko dira Brasil barruan. Ez dut aurreko gobernuez hitz egingo, neoliberalak baitziren zeharo, kapitalista ankerrak, diktadura militarrak… horiez hitz egiteak ez du balio. Lula agertu zenean, berriz, esperantza izan genuen. Langile metalurgikoa, berealdiko diskurtsoa egin zuena mundu osoan, agintzeko esperantza zuela esanez, behartsuek jan zezaten, alfabeta zitezen, lana izan zezaten… Baina ez zen egia gertatu, edo partez gertatu zen, edota batean aurrera eta gero atzera egin zuen… Lulak behartsuen botoa jaso zuen, baina baita nekazarien Lurrik Gabekoen Mugimenduaren boto ondo antolatua ere, esperantza baitzuten nekazaritza erreforma egingo zuela, lurren banaketa antolatu, Latinoamerikan horixe baita borrokarik latzena oraindik, Lurrarengatiko borroka. Oligarkia lokalek eta latifundista amorratuek ez dute etsitzen. Baina ez zen erreformarik gauzatu, Lula aho biko jokoan hasi zelako, batean AEBei keinuka, bestean bere botoemaile aurrerakoiei. Lulak badaki Brasil kontinente bat dela eta horrixe balio ematen saiatzen da Hego Amerikako gainerako herrialdeen aurrean. Azpi-inperio bat bihurtzen saiatzen da. Ondo asko daki hori Boliviak, bai eta Argentinak ere. AEBen arrimuan jardun behar horretan, guk “latinoamerikar errebeldia” deitzen dugun horrekin bat egiteko aukera galdu du Brasilek, hau da, ez da Amerika eta Karibeko Bolibar Alternatiba ALBArekin elkartu; neurri batean besterik ez dabil harekin batera. Hegoko Herrialdeen Batasuna UNASUR-ekin bai, batzen da Brasil, baina beti beste guztien gainetik dagoela erakusteko. Bestalde, lidergo borroka ergelean lotzen da Chavezekin. Lula noragabe dabil, batean [George] Sorosekin bilduko da, bestean G-20koen bileran agertuko da… G-20koen azkeneko bileran, adibidez, bi herrialde ziren aberats ez direnak: bata, Argentina; bestea, Brasil!
 

AEBak aipatu dituzu. Etsaia AEBak dira beti, ala etxe barruan da arerioa?


Nola den. Zein da etsaia, konkistatzailea, gu ebanjelizatu eta hiltzera etorria, ala konkistatzaileek hezi zituzten kreolak? Biak! Latinoamerikako ejertzito pribatuak noizik eta behin gure herrietara etortzen diren amerikarren eskutik jaten dute. Etortzen dira, irekitzen dute beren eskola –“Amerikako Eskola” zuen izena garai batean–, eta armadako eta poliziako lagunak hezten dituzte. Hortik ateratzen dira, askotan, heriotza eskuadroiak… Etsaia etxe barruan dugu, bai, baina doktrina AEBetatik dator… “Washington” esan ohi dugu guk baina, izatez, transnazionalak dira, tronuaren atzean dagoen boterea, alegia. Horiek presidenteak ere beren nahiera erabiltzen dituzte. Horixe esan zion Fidelek [Castro] Obamari: “Gauza bat da zuk borondate ona izatea eta, beste bat, zu inperioaren soldadu zarela jabetzea”. Inperioa zer abstraktua da, baina ez hain abstraktua.
 

Obama, Fidel, Chavez, Evo Morales… deabru bakarra dago, zure iritziz.


 Bakarra. Aspaldiko kontua da hori. 70eko hamarkadan izan ziren gatazka armatuez gero deabru bi daudela sinestarazi nahi izan digute: militarrak, batetik, eta armak eskuan haiei kontra egiten jardun zuten iraultzaileak. Ez. Deabru bat bakarra da. Gerrillak, armatan altxatu zirenak, lantegietan borrokatu zirenak… baliteke horiek akatsak egitea, okerrak –gazteek egin ohi dituzten okerrak, askotan–, baina ez dago, ezta hurrik eman ere, haiek estatuarekin konparatzerik. Estatuaren terrorismoak torturatu, masakratu, desagerrarazi egin zuen. Garbi izan behar da hori.
 

Gerrillak, batean; estatua, bestean. Zuk ez duzu objektibo izateko asmorik.


Ez horixe. Batetik, objektibotasunik ez dago. Bestetik, ni alde batekoen alde paratu naiz, hau da, informazio mailan manipulatuta daudenen alde eta, gainera, diskriminatuak, kolpatuak, desagertuak direnen alde. Ni jende apalaren aldean jarri naiz, edota hain apala ez izanagatik ere, borroka egiten duenaren aldean, erresistentziaren alde. Boterearen aurrean ez dago erresistitu besterik, erresistitu beti. Eta horretan ari naiz kazetaritzatik bertatik. Zortea dut lagun, horretan ari bainaiz. Baina horretan ari ez nintzenean, neu ere pertsegitua izan nintzen, kartzelatua eta torturatua. Ez dut objektibotasuna badenik sinesten. Objektibo dela dioenak gezur dio zirrikituren batetik. Aldiz, egia badena sinesten dut.
 

Zeinek laguntzen dio Latinoamerikari, esperantzak? Ala borrokak?


Borrokak, dudarik gabe. Horixe da giltza. Esperantza izateko, borroka egin behar da. Gutxitan erabili ohi dut esperantza hitza. Askapenaren Teologiaren aurrekoa naiz, baina aspaldi barneratua dut: inork ez dizkizu babak eltzetik aterako zeu borrokatzen ez bazara.
 

AEBak, Washington ageri da sarri zure ‘hitz agendan’. Non da Europa?


Europa, izan, Washingtonen ahizpa txikia da. Batzuetan, haren txakurtxo polita. Horra Europako kapitalistak, hemengo transnazionalak… Esango nuke Latinoamerikan oraintxe gehiago direla europar transnazionalak, ipar amerikarrak baino. AEBak beste era batera ageri dira gure kontinentean: hegazkinetatik era bateko eta besteko gasak botaz Kolonbiako gerrillaren kontra eta abar. Hori Washingtonek egiten du. Baina Iberdrola, Ensidesa, Telefonica… ari dira indigenen betiko lur eta basoak suntsitzen, bizkartzainak eta heriotza eskuadroiak erabiliz. Nor ari da Txilen, adibidez, maputxeak hiltzen, poliziari diruz laguntzen, gosari-bazkariak haiei ordaintzen –egunero-egunero, ordea, urteak joan eta urteak etorri–, maputxe “muturrekoek” torlojurik sar ez diezaioten basoak suntsitzeko erabiltzen duten makinetako batean. Europak paper ezin okerragoa jokatzen du, Palestinan jokatu zuen bezala. Hor dabil oraindik, delako Solana hori NATOn… Ez dakit nola ez den nekatzen, masakreak abalatzen beti!
 

NBE, NATO… gezur huts direla entzun izan dizut inoiz.


Nik baino lehenago esana dute Fidelek eta bestek. Washingtonen azpibotere dira. AEBek NBEn duen beto eskubidea eta! NATOn, berriz, etxejauna balitz bezala ibili ohi dira AEBak. Amerikar Estatuen Erakunde OEAn, [Jose Migel] Insulza dute, erregeorde bat, esango genuke, nahiz eta hitz politak egin ohi dituen orain, garaira egokitu beharrez, aldiro “onddo subertsibo” gehiago azaltzen ari zaizkiolarik… Nik uste erakundeok guztiz finikitatuta daudela. Evo Moralesek esan zuen Bolivian, eta Rafael Correak Ekuadorren: “Alde egin behar da hortik, alde, bestelako erakundea osatu. Gehiago gara!”. Egia da, hartu iraultza bidean diren herriak, eta aurrerakoiak, eta gehiengo dira. Aurrerakoiak ere iraultzaileekin bat egiten ari dira, gauza askotan, gero eta gehiago. Bat egin beharra daukate, bat egin ezean bakarrik geratuko dira eta. Bestalde, beraien arteko loturak ere gero baino gero estuagoak dira. Horretan oso azti jokatu du Chavezek, aliantzak sortu baititu: ahal izan duenean, aliantza ideologikoak; ezin izan duenean, ekonomikoak. Inoiz izan ez genuen lehengusu aberatsa dugu Venezuela. Orain badugu! Hori ez da desakreditatzeko arrazoia. Alderantziz, Venezuelak duen ahalmen ekonomikoa izan balu Kubak, gaur egun Kuba gehiago izango genituzkeen Latinoamerikan.
 

Europar mentalitatearen barruan neke da ulertzen Latinoamerikan lurrarengatik dela borroka!


Han horixe da borrokarik funtsezkoena, herri indigenak azalera etortzen hasi direnetik, batik bat, lehenago ikusezin egin baitzituzten. 1994ko maiatzean, zapatisten mugimenduaz gero, herri indigenak indarberritu egin dira. Evo Morales presidentea denetik, esaterako, indigenek pachamamaz birjabetu eta zaindu behar dutela azpimarratzen ari da behin eta berriro, baita NBEn erakundean bertan ere, inoiz ulertuko ez dutenen aurrean ere! Baina, badakizu albistegiek berria emango dutela. Bizia bezain ezinbestekoa da han Lurrarengatiko borroka. Lurrak ematen digu jaten, lurrak babesten gaitu, lurrak dakar ura… Nik, horretan, zeharo bat egiten dut indigenen kosmogoniak dioenarekin: “Zaindu lurra, zeure burua zaintzen ari zara-eta”. Evo Moralesen esaldi eder bat datorkit gogora, oraindik orain Argentinan esan ziguna: “Lurrik gabe, gizakiok hil egingo gara. Gizakirik gabe ere, lurrak bizirik iraungo du. Gizakion esku dago lurra nola zainduko dugun erabakitzea, desager ez gaitezen”. Europan hobe lukete horri kasu egin eta ez etxe furian segitu. Tira, krisiak galga jarri dio eromenari, oraingoz. Baina aski duzu itzuli bat egin Euskal Herrian gaindi, eta ikusi nola baztertzen den lurra, zein gutxi zaintzen. Hemen, lehen baserria zegoenean txaleta dago orain. Milioidunen txaletak. Lurraren defentsak hemen beste irauli bat behar du. Hitz egin izan dut zenbait biltzarretan Paul Nicholson eta EHNEko zenbaitekin, eta desesperatu egiten dira, hemen ez baita horretaz jendea jabetzen. Evo Moralesen oharra ez dagokio, soilik, Latinoamerikari.
 

Latinoamerikaz jardun dugu, baina zergatik ez da hura lehen mailako albiste europar hedabideetan, hondamendia, hauteskundeak edo kanpo zorra ez badira tartean.


Horixe da diskurtso bakarra, manipulazio informatiboaren diskurtsoa. Hori ez da herrien agenda, agintariena baizik. Ez dute Latinoamerikako benetako problemez hitz egin nahi. Haietaz hitz egitea eredu izan daiteke munduko beste zenbait herrialdetan. Kolonizatzailearen mentalitatea da, kolonizatuen artean ere zaleak dituen arren. Horixe da okerrena. Uruguai, Bolivia, Brasilen, askok diote “Hobe Frantziaz hitz egin, Ingalaterraz…”. Aberri ama aipatzen ez dizutenean! Horixe gauza ridikulua! Zer aberri ama, gero! Ama torturatzailea, zikiratzailea, hiltzailea, ebanjelizatzailea… Hori ez da benetako ama! Ama, maitasuna da batez ere! Ez ‘aberri ama’ hori! Arrazaren eguna-eta! Eskerrak, Chavezek kito esan du, Venezuelan ez dago arrazaren egunik, eta Correak ere hortik jo du Ekuadorren: Erresistentzia Indigenaren Eguna izendatu du. Hartuko nuke Argentinan ere berdin jokatzea!
AZKEN HITZA
Zainak irekita
Boladan dago berriz Eduardo Galeanoren liburua, Chavezek Obamari opari eman zionetik. Jakina, Obamak haren aztarnarik ez zuen, buruz behera hartu zuen liburua, Bushek egiten zuen bezala. Opari egite hori dela-eta, galdezka joan zitzaizkion Galeanori, eta honek: “Haurrak itxuragabe hiltzen diren bitartean, jendea alfabetatuta ez dagoen bitartean, gainerako lanek egin gabe irauten duten artean, zainek irekita segituko dute”.
Nortasun agiria
Carlos Aznarez (Buenos Aires, 1947) Altsasuarra zuen aita, Argentinara lanera emigratua. Euskal Herria du maite, Latinoamerikako herrien borroka eta erresistentzia bezainbat. Argentinako diktadura eta errepresioaren ondorioz heldu zen Euskal Herrira eta Argentinatik hona joan-etorrian ibili da urte askoan. Euskaldunak ditu andre-alabak. Kazetari lanean jardun du hainbat hedabidetan eta zenbait libururen egile ere bada. Resumen Latinoamericano aldizkariaren zuzendari da gaur egun.
Ez da berdin
Ez da berdin Kolonbian FARCek bahituta egotea, edo uribetasunaren ziegetan gatibu izatea. Ez da berdin. Ez da berdin gerrillarien borroka, aldaketaren aldekoa, torturatzen ez duena, inor hiltzen ez duena edo hiltzen badu, beraiek ere hiltzen dituztelako hiltzen duena. Ez da berdin hori eta estatuaren borroka: hegazkinak, helikopteroak, napalm, laranja gasak, uranio pobretutako bonbak… ez, ez da berdin. Ez da berdin palestinarren Kazan artisau kohete eta israeldarren gerra hegazkinak populazio zibila bonbardatzen. Ez da berdin.
Heriotza eskuadroiak
Radio Venceremos-eko zuzendaritzan izan zen lagun baten kasua kontatuko dizut: Mariposa du izena. Gerrillarien borroka garaian bera irratian lanean, El Salvadorreko herri txiki batean, sartu zitzaizkion etxera eta aita-amak hil zizkioten. Heriotza eskuadroiak, duela urtebete. Eta oraindik orain, berriz, gurasoen hilobia profanatu eta oroigarriak eraman zizkioten. Hori, milaka aldiz biderkaturik, nekazarien buruzagien artean, FMLNko liderren artean… Heriotza eskuadroiak? El Salvadorren, eta Bolivian, eta Brasilen, eta Argentinan…
Konkistatzailearen hizkuntza
Zoritxarrez, konkistatzailearen hizkuntza erabiltzen dugu. Hizkuntza inposatu ziguten, eta latza da hori. Maputxeak, aimarak… asko dira hizkuntzaren aldeko borrokan… Guaraniek eutsi diote hizkuntzari, Uruguain. Han guaranierak gaztelaniak beste balio du. Argentinan jatorrizko hogei hizkuntza galdu dira, jendea zanpatu beharrez! Hona etorri eta euskararen aldeko borroka ikusi eta diot: “Hauxe da borroka funtsezkoena, herri baten identitatea hizkuntzaren aldeko borrokak markatzen du. Hizkuntza galduz gero, identitatearen aldeko borrokaren zati handia galtzen da”.

Azkenak
2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Massive Attack musika taldeak Gazaren aldeko musikarien aliantza sortu du

Ingalaterrako Massive Attack taldeak artisten arteko aliantza sustatu du, hasi berri diren artistei edo Israelen aldeko erakundeen zentsura pairatzen dutenei babesa emateko.


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


Aurreakordioa erdietsita, Eskirozko BSH enpresa abenduan itxiko dute

Bilera akigarria izan zuten asteazkenean Eskirozko BSHko lan batzordeko kideek eta multinazional alemaniarraren zuzendaritzako kideek: aurreakordioa lortu zuten UGT, CCOO, ATTIS eta Solidarik (17 ordezkaritik gehiengoa dute 12 kiderekin) eta ez dute mahai gainean jarritakoa... [+]


Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat hondartza desagertzeko arriskuan daude

Gaztetape (Getaria) eta Muriola (Barrika) hondartzak 2050. urterako desager daitezke Greenpeaceren txostenaren arabera. Itzurun (Zumaia), Karraspio (Mendexa), Isuntza (Lekeitio) eta Azkorri (Getxo) hondartzek hedaduraren erdia gal dezakete.


Iruñeko espetxeko osasun arreta “urria” dela salatu du Salhaketa Nafarroak

Nafarroako Gobernuak espetxeetako osasun zerbitzuaren eskumena eskuratu zuenetik, baliabideak “indartu” dituzten arren, presoek nabarmendu dute ez diela sobera eragin egunerokoan.


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


2025-07-18 | Aiaraldea
Gorrotozko delitu salaketa jarri dute Artziniegan eta Udalak “irain arrazistak” gaitzetsi ditu

Artziniegako Udalak mezua zabaldu du gertatutakoa gaitzesteko eta elkartasuna adierazteko irainak jaso dituzten herritarrei.


2025-07-18 | Elhuyar
Neandertalak San Adriango koban maiz ibili zirela berretsi dute, Aizkorrin

Duela bi urte Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalek egindako harrizko tresna batzuk eta haiek jandako animalien hezurrak aurkitu zituzten San Adriango koban. Horrela jakin zuten neandertalek duela 40.000 urte koba hori erabili zutela. Aurten egin duten indusketa-kanpainan... [+]


2025-07-18 | Sustatu
Fitxategi handien transferentziarako alternatibak (WeTransferrekoa ikusita)

WeTransferren baldintza berri gaiztoen aurrean, alternatibarik? Bai, pare bat, edo bien arteko konbinazioa. Enkriptazioa edo/eta Tori.eus zerbitzu euskalduna erabiltzea.


2025-07-17 | ARGIA
Europan espetxean denbora gehien daraman preso politikoa
40 urteren ostean Georges Abdallah askatuko dute uztailaren 25ean

Georges Ibrahim Abdallah, Frantzian 40 urteko espetxealdia igaro ondoren kaleratuko dute. Palestinaren askatasunaren aldeko militantea, Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen sortzailea izan zen, eta diplomazialari israeldar eta amerikar bana hiltzeaz akusatu zuten. Inoiz... [+]


2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Eguneraketa berriak daude