Iazko martxoaren 24ko manifestazioa, Kolpearen urteurrenaren karietara egindako protestetan.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Diktadura bukatutakoan genoziden kontrako epaiketei hasiera eman bazieten ere, Alfonsín presidenteak onetsitako Barkamen Legeek (Puntu eta amaiera legea eta Beharrezko obedientzia legea) oztopatu egin zuten militarrek merezitako zigorra jasotzea. Baina 2005ean, aipatutakoak bertan behera lagatzearekin batera, epaiketak berreskuratu zituzten, eta auzi berriak zabaldu. Historikoa izan zen, 2006ko irailaren 20an, La Plata hirian, Miguel Etchecolatz polizia-buru ohiari ezarritako hil arteko espetxe zigorra; batez ere, epaileek hark egindakoak genozidiotzat jo zutelako. Hala ere, epaiketan zehar epaimahaiaren nahiz lekukoen kontrako mehatxuak izan ziren: epaia irakurri zuten egunean bertan, lekuko nagusi Julio López desagerrarazi zuten (Argia, 2070. zenbakia). Estatuaren estolderiek bizirik diraute antza.
Pasa den martxoaren 24an, Kolpearen 33. urteurrenaren karietara egindako protestetan, Santa Feko hainbat lekutan deitutako ekitaldietara joan zirenek honako graffitiak aurkitu zituzten: “Beste martxoaren 24 baten alde” eta “Kartzela diputatu montonero terroristentzat”. Ondoko egunetan, desagerrarazien seme-alabak batzen dituen HIJOS elkarteko abokatua Lucila Puyolen bulegoan “ERP naiz” eta “ERP akabatu” leloak ere agertu ziren. Lucilaren gurasoak Herriaren Armada Iraultzailearen (ERP) militanteak izan ziren. Hain zuzen, diktadura garaietako militarren alde dihardutenek behin eta berriro esan dute militarrak ez ezik, gerrillariak ere epaitu behar direla, horiek behartu baitzituzten militarrak “aberriaren aldeko eta subertsio marxistaren kontrako gerran” parte hartzera.
Camilo Cagni kazetaria eta HIJOSeko partaidea da. Haren aburuz, “mehatxuek epaiketak bertan behera uztea dute helburu”. Momentuz, zabalik diren auziak zazpi izan arren, espetxean ez dago militar presorik. “Mehatxu asko izan dira Santa Fen; ezin dugu ahaztu hiria militar ohiez beteta dagoela. Egoera horrela, argi dago errudunak nortzuk diren asmatzea”. Ez dira, dena dela, mehatxuen atzean egon daitezkeen bakarrak: “Gero eta jarrera atzerakoiagoak hartzen ari diren lur-jauntxoen mende dago Santa Fe. Ez litzateke harritzekoa izango haiek ere sartuta egotea”. Argentinako Terrorismoaren Biktimen Elkarteko buruzagi Cecilia Pandoz –militar ohi baten emaztea– eta haren inguruaz dio Cagnik jarrera erasokorrak hartu dituztela azkenaldian: “Iaz, Corrientes probintziako epaiketak zirela eta, Pandok publikoki mehatxatu zuen Giza Eskubide bulegoa zuzentzen duen Eduardo Luis Duhalde. Lepoa moztuko zion keinua egin zion. Espero dugu, dena den, herriaren borondatea betetzea eta genozidak epaituak eta espetxeratuak izan daitezela”.