Manchester festa hutsa zen

  • Apur dezagun matematika: “Ingalaterra + musika + 1970eko hamarkadaren amaiera =…” eginda emaitza bakarra ez da “punk” hitza. Bai, ados, Joy Divisionek eta Manchesterreko garai hartako eszenak punkean izan zuten abiapuntua, baina askoz eremu zabalagoa hartu zuten ondorengo urteetan. Hegoaldean apirilean estreinatu zuten Anton Corbijn-en Control filma, Joy Division taldeko abeslari Ian Curtis ardatz duena. Eta lehenago ere, zinemak begiz joa zuen hiria, musika, momentua.
Joy Divion
Sam Rileyk bikain jokatu du Ian curtisen papera Anton Corbijn-en Control filmeanControl
Zuri beltzean: Ian Curtisi buruzko film bat ezin zen bestela egin. Eta Anton Corbijn, argazkilari lanetan behintzat, beti izan da gris eskalen zalea. Horrela erretratatu zituen Joy Division taldeko kideak momenturik onenean zeudenean –ikusi alboko orrialdeko argazkia–, eta horrela egin du pelikula ere. Control filma 2007an estreinatu zen ia mundu guztian, baina Bidasoaren alde honetakooi ia hamarkada bukatu zaigu zinema aretoetan noiz ikusiko. Ez da gatzik onik ez dakarrenik: inoiz ez da momentu txarra Joy Divisionez, Factory Records diskoetxeaz, Manchesterreko musika eszenaren historiaz, The Haçienda aretoaz, Tony Wilsonez eta enparauez hitz egiteko… zinemak kontatu diguna baliatuz. Historia handia da, osagarri ugarikoa, baina bi film luzek –aipatutako Controlek eta 2002an Michael Winterbottomek zuzendutako 24 Hour Party People-ek– ondo laburtu dute saltsa haren zaporea.

Eta historiaren lehen partea triste xamarra da. Zer arraio, tristea da oso: musikari gazte bat, talentuz betea erakutsi du Corbijnek Controlen. Institututik atera eta musika talde txiki batean kantatzen hasiko da. Fitxatu du taldeak Factory Records zigiluarekin, egin da abeslaria pixkanaka ezagun, atera da telebistan, jo du kontzertu jendetsuetan. Baina talentuarekin batera doa tormentua: epilepsia krisiak, emaztearekin harreman hotza –are hotzagoa Belgikako kazetari batekin affaire bat izan ostean–, arrakasta ezin eramana… Jakina da nola bukatuko den: Ian Curtisek bere burua zintzilikatu zuen etxeko sukaldean. 23 urte baino ez.

Control
ek asmatu du Curtisen ezin sufrituak kontatzen, nahiz eta –deformazio profesionala izango da– filmaren argazki zainduak askotan jan egiten duen istorioa, zati batzuetan protagonistek esaten dutenari garrantzia kentzeraino. Horregatik agian, apur bat luzetxoa egiten da. Gainontzean, Sam Rileyk bikain jokatzen du Curtisen papera, kantatzerakoan zeukan posea harrigarri ondo imitatzen du, eta bigarren mailako pertsonaiek ere lan ona egiten dute, gauza ez hain erraza, pelikula protagonistan hainbeste murgiltzen denean.

Festa 24 orduz

Baina Manchester festa hutsa zela genioen titularrean. Eta, non da? Ze orain artekoa… Pazientzia, pazientzia. Topikoak dio abeslaria galtzen duen taldeak ez duela izango sekula gehiago arrakastarik. Tira, badago musikaren historian aski adibide kontrakoa frogatzeko ere, baina kontua da Joy Divisioneko gainontzeko kideek serio hartu dutela, eta beste talde bat sortu: New Order. Talde hori bihurtuko da Factory Records diskoetxearen ikur nagusia hurrengo urteetan, eta Madchester izenarekin bataiatu zuten mugimendu musikalaren aitzindaria izango da. New Orderrekin batera, beste izen bat: Tony Wilson. Bera izango da Factory Recordsen arima, baita diskoetxeak 1982an zabaldu zuen The Haçienda aretoarena ere.

Bestelako musiken garaia dator: Joy Divisionen post-punk ilunetik house-era eta musika elektronikora pasatzeko garaia, dantza, diseinuzko drogak, rave jaiak. Michael Winterbottomek momentu horri eman zion garrantzia 24 Hour Party People pelikulan, nahiz eta Controlek erretratatzen dituen urteetako sekuentzia batzuk ere agertu zituen, oso modu diferentean agertu ere: Tony Wilsonek Joy Divisionen kontratua bere odolarekin sinatzen duen unea eta Ian Curtisek kontzertu batean jasan zuen epilepsia krisia, adibidez, bi filmetan azaltzen dira.

Erritmo azkarrean kontatua, film bitxia da 24 Hour Party People. Historiaren benetako protagonistak –musikariak, Manchesterreko musika munduko jendea...– agertzen dira sekuentzia askotan, bigarren mailako pertsonaiak jokatzen. Baina onena da, horiek azaltzen direnean esan egiten zaiola zeintzuk diren ikusleari, berarekiko itun fikzionala hankaz gora jarriz. Controlekin alderatuta oso film bihurria da Winterbottomena, kontatzeko zegoenak hala eskatuta ziurrenik. Tony Wilsonen inguruan egiten du bira kontakizunak, baina Corbijnen lanean ez bezala, ez duzu pertsonaiaren barne mundura egindako bidaiarik aurkituko: uste handiko hitzontzia da filmeko Wilson, egoerak behin eta berriz gainditzen duen galtzajario bat, desastre hutsa negozioak egiteko. Baina Winterbottom ez da gehiago murgiltzen, nahita. Wilsonen bizitzako pasarte batzuk gainetik pasa zituen, baina hori ere jakinarazten zaio ikusleari: “Bigarren mailako pertsonaia naiz nire historian bertan” esaten dio Wilsonek ikusleari filmeko pasarte batean.

Garrantzitsuena Factory Recordsen eta The Haçienda aretoaren historia baita, fenomeno musikalaren historia: diskoetxearen izarretarainoko hegaldia, eta urteekin, sosik gabe geratu zirenean, lurraren kontra hartu zuten kolpearena.

Ikaroren bi hegaldi

Oso proposamen diferenteak dira Corbijnena eta Winterbottomena, musikaren historiako pasarte bera kontatzen ari badira ere. Introspektiboa, sakona, batzuetan geldoa, Controlek auto-suntsiketari buruzko gogoeta izan nahi du; musikak balio du, kontzeptu horretan murgiltzeko baldin bada. 24 Hour Party People-ek berriz, garai baten erretratu inpresionista eskaini gura du, eta Tony Wilsonek balio du, garai hori azaltzeko pieza garrantzitsua den neurrian.

Control
en azken sekuentzian tximinia bat agertzen da Curtisen errautsak zeruratzen; 24 Hour Party People-en berriz, The Haçienda arpilatzen dute bezeroek, Tony Wilsonek hala eskatuta, aretoa itxi beste erremediorik geratzen ez zaielako. Nolabait Ikaroren mitoaren berrirakurketa egiten dute bi filmek, bakoitzak bere erara: Ikaro agonikoa da Ian Curtis Corbijnen filmean: badaki hegalak kiskali zaizkiola, baina ez zergatik, eta ezin du ezer egin itsasoan ez itotzeko. Winterbottomen filmeko Wilsonek berriz, badirudi nahi duela itsasoa, berak eman diela su hegalei, dibertitzeko asmoz.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude