Nire 'pendrivea' aurkitu duenari

Harkaitz Cano
Dani Blanco
spezie berri bateko lehenbizikoa izateak, espezie berri horretako lehen gaixotasunak pairatzea ere badakar. Hasiak gara hainbat sindrome garatzen: e-mail menpekotasuna, hatz erakuslearen dardara xagutiar espasmodiko guragabea, katedra ezartzen duen lixtopasatu ororekiko mesfidantza (“Wikipedian irakurriko zian honek ere…”), sareko komunikazioak dakarren desinhibizioarekiko junkie bilakatzea –gauza ederra da sinzeridade erakustaldia urrutiko gailuz egin ahal izatea–. Horiek, cyber-porno adikzioa, santa e-skean idazten dizuten ezezagun guztiekin ping-pong partida birtual etengabeak egiteak dakartzan zaintiratu mentalak eta egosurfinga eta bere arriskuak ez aipatzearren... Laster hasiko dira enpresa-medikuak analisietan gaixotasun hauek ere kontutan hartzen.

Joan zen astean, kasu, bi gigako ene pendrive kuttuna galdu nuen: apunteak, zirriborro argitaragabeak eta argitara ezinak, fakturak, kolegen liburuei egindako fitxa gupidagabeak... Ez, ez: zaudete lasai ene editoreok... Beteko ditut epeak, ez dago aitzakiarik. Galdutako dokumentu ororen “kopiak” dauzkat. Hona hemen beste sindrome bat: bikoizketa etengaberako paranoia, inprimatua izan ez den oro, García Márquezek hala zioen, “robotaren irudimenean soilik” existitzen baita.

Baina batak ez du bestea kentzen. Memoria galeraren sentipena oso da desosegagarria. Hasieran, euren eskuizkribuak taxietan edo kafetegietan ahaztuta utzi zituzten idazle despistatuekin akordatu naiz. Klasiko bat. Behin betirako galdutako “maisulan” horiek guztiak –imajinatzen Franz Kafka Max Brodi bere disko gogorra ezabatzeko eskatzen?–. Baina ez da zehazki gauza bera. Diario intimo bat lapurtu dioten pertsona etorri zait burura gero. Hori ere ez da, ordea, erkaketa erabatekoa. Beharbada, memoria-arkatz hauetako bat galtzeari gehien hurbiltzen zaiona, memorian zuloa uzten duten gau zoro horietako bat da, goizegi edaten hasi eta beranduegi lagatzen diogun horietako bat: “Etxera nola heldu nintzen, ez naiz gogoratu ere egiten”. Memoriaren itzalaldi edo blackout hori, zulo hori, norberak galdu eta beste norbaitek eskuratu duen memoria puska hori, hain ezdeus eta hauskor sentiarazten gaituena, hain besteen menera. Zer egin ote nuen ordu txikietan? Zer ez ote nuen egin? Nork ote dauka horren berri?
Zer egin behar nuke? García Márquez banintz, idatzitako oro notarioaren esku ipiniko nuke, idazle frustraturen batek nire memoria topatu eta harekin negoziorik egin ez zezan... Edo, akaso, sarean ipini behar nuke ordenagailuko material oro –work in progress lotsagarri guztiak barne; azken lerro intimoena ere bai– www.ezhauplagiatu-nikidatziduteta.com helbidean? Ohar bat ipini behar nuke web orri horren atarian, edozein kasutan: “Idazlea bera ere ez dago jada ados berak idatzitako guztiarekin”. Ez al ginen geratu testu global bat, denona zen autoretza kolektiboko hipertestu bat sortzea zela erronka, liburuen liburu, sareen sare (Todos los fuegos, el fuego) autorerik gabeko narrazio inperfektu amaigabea? Nire subkontzienteak nahita galarazi ote dit pendrive ditxosozkoa, honenbestez?

Nire pendrivea aurkitu duenari... zer opa? Hotel hartako gelan argazki kamera ahaztu zitzaidanean hura aurkituko zuenari opatu nion gauza bera, ziur aski: on dagiola.

P. S. Arrazoi duzue. Neronek ere ez dut sinesten: “Madarikazioa etor bekio eta tximistak erdibi dezala, marfilezko talisman hori aurkitu duena!”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude