Malenkonia bainuetxean

Zuriuneak
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Zuriuneak. Argazkiak: Nagore Lozano. Musika: Argazki bat behelainoan. Webgunea: www.zuriuneak.tk.

Bainuetxe batean gerta daitezke gauza asko: asteburu lasai bat, amodio urduri bat, hilketa bat... Baina pasaeran ikusten ditugun lekuak dira normalean: joan, egon, alde. Etxera bueltatzen zara, sosak eta estresak hustuta, eta bainuetxea hutsik geratzen da, norbait, beharbada argazkilari bat, noiz hurbilduko.

Hurbildu da Nagore Lozano Zestoako bainuetxera, eta denbora gelditu du begiekin. Lekua bere bakardade biluzian erakusten duten hamabost argazkirekin osatu du Zuriuneak bilduma. Zuri-beltzean egindako argazkiak dira denak, eta objektuak dira protagonista: erlauntzan bezala bizi diren bainuetxeko giltzak, jangela huts bat, XIX. mendekoa izatearen itxura duen mahai bat, ate itxiak, kafe kikara bat, pianoa...

Horiei testuingurua ematen diete plano orokorragoek, artikulu hau ilustratzen duen argazkiak, adibidez. Zuria eta beltzarekin kontraste harrigarriak egin ditu Lozanok, erdibidekorik gabe, argazkilari piktorialistek egiten zituzten lanak gogora ekarriz.

Irudiei laguntzeko berriz, www.zuriuneak.tk webgunean Argazki bat behelainoan-en bi kanta entzun daitezke, propio erakusketa digital honetarako sortuak. Nota grabeak nabarmentzen dituen piano batek ematen die oinarria kanta biei, eta horien gainean doinu errepikakor bat sortzen da, argazkiak bestela irakurtzen laguntzen duena. Ez daukazu aitzakiarik, etxetik ikus dezakezu erakusketa: murgildu zaitez malenkoniaren bainuetxean.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.