Neska-mutilak banatzeko nota onak argudio

  • Gero eta gehiago dira Europan. Gurean bi eskuetako hatzekin kontatzeko adina daude. Euren argumentuak dituzte, garrantzitsuena: neskak eta mutilak bananduta eskola notak hobeak direla. Alabaina, generoen arteko estereotipoak ez dituzte gainetik kendu.
Hendaiako eskola
Mikel Garcia
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Eskola batzuek neskak eta mutilak banatu arren diru-laguntzak jasotzen dituztela-eta puri-purian jarri da eskola segregatuaren gaia. Eskola mistoaren edo bereiziaren aldeko eta kontrako eztabaida baino gehiago izan da, hala ere, dirua eman-ez eman tirabira. Euskal Herrian zortzi ikastetxe dira neskak eta mutilak bereizita hartzen dituztenak, denak Opus Deirenak. Irakaskuntzako hainbat eragilek eskatu du diru-laguntzak kentzea. Espainiako Estatuan erkidegoen esku geratu da erabakia. Oraingoz Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dirua jasotzen segiko dute. Guk dakigula Iparraldean ez da halako eskolarik.

Diru kontuak beti dira inportante, baina irakaskuntza eredua aukeratzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Zergatik egin eskola mistoaren alde? Zergatik bereiziaren alde?

Gaia oso konplexua dela iritzita, telefonoa hartu dugu mila eta bat argumentazio entzungo dugulakoan: “Ez daukagu inor horretan aritzen denik. Bigarren mailako gaia da, guk ez dugu zalantzarik, eskola mistoa eta kito. Gizartean emakume eta gizon batera bizi dira, bada eskolan ere neska-mutilak elkarrekin”. Irakaskuntzako hainbat eragileren erantzuna.

Ezin du hain erraza izan. Munduan zehar, herrialde garatutzat ditugunetan, Ingalaterran, Australian, Alemanian, Suedian, Amerikako Estatu Batuetan eta Kanadan, esate baterako, gero eta gehiago dira eskola segregatuak. Eskola mistoaren alde sutsuki borrokatu zuen hainbat feminista bereizketaren alde hasi da hitz egiten. Neskak eta mutilak banatzen baditugu atzeraka ari al gara?

Nota hobeak

Heziketa segregatuaren aldekoen argumentu nabarmenena horixe da: bereizita emaitza akademiko hobeak dituzte, bai neskek bai mutilek. Heldutasun psikologiko eta biologikora iristeko erritmoak desberdinak direla argudiatzen dute segregatuaren aldekoek, mutilak beti arrastaka dabiltza, nesken atzetik. Horra hor mutilen eskola porrotaren arrazoietako bat. Mutilen autoestimuak behera egiten du etengabe. Neskek, bakarrik arituz gero, azkarrago egingo dute aurrera ikasketetan. Arrazoi gehiago ere badituzte segregatuaren aldekoek. Eskola mistoak ez du lortu generoen arteko berdintasuna, sexuen arteko borrokak ikasgeletan segitzen du, genero bortizkeriak hor jarraitzen du.

Genero oreka helburu

Eskola mistoaren aldekoek ez dute zalantzarik: ikastetxeko atea irekitakoan haurrek egokitu zaien munduan bizi behar dute eta mundu horretan emakumeak eta gizonak batera bizi dira. Gizarte horretan bizitzeko prestatu behar dira, elkarbizitzarako. Gizartean apurtuta dagoen genero oreka, berdintasuna, eskolan lortzen saiatu behar da. Denek izango dituzte aukera berak, neskek eta mutilek, ikasgaiak aukeratzerakoan, unibertsitaterako ametsak egiterakoan, lanbidea hautatzerakoan. Hain justu eskolak lagundu behar du gizarteko generozko estereotipoak puskatzen. Eta emaitza akademiko hobeak lortzen dituztela neskek eta mutilek bereizita? Izan liteke, nahiz eta ikerketa horien zientifikotasuna zalantzan jartzekoa den. Emaitzak hobeak balira ere eskola mistoak ez du lehentasuna horretan; elkarbizitza da helburu, ez nota bikaineko ikasleak izatea.

Arrakasta eliteko eskolak direlako

Amaia Zubieta Stee-Eilas sindikatuko Nafarroako Emakumeen Idazkaritzako arduraduna da. Duela bi urte arte izan da irakasle. Eskola segregatuei ematen zaizkien diru-laguntzak medio sortu den eztabaida dela-eta, Opus Deiko ikastetxeetako zuzendariekin hitz egitea egokitu zaio aspaldion. Oso ondo ezagutzen ditu haien argumentuak: “Emaitza akademiko hobeak lortzen direla bereizita. Arrazoi hori politikoki zuzena da eta era berean gurasoentzako amua. Nafarroako eskola bereizi guztiak Opus Deirenak dira eta haien webguneetan begiratu besterik ez dago. Lehen hurbilketan jada genero estereotipoak garatzen dituztela ikusiko dugu: neskak bata arrosarekin, mutilak kirol jantziekin. Noski, hori ez da politikoki zuzena”. Amaia Zubieta ez du harritzen eskola horiek emaitza akademiko hobeak lortzeak, baldintzak ere halakoxeak baitira: “Arrakasta dutela? Hori tranpa da! Eskola publikoan batera dituzu etorkinak, gaitasun urrikoak, maila sozio-ekonomiko altukoak, baxukoak... Eskola pribatu horietan azkarrenak, maila sozio-ekonomiko altuenetakoak bildu dituzte, eta azkar doaz, noski!”. Alegia, emaitza hobeak dituztela ez neskak eta mutilak banatu dituztelako, baizik eta eliteko eskolak direlako.

Europakoak diren bezala. Gero eta ikastetxe gehiagok banatzen ditu neska-mutilak, Zubietaren ustez hein batean Ingalaterrako kultura anglosaxoia errepikatuz: eredu hierarkikoa non piramidearen puntan diren gizon zuri anglosaxoia eta emakume zuri anglosaxoia. “Ikuspegi feminista izan liteke emakumeak askeagoak, independenteagoak eta jakinduria gehiagokoak izatea, baina goi mailako emakumeez ari dira, goi mailako gizonaren parera iristeko ahaleginean”.

Eskola mistoa bai, baina hezkidetza?

Artikuluaren hasieran esan dugu irakaskuntzako hainbat eragilerekin hitz egin dugula eta gehienek adierazi digutela bigarren mailakotzat dutela gai hau. Eskola mistoa da neska-mutilen arteko berdintasuna lortzeko bidea. Alabaina, eragile berberek aitortu digute berdintasuna urrun dagoela, genero bortizkeria ikasgeletan dagoela, neska-mutilen arteko desorekak eta ezinulertuak egunerokoak direla. Ez da nahikoa ikasgelan elkarren ondoan esertzea, propio landu behar da gaia: hezkidetza edo koedukazioa deitzen zaio horri. Eta irakaskuntzako eragileek aitortu dute ez dagoela berdintasuna lortzeko plan sistematikorik, ez behintzat Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Hezkidetza teorian bai, baina praktikan irakasleen borondatea eta instituzioen akzio puntualak daude. Amaia Zubietak onartu du koheziketa ez dela bermatzen: “Ados nago. Baina bereizita bai ez dela inoiz izango koheziketarik. Orduan bai ez dagoela baldintza egokirik. Intentzionalitate pedagogikoa behar da berdintasunerantz urratsak emateko. Nola lortu berdintasuna besteak ezagutzen ez badituzu? Segregatuaren aldekoek diote eskubide berberak dituztela denek eta horretan saiatzen direla, baina ikasleek eskolan gizarteko errealitatea ez dute ezagutzen eta berdintasunaren aurkako presio soziala handia da”.

Marije Apodaka psikologoa da eta hezkidetzan aritua. Neskak eta mutilak norbere generoan harrapatuta sentitu ditu ikasgeletan eta berdintasunerako bidaian hainbat tailer bereizita egitea erabaki zuen. Espazio banatuetan askeago, lasaiago sentitu ditu neskak zein mutilak, norbera ezagutzeko pausoak ematen. Helburua ez da neska-mutilak bereizita heztea, elkarrekin aritzera heltzeko abiapuntua baino ez da banaketa.

Atzo goizeko kontua da eskola segregatuena, zuetako askok ikasiko zuten neskak neskekin eta mutilek mutilekin. Neskek kakorratz-lanak eta gurutze puntua ikasi zenituzten, mutilak berriz geometrian trebatuko zineten. Hurrengo belaunaldiari munduko gauzarik arruntena egin zaigu neska-mutilak batera ikastea, eskola curriculum bera izatea. Aurrerapausoak handiak izan dira, baina, agian, batzuek amestu baino txikiagoak. Generoen arteko ezjakintasunak, errespetu faltak, estereotipo errepikatuek, gu eta besteak-en erreprodukzioak... ikasgeletan jarraitzen dute.
Eskola segregatua gaur? (Isabel Uria Serrano)
Eskola segregatua defendatzeak eragiten didan gaitzespena –hezkuntza publikoan urte askoan lan egin eta gero– hobeto adierazteko ikerketa eta estatistika zorrotzen bila ibili naiz. Kasik ez dut batere aurkitu. Urritasun horretan, Marina Subirats soziologo katalana aipatuko dut. Berak dio astakeria dela baieztatzea eskola segregatuak hobetu egiten duela ikaslearen garapena eta garapen akademikoa.

Besteren artean, konparaketa bakarra egin daitekeelako: batetik, heziketa segregatua saltzen duten aberatsentzako eskola pribatu elitista gutxi batzuk, eta bestetik, beste eskola pribatu guztiak eta eskola publikoak. Azken horiek heziketa mistoa dute.
Eskola mistoa, derrigorrezko eskolarekin batera, jauzi kualitatibo handia izan da klase popularren heziketan eta horiei unibertsitateko ateak zabaltzerakoan.

Mutilek eta neskek elkar hobeto ezagutu eta errespetatzen dute eskola mistoa moduko giro anitz eta arautuetan, batik bat, hezkidetza praktikatzen bada.

Oso ondo gogoratzen dut batxilergoa amaitu arte ikasi nuen eskola segregatua. Gogoan ditut neskek mutilekiko zituzten topiko, konplexu eta akatsak, eta alderantziz. Gogoan dut analfabetismo zabaldua eta ikasketa gabezia emakumeen artean, zein gutxi heltzen ziren batxiler izatera. Oso gutxi iristen ziren unibertsitatera.

Uste bada gizakiaren gaitasunak heziketaren bidez garatzen direla, ezin da justifikatu ikasleak banatzea oraindik beren gaitasunak behar bezala garatu ez dituztenean, eta ezin da inor utzi irakaskuntzarik gabe.

Irakaskuntza segregatuaren aldekoek lasai ederrean diote emakumeak eta gizonak ez direla egiten, baizik eta “jaio aurretik desberdinak direla neskak eta mutilak”. Desberdinak bere horretan –genetikoki norbanakoa bakarra da– eta hara non! mutilak beti izan diren bezalakoak ere badira: “Oldarkorrak, bortitzak, arduragabeak eta menperatzaileak” eta neskak: “Behar den bezala” XIX. mendeko “aingeruaren sutondotik”: “enpatikoak, zaintzaileak, zerbitzariak eta arduradunak”.

Alegia, zientziak esaten duenaren kontrakoa. Albert Jacquard biologoak dio norbanakoa bakarra dela genetikoki, eta gizartearen eta gure borondatearen arabera osatzen goazela hainbat norabidetan. Adimen genetiko femeninoa duen nortasunik ez dago, ez maskulinorik, ez beltzik, ez zuririk...

Egia da eskola mistoak ez duela erauzi bortizkeria maskulinoa ez neskengandik ez mutilengandik. Nahiz eta hezkidetza garatzen den eskoletan enpatia eta kooperazioa landu, eta eskola mistoan elkarbizitza.

Alabaina, gerra onartu eta oldarkortasun eta lehiakortasun maskulinoa sustatzen dituen (baita eskola segregatuan ere) gizarteak nola eska diezaioke serioski eskolari horiei irtenbidea emateko?

Isabel Uria Serrano, irakaslea
“Segregazio naturala” izan daiteke elkarrekin jardutera bultzatu behar gaituen aukera (Marije Apodaka)
Genero identitateek emakume eta gizon asko paper jakin batzuetan kokatzen gaituzte. Paper horiek gehienetan oso desberdinak dira eta egoera askotan agerian behatu ahal dira. Adibidez, seguru asko gehienok ondorengoa ikusi dugu: koadrila mistoan, emakumeak alde batean hitz egiten ari dira eta bestean gizonak. Ezerk eta inork fortzatu gabe, generoak eman digun lekuan jartzen gara: gure “kide naturalekin” “gure gauzetaz” hitz egiten, “gure espazioak” okupatzen, “gure rolak” betetzen. Adibidez, amak ume zain parkean.

Gizartean, lagunartean ikusten duguna, eskolako geletan ere errepikatzen da: neskek neskekin nahiago dute egon, eta mutilek mutilekin. Jolastokian jolas desberdinetan ari dira, mintzagaiak ere oso desberdinak izaten dira, harreman motek ere desberdintasun ugari dute. “Zergatik?” galdetzen nion neure buruari; “zergatik?” galdetzen dute irakasle askok; “zergatik?” galdetzen dute guraso askok eta askok; “zergatik?” galdetzen dute ikasleek. Sexismoak pertsonok bi multzotan kokatu gaituelako, bi multzo balore, kode eta bizipen desberdinekin. Gainera, bi multzo hierarkizatuak dira, gizonezkoenak emakumezkoenak baino balio handiagoa du, noski!

Hezkidetza landu dudanean, nagusiekin zein umeekin, oso desberdina izan da taldea mistoa edo genero bakarrekoa izan denean. Generoak asko baldintzatu du eztabaida mota, saioen garapena, emozioen adierazpenerako askatasuna, partaidetzaren kalitatea zein kualitatea… Orokorrean, sentsazio nagusia izan da ez geundela gustura, askotan borrokan hasten ginen neskok mutilen kontra eta horiek nesken edo feminitatearen kontra.

Hainbat gai, sentimendu, momentu, ideia lantzeko ez da egokia talde mistoekin hastea. Argi daukat. Talde mistoa ez da emakume eta gizon askorentzako espazio segurua. Bertan ezin gara gure generoetatik eskapatu. Emakumea naiz gizonen aurrean. Gizona naiz emakumeen aurrean. Talde mistoak genero-rolak birsortzea asko errazten du: botere-hierarkiak “defendatu” behar dira, beraz, “aliatuak” topatu behar dira (norbere generoan, normalean), talde identitatea sortzen da aliatuen artean, eta talde horien balioak eta portaerak martxan jartzen dira besteen aurrean.

Egoera horiek gainditu eta guztientzako espazio segurua topatu nahian, hezkuntzako programetan nesken taldea eta mutilen taldea sortzera animatu nintzen. Helburua, seguritatea lortzeaz gain, besteekiko identifikazioaren bidez, norbere identitatea aztertzea izan da. Zer naizen eta zer izan nahi dudan dira galderak eta hausnarketak. Ditudan bizipenetatik eta sentimenduetatik nire burua ondo ezagutu, besteekiko interesa pizteko asmoz. Besteak, beste neskak eta beste mutilak dira.

Segregazio “natural” hori izan daiteke elkarrekin jardutera eta egotera bultzatu behar gaituen abiapuntua eta aukera. Gure genero-ezaugarri komunek elkarrekin egotea errazten dute; hausnarketa kooperatiboak eta talde-lanak beste generoen ezagutza eta bizikidetza erraztu beharko lukete.

Marije Apodaka, psikologoa. Talde dinamikan eta hezkidetzan aritua
Sexuen arabera banatutako hezkuntza (Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza)
Egia da, azkenaldian, sexuaren arabera banatutako hezkuntzaren aldeko ikerketak eta iritziak dabiltzala hor barna, neskak eta mutilak espazio ezberdinetan banatuz gero batzuek zein besteek emaitza akademiko hobeak lortzen dituztela argudiatuta. Proposamena ez da berria; bai, ordea, egoera, gure seme-alabak gizarte berri batean hezi behar baititugu. Dena dela, banaketaren aldekoek kalifikazio akademikoak hobetzen direla argudiatzen dute batez ere, baina ez dira beste alderdi garrantzitsu batzuk kontuan hartzen; hala nola, eskolaren helburua pertsona bere osotasunean heztea dela, eta horrek, ikaskuntza kognitiboa ez ezik, alderdi soziala, afektiboa eta emozionala ere biltzen ditu. Eta neskak eta mutilak ikasgela berean elkarrekin bizitzeak hori errazten du.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, bere hezkuntza berriztatzeko lehentasun-ildoetan, eskola inklusiboaren aldeko apustua egin du, hots, guztientzako eskola. Bada, eskola-eredu horren planteamenduetan ez da sexuaren araberako banaketa defendatzen. Izan ere, Sailaren hezkuntza-politika ekitatean eta kohesio sozialean oinarritzen da; halaber, dibertsitatearekiko errespetua hartzen da aintzat, eta desberdintasunak gainditzea du helburu. Hezkuntza horrelaxe ulertzen du, orobat, hezkuntza-komunitateak ere. Alabaina, horrek ez du ikaskuntzak lortzeko orduan efizientzia gutxitzen, ez eta bakoitzak bere bizi-proiektua garatzeko duen askatasuna murrizten ere.

Horrenbestez, hezkidetzarako eta genero-indarkeriaren prebentziorako plan bat diseinatzen ari gara, argi baitugu gaur egungo eskola mistoaren ereduak ez dituela potentzialtasunak neska-mutil guztiengan garatzen.

Hori da eztabaida, hain zuzen: gaur egungo eskola mistoa dela, alegia, eta ez hezkidetzan oinarritua. Ondorioz, genero-arrazoiak direla-eta gizartean dauden estereotipo eta desberdintasunak errepikatu egiten dira eskolan ere, eta hori ez da ona ez mutilentzat ez neskentzat, neskek eskola-porrot gutxiago badute ere.

Onartzen dugu neskak hizkuntzetan hobeak direla, eta mutilak matematiketan. Nola ez da bada horrela izango, mutilengan eta neskengan alderdi ezberdinak sustatzen baditugu? Wisconsin Madison Unibertsitateko psikologo den Janet Shibley Hyde-k esaten duenari jarraiki, hainbat eta hainbat ikerketa egin ondoren esan ere, ezberdintasun baino antzekotasun gehiago dago sexuen artean. Emakumeak hizkuntza-alorrean trebeagoak izateak ez du garrantzirik. “Amak edo irakasle batek ikaslea matematikak ikasteko gai ez dela uste izateak izugarri eragin dezake emaitzetan, bai eta ikasleak bere etorkizuna aukeratzeko orduan ere”.

Bestalde, mutilek eta neskek matematiketan eta hizkuntzan lortutako kalifikazioen gaineko datuak ematen direnean, PISA aipatzen da. Beste datu batzuk, ordea, isilean gordetzen dira. Esaterako, Europako Unibertsitatearen Institutuak (Florentzia) zuzentzen duen ikerketa batek matematiketan eta hizkuntzan lortutako emaitzak alderatu ditu hainbat herrialdetan, eta genero-berdintasun handiena duten gizarteetan, hain zuzen, nesken eta mutilen emaitzen arteko alde hori murriztu egiten da, hala nola Suedian, Norvegian, Finlandian, Islandian eta Zeelanda Berrian.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritza)

Azkenak
Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


2024-07-24 | ARGIA
Udako Azoka Ekologikoak abian dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamalau herritan

Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik herritarrak animatu dituzte azoketan erostera eta ekoizleak gertutik ezagutzera. Uztailaren 29an Zigoitian izango dira, eta abuztuaren 23an, Zarautzen. Urriaren 27an amaituko dute udako denboraldia, Villabonan.


Palestinako alderdi nagusiek batasun gobernurako akordioa lortu dute Txinan

Hamas, Fatah, Palestina Askatzeko Herri Frontea, Palestinako Jihad Islamikoa eta beste hamar taldek hitzarmena sinatu dute, genozidioa amaitu ostean “Palestinako lurralde guztien” gaineko agintea izateko. “Okupazioaren aurka borrokatzeko” eskubidea dutela... [+]


Jarrera baikorrak areagotzearen beharra

Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean,... [+]


Euskal Herrian dauden poliziei eta guardia zibilei plusak ordaintzen jarraitzen du Espainiako Barne Ministerioak

1984ko urriaren 23an ETAren garaian Espainiako Barne Ministerioak onartutako aginduan, “arriskugarritasun eta nekagarritasun” kontzeptuengatik “ordainsari” bat zehaztu zuten Espainiako Polizia Nazional eta Guardia Zibilarentzat, “eremu... [+]


Gazteen artean apenas kontsumitzen dira euskarazko edukiak ETBen eta Primeran plataforman

Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 2.800 ikasleri egindako galdetegiaren arabera, plataforma digitaletan gazteek edukiak ez dituzte euskaraz kontsumitzen. Horrekin “arduratuta”... [+]


“Asmo politikoak ematen dio zentzua jakintza kolektibizatzeari”

Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]


2024-07-24 | ARGIA
Erromatar arrasto gehiago aurkitu dituzte airetik harturiko irudiekin, oraingoan Arkaian

Arkaiako erromatarren eremu termalean San Tomas ibaiari loturiko azpiegitura hidrauliko handi bat aurkitu dute, baita lur azpian 3.000 metro koadroko eraikin bat ere, garai hartako etxalde batenak izan daitezkeen arrastoekin.


2024-07-24 | ELA sindikatua
Jaurlaritzak langileen erosahalmenaren “beste galera bat” onartu duela salatu du ELAk

Lakuak bere eskumenei muzin egin die berriro langile publikoen dekretua Madrilen onartu aurretik??Hiru urtean, EAEko langile publikoek erosahalmena %6 galdu dute, sindikatuaren aburuz.


2024-07-24 | Axier Lopez
Artxibatu egin dute AraInfo-ko bi kazetariren eta Zaragozako zinegotzi baten aurkako kereila

"Kereilatuei –Chorche Tricas eta Iker González kazetariak– egotzi eta iraingarritzat jotzen zaizkien artikuluak "adierazpen- eta informazio-askatasunaren barruan daude", eta Zaragoza en Común-eko zinegotzi Suso Domínguezen kasuan... [+]


2024-07-24 | Goiener
Dimener energia komunidadeko kide izatea onartu du Dimako Udalak

Dimako Udalaren atzen osoko bilkuran, garagarrilaren 17an, Dimener Dimako Energia Barriztagarrien Komunitatearen estatutuak onartu eta Udala alkartearen kide laguntzaile izatea eztabaidatu eta onartu zen.


Polioa topatu dute Gazako uretan eta epidemia zabaltzeko arrisku handia dago

Palestinar errefuxiatuen kanpalekuen ondoko ur zikinetan Poliomielitis birusaren kontzentrazio altuak topatu dituzte. UNICEFek ohartarazi du “hondamendia” gertatzeko aukera asko daudela.


Eguneraketa berriak daude