Hiru handietakoa 70etan

  • Imanol Lazkanok berritu dizkigu zendu berriaren bizipenak. Mitoak sortu eta hautsiz.
Joxe Lizaso
Joxe LizasoEli Gorostidi
Joxe Lizaso nagusi zen Landeta tabernan. Bertan etxeko sentitzen zen Lazkanok taberna-giro hura arnastu digu: “Bereziartua medikuaren gurasoena zen taberna hori, eta adinean aurrera zihoazelako utzi zuten. Joxek, ezkondu berri-berriak, hartu zuen taberna bere emazte Julirekin. Lizaso nahiz eta kalekoa izan, Landetara etorri zenean oso harrera ona egin zitzaion.

Han bazen mahai luze bat, askotan gezurrak gehiago joango ziren egiak baino, baina bai dotore esandakoak. Jendea joaten zen lasai, ardo txurruten bat eginez kontu kontari, eta Joxe tartean baldin bazen behintzat, izaten zen kantu zaharrik... Bertso eskola zela esan izan da, eta ia sekula ez genuen guk egingo bertsotan mahai hartan. Baina bertso munduko gorabeherak kontatu bai, eta bertsolari gazteoi ikasteko ongi etortzen zitzaigun bertso giro etengabea, eta batik bat adar-jotze giro hori zegoen. Baziren sasibertsolari batzuk, Anbrosio Gurrutxaga eta Diabru esaten zioten azpeitiar famoso bat, eta haiek eta Joxe han baziren, ez zen behar izaten afari ikaragarririk gozamen hutsean orduak pasatzeko. Gozagarria zen mahai hura”.

Lizasoren urrezko garaia agertu digu Lazkanok: “Joxe hasi zen oso gazterik, 17 urte zituela. Uztapiderekin eta Basarrirekin asko ibili zen, bertsolari konsagratua zen. Lasarterekin soldadu joandakoa zen eta harekin harreman handia zuen. Uztapidek eta Basarrik plazari utzi ziotenean punta puntan geratu zen Joxe. Lasartek ere utzi zuen eta 1970etik 1975-1980ra Gipuzkoan plaza gehien-gehien egiten zutenak ziren Lazkao Txiki, Joxe Lizaso eta Joxe Agirre. Joxe Agirre eta biok baino zaharxeagoa zen eta lehenago sartu zen bertso plaza horretan. Egia esan guk lehenengo errespetua edo lotsa edo beldurra ere bageneukan jende mailako batekin hitz egiteko, baina hori asko erraztu zigun Joxek. Izan zen guretzako maisu bat. Berarekin leku askotara joan ginen bertsotara Agirre eta biok”.

Lizasoren bertsokera honela definitzen du Lazkanok: “Ez zen moztailea, erantzun gogorrekoa ez zen. Beti gaiari bidea ireki, eta gehiegi kateatu gabe laguntasun horretan oso ongi ibiltzen zena. Bertso afari batean ez zizun kontra gehiegi egingo. Hartzen zuen gai bat eta berea esan eta esan joango zen, iturri agortezina zuen, lagunarentzat ez zen batere gogorra. Ez zuen lehengo bertsolari zaharren elkar puskatu arteko joera hori.

Bere bertsokera ez zen txapelketakoa. Freskotasunean jarraitu nahiago zuen, garboso, segi eta segi, hiru bertso baino sei nahiago eta sei baino hamabi nahiago... Txapelketako bertsolaria ez zen, eta hori bazekien berak ere. Ez zuen gogoko. 16 aukeratuta eraman gintuzten Donostiara, 1968-69an, eta hantxe bakarrik atera zen”.

Kantakera nondik zetorkion argitu digu, azkenik: “Musikoa zen oso. Aita ere txistularia zuen (Basilio), oso ona eta gainera musika ikasitakoa. Azpeitian beti esan diete Basilionekoak. Basilio horren aita Ipintza zaharra zen, berriz, musiko famatua. Lehengo kanta zaharretatik ateratako doinu dexente zituen Joxek. Oso belarri onekoa zen. Edonork edozein doinu arraro atera eta hartuko zion derrepente”.
Joxe Lizasori azken agurra
Curriculuma
1929an Azpeitiko kalean jaio eta Txillarramendi bailarako Salaberri baserrian hazi zen. Elektrizista eta bertsolaria zen ofizioz. Lehen saioa 17 urterekin egin zuen, Azpeitiko Arana auzoan, Txapel eta Mandiolatzarekin. Lehen saio garrantzitsua Irungo Bentasen egin zuen Zepairekin, Uztapideren ordez joanda, hark zintzurra gaizki zuela eta. Hainbat omenaldi jaso zituen: 1977an Donostian, 1990ean Azpeitian Udalak, eta 1992an Azpeitian Lagun Onak kirol elkarteak. Urte ilunak filmean (Arantxa Lazkano, 1993) aitonaren papera egin zuen.
Joxe Lizasori azken agurra
Belaunaldi askoren kantulagun
Hasieran, besteak beste Txapel, Bixko, Zepai eta Loidisaletxerekin aritu zen bertsotan. Beranduago Uztapide eta Basarrirekin. Gero Lazkao Txiki, Xalbador eta Joxe Agirrerekin, eta gaur egungo belaunaldi denekin azkenik.
Joxe Lizasori azken agurra
Azken hitza
“Azpeitian hamabi bertsolari egotearen arrazoietako bat izan da Joxe. Gizon handi bat”. Imanol Lazkano.
Joxe Lizasori azken agurra
Lizasoren lehen muxua
Zestoan, 1990-02-10ean kantatutakoak, Laxaro Azkuneren gai honi: “Lehendabiziko lagundu zenuen neskaren etxe aurretik pasatzean zer burutazio izan dituzu”.

Doinua: Eguna pasa nekean eta.


Arrazoi dezu leiho batean
bakarrik zegon gaixua,
orduan neska gaztea zana
gaur dago amonatxua,
garai haietan ezagutu nun
hain leguna ta goxua,
gogoan daukat nun eman nion
lehendabiziko muxua.

Meta ondoan hantxen geunden gu
biok lepotik helduta,
atean zegon zakur zahar hura
jarri zan hasarratuta,
zaunka ta zaunka ez zan isiltzen
txima danak harrotuta,
ta ama zaharra han etorri zan
farol haundi bat hartuta.

Garai haietan ibiltzen nitzan
mutil formala(re)n moduan,
kongregazioko hiru-lau zinta
banebilzkin poltsikuan,
orain bezela pekatu ez zala
jakin izan bagenduan,
seguru egon guk e(re) orduan
zerbait egingo genduan.
Joxe Lizasori azken agurra
Eztenak Argian
l Zeruko Argia 720 zenbakia (1977-01-09, Herrialde)
“Orduko bersolariak 24 orduko lanak hartzen zituen. Nork gehiago iraun zen apustua, nork bestea lehenago isil erazi, iraupenez, ziriz eta arrazoiz. Orain bezala, inork gairik jarri gabe ihardun behar izaten genuen. Gaurregun dena neurturik dugu: gaiak, neurriak, ordua... Iparragirreren antzeko zerbait izateko, kitarra bakarrik falta zaigula, iruditzen zait. Orduan geuk gozatzen genuen gehiena”.

l Argia 1.036 zenbakia (1984-11-18, Artaso eta Joxe Mollarri)
“Orduan zen... bertsoari eman behar zitzaion halako zartada bat, bertso bukaeran behintzat zeoze... Orain berriz holako metodo batzuk eta eginda dauzkatela esaten dute, nik ez daukat eskolik eta ez naiz saltsa horretan sartu bainan bertsoak antolatzen dituzte... Lau puntu. ba osatuko dizute, dotore sartuko ere, eta aibadios! zer esan du horrek hor? Eta ezer ez”.

l Argia 1.783 zenb. (2000-11-12, Estitxu eta Ixiar Eizagirre)

“Orduan doinuetan zortziko txiki bat, handi bat eta hamarreko handi bat ibiltzen ziren, horiexek, 3-4 doinu, eta bakoitzak bere jiroa ematen zion. Orain doinu piloa darabilte, baina bertsotan ahotik ahora jarduteko niretzat balio edo merezi ez dutenak (tartean puntu motzak sartu eta...). Bertso ikasi eta paperekoetarako, instrumentuen laguntzaz bai, baina jardun luzerako...”.

l Argia 1.911 zenb. (2003-09-14, Miel Anjel Elustondo)

Kamera eta grabagailuez: “Horiek ezin ditut begien aurrean ikusi ere egin, egia esango dizut. Konpromisoa da-eta! Txapelketan-eta, isildu egiten naiz. Hala beharko du. Baina bertso-afari batera joaten zara eta hantxe mikrofonoak muturrean sartuta! Haiek aurrean ikusten dituzu eta bestela burura etorritakoa lasai esango zenuen baina, hamaika aldiz egin behar izaten da esaten hasi zarena irentsi, hura gorde eta beste bat esan. Ez behin eta bitan, zientoka aldiz!”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude