Rock & rollaren obreroak

  • Las Manos de Filippi: hauxe dugu, zalantzarik ez, Argentinako talderik interesgarrienetako bat. Kantetan konpromiso politikoa, umorea, ironia eta erritmo indartsuak uztartzen dituzte. Joan den udazkenean Euskal Herrian izan ziren, Iruñean, Lizarran eta Bilbon. Kukutza Gaztetxean mintzatu ginen taldearen sortzaileekin: Cabra abeslariarekin eta Coco bateria jolearekin. Ibilbide luzeko taldea, langilea hitzaren zentzu guztietan. 2009an kaleratuko dute disko berria.
Las manos de Filippi
Las manos de FilippiAlvaro Hilario Perez de San Roman
Duela hamasei urte, abian zegoen Carlos Menemen “pizzaren eta xanpainaren” Argentina: muturreko neoliberalismoak sorrarazi zuen fikzioa. Buenos Aires hiriko eszena undergroundean agertzen hasia zen protestari eta jaiari hainbeste himno eman dizkien Las Manos de Filippi taldea. “1995ean hiru kanta grabatu genituen DBN diskoetxearen konpilatze batean, Actitud María Marta-rekin, Tintoreros-kin eta Las Plantas de Shiva-rekin batera. Kukumeloaren kunbia, garai haietan rock munduak mesprezatzen zuen erritmoa, arrakastatsua izan zen oso. Hain handia izan zen kunbia haren arrakasta ezen, urte berean, Agrupación Mamanis izenpean kunbia disko bat grabatu baikenuen: Reír por no llorar”, kontatzen dute Cabrak eta Cocok. Ez da Filippitarrek duten banda paralelo bakarra: “Hasieran oso errepertorio heterogeneoa genuen, tangoak eta kunbiak tartean. Kukumelorena aprobetxatuz, Agrupación Mamanis agertu zenetik Las Manosen alde dibertigarriena, zoroena, han jarri genuen eta Las Manos de Filippi hasi zen musika gordinagoa, indartsuagoa egiten. Ondo egon zen, kunbia eta horrelako erritmoetan sakondu ahal izan genuelako. Che Chinorekin berdin gertatu zitzaigun: rock’n’roll talde batek ezin ditu hamaika tango egin, estilo diferenteak direlako, soinu diferenteak eskatzen dituztelako. Beraz, Che Chino sortuz beste ate bat zabaldu genuen”.

Bi dira, dagoeneko, egin dituzten tango diskoak: Tango Argenchino eta Che Chino. Hala ere, Las Manos de Filippiren lehenengoa (¡Arriba las Manos! ¡Esto es el estado!) lau urte beranduago agertuko zen, oraindik ere madarikatzen duten Universal konpainiaren eskutik: “Gure kabuz grabatu genuen, oso diru gutxi erabiliz; han zegoen Señor Cobranza kanta. Bersuit taldeak kanta haren bertsioa egiten zuen baina ez zuten grabatzerik, kanta argitaratuta ez zegoelako. Gauzak horrela, Bersuiten konpainiak, Universalek, diskoa erosteko asmoa adierazi zigun. Baietz esan genien. Gure diskoaren 5.000 ale kaleratu zituzten, eta berehala saldu ziren. Baina aldi berean atera zuen Bersuitek bertsioa, eta milioika disko saldu zituzten”. Ziria sartu zieten. Negozioa eginda, Universalek ez zuen Las Manosen ale gehiagorik egin; harrez geroztik, taldeak berak egiten ditu kopiak. Honetan ere parekorik ez dute, antza. 2003an, Hasta las manos (Kokoteraino) kaleratu zuten, Argentinazo matxinadaren oihartzunak dakartzan diskoa: Los métodos piqueteros bezalako kantak himno bihurtu dira. Erlijioaren inguruko EP bat ere kaleratu zuen taldeak 1990eko hamarkadaren amaieran: Las Manos Santas van a misa.

“Egia da Universalek emandako tratuaren ostean beste konpainia batekin lan egiteko gogo gutxi genuela. Dena dela, gure ekoizpenak egiterakoan erabakigarria izan da gauzak gure eran egiteak dakarren independentzia; gaur egun, Argentinan, diskoetxeek ezartzen dituzte ekoizleak, eta taldearen sormena kaltetzen dute horrela”.

Argentinako panorama musikalean orain dela 30 urte agertu ziren musikariak dira nagusi. Oso eskasak dira talde berrien ekoizpenak; ez dute sartzerik egunkariek eta irrati komertzialek babesten duten zirkuituan: “Munduko beste leku guztietan bezala, musikaren inguruko guztia pribatizatuta dago, gu star system horren ertzetatik mugitzen gara eta, egun, ez gara bakarrak”. Pribatizazio prozesua areagotu egin da azken lau urteotan: 2004ko abenduaren 30ean, bengala batek eragindako suteak 195 gazte hil zituen Buenos Airesko República Cromagnon aretoan, Callejeros taldearen jaialdi batean; agintariek tragedia baliatu zuten zirkuitu independentea osatzen zuten aretoak ixteko. Kultura arloko goi-kargu asko Buenos Airesko areto pribatu handien jabe eta kudeatzaile dira; beraz areto pribatu horiek dira gaur egun lehentasuna dutenak: jaialdi ofizial erraldoiak dira rock-zale argentinarrek eskura dituzten bakarrak.

“Lehen bazirudien geu ginela talde politiko bakarra, baina gauzak aldatu dira egoerak behartuta. Antolamendu politikorik gabe, hilik gaude. Musikariok ez bagara gure beharrei erantzuteko gai, gutxi dira aurrera jotzeko ditugun aukerak. Cromagnoneko sarraskiak zabaldutako egoerari politikoki erantzuteko beharra daukagu”. Helburu horrekin sortu zen Buenos Airesko ia 200 talde batzen dituen Rockaren aldeko Musikari Batuak taldea (MUR): “Underground zirkuituen ixteak kaltetutako musikariok batzartu ginen. Musika eta zeregin politikoak bereizi genituen. Orain honakoak dira MURek bideratzen dituen lanak: erakundeekiko harremanak, egiten dugunaren hedapena, jotzeko lekuak sortzea eta leku horien kudeatzea; musikariek, bitartean, nahi duten modura egiten dute musika. Horrela ikusita ez gara talde politiko bakarra, gure ustetan konpromiso politikoa antolakuntzan islatzen delako, ez kantetan. MURek gure estiloa ez duten taldeei, kanta-protesta egiten ez dutenei borroka egiteko aukera ematen die. MUR da, azken finean, ez dauden tokiak eta ez dauzkagun laguntzak eskatzeko mugimendua. Mugimendu berria da; ikasten ari gara”. Urte hauetan hainbat jaialdi antolatu ditu MURek. Nabarmentzekoa, duela bi urte Maiatzeko Plazan egindakoa Che Guevararen omenez –Fermin Muguruzak ere parte hartu zuen–. 30.000 ikusle biltzea lortu zuten. Ikuskizunaren DVDa iazko martxoan kaleratu zuten.

Udazkenekoa Europa bisitatzen zuten bigarren aldia zen. “Duela zortzi urte Bartzelonatik ibili ginen, kontzertuak ematen eta han ziren musikariak ezagutzen. Gure musika hemen ezaguna izan dadin ahalegin handia egiten dugu; ahalegin emankorra”.

ASTEKARIA
2009ko martxoaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude