Mikel Soto: "Gatazka ardatz duen poesiarik ez da idatzi Espainian"

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nondik abiatzen da eztabaida hau?

Beno, Euskal Herrian oro har eta euskal kulturgintzan batez ere eztabaida bat pizteko komunikabideetan hiru gutun besterik ez dira behar: bat kontrako eta bi aldeko. Orain gainera teknologia berriekin esango nuke gutun bakarra eta hiru iritzi aski direla. Gainera, gai honek dauzkan ertzak aintzat hartuta esango nuke kontu kitatze pertsonal asko egon direla eta horrek eztabaida sustatu duela, baina ez zentzu onean. Esango nuke pertsonaletik ekiteak eztabaida posiblea desitxuratu eta banalizatu duela.


Hizkuntzaz gain, gai hau lantzerakoan zertan desberdintzen dira euskarazko eta erdarazko literaturak?

Ba literarioki suposatzen dut antzeko motibazioa dutela eta teknikoki antzeko baliabideak. Ezberdintasuna, nik uste, hurbiltzeko moduan dagoela eta, ondorioz, emaitzan.


Gure apalean, esango nuke hemengoa, oro har hobea dela. Espainian zarata politikoak ezinezko bihurtzen du ezer. Ez naiz La pelota vascari buruz ari; Tiro en la cabezaren adibidea paradigmatikoa da. Ebrotik behera Roselliniren Roma città aperta sutara botako lukete partziala izateagatik.


Tomás y Valienteren semeak argitaratu berri duen eleberria (El hijo valiente) gainetik irakurri eta lotsagarria iruditu zitzaidan. Eta, urrutiegi jo gabe, hain literato ona den eta hain pentsalari zorrotza den Sanchez-Ostizen En Bayona bajo los porches liburuak egiten duen hurbilpen eskasa ere badago. Bi aipatzeagatik…


Hauek irakurrita lehen jarri dudan zinemaren adibidea etortzen zait berriro burura: Euskal Herrian 98an kokatutako espainiar filmetan “frantses produktuei boikota” eta antzekoak agertzen direnean, edota guardia zibilak eta etakideak txortan egiten dutenean eta antzeko txorradak.


Gatazkari buruz ari garenean perspektiba galtzen dugu sarri. Ezberdintasun nagusia? Nire ustez Euskal Herrian gatazka ardatz duen poesia ugari eta oso-oso ona idatzi dela eta Espainian, nik dakidala behintzat, batere ez.

Genero bat osatzen dute gatazkari buruzko liburuek?

Ez, gai bat dela esango nuke, beste gabe. Espainian gerra zibila bezala, Kuban blokeoa bezala, Hegoafrikan apartheid-a eta abar, eta abar… Niri dagokidanez, antologagarria iruditu zitzaidan gai bat dela esango nuke. Baina antologagarria iruditzen zait trenei buruzko literatura ere.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude