Nondik abiatu zen eztabaida hau?
Azken batean, gaur egun “euskal gatazka”-ren inguruan dauden eztabaida gehienak literaturaren funtzioarekin oso loturik daude, literatura eta errealitatearen arteko harremanaren inguruko kezkekin. Garai batean literatura konprometituaren inguruko eztabaida sortu zen, eta gaur egun euskal gatazkaren inguruan sortu diren galdera askok literaturaren funtzioaz ikuspegi bat ematen dute: batzuen ustez, gatazka fikzioa sortzeko aitzakia ona da –diotenez ez dute errealitatearen irakurketarik egin nahi, zeharka irakurketa badagoen arren, erreferenteek baldintzatzen dutelako irakurketa, jakina–; beste batzuen ustez, gatazkaren inguruan idaztean euskal gatazka nola bizi dugun agertu behar da –alderdi humano hori, nork bere esperientziaren kontaketa estetikoa, nolabait–.
Azkenean mahai gainera jauzi egin duen eztabaida horixe da, literatura eta ideologiaren arteko harremana, nolakoa den, nolakoa beharko lukeen, nola ematen den euskal literaturan, zein harreman dagoen idazlearen ideologia eta testuaren ideologiaren artean, eta noski, zein harreman dagoen irakurlearen ideologiaren eta testuaren ideologiaren artean.
Arrazoi garrantzitsu bat da azken urte hauetan belaunaldi desberdinak ari direla idazten euskal literaturan, eta alde horretatik, ikuspuntu gehiago daude. Gatazkaren inguruko gertakari eta sentimendu asko dira literaturara oraindik jauzi egin ez dutenak, baina, gatazkak dirauen artean –zauriak bizi-bizi diren artean– hitz egitea posible bada ere, distantziak laguntzen du. Esango nuke zenbait idazleren kasuan distantziak lagundu egin duela, ze hitz egiten da euskal gatazkaz, baina gutxik hitz egiten dute gaur-gaurkoaz; urrunago enfokatuta hitz egiten da gehienetan, urrun denboraz, edo urrun inplikazioz.
Euskaraz idazteak eragiten al du ikuspuntuan?
Uste dut, orokorrean, euskaldun direnen gizartean bizipen batzuk daudela, hizkuntzak eragiten duela gai batzuetara hurbiltzeko. Argi dago ikuspuntu politiko batzuetan euskara ez dagoela presente; orduan, literaturan ikuspuntu horietara gerturatzea euskaraz… Bere horretan errealitateak ekartzen duen ondorioa dela uste dut.
Zer geratzen da egiteke?
Askotan esaten da han eta hemen hutsuneak ikusten direla: nire kezka nagusienetako bat da, adibidez EAJren ikuspunturik ez dugula. Errazagoa da aurkitzea EEko baten ikuspuntua, edo gaur egungo sozialista batena, edo ezker abertzaleko batena. EAJrena berriz, EAEn ustez babestuena den alderdiarena, ez daukagu.