Injustiziaren hobiak, memoriaren habiak

  • 1995. urteko uztailean Serbiako soldaduek bortizki kolpatu zuten Bosnia eta Herzegovinako Srebrenica herria. Egun gutxiren buruan 8.800 lagun inguru hil zituzten, ofizialki. Srebrenica kasko urdinen babespean zegoela gertatu zen sarraskia eta Nazio Batuen Erakundearen historiako orrialderik ilunenetakoa idatzi zen horrela.
Oier Guillan
2009ko urtarrilaren 25a
Urko Redondo
Hamahiru urte pasa badira ere, nahikoa da edozein egunetan telebista piztea gaiaren zoritxarreko gaurkotasuna antzemateko: 1936ko Gerrako hobien afera, Gazako sarraskia… Teknologia berrien garaiotan, informazioa kiloka zenbatzen dugun honetan, munduan barreiatutako gatazketan bada memoria zati txiki bat urratu nahi duten milaka gorpu galdu, milaka istorio eta amets ahantzi. Srebrenica Bosniako gerran gertatutakoaren isla bat baino ez da, baina islarik lazgarriena agian.
 
Bosniarrekin hitz egiten baduzu harrituko zaitu Titoren garaia ments dutela behin eta berriz entzuteak, komunismoaren garaia, denbora luzez elkarbizitza errealitate bat izan zelako. Elkarbizitza hain errotuta bazegoen, zergatik sortu zen gerra? Nola gerta daiteke kasik egun batetik bestera betiko bizilagunak betiko bizilagunen aurka jartzea? Bosniako gerra ulertezina da nazioarteko iritzi publikoaren parte handi batentzat. Bosniarren erantzunetan ere harridura topatuko duzu sarri, botere guneetatik piztu den gerra izan zela esango baitizute askok. Komunismoak Europa barruan ekonomikoki indartsua zen herrialdea sortu zuelako, hain zuzen ere, esango dizute besteek.
 
Hajra Catic eta Hatidza Mehmedovic Bosniako gerraren biktima talde hainbatekin batera izan dira berriki Euskal Herrian, SOS Balcanes elkarteak gonbidaturik. Ahoz aho zabaltzen den memoria da haiena, aurpegitik aurpegira sortzen den historia ez idatzia. Nazioarteak eta bereziki Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Srebrenican edukitako argitu gabeko arduraren eraginez, ahanzturan erortzeko arriskua izan du sarraskiak. Horregatik agian Caticek eta Mehmedovicek etengabe luzatzen diote jendeari Srebrenican kokatua dagoen Potocari izeneko oroimen gunera joateko gonbita. Behinola mutu gelditutako gorpuek, aurpegiek, begi keinuek, memoriaren justizia behintzat jaso dezaten.
 
1995eko uztaila

1995. urteko uztailean Serbiako soldaduak, edo bosniarrek esaten dieten bezala “chetnikak”, herrian sartu zirenean Srebrenica Bosnia ekialdeko gune babestuetako bat zen, Gorazde eta Zeparekin batera. NBEk izendatu zituen gune babestu haiek, serbiarrek okupatutako lurraldean irla bakanduen moduan gelditutako populazioak nolabait babestearren. Srebrenicako kasuan herritarrek kasko urdinei beren armak eman behar izan zizkieten, haien babesaren truke. Gorazde izan zen, gerraren hasieran herritarrek berauek antolatutako erresistentziari esker, bizirautea lortu zuen Bosnia ekialdeko gune babestu bakarra.
 
Kasko urdinek Srebrenican hartu zuten ostatu eta nolabaiteko babesaren bermea egon zen puska batean, baina hala ere janaria ez zen iristen eta bonbardaketek etengabe jarraitzen zuten. Holandako kasko urdinak zeuden Srebrenican serbiarrek 1995eko uztailaren 11n herria okupatu zutenean. Caticek eta Mehmedovicek oroitzen dutenez, “1995eko ekainean gerrak okerrera egin zuen. Uztailaren 11n Ratko Mladic Srebrenican sartu zen eta kasko urdinek ez zuten ezer egin”. Argitu gabeko zalantzek eta usain txarreko susmoek pisu handia hartu dute denborarekin kasko urdinen jokaeraren inguruan. Srebrenicakoa gertatu baino lehen Sarajevoko setioan serbiarrek hainbat kasko urdin harrapatu eta giza ezkutu gisa erabili zituzten. Haien askapenaren truke zerbait itundu zen, baina ez da inoiz jakin zer. Handik oso gutxira, eta gerra amaierako akordioak bidean zirela jakinik, Srebrenica erori eta egun gutxian 8.800 pertsona akabatu zituzten chetnikek, inolako eragozpenik gabe.
 
Begien ispilua

Caticek eta Mehmedovicek beren testigantza konpartitzen duten bakoitzean aurpegiak eraldatzen zaizkie, saminez. Hala ere, ahal den guztietan kontatzeko beharra aitortzen dute. Srebrenicako sarraskia dela-eta dena galdu dutela azpimarratzen dute behin eta berriz, justizia bilatzea eta memoria berreskuratzea dela bizitzeko gelditzen zaien arrazoi bakarra.
 
Caticek aipatu duenez, Srebrenica gune babestua izendatzean gerra bukatzear zela pentsatu zuen, baina 1995eko uztailean jauzi zitzaion errealitatea: ez zituen inork babestu nahi. “XX. mendea izanik ere, genozidioa mundu guztiaren aurrean gertatu zen, inork ez gintuen lagundu. Nazioarteko komunitateak huts egin digu”, gaineratu du Caticek. Beraren semeak laguntza eskatu zuen irratiz; “ez badugu laguntzarik jasotzen, entzuten ari zareten hau ziur aski nire azken mezua izango da”. Haren gorpua ez da oraindik azaldu. Caticen semeak azken mezua bidaltzen zuen bitartean, eraikin berean Nazio Batuetako informatzaileek kontrako datuak zabaltzen zituzten. “Egoera normalizatzen ari zela esaten zuten. Kasko urdinek kontaktua zuten soldadu serbiarrekin; Srebrenican gertatutakoa planifikatua egon zen. Setioak iraun zuen bitartean serbiarrek zibilak tirokatu zituzten, baina kasko urdinek ez zuten tiro bakar bat bota, ezta airera ere”.
 
Serbiarrek Srebrenica hartu eta kasko urdin holandarrak joan zirenean, uniformeak trukatu eta elkarrekin argazkia atera zuten, adiskidetasun keinu gisa. Mehmedovicek etengabe errepikatzen du, ahapeka: “Nik dena ikusi nuen. Bazekiten zer gertatuko zen, eta grazia egiten zien”.
 
Genozidioa

Daytoneko akordioak sinatu eta gero, Serbiak tantaka eman dizkio Hagako epaitegiari gerrako sarraskien arduraduntzat jo izan direnak, Europako Batasunean sartzeko estrategiaren eta urratsen arabera batik bat. Izen ezagunenen artean daude Slobodan Milosevic eta Radovan Karadzic. Zerrenda horretan goiko postuetan dago ustez desagertua dagoen Ratko Mladic ere, Srebrenicakoa pertsonalki zuzendu zuena.
 
Mehmedovicek dioenez ezin zuten gertatuko zena imajinatu. Mladic herrira sartu zenean bere agerpenaren xehetasunak tentu handiz zaindu zituen; “mikrofonoa hartu zuen bideokameren aurrean, eta zera esan zuen: ez da ezer txarrik gertatuko. Haurrei gozokiak botatzen zizkien, guri ogia txakurrak baikinan, eta Tuzlara eramango gintuztela azpimarratzen zuen. Gero kamerak itzaltzeko agindu zuen, autobusetan sartu zituzten emakumeak eta hamabi urtetik beherako haurrak, eta gizonezkoak basotik lurralde librera oinez bidaliko zituztela esan zigun”.
 
Basoko bidea hartu zuten Mehmedovicen bi semeek eta senarrak: “Ez nekien guretzat azken agurra zenik, eta hala ere banaketa oso zaila izan zen. Une jakin batean niri ere oinez joateko esan zidaten, baina azkenean autobus batean sartzea lortu nuen, kostata. Une horretan horrek ez zuen esanahi berezirik, bide luzea zela oinez egiteko eta gizonezkoek gosea pasako zutela, hori besterik ez nuen pentsatu”. Autobusetan sartu orduko serbiarrek basoko inor ez zela bizirik iritsiko esan zieten. Ez zuten sinetsi, ezinezkotzat jotzen zuten horrenbeste jende hiltzea, baina egunak pasa ahala ez zen inor iritsi. Orain urtebete Mehmedovicen seme baten hezurrak azaldu dira hobi komun batean.

Potocari

Catic eta Mehmedovic Srebrenicako emakumeen eta amen elkartekoak dira, hurrenez hurren. Caticek Tuzlan egiten du lan, desagertutako milaka aurpegiren argazkiekin josita dagoen egoitzan. Mehmedovicek berriz, Srebrenicarako bidea egin zuen gerra amaituta, eta han kokatu zuen elkartea. Egun, sarraskia burutu zen lekuan Potocari oroimen gunea dago.
 
Ofizialki Bosnia eta Herzegovina existitu existitzen den arren, bi lurraldetan banatuta gelditu da: federazio kroaziar-musulmana batetik eta Srpska izeneko errepublika bestetik, serbiarren agintepean gelditu dena. Jende asko ez da oraindik ausartzen beren etxeetara, Srprskara, itzultzen. Mehmedovicentzat ere ez da erraza izan. Potocariko gunea lortzeko borroka latza egin behar izan zuten, eta Europatik presionatu zutelako lortu zuten. Srebrenica ez da mamuen herria, baina ia. Mehmedovicen arabera, sarraskian parte hartu zuten askok gaur bizimodu normala egiten dute, eta haiekin bizi behar du.
 
Potocarira joateko gonbita onartzen baduzu Mehmedovicek eginen dizu harrera. Potocariren aurrean dago serbiarrek jendea hiltzeko erabili zuten fabrika erraldoia. Mehmedovicek gauzak gertatu ziren lekuan bertan kontatuko dizu dena, bere begiekin ikusitakoari batera apurka bildutako testigantzak lotuz. Fabrikaren alboan urak estalitako sotoa erakutsiko dizu; “ikusten duzu putzu hori? Hor gorpuak daudela uste dugu, baina ez digute hustu ahal izateko baimenik eman. Jendea hil baino lehen torturatu egiten zuten kasu askotan eta hor, ikusten?, badira oraindik odol arrastoak dituzten sokamuturrak”. Bisita egingo diezu agian, eta eskertuko dizute, baina zaila egingo zaizu entzuten duzun guztia onartzea.
 
Mehmedovicen elkarteak hainbat lan burutzen ditu, Caticenak bezala: Srebrenicara euren etxera itzuli nahi duen jendeari nekazal baliabideak erraztu, gertatutakoaren inguruko informazioa bildu eta argitaratu, sarraskiaren arduradunen jazarpena egin eta justizia aldarrikatu, hobi komunak bilatu eta gorpuak identifikatu. Hobi komunen gaia arantzatsua da. Bizirik gelditu direnek pertsona maitatuen gorpuak aurkitu eta Potocarin ehorztea besterik ez dute nahi. Horretarako gorpuaren %75a topatu behar da lehenik; zatiak besterik azaldu ez direnen kasuan jendea oraindik ehorzteko zain dago. Serbiarrek hobi nagusietara botatzen zituzten gorpuak, eta gero bigarren mailako hobietan banatzen zituzten berriz, aztarnak ezabatzeko. Mehmedovicen senarraren hiru hezur azaldu dira orain arte, hiru hobi ezberdinetan. Duela urtebete azaldutako semearen gorpuarekin zorte handiagoa izan du, osorik baitzegoen. Hala ere identifikazioa DNA probaren bidez egiten da eta, semearen gorpua arroparik gabe edo objektu pertsonalik gabe azaldu zenez, ez daki gorpua bietako zeinena den.
 
Caticen hitzetan, Srebrenicatik bota egin zituzten eta serbiar askok uste zuen ez zirela itzuliko: “Bada bere lorategian hobiak dituenik. Chetnikek genozidioa egin zuten bizirik zeudenekin eta gero genozidioa egin zuten hildakoekin, gorpuak hobi ezberdinetan banatzen zituztelako aztarnak ezkutatzeko”. Bere semearen gorpuaren kasua zailagoa da, basoan hil eta gorpua lur gainean gelditu omen zelako, besteak beste animalia gosetien esku.
 
Elkarrizketa amaitzear, Caticek eta Mehmedovicek argi hitz egin dute: “Munduko edozein amarentzat oso zaila da horrelako zerbait bizitzea, baina are gehiago urteak ematen dituzunean gorpua eskatzen. Inolako politikak muturreko egoera hauetara ez eramatea eskatu nahi nizueke, gerra egitea baino hobe da ehun urtez hitz egitea”.
“Orain ari da azaleratzen gerrako trauma asko”
Dzermina Dogo gerraostea bizi duten gazteen isla da. Hobien gainean habiak eraikitzeko ardura etorri zaio bere belaunaldiari. Bere aitak gerra hastean Gorazdetik kanpora bidali zuen ama eta anaiarekin. Dogo gerra amaitzean itzuli zen hara, eta orain tarteka itzultzaile lanak betetzen ditu, besteak beste SOS Balcanesekin, urteekin gerraren oihartzun mediatikoa pasa arren lanean jarraitzen duen taldea.
 

Gerra hastean erbestera joan zinen ama eta anaiarekin. Zer gogoratzen duzu?


Nik zazpi urte nituen eta ez dut gauza askorik gogoratzen. Nire aitak Serbiara bidali gintuen hasieran, izeba baten etxera, eta mugan ikusitako irudi batek zirrara eragin zidan: gizon bat zegoen bandera bati lotuta buruz behera, guztiz kolpatuta. Serbiarrek jarria zuten, bosniarroi zetorkiguna iragartzeko. Serbian egonik, hilabete batera Bosniako errefuxiatuak bilatzen ari zirela zabaldu zen, eta Gurutze Gorriaren bidez Mazedoniara egin genuen ihes. Handik hilabete batzuetara Europar Batasunak hainbat herrialdetan banatu zituen errefuxiatuak, eta gu Coruñara joan ginen.
 

Nolakoa izan zen itzulera?


Oso gogorra. Niregatik balitz ez nintzen itzuliko, baina nire aitak gerra osoa eman zuen Gorazde defendatzen, eta gerra amaitzean ez zuen utzi nahi. Azkenean 1998ko abuztuan itzuli ginen. Gogoan dut Sarajevoko aireportura iristean hondakinak besterik ez zeudela, hura ez zen aireportu bat ez ezer. Gero Gorazdeko bidea hartu genuenean dena erabat suntsituta zegoela ikusi nuen.
 

Gazteen artean gerra aipatzen da?


Ez asko, urte batzuk pasa baitira jada. Nire adinekoek edo gazteagoek ez dute oso ondo gogoratzen gerra. Hala ere, senideak galdu zituztenek inoiz amaituko ez den zauria dute zabalik. Ni orain Sarajevon bizi naiz, hiri nahiko handia da non bosniarrak, kroaziarrak eta serbiarrak elkarrekin bizi garen, elkarrekin ateratzen garen… Guretzat presenteago dago egoera ekonomiko eta politikoa, gerra baino. Ikasketak amaitu arren gazteontzat ez dago etorkizunik. Gainera orain ari da azaleratzen gerrako trauma asko. Bortizkeria asko dago Sarajevon, kontu handiz ibili behar duzu non ateratzen zaren, norekin… Eromena da, ez dago segurtasunik. Bosniako bi errepubliketan egitura ezberdinak daude, polizia ezberdinak, eta horrek kontrabandoa errazten du, armak, droga, prostituzioa, mafia… Ni Sarajevon kartzelan bezala sentitzen naiz. Nire ametsa Donostian bizitzea litzateke.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-10-22 | Iigo Igartua
Zumaiako Flisch-ak plastikoz beteta

Zumaiako Flysch-ak plastikoz beterik daudela erakusten duen bideoa birala bihurtu da azken orduetan.


2018-10-22 | Zero Zabor
Ikerlan berria Britainia Handian: erraustegiek isuritako karbonoak nola kaltetzen duen klima

UKWIN Britainia Handia Errausketarik Gabe koalizioak zabal du erraustegiek klimaren aldaketan daukaten eraginari buruzko ikerlan berria, zentratua –alde batera utzita ingurumenaren kutsatzea, gizakien osasun kalteak, eta beste eraginak– teknologia horrekin sortutako energiaren karbono balantzean. Emaitzek gezurtatzen dituze errausketaren propagandistek behin eta berriro plazaratzen dituzten kontuak.


2018-10-22 | ARGIA
Ryanair-ek emakume beltz bat tokiz aldarazi du, gizon zuri batek bere ondoan eseri nahi ez zuelako

Eraso arrazista bideoz grabatu zuen bidaiari batek. Hegazkin-konpainiaren jarrerak zalaparta sortu du ikusleen artean.


2018-10-22 | ARGIA
Bi eraso matxista eman dira asteburuan, Barakaldo eta Bilbon

Sexu erasoak izan dira biak. Kasu batean zein bestean, erasoa jasan duen emakumeak salaketa jarri du.


2018-10-22 | Iigo Igartua
Olatu erraldoia Donostian, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko

Milaka pertsonak babestu du Orain Presoak dinamikak antolaturiko “inoizko manifestazio pluralena”, euskal presoen kartzelaratze auziari konponbidea ematea eskatzeko.


Okerrera doaz Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomikoak

Euskal Autonomi Erkidegoaren egoera ekonomikoa, Errendimenduaren gizartea saiakera eta eskola segregazioa aztergai aste honetako Lanaren Ekonomian. Berrikuntzekin dator ikasturtea BilboHiria eta Hordagoko elkarlanean.


Plastiko birziklatua duten jostailuek toxiko arriskutsuak dituzte

Europako ikertzaile talde batek, Ekologistak Martxanekin elkarlanean, jatorria hondakin elektronikoetan duten toxiko arriskutsuak aurkitu dituzte birziklaturiko plastikoetan, hala nola, jostailu edota kontsumorako saltzen diren beste hainbat produktutan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude