«Akordioa ezinezkoa da guztion giza eskubideak geure egin gabe»

  • Agurain, 1950. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua eta Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia. EAk martxoko hauteskunde autonomikoetan bakarka aurkezteak ez du bere baietza jaso, erabakia legezko eta zuzentzat jotzen du alabaina.
Joseba Azkarraga
Dani Blanco
Joseba Azkarragak Euskadi sin renuncias. Un ideal posible (Txertoa) argitaratu du berriki: “Liburuak herri honen azken 40 urte politikoak jasotzen ditu, hauetako 30etan neroni parte izan naizelarik; 1993tik 2001era bitarte alor pribatuan aritu nintzen. Lekuko izan naizen gertakari politikoen nondik norakoak azaldu ditut. Herri honen izaera eta ikuspegi anitzi beste bat gehitu nahi izan diot, neure analisia” adierazi digu solaskideak.

Liburuan, besteak beste, ETAren eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketak eta normalizazio prozesuak hizpide dituzu, porrotarekin amaituak denak. Zu zer inpresiorekin geratu zara?


Bada, lehenik Xibertan eta gero Aljerren, Lizarra-Garazin eta Loiolan saiatu zela, eta behin eta berriz saiatu behar dela.


Zein da porrotaren arrazoia? Hertsiki esanda.


Funtsean, aldeek ez dutela ulertzen besteek ere arrazoi partea dutela, eta alde bakar batek ez badu bere jarrera aldatzen zaila dela aurreratzea. Nire inpresio orokorra hauxe da: elkarrizketarik gabe ez dago soluziorik, beraz, politikoa ez den beste edozein soluzio partziala izango da, dela poliziala dela judiziala.

Bederatzi urte eman zenuen politikatik at. Politikara itzuli ostean, bi legealdi egin dituzu Eusko Jaurlaritzan. Damu al zaizu bueltatu izana?


Ez, ez naiz damu. Noski, nork bere erabakien ondoriozko akatsak eta asmatzeak aztertzen ditu. Nire ibilbidea aztertzean, osoa kontuan hartu behar dut. 2001ean politikara itzuli nintzen asko pentsatu ondoren: lagunek eskatuta –Carlos Garaikoetxea eta Begoña Errazti, besteak beste– eta hauteskundeetarako ilusioa berpiztu zuen koalizioak motibatua; EAJ-EA koalizioak 600.000 boto jaso zituen. Une onak eta interesgarriak bizi izan ditut, batzuetan “damu edo zama” sentitu dut. Bizitzaren alde osagarriak dira, denak du bere ifrentzua. Orain, ondo bidez, nire jarduera profesionalera itzuliko naiz.


EAEko datozen hauteskundeetan ez da EAJ-EA koalizioa errepikatuko. Zein da zure iritzia EAren erabakiaz?


Nik EAJ-EA koalizioa defendatu dut nire alderdian, baina gehiengoak erabakitzen duena onartu beharra daukat. Bakarka joateko erabakia legez eta gehiengoz hartua da. Nik erabakia errespetatzeaz gain sostengatu behar dut. Nire ikuspuntutik apustu arriskutsua da.

Zergatik?


Une politikoa oso zaila delako, espainol nazionalismoa indarrak batzen saiatuko delako. PSEk eta PPk 38 eserleku lortzen badituzte, ziur naiz, Patxi Lopez lehendakaria izateko akordioa lortzen saiatuko direla. Partaide naizen Gobernu honek –herri honen garapen soziopolitikoaren eta ekonomikoaren ardatza– erakutsi duen sendotasuna errepikatu beharko litzateke.

EAren erabakiak politika uzteko zure erabakian eragin al du?


Ez, inola ere. Edozein dela hartzen dudan erabakia, hau ez da hauteskundeetan aurkezteko EAko erabakiak eraginda. Gainera, politikan oso beharrezkoa da pertsonak eta kolektiboak berritzea, alderdietan zein instituzioetan. Berriz diot, EAk egin duen aukera legezkoa eta zuzena da.


Unai Ziarreta presidentearen ustez EAJ “lehengo garaietara” itzuli delakoan baztertu du EAk koalizioa.


EAJ alderdi anitza da. Galdetzen badidazu Bilbao, Azkuna edo Ortuzar jaunak itzuli ote diren Ardanzaren garaietara, bada baietz esango dizut. Baina galdetzen badidazu Ibarretxe lehendakaria iragan garaietara itzuli ote den, ezetz esango dizut.


Ibarretxerekin bat egiten duzu erabat.


Dudarik ez. Ibarretxe Gobernuaren programa betetzen saiatu da, Gobernuaren programari leiala izan da.


Herri galdeketa burutu ez izana da zapuzgarriena, agian. Zer balorazio egin duzu egindakoaz?


Espainiako Gobernu batek beste behin ere, kasuon PSOEkoak, Auzitegi Nazionala erabili du Eusko Legebiltzarrak sortutako legea galarazteko. Baina legea eta kontsulta hemen finkatzeko heldu dira, gure planteamendua ez da betiko gelditu debekatua izan delako, inola ere ez. Planteamendua hor dago. Gizartea kontzientziatu da eta berandu baino lehen kontsulta egingo da. Duela 30 urte autonomia aldarrikatu zen eta orain erabakitzeko eskubidea aldarrikatu da. Hau ez da 100 metroko lasterketa, iraupen-lasterketa baizik. Herri honen eskubideen defentsaz ari gara eta lortuko dira.


Auzitegi Nazionala hizpide, nola ikusten dituzu EAEko hurrengo hauteskundeak Alderdien Legea tarteko?


Espainiako Gobernua Alderdien Legea PSOEren interesetarako erabiltzen saiatuko da berriz ere. 2005eko hauteskundeetan EHAKren kasuan egin zuen bezala. EHAKri aurkezten utzi zitzaion baina ez arrazoi demokratikoak direla eta, behar den bezala, EAJ-EA koalizioak lor zezakeen gehiengo osoa oztopatzeko baizik. Orain ere antzekoa egiten saiatuko dira. Ramon Jauregik ezker abertzaleko sektore baten zerrenda zuriek aukera izan dezaketela esan du. Espainiako Gobernua nazionalismo demokratikoak kezkatzen du, aiseago eusten dio ezker abertzaleari nazionalismo instituzionalari baino.

Hauteskundeen ohiko zurrunbiloan segituko dugu, beraz.


Bai. Espetxe politikan hasi dira jadanik: Espainiako Barne ministro Pérez Rubalcabak ETAko hamar preso Euskal Herri inguruko espetxetara aldatuak izango direla esan du, “onak” direlako. Preso batzuen familiak ari dira zigortzen eta beste batzuk saritzen. Espetxe politika mota horrek ez du funtsik. Jokaera horiek arinak eta azalekoak besterik ez dira. Presoa Aljecirasen izan edo Zaragozan izan, preso dago. Ez gaitezen engaina, gatazka ez da Espainiako Gobernua saiatzen ari den bezala konponduko...

(...)


Gatazka politikoa izan den beste herrialdetan espetxe politikak modu ezberdinez funtzionatu du. Irlandan preso guztiak espetxe batean bildu zituzten. Gatazkaz eztabaidatu zuten eta iritzia IRAri helarazi zioten. Hemen hori ez da inoiz posible izan.

Hauteskunde kanpainan gaude honezkero. Itxaron beharko da...


...bai, baina hara! Azken Foru eta Udal hauteskundeen kanpainan Espainiako Gobernua ETArekin bildu zen, ETAk su-etenaren amaieraren iragarpena atzera zezan negoziatzen saiatu zen. Interes elektorala dela medio gauza inportanteekin horrela jokatzea gatazka modu arinez konpondu nahi izatea da, oker dabil arazoa horrela konpontzea espero badu. Arazoak sustrai politikoak ditu eta euskal indar politikoek konpondu behar dute elkarrizketa bidez, herri honek Estatuarekin izan nahi duen harremana akordatu behar dute. Gatazkaren gakoa erabakitzeko eskubidea da. Beste edozein neurri, erreforma estatutarioa edo edozein transferentzia puntual, horiek denak adabakiak dira. Gakoa autodeterminazio eskubidea da.

ETA eta Gobernuaren artean aipatu duzun bilera kontrastatuta al dago?


Noski. Eta kontrastatuta dago ere, sozialistek Loiolan izenpetzeko prest zeuden akordioa.


(...)


Hau da, sozialistek Batasunarekin konpromisoa hartu zuten euskal gizarteak erabakitzeko duen eskubidea ontzat emateko. Baina ez bazen sinatu ez zen izan sozialistek ez zutelako nahi, ETAk Batasunari sinatzea egotzi ziolako baizik. Hori ere kontrastatuta dago.

Loiolaraino egindako lasterketak segida izango al du?


Bai. Pertsonek eta alderdiek egiten duten ibilbidea iristen den punturaino iristen da, aldi batez geratzen da baina egunen batean berriz segitzeko. Geldialdiak daude batzuek bidea oztopatzea nahi dutelako. Baina pertsona horiek ez dira beti hor izango, herri hau aldiz beti izango da eta aurrerago joan nahiko du.


Zer gertatzen zaio ETAri Loiolan sinatu nahi zena ez onartzeko?


Hori ETAri galdetu beharko zaio, ezta? Baita segitu nahi duen bideaz galdetu ere. ETAk ezin du segitu esaten herri honen defentsan ari denik, herri honen gehiengoak ez dela bere jokamoldearekin ados esan dionean. ETAren jarrera autista da eta guztiz kaltegarria herri honentzat. ETA da espainol nazionalismoaren aliatu onena. ETAk eragozten du polo abertzale subirano zale eta autodeterminazioaren aldekoa garatzea.

Ezker abertzaleak egoera gainditzeko polo subiranozalea osatu eta indar metaketa egiteko proposamena egin die alderdi abertzaleei. Aldion EAJ alde batera utziz.


Ezker abertzaleak –edo bere burua horrela izendatzen duenak– badaki argi eta garbi, edozein polo subiranozalea osatzea ezinezkoa dela giza eskubide guztien defentsan aritzeko konpromisoa hartzen ez badu. Ezin da giza eskubide batzuk defendatu, haien urratzeak bere baitan mina eragiten dizutelako, atxilotuen torturak eta presoen dispertsioak esaterako, eta Inazio Uriaren hilketak gauza bera ez eragitea. Giza eskubideak ez dira zatigarriak eta hori barneratzen ez den bitartean edozein akordio mota ezinezkoa da.


ETAk Inazio Uria enpresaria hil ondoren, EAJk ANV Udal gobernutik kentzeko zentsura mozioa aurkeztu nahi du EArekin. Zein da zure iritzia?


Akordioa baldin badago mozioa aurkezteko, ongi etorri. Baina, akordioak herri bakoitzaren egoeraren araberakoa izan behar du. Ez du balio tokian tokiko alderdien arteko harremanak behartzea egoera areago konplikatzeko. Dena den, eta Azpeitiko kasua berezitu gabe, niri zaila egiten zait ulertzea alkate batek herritar baten hilketa ez gaitzestea, baita herri oso baten alkatea bezala ikustea ere.
Juan Carlos I. Espainiako Erregea eta Confebask-en ekitaldia
“Erregeek eta printzeek “beren lurraldeak” markatzeko joera izaten dute. Hartara, aldian-aldian inaugurazioetan edota antzeko ekitaldietan ibiltzen dira lurraldez lurralde. Confebask-ek antolatutako ekitaldia izan da eta neroni gonbidatua. Ez dut onartu gonbita, berau Erregearen Etxearen erabakien eta nahien menpe egina izan delako. Confesbask-ekin ia hamabostean behin biltzen naiz eta orain gutun batean esaten didate DNI delakoarekin joan behar dudala erakunde honek antolatutako ekitaldi batera. Zergatik? Erregea datorrelako? Bada ez. Erregea joan dadila, baina ni ez”.
Kutxa eta BBK-ren arteko fusio zapuztua
PSEko kideen jarrera intelektual pobrea

”Kutxako bozketak –BBKrekin fusioa egiteko– ez du aurrera egin eta PSEko bi kidek txanpainez ospatu dute. Intelektualki oso jarrera pobrea iruditzen zait. Hain da pobrea eta eskasa, ezen ezinezkoa egiten zaidan jende honek herri hau goberna dezakeela pentsatzea. Sozialistek pribatuan onartu dute erakunde finantzarien fusioa behar-beharrezkoa dela konkurrentziari aurre egiteko. Arrazoi alderdikoiak direla medio uko egin diote fusioari eta bereziki fusioaren ardura eta proposamena besteek aurrera eraman dituztelako. Gertatua agintariek eta alderdi politikoek izan dezaketen jarrera txarrenaren adibidea da”.

EAJren inposizioko politikaren ordaina


”EAJk eta EAk hiru kutxen aukera batzeko arrazoiak eta argudioak ondo landu dituzte. Gipuzkoako kasuan CCOOk berak ere fusioa sostengatzeko konpromisoa bere egin zuen. Ados nago batzuetan EAJri egiten zaizkion kritika batzuekin, alegia, EAJk berak alderdi bakarra balitz bezala jokatzeko duen modua kritikatzea. Kutxen fusioen kasuan aldiz, zalantzak ditut. Kritikek ez dute testuinguru horretan balio. Nire inpresioa da”.
Lana eta ekonomia
Emakumeen eta gizonen langabezi maila berdindu ditugu

”Politika sozialean izan dira sail honetako lorpen handienak. Sektore ezegonkorren eta larrien aldeko pentsioa osatzeko azken legea onartu dugu, familien legea. Neurri multzo honetan bitartekoak daude –ahalik eta sendoen– krisi egoerari aurre egiteko. Funtsean pertsona horiek baitira aukera gutxiago dutenak bizimodu duina osatzeko.  Enplegu arloan emakume eta gazteen aldeko planak aurrera atera ditugu legealdian. Denbora luzerako langabetuen enpleguak berreskuratzeko pizgarriak landu dira. Gure lanari eta enpresarien lanari esker, emakumeen eta gizonen langabezi maila berdindu ditugu. Duela hamabi urte bi generoen artean langabeziaren 10-12 puntuko aldea zegoen”.

Krisiak gurean eragingo du, gu ez gara munduan isla bat

”1980ko krisiak baino hobeto harrapatu gaitu oraingo honek. Orduan ez genuen pobreziaren aurkako planik, ez oinarrizko errentarik, ez hiritarren babes planik. Ez genuen enplegu planik ezta kalitatearen pizgarririk. Gaur egun plan sozio-laboralak daude. Krisiak orokorrean eraikuntzan eta automobilgintzan eragin du. Zorionez, sektore horiek txikiak dira gure sistema produktiboan. Aldiz, gure sistema industrialak hobeto eutsiko dio beste leku batzuetan baino. 2009an langabezi tasa %5ekoa izango da gutxi gorabehera, Estatuan berriz %15ekoa. Aldea nabarmena da. Alabaina ez da ona gizarteari gurean krisirik ez dagoela esatea, krisiak gure ekonomian ere eragingo baitu”.
Justizia arloa
Gatazka konpontzeko arriskuak hartu beharra dago

”Justiziari dagokionez arlo teknikoa landu dugu bereziki. Justiziaren modernizazioa eta informatizazioa sustatu ditugu EAEn eta hainbat herrialderentzat erreferenteak gara. Izate honek herrialde askorekin harremana lantzeko aukera erraztu digu. Hego Amerikako hainbat herrialderekin geure esperientzia trukatu dugu batez ere. Esperientzia aberatsa da eta emaitzak berebizikoak.
Gazta politikoa konpondu duten zenbait herrialdeetan aritu gara eta hauxe ikasi dugu: arazoa hemen baino serioago hartu dute, arriskuak hartu dituzte arazoa konpontzeko. Gure kasuan gatazka ez da serioski landu Espainiako gobernu ezberdinen aldetik. Espainiako Gobernua kezkatzen duena –PSOEkoa edo PPkoa izan, honetan ez dago alderik– nazionalismo demokratikoa da. ETArekiko kezka baino gehiago autodeterminazio eskubidea aldarrikapenak kezkatzen du. Errazago eusten diote ETAri, nazionalismo demokratikoari baino”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude