Nigerian ekoiztutako ametsak

  • Hollywood izan zen lehenik AEBetan, Bollywood ondoren Indian, eta Nollywood azkenik, Nigerian. Antzerki tradizionaletik edan, digitalizazioak indartu, eta munduko hirugarren film industriarik handiena da egun; adituen arreta piztu eta gero, nazioartera heltzeko borrokan.
Nollywood
Azkar doa Nigeriako bideo ekoizpena. Oso azkar. Filma bost edo zazpi egunetan grabatu, digitalki editatu, eta kalean da denbora gutxian. Ez zinema aretoetan ikusteko, ordea, VCD formatuan baizik, etxean edo kalean ikusi ahal izateko. Salmentak ere azkarrak izan behar, filma merkatura atera, eta astebete ondoren pirateria masiboak eraginda, nabarmen egiten baitute behera salmentek. Astebeteko tartea dute, horregatik, pelikulek errentagarri izateko. Azkarra baino gehiago, frenetikoa da ekoizpena, industriala. Hortik datorkio izena: Nollywood.

Egunean hiru film erregistratzen dira, eta 1.200 bat film sortu urtean. Ez da harritzekoa, beraz, Chico Ejiro “Mr. Prolific” goitizeneko zuzendaria zortzi urtetan 80 film grabatu dituela esaten entzutea. Munduko hirugarren pelikula ekoizlerik handiena da Nigeriakoa. Urrun dago, halere, Hollywooden irabaziak lortzetik. 200 milioi euro sortzen ditu Nollywoodek urtean, gutxi gora behera, Hollywoodeko film bakar baten kostua. Dirutza da, ordea, Nigeriako egoera ekonomikoa kontuan hartuz gero.

Hamarkadak daramatza industriak martxan, eta urteak dira AEBtako eta Europako ikus-entzunezkoetako adituak fenomenoa aztertzen hasi zirela. Nigeriarrek nigeriarrentzako, kanpo zein barne diru laguntzarik gabe sortutako industria errentagarria. Arreta handiz segitu dute adituek, horregatik. Valentziako zinemagintzari eskainitako Archivos aldizkariak berehala kaleratuko duen fenomenoari buruzko monografikoa, horren adibide.

Onookome Okome Albertako Unibertsitateko irakasleak dioenez antzekoak dira Hollywood eta Nollywood. “Bakoitzak bere gizartean, ametsak saltzen dizkio ametsik gabe bizitzeari beldurra dion jendeari”. Biak, migrazio mugimendu garrantzitsuaren ondorio gisa sortu dira. Europatik AEBrakoa Hollywooden kasuan, herritik hirirakoa Nollywooden kasuan. Antzekoak, baina ezberdinak. Nollywooden historiak erakusten duenez.

Tradizioa eta digitalizazioa

60ko hamarkadan grabatu zuten Ola Balogunek eta Hurbert Ogunek Nigerian lehen pelikula. Arrakasta handirik gabe, ordea, ekoizpen kostu handia zela-eta. Ez zuen segidarik izan, horregatik. Emisiorako biderik ere ez zegoen, gainera, eta hogei urte baino gehiago itxaron behar izan ziren gaur egun Nollywood deitzen dugunaren aurrekariak ezagutzeko; 1980ko hamarkadara arte.

Urte nahasiak izan ziren. Ekonomian beherakada handia egon zen, eta diru faltak zaildu egin zuen zinemagintza. Kaleetan bortizkeria zen nagusi, gainera, eta horrek zaildu egiten zuen jendea zinemara joatea. Bestelako bideak bilatu zituzten horregatik, eta tradizioaren eskutik heldu zen erantzuna.

Historia luzekoa da Yoruba antzerki ibiltaria Nigerian, eta hari segika egin zituen Nollywoodek bere lehen urratsak. Jonathan Haynes Long Islandeko Unibertsitateko irakasleak dioenez, antzerki horiek izan ziren gaur egun Nollywood denaren aurrekariak. Krisiaren eraginez, jende gutxiago hasi zen antzerki horietara joaten, eta antzerkiko zuzendari batzuk emanaldiak bideoan grabatzen hasi ziren, gero jendeari saltzeko asmoz. Lehen urratsak ziren, herritarrek herritarrentzako eginak.

Lagoseko igbo etniako merkatari baten historiarekin eman zuen industriak bigarren urratsa. Milaka VHS erosi zituen Taiwandik, eta denak ezin salduz zebilenez, istorioak grabatzea erabaki zuen, merkatuan errazago salduko zirelakoan. Baita saldu ere: bidea irekita zegoen.

Digitalizazioa izan zen Nollywood sortzeko azken urratsa; ekoizpen kostuak merkatu, kamerak eskuragarriago egin, eta banaketa erraztu egin zen. VHSetatik VCD formatu digitalera egin zen jauzi, eta, diru pixka batekin, edonoren esku jarri zen film bat egitea. 1990eko hamarkadan heldu zen booma, Kenneth Nnebue zuzendariaren Living in Bondage izeneko filmarekin. Lehen arrakasta handia izan zen hori. Gehiago helduko ziren.

Lehen aldiz filmak ingelesez grabatzen hasi ziren orduan, merkatuak bultzatuta, eta yoruba eta igbo hizkuntzetan egindako ekoizpenak emaitza onak eman zituela ikusita. 30 hizkuntzatik gora hitz egiten diren herrialde batean, asko zabaldu zuen hautu horrek produktuen salmenta eremua. Egun, hizkuntza horretan egiten dira filmik gehienak, eta Afrika frankofonorako frantseserako bikoizketak ere prestatzen dira, maiz. Kongon, aldiz, soinua jaitsita emititzen dira, aktore batek istorioa Lingala edo beste hizkuntza batean kontatzen duen bitartean.

Kuriositatea izatetik, nazioartera

Moradewun A. Adejunmobi Kaliforniako Unibertsitateko irakasleak dioenez, “zinemaren zirkuitu hedatu eta sendorik ez duen herrialdea” da Nigeria, eta horregatik izan da posible Nollywood bezalako fenomeno bat sortzea. Egun, oraindik ere, etxeko gailuetan, horretarako prestatutako eskoletako geletan, edo, txiroenek, kaleko bideoklubetako erakusleihoetan ikusten dituzte filmak.

2000. urtetik aurrera hasi zen Nigeriako bideogintza herrialdeko mugak gainditzen. Orduan hasi ziren lehen filmak nazioarteko afrikar zinemari eskainitako jaialdietan agertzen. Industriari buruzko dokumentalak ere mende berrian hasi dira hedatzen. Datorren urteko AEBko Sundance zinema jaialdi sonatuan parte hartuko duten Ben Addelman eta Samir Mallal zuzendarien Nollywood Babylon da azkena.

Okomek salatu duenez, orain arte “kuriositatetzat” jo dute europarrek eta estatubatuarrek Nigeriako bideogintza, errespetu falta erakutsiz. Gero eta pisu gehiago du, ordea, eta gero eta kalitate hobea ari dira lortzen. Jonathan Haynesek dioenez, “handiegia da fenomenoa jadanik munduaren arretarik ez pizteko. Gelditzeko asmoz etorri da Nollywood nazioartera”.
Jaume Peris, ikus-entzunezkoetan aditua
Jaume Peris: «Afrikako gizarte urbanoaren arazoei emandako erantzun kulturala da Nollywood»
Ikus-entzunezkoetan aditua da Jaume Peris. Bi urtez bizi izan da Madagaskarren eta gertutik ezagutu du Afrikako zinema kontsumoa. Baita Nigeriakoa aztertu ere, berehala argitaratuko den Valentziako Archivos aldizkarirako prestatutako artikuluan.

Nollywood izen egokia iruditzen al zaizu Nigeriako bideogintzaz aritzeko?


Ekoizpenaren industrialtasunari egiten dio erreferentzia, Hollywoodekin, eta batez ere, Bollywoodekin lotuz. Zentzu horretan, etiketa burutsua da eta fenomenoa ezagutarazten lagundu du. Egia da, bestalde, izen horren atzean aniztasun handia ezkutatzen dela, eta baita Nigeriako bideoen berezitasuna ere, AEBko eta Indiakoarekin alderatuta.

Nigeriako filmak aukeratzen ditu Afrikako ikusleak, besteen aurretik.


Ikusle afrikarrek errazago egiten dute bat pelikula hauetan ageri diren gatazkekin, Hollywoodekoekin baino. Oso desberdin jotzen du batak eta besteak ikuslearengana. Bortizki egiten dute Nollywoodekoek; muntaia zakarrak, errepikakorrak, oihu eta borroka mordoa... Ikuslearen kontzientzia eta begia kolpatu nahi izaten dute. Kolpe bisualak pilatzeko joera du. Zinema amerikarrean narratibotasuna gailentzen da, ordea, kolpe horien gainetik. Nigeriako gizarte urbanoekin bat doa Nollywood.

Zergatik diozu hori?


Lagosen kalera ateratzean, zentzumenentzako estimulu oso bortitzei egin behar izaten zaie aurre. Gain-kitzikatutako subjektuei mintzo zaizkie filmak. Horregatik hartzen dute hobeki Nollywoodeko estetika bortitza, Hollywoodeko estetika estilizatua baino.


Beste errealismo bat aurkezten dutela diozu zure ikerketan.


Errealitate sozialaren argazki sinesgarriak dira filmak, funtsean. Hala ekoizten dira, eta hala kontsumitzen dira. Mendebaldeko ikuslearentzako guztiz sinesgaitzak dira, baina ez Nigeriako ikuslearentzat, harentzako erretratu errealista osatzen du kontatutakoak, haren munduaren azalpen ereduekin bat egiten duelako.

Adibide bat?


Egoera misteriotsu bat sorginkeriaren ondorio gisa aurkez liteke filmetan, sinesgarritasuna eta egiantzekotasuna inondik inora urratu gabe, azalpen guztiz ulergarria baita ikuslearentzat.


Zergatik Nigeria eta Ghanako bideogintzaren booma?


Nire ikuspuntutik, gizarte urbano berrien arazoei emandako erantzun kulturala da. Nigeriako gizarteak, eta Afrikakoak, oro har, modernitatearen krisia bizi du egun, herritik hirietarako migrazioak zeharo aldatu baititu Afrikako erreferentzia, kode eta balore sistemak. Ez dira zaharrak atzean utzi, gatazkan sartu dira beste kode eta balore batzuekin. Nigeriako gizarteak, beraz, prozesu horrek sortzen dituen ezinegon, beldur eta itxaropen horiek bideratuko dituen kontakizunak eta irudiak behar ditu. Nollywoodek eskala industrialera eraman du behar hau.

Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak, jakina, turismoari estuki lotuak: Hard Rock aisialdi... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude