«Iraultza dator»

  • Amonak, gizon famatu bat ikusten duen bakoitzean, hasperen egin, eta esaten du: “Nolako emakumea ote dago halako gizonaren atzean?”. Luzitzen den guztiak behar baitu oinarria, erritmoa: baxua.
Mikel Irazoki
Ainhize Irazoki

Google-en “Mikel Irazoki” idatziz gero, izen handiko abeslarien itzalean agertzen zara. Itzal horrek babestu egiten zaitu ala argia kentzen dizu?


Ez naiz foku zalea, eta egiten dudan lana kontuan hartuta, ona da izen horien atzean egotea. Nire musika egitea ere gustatzen zait, eta egiten dut, baina ez daukat mundu guztiarengana iristeko beharrik. Gauzatxoak egiten ditut, eta Interneten eskegita daude. Dena den, nire lanean asko gozatzen dut: askatasuna ematen dit moldaketak egiteko, musikariak hautatzeko...

Noiz esan zenuen aurreneko aldiz “musikaria naiz”?


Uste dut oraindik ez dudala sekula esan... Baina txikitatik da nire parte. Aita eta anaia ere musikariak dira, eta etxea musikaz beteta egon da beti. Goraino. Musika-tresna bat jo nuen aurreneko aldian hiru urte nituen: aitaren txarangan izan zen, turuta bat zuen tronpeta jo nuen. Lau urterekin kaxa... Bostekin... Eta gaur arte, gelditu gabe.


Zer dauka Berak hainbeste musikari emateko?


Ez dakit, baina beti egon da zaletasuna eta horretara jarritako jende asko. Umetan denok jotzen genuen eskusoinua, txistua edo musika-tresna tradizionalen bat. Eta musika eskola ere hor dago. Iaz ikasturte amaierarako jaialdira joan nintzen eta harrituta gelditu nintzen: zenbat jende! Beran mundu guztiak jotzen du zerbait.


M-ak eta Bizkar Hezurra alde batean eta Miguel Bosé, Ana Torroja eta David Bisbal, bestean. Nola egiten da tarteko zubia?


Halaxe etorri da, ez naiz bila joan. Lehen Euskal Herrian aritzen nintzen, aipatu dituzun talde horietan eta abeslariei laguntzen ere bai: Anje Duhalderekin, Garirekin, Juan Carlos Perezekin... 1993an Txetxo Bengoetxearekin jotzen hasi nintzen 21 japonesas taldean. Txetxok Madrilgo bulego batean lan egiten zuen eta, hain justu, bulego horrek dauka Miguelen eta Anaren ardura ere. Hortxe hasi nintzen muturra sartzen. Baina Txetxorekin lan egin nuenetik Miguel Bosérekin lan egiteko deitu zidaten arte zazpi edo zortzi urte igaro ziren. Dena den, nire burua ezagutzera emateko aukera eman zidan, eta baita Luz Casalekin, Suso Saizekin eta beste batzuekin lan egiteko parada ere.


Entzule kopuruaz eta diru-sariaz gain, zer gehiago aldatzen da talde txiki batean jotzetik erraldoi horiekin jotzera?


Ez dago itzalik gabeko argirik. Maitasun handiz gogoratzen dut M-aken eta Bizkar Hezurraren garaia, kristorena zen. Oraingoa ezberdina da. Ardura gehiago dauzkat nire gain, baina baita bitarteko gehiago ere: ekipo onak, teknikari eta musikari onak... Azken batean, enpresa bat da. Xehetasunik txikiena ere aurrez prestatuta dago eta horrek goi mailako ikuskizunak egiteko aukera ematen du. Lan karga ere handia da: begirik bildu gabeko egunak igaro ditugu programatzen, nahasketak egiten... Zuzeneko disko baterako bezala egiten da lan, eta gero halakoxea da emaitza. Talde txikiek ez daukate horretarako denborarik eta bitartekorik: ez dute beti ekipo berarekin jotzen, teknikariak ere aldatu egiten dira... Gure lan-taldea finkoa da; berberak gara hasieratik amaierara, eta lau urte daramatzagu elkarrekin lanean: ingeniariak, kanpoko soinukoak, barruko soinukoak, argietakoak. Elkarren herrenak ezagutzen ditugu eta denok norabide berean goaz. Handia da hori.


Artistekin ala artistentzat jotzen duzu?


Galdera ona. Niretzat planteamendua berbera da beti: proiektu batean parte hartzea erabakitzen dudan momentutik, izan Bisbalekin, Miguelekin nahiz Anjerekin, “bai” esaten dudan momentutik dena ematen dut. Nik lagundu egiten diot artistari. Abeslariari babesa ematea da nire lana, eroso eta seguru kanta dezan oinarri sendo bat eskaintzea, adierazi nahi duen horri tranpolina jartzea. Oinarria jarri behar dugu guk, artista luzitu dadin.


Izen handien atzean artista handiak daude beti?


Bai, jakina. Inor ez dago kasualitate hutsez. Urtebete egon zaitezke kasualitatez, baina esateko ezer ez badaukazu, benetako dohainik ez badaukazu, adierazteko modu propiorik ez badaukazu, alferrik izango duzu munduko aurpegirik politena.

David Bisbal Operación Triunfoko produktu gisa ezagutu dugu. Luzeagoa da Miguel Boséren eta Ana Torrojaren ibilbidea. Haiekin lan egitean, alderik nabari da?


Bisbalen bigarren biran egin nuen lan, eta tipoa langile nekaezina da. 85 kontzertu egin genituen lau hilabetean, eta gauero dena ematen zuen. Egiten duena benetan sinesten du, presentzia handia du, power ikaragarria. Nik errespetu handia diot, gustura lan egin nuen berarekin. Anak eta Miguelek bide luzea dute atzetik, eta bideak beste patxada bat ematen du, gauzak beste era batera hartzeko lasaitasuna eta konfiantza. Baina taula gainean ez da ezer aldatzen: inporta duena komunikatzea da, eta horretan paregabeak dira hirurak.


Zein da hedabideen papera musikari dagokionez?


Saldu nahi dena promozionatzen da, eta hedabideek ere tartaren zati bat jan nahi dute. Horregatik, artista batek hedabide jakin batekin tratua egiten badu gehiago jarriko dute. Azkarregi bizi gara, musikan ere bai. Telebistan agertzen diren artistak enpatxura arte errepikatzen dituzte, bonbardatu egiten dituzte, eta espektatibak bete ezean, ahanzturara kondenatzen dituzte. Lehen apustu handiagoak egiten ziren: bost edo hamar urterako kontratuak, artistak poliki-poliki hazten joan zitezen. Abeslarien ibilbidea babesten zen. Orain ibilbideak bost axola: irudia saltzen da. Orain ez zaio musikari eta alderdi artistikoari behar besteko baliorik ematen. Ia dena marketina da.



“Nik ez dut musikatik bizi nahi”. Askotan entzuten diegu gure musikariei. Sinesten al duzu?


Musikarekin bizitzea da kontua, ez musikatik bizitzea. Musikaren munduan zaude, eta egiten duzunak bizitzeko ematen badizu, bikain. Ni orain ezin hobeto nago: urteak daramatzat jende garrantzitsuarekin lanean eta gustatzen zaidana egiteko askatasun handiarekin. Baina bihar edo etzi hau amaituko balitz, ez nuke arazorik izango hona etorri, hemen jotzen jarraitu eta beste zerbaitetan lanean hasteko. Ez daukat arazorik musikatik bizitzeko, musikatik ez bizitzeko ere ez. Baina uste dut musikari guztien ametsa dela denbora guztia musikari eskaini ahal izatea.


Boséren zuzendari musikala zara. Zein da zure lana?


Artistak bira bakoitzean esan nahi duen horri musika jartzea. Lehenbizi, berarekin bildu eta zer soinu mota nahi duen entzuten dut, zer moldaketa mota nahi dituen; ez noren antza izan nahi duen, baina bai erreferentzia batzuk. Horren arabera, zer talde osatuko dugun erabakitzen dugu: bateria, baxua, pianoa, gitarra bat ala bi, korurik bai ala ez... Ondoren, etxean sartuta, moldaketak egiten eta musika-tresna bakoitzak zer joko duen erabakitzen hasten naiz. Programatu ere egiten dut: klaketa baten gainean grabaturiko soinuak eramaten ditugu, eta hori prestatzeak lan handia ematen du. Hori amaitzean, entseguak: “zuk hau joko duzu, zu hemen isilduko zara...”. Eta denak etxera doazenean, programatzen jarraitzen dut! Lana da, baina asko jasotzen dut bueltan. Gainera, Anak eta Miguelek askatasuna ematen didate, eta musika neure egiten uzten didate. Ez dira nire kantuak, baina kantuak zuzenean entzuten direnean, asko daukate niretik.


Psikologia aipatzea ahaztu zaizu. Hainbeste artista, bakoitza bere egoarekin...


Arrazoi! Jendea pozik mantendu behar da, eta horretarako entzuten jakin behar da. Batzuetan aita papera egitea tokatzen zait, anaiarena bestetan. Neskalagunarena ez, baina ia-ia! Garrantzitsua da taldetik gertu egotea. Eta askotan, bitartekari lana egin behar da: arazo bat dagoenean ardura zeure gain hartu. Jendeari ahalik eta pisu gehiena kendu behar zaio, kezkarik gabe eta pozik jo dezan.


Zer abantaila eta muga ditu Euskal Herrian musikari izateak?


Hemen ere mugimendu handia dago, talde asko daude, baina, tira, merkatua handiagoa da kanpoan; hau herri txikia da eta ez du maniobra tarte handirik uzten. Kanpoan ere garai zailak dira, purrustada berberak entzuten dira Bartzelonan eta Madrilen ere: “Ez dago bolorik, ez dago sosik”, baina, zalantzarik gabe, leku gehiago dago.

Euskal Herrian hasi zinen, baina batetik bestera zabiltza gaur egun. Ikuspegi horretatik, nola ikusten duzu euskal musikaren egoera?


Asko gustatzen zaizkidan gauzak entzuten ditut. Gure eskualdean proposamen interesgarri asko egiten dira: hor daude Borrokan eta Sexty sexers, hor dago Xabi Erkizia ere bere kreazio alternatibo eta martzianoekin... Ez du betikoa egiten, eta poztekoa da hori, ze, hemengo irratia piztu eta, joder, orain hamar urteko musika bera jartzen dute! Bi alderdi daude: batetik, batere arriskurik hartzen ez duen alderdi hori eta, bestetik, aipatutako artista horiek, gauza berriekin ausartzen direnak. Banda asko daude, baina babes handiagoa behar lukete, errespetu handiagoa.


Musika krisian dagoela diote, baina krisian dagoena ez al da musikaren inguruan antolatu den negozioa?


Zalantzarik gabe. Diskoetxeak dira kontu honetako aprobetxategiak, eta haiek dira krisia hitzean-hitzean aipatzen dutenak, orain galtzeko gehien dutenak baitira. Noizbait gertatu behar zen. Musika ez da geldituko: nahikoa da gitarra bat, mikro bat eta egindakoa Interneten zintzilikatzeko ordenagailu bat. Baina diskoetxeek gero eta gutxiago inbertitzen dute, eta desagertzera egingo dutelakoan nago. Desagertu daitezela behingoan, eta azalduko dira beste bitarteko batzuk! Apple-en Itunes denda, esaterako. Bertan euro baten truke erosten dira abestiak, edonoren esku dago hori. Interneti esker lehen baino musika gehiago entzuten dela uste dut. Arazoa da salmenta bideak dauden bezala daudela, eta diruak beste nonbaitetik etorri behar duela. Agian, musika argitaratzearen funtzio behinena gero zuzenean jo ahal izatea da. Iraultza dator.


Eta iraultzaren aurrean nola ari dira moldatzen diskoetxeak?


Ez daukat horiekin harreman handirik, zuzenekoaz arduratzen bainaiz batez ere. Baina aberastu nahian jarraitzen dute, ahalik eta inbertsio txikiena eginez, gainera. Lehen, disko bat grabatzeko aurrekontu majoa izaten zen: estudio ona, nahikoa denbora, musikariak kontratatzeko dirua... Orain iturria ixten dute, alde guztietatik.


Teknologia berrien aurrean dardarka daude.


Askotan entzun dut: “Disko baten truke 20 euro ordaindu behar dira eta, zertarako? Diskoetxekoak aberasteko? Berez, ez du hainbeste balio!” eta neurri batean arrazoi dute. Noski, jendea aspertu egin da eta esan du: “Doazela popatik!”. Tarteko irtenbideren bat bilatu behar litzateke: kontsumitzaileari ezin zaio dirutza eskatu, baina nolabait arautu behar litzateke Internetekoa ere. Ondo iruditzen zait kanta bakoitzeko euro bat eskatzea, hala, norberak erabaki dezake zer erosi. Arautzea garrantzitsua da, ez betikoek patrikak bete ditzaten, etorkizunean ere musika egitea posible izan dadin baizik.


Patrikak betetzeaz ari garenez, SGAEk autoreen eskubideak babesten ditu ala aberastu egiten da haien lepotik?


Hori ere bai. Baina eskubideak nolabait babestu behar dira. Ez dakit SGAE den erakunderik egokiena, ez baitago besterik, eta ez dakit oraingo metodoa den horretarako egokiena, segur aski ez. Aitortu dadila lanak norenak diren, eta horrek dirurik ematen badu, autorearentzat izan dadila, ez beste inorentzat.


Gure inguruan gero eta ohikoagoak dira jaialdi erraldoiak eta makrokontzertuak. Onik egiten al diote musikari?


Ni ezezkoan nago. Makrokontzertu horietan 20-30 talde entzungo dituzu asteburu batean, baina ez dituzu berezko eszenografiarekin, berezko muntaiarekin eta soinuarekin entzungo. Nik nahiago talde bakoitzaren eskaintza bere osotasunean ikusi. Akaso, punta-puntan ez dauden taldeentzat izan daitezke mesedegarri makrokontzertuak: promozionatzeko.


Asko izan dira eskenatokietara itzuli diren talde mitikoak. Zakur zaharrek ez al diete berriei lekurik kentzen?


Bai. Inork ez du arriskurik hartzen, uzta segurua denean bakarrik inbertitzen da. Alde batetik, ondo dago, orokorrean oso errespetu gutxi baitzaio musikarien ibilbideari, karrerari. Beste herrialde batzuetan hori ez da hala: Frantzian, Ingalaterran edo Mexikon, adibidez, bestelako errespetua diote musikarien ibilbide osoari. Espainiako Estatuan, ez. “Badator betikoa betikoarekin”, esaten da. Non gelditzen da artisten karrera, garapena, koherentzia? Idazleek gero eta hobeto idazten duten bezala, gero eta hobeto jotzen dute musikariek, gero eta hobeto abesten abeslariek. Hemen, adin batetik aurrera, zaharregia zara. Jazzean ez da berdin gertatzen, errespetua zaio adinari, baina popean azkar jubilatzen dute jendea!

Nola garatu da musikarekiko duzun jarrera urte hauetan guztietan?


Gero eta indar handiagoa jartzen dut nire lanean. Seriotasun eta pasio handiarekin lan egin izan dut beti, musikak zoratu egiten bainau, baina gero eta barrurago bizi dut, lanean igartzen dut. Etxean lanean ari naizela “ene, 12 ordu pasatu dira eta ez dut deus ere jan!”, esaten diot neure buruari. Badakit lana eta beste guztia bereizten, baina zailagoa da pasioak pizten dizkizun lan batetatik deskonektatzea. Dena den, deskonektatzen jakin ezean, galduta zaude.


Berriro Euskal Herrian lan egiteko gogorik bai?


Jakina, egoerak hala aginduta baino ez dut utzi, lan askorekin nabilelako. Baina ni hemen bizi naiz, Beran. Hemen ekoiztea gustatuko litzaidake, baita jotzea ere. Madrilen bitarteko gehiago daude, baina artea leku guztietan dago. Artea dagoen lekuan, ni, gustura.
Nortasun agiria
Mikel Irazoki baxu-jotzailea 1969an sortu zen Beran. Musikak marrazten du bere bizitzako marra kronologikoa: 5 urterekin atabala jotzen zuen; gero, eskusoinua; M-ak eta Bizkar Hezurra taldeetan jo zuen, baita Anje Duhalderekin, Garirekin eta Juan Carlos Perezekin ere. Ondoren, Ana Torrojarekin, Luz Casalekin eta David Bisbalekin aritu zen, besteak beste, eta, gaur egun, Miguel Boséren zuzendari musikala da.
Euskaraz abestea
“Hemendik kanpora atera nahi baduzu, euskaraz abestea muga da. Kepa Junkerak egin duena esperimentu interesgarria da, euskaraz ez dakiten hainbat abeslari euskaraz kantari jartzea. Segur aski jende asko hurbilduko da diskora eta euskarara izen handi horiek erakarrita. Dena den, euskara muga izate horrek asko du aurreiritzitik ere: zenbat jende dago musika ingelesez entzun eta tutik ulertzen ez duena? Gainera, euskal talde bat gazteleraz abesten hasten bada, inork ez dio merkatu berrian arrakastarik bermatzen. Nik musikan sinesten dut, mezuan, eta ez horrenbeste mezua helarazteko erabilitako hizkuntzan”.
Moldatu ala hil
“Taldeak egoera berrira moldatu beharko dira: aldaketak egokitzea eskatzen du. Iraultzetan beti dago bidean gelditzen den jendea, baina benetan musikaria denak ez dio egoera aldatu delako musikari izateari utziko”.
Azken hitza
Zuzenekoa
“Zerbaitek iraungo badu, zuzenekoak iraungo du. Kontzertuak salbatuko dira. Orain krisian gaude, baina zuzenekoa ez da desagertuko. Beraz, kontzertuak lortzeaz arduratzen diren managerrek lanean jarraituko dute, nik uste”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude