Prest gaude eraldaketarako?

  • Ez genuen haren behar handirik, baina hemen da Lurreko Telebista Digitala. Abantailaz betea, buruhausterik ere sortzen ari da. Eta batik bat, iraultza ekarriko du telebistara. Iraultza isila eta geldoa agian, baina handia. Itzalaldiaren ostean, ezer ez da berdin izango.
Telebista digitala
Dani Blanco

Telebista digitala ez zaigu guztiz arrotza. Urteak dira satelite bidezkoa ezagun dugula; ez hainbeste, gurean, kable bidezkoa. Orain, urte gutxiko prozesu azkar batean, beste sistema bat datorkigu: Lurreko Telebista Digitala (LTD). Hau da, ohiko uhina ohiko antena bidez zabaldua, baina teknologia digitala aplikatuz. Gaur egun ia etxe guztietan dagoen telebista analogiko arruntarekin alderatuta, LTDak hainbat abantaila du: kate gehiago ikusteko aukera, eta irudi eta soinu hobeak, besteak beste. Berez, kableak eskaintzen du kalitaterik handiena, baina LTDa bultzatu da. Badira hainbat arrazoi horretarako; esaterako, kablea instalatzeko arazoak orografia latza duten herrialdeetan, baina alde horretatik LTDak ere ematen ditu buruhauste franko satelitearekin konparatuta. Bada beste sistema berriago bat, ADSL bidezkoa, oraingoz ez oso zabaldua baina adituen esanetan besteak baino hobea. Zergatik orduan LTDa?

Arrazoi nagusiak ez dauka zerikusirik ikusleen eskariekin edo telebista kateen nahiekin. Askoz praktikoagoa da: espektro erradioelektrikoa ez da infinitua. Aitzitik, ondasun urria da, eta teknologia digitalak ondasun hori optimizatzeko aukera eskaintzen du. Ohiko sistema analogikoan kanal bat sartzen den lekuan, sistema digitalari esker lau inguru sar daitezke. Horrek eragin du Europa osoan, eta munduko gainerako herrialde aberatsetan, LTDa bultzatzea azken hamarkadan. Gainerakoak, pobreak, motelago dabiltza, baina luze gabe iritsiko zaie txanda. Jakina, digitala ezartzeak analogikoa kentzea dakar. Espektroan “lekua” utzi behar da.

Europako dozena erdi herrialde txikik burututa dute dagoeneko itzalaldi analogikoa. Gainerakoak datozen lauzpabost urteetan iritsiko dira helmugara. Euskal Herrian data bi ditugu: 2010eko apirilaren 3a Hegoaldean eta 2011ko azaroaren 30a Iparraldean. Hortik aurrera ezin izango dugu, nork bere aldean, telebista analogikoa ikusi.

Itzalaldia eta gero zer?

LTDa unibertsal bihurtzeak hainbat arlotan eragingo dio telebistarekin dugun harremanari. Batetik, edukiak berriz diseinatzera behartuko ditu kateak, nahiz eta ez dagoen guztiz argi nola. Baina modu batean edo bestean, gaur egungo ereduarenak egin du; Espainiako telebista kontsumitzaile elkarte nagusiek ez dute zalantzarik horretaz. “Kate jeneralista handien negozio eredua desagertu egingo da”, dio Alejandro Peralesek, Komunikazioaren Erabiltzaileen Elkarteko (AUC) presidenteak; “gaur ikusleak saltzeaz bizi dira baina hori agortu egingo zaie LTDarekin”. Norbaitek gogoan badu “hainbeste segundoko iragarkiak hainbeste balio du” leloa, ahantz dezala. XXI. mendean, iragarleekiko tratuak beste era batez egiten dituzte telebista operadoreek: nik bermatu egiten dut ikusle kopuru jakin bat egongo dela telebista aurrean zure iragarkia ematen den unean, eta zuk hainbeste ordaindu behar didazu trukean. Horrek esplikatzen du audientzia guduaren garrantzia. Baina LTDak audientzia handiak hautsiko ditu, eskaintza askoz zabalagoa izango baita. Nekez lortuko du inork bi edo hiru milioi ikusle erakartzea, programa beraren aurrean.

Parrilla kontzeptu bera desagertuko da, Peralesen ustez. “Oraingo parrillak sintagmatikoak dira: saio batek bestera eramaten zaitu, modu logikoan. Baina LTDarekin programazioa askoz likidoagoa izango da, ez da egongo ordutegi finkoen hain menpe. Ikuslego tradizional bat egongo da oraindik, eta kate batzuk egongo dira horientzat, baina oro har, uste dut jende gehienak Interneten antzeko unibertso batera joko duela, zer eta noiz ikusi erabakitzeko askoz aukera gehiagorekin”.

Kateen indarra, analogikora bideratuta oraindik

Orain simulcast aroan gaude. Analogikoa ez da desagertu, baina digitala ikus daiteke jadanik. Euskal Herrian, bai Iparraldean bai Hegoaldean, 2005ean hasi zen LTD bidezko emisioa, legediak behartuta. Analogikoan ikus daitezkeen telebista jeneralistek badituzte kanal digitalak beraz. Horrek aztarna ona eman liezaguke aro digitalean ikusi ahal izango denari buruz, baina ez da fidatzea komeni. Gaur gaurkoz, LTDa ikusi ezin dezakeen jende gehiegi dago oraindik. Negozioak analogikoan segitzen du, eta ahalegin gehienak horretara bideratuta daude. Hasieran, kanal digitala irekitzera behartu zituztenean, Espainiako telebista jeneralista gehienek analogikoan zuten programazio bera emititzen hasi ziren. Geroago, Madrilgo Gobernuak akuilatuta, kate berri batzuk sortu zituzten, baina momentuz, horietan ikus daitekeena ez da oso erakargarria.

“Nire iritziz, kate handiak ez dira oraindik jabetu itzalaldi analogikoaren ostean gertuko den iraultzaz”, adierazi du Maribel Martinez nafarrak. Martinez FIATYR ikusle elkarteen federazioko bozeramalea da. Haren aburuz, saio bakar batek atxiki dezakeen audientzia gero eta txikiagoa da. Dagoeneko hasita dagoen prozesua da, baina negozioa publizitate salmentan oinarritzen duten kate pribatu handiek, itxuraz, nahiago dute entzungorrarena egiten jarraitu. Ezin izango diote jarrera horri luzaz eutsi ordea.

LTDak nola eragingo dio programazioari?

Espezializazioa izango da gakoa. Publizitate salmenta handirik ezean, kateek beste nonbait bilatu beharko dituzte irabaziak. Bilakabide logikoena kanal tematikoak sortzea izango da, honezkero satelite eta kable bidezkoan indarrean dagoen ereduari jarraiki. Eta horietan bezala, kanalak ordainpekoak izango dira.

Hori litzateke logikoena, bai, baina badira oztopo batzuk. Espainian, orain dela hiru urteko Errege Dekretu batek dio LTDa dohainik ikusi ahal izango dela. Dekretuak atea zabalik uzten du ordainpeko formulak ere sortzeko, baina bidea gehiegi zehaztu gabe. Besteak beste, gobernuak bere gain hartzen du aukera hori aztertzeko konpromisoa, baldin eta kateak ados badaude gaiaren inguruan. Momentuz, ez da lortu adostasun hori. Kate pribatuek argi daukate etorkizuna ordainpekoa izango dela, baina ez dira ados jartzen urratsa egiteko une egokiaz. Merkataritza estrategiak daude tartean. Ordainpeko telebistak produktu salgarriak behar ditu, ikusleak bereganatuko baditu. Eta produktu salgarriak bi dira batez ere: zinema eta futbola. Zinema denen eskura dagoenez, futbola eskuratzeko borroka da gakoa. Hala, La Sextak, esaterako, etorkizunean ordainpeko kate bihurtzean oinarritu du bere negozio estrategia osoa. Horretarako, ondo lotu ditu futbol emanaldiak. Baina legedia du oztopo, eta beste kate batzuek, lasterketa horretan hain ondo kokatuta ez daudenek alegia, ez dute ahalegin berezirik egingo status quo hori alda dadin.

Futbola eta zinema aipatu ditugu. Eta gainerakoak? Zer gertatuko beste saio mota tradizional batzuekin, lehiaketekin esaterako? Itxuraz, ez dirudi harpidetza bat ordaintzeko bezain saio erakargarriak direnik. Baina kateek nekez eutsiko diote horien doako emisioari, ikusle kopurua amiltzen bada. Iragarleak ez dira ergelak. Gauzak horrela, ikusle elkarteek kalitatezko programazioaren aldeko apustua egiteko eskatzen diete kateei, baina esperantza handirik gabe. Giltzarria telebista publikoa izan daiteke. “Aro digitalean kalitatezko eta doako programazioa ikusi ahal izateko bermea telebista publikoa izan behar da”, uste du Alejandro Peralesek.

Telebistarekiko harreman berria

Bada beste negozio bide bat: telebista bidezko salmenta. Ez nahastu teledenda gogaikarriekin; hau beste zerbait da. Telebista erosketak egiteko kanal handia izango dela uste du AUCko presidenteak. Eguneroko erosketez zein bestelakoez ari da Perales. “Saio oso bat bihur daiteke publizitate-euskarri. Pelikula bat ikusi eta aukera edukiko dut une berean protagonistak daraman jantzia erosteko. Edo nire gustuko zaletasunari buruzko programa ikusten nagoela, etengabe izango dut aukera zaletasun horrekin zerikusia duten produktuak erosteko”. Interneteko bannerren antzera, baina abantaila batekin: jende askok du Internet, telebista denok.

Horrelako aukerak eta askoz gehiago eskainiko ditu LTDak, teknologia digitalak ekarriko duen berrikuntza nagusiari esker: interakzioa. Telebistako botoia sakatzean telebista baino zerbait gehiago piztuko dugu, LTDa ezarrita dagoenean. Peralesek dio Internet eta telebistaren arteko bereizketa ere desagertuko dela, bietan antzeko zerbitzuak topatuko ditugu eta. Informazioren Gizartean, terminalez hitz egitea izango da egokiena. Bi motatakoak, argitu du Peralesek, finkoak eta mugikorrak. “Eta finkoa berdin izango da ordenagailua zein telebista aparatua. Muga horiek azkar lausotuko dira”. Eta lausotzen ari: Frantzian, urtea amaitu baino lehenago, LTDko –frantsesez telebista numerikoa esaten zaio– kateak ordenagailuan ikustea ahalbidetuko duen USB gailua komertzializatuko dute.

Baina etorkizun hori ez zaigu bete-betean itzalaldi analogikoarekin batera helduko, beranduago baizik. Hobeto azaltzeko, begiratu diezaiogun LTDa ezartzeko prozesu osoaren bilakabideari.

Itzalaldiranzko bidea

Itzalaldia eman ahal izateko, hiru baldintza bete behar dira. Batetik, seinalea hedatu behar da, eta horretarako gaurko transmisio-sistemetan aldaketak egin behar dira. Telebista operadore bakoitza arduratu behar da horretaz, gastuak bere patrikatik ordainduz. Espainian, legeak ezarritako helburua da itzalaldi analogikoaren egunerako biztanleen %98ak telebista publikoen seinalea jaso ahal izatea, eta %96ak pribatuena. Momentuz, Madrilek ezarritako epeak aise betetzen ari dira eta ez dirudi arazo handirik egongo denik.

Bigarrenik, etxeek egokituta egon behar dute LTDa hartzeko. Baina arazo bat dago: biztanleriaren %80 eraikin komunitarioetan bizi da, eta horrelakoetan bizilagun guztien adostasuna behar da antena egokitzeko. Egokitze prozesua, gainera, ez da pare bat egunekoa. Baina gauzak motel doaz. FENITELek, Telekomunikazio Instalatzaile Federazioak, ohartarazi du gauzak azkartu ezean ezarritako epea betetzea ezinezkoa izan litekeela. Hau idazteko unean, Espainiako eraikin komunitarioen %60 inguruk dauka egokitzapena eginda.

Hirugarren baldintza nork bere etxean LTDa ikusi ahal izatea da. Aukera bi daude: aparatu berria erosi, edo zaharrari dekodifikatzailea erantsi. Hemen ere arazoak. AUCk LTDa jasotzeko balio ez duten aparatu gehiegitxo saltzen ari zela salatu zuen aurtengo udaberrian. 78.000, otsailean. Frantzian, berriz, martxotik debekatuta dago halakorik saltzea, itzalaldia Espainian baino beranduago egingo den arren.

Jesus Casadok, ASIMELEC –ikus-entzunezko teknologia fabrikatzaileen patronala– erakundeko kideak, ukatu egin du alde horretatik arazoa dagoenik. “Une honetan, LTDa ikusteko balio ez duen aparatu kopuru txikia saltzen ari da, eta gainera gailu txikiak dira beti, sukaldean jartzeko erosten direnak, ez etxeko telebista nagusiak. Martxotik, saltzen diren telebista handien %97 LTDrako egokituta dago”.

Egokituta bai, baina ez zeharo. Esan dugunez, interaktibitatea izango da LTDak ekarriko digun berrikuntzarik handiena. Baina horretaz gozatzeko ezinbestekoa da telebista aparatuak edo dekodifikatzaileak MHP izeneko teknologiaz hornituta egotea, eta gaur egun Espainiako Estatuan saltzen diren gehienek, ia guztiek ez esatearren, ez daukate. Fabrikatzaileek ez dituzte MHPdun gailuak ekoitzi nahi, telebista kateek ez dutelako interaktibitate zerbitzurik eskaintzen, eta erosleek uko egiten diotelako 100 euro gehiago ordaintzeari ezer gutxirako balio dien zerbitzu baten truke. Kateek kontrako argudioa darabilte: zertarako zerbitzuok garatu, behar den teknologia merkaturatzen ez bada? Ez dago garbi nola askatuko den gurpil-zoroa, baina Jesus Casadok ez du zalantzarik: “Interakzioaren nahiz LTDaren bestelako balio erantsien bultzatzaile nagusiak telebista publikoak izan behar dira”.

Ondorioa: eskatu gabeko iraultza

Badirudi LTDak ez diela mesede handirik egin ez kateei ez ikusleei. Lehenbizikoak pozik zeuden publizitatean oinarritutako negozio sistemarekin. Ikusleek, berriz, abantaila nabarmenak eskuratuko dituzte, baina abantaila horiek nahi zituztenek bazeuzkaten, sistema digitalaren edo kablearen bitartez. “Gainerakoek, besterik gabe, ez zuten gehiagoren beharrik, ez eta antena egokitzapen eta halako saltsatan murgiltzeko gogorik”, esan digu Alejandro Peralesek. “Primeran zihoakien telebista analogikoko zazpi-zortzi kateekin”. Ez genuen behar eta ez dugu geuk eskatu, baina iraultza etorri zaigu. Ondo aukeratzen ikasi beharko dugu.
Tokiko telebisten nahaspila
Urtetako utzikeriaren ondorioz, tokiko telebisten eremua anabasa ikaragarria zen Espainiako Estatuan LTDa ezartzeko prozesua hasi zenean. Legedia egon bazegoen, baina garatu gabe; hala, edozeinek jar zezakeen tokiko telebista bat. Badira udalenak, badira sektenak, badira arratsaldeko hiruretan pornografia ematen dutenak... Azkenik, Espainiako Gobernuak mataza hori ordenatzeko LTDa baliatzea erabaki zuen. Tokiko telebistak besteak baino azkarrago digitalizatzea agindu zuen: 2008an itzalaldia egin behar zen. Horretarako, lehiaketa publikoak egin behar ziren autonomia erkidegoetan, eta horietara aurkeztu zitezkeen bai jadanik existitzen zirenak eta baita berriak ere. Kanal kopurua mugatua da noski. Launa barruti bakoitzean.

Itzalaldia egiteko eguna igaro da, eta lehengo nahaspilaren lekua beste batek hartu du. Erkidego batzuetan lehiaketak egiteke daude, beste batzuetan helegiteak aurkeztu zaizkie emaitzei... Toki batzuetan, irabazleak hasi dira emanaldiak egiten –%90 aurretik existitzen ez ziren kateak dira–, eta beste batzuetan auskalo noiz. Itzalaldi orokorra 2010ean izango bada ere, baliteke ordurako zenbait tokiko telebistaren emanaldiek analogikoan jarraitzea, haien etorkizuna argitu arte.

Hego Euskal Herrian, Nafarroak aurre hartu dio EAEri: aurten hasi dira emisioak. EAEn berriz, lehiaketa eginda dago baina hilabete batzuk falta dira emisioa hasteko. Epea, edonola, ez da itzalaldi analogiko orokorraren datatik harago luzatuko.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude