Mingo Balaguer harmonika jotzaile espainiarra buru duen Mingo & The Blues Intruders taldearen lehenengo diskoa plazaratu du Gaztelupeko Hotsak zigiluak, Goin' west izenburupean.
Ados Teatroa konpainiak Lola ikusten baduzu, esan aberatsa dela obra estreinatuko du urriaren 19an Errenteria Hiria Kulturgunean. Gaztelaniazko bertsioa Garbi Losadak idatzi du, eta Dorleta Urretabizkaiak itzuli du euskarara. Suspentsezko istorioa kontatzen du hilaren 23tik 26ra Donostiako Antzoki Zaharrean ere ikusgai izango den antzezlanak. Lierni Fresnedo, Ainhoa Aierbe eta Kandido Uranga dira aktoreak.
Manuel Cañadas dantzari eta koreografo andaluziarraren Perros en Danza konpainiak Petroff... sólo quiere bailar (Petroff... dantza egitea besterik ez du nahi) obra eskainiko du urriaren 18an eta 19an Bilboko La Fundicion aretoan.
Josu Waliño idazle zumaiarrak Bederatzi ateak ipuin liburua (Txalaparta) plazaratu du. Fantasiazko eta misteriozko bederatzi kontakizun bildu ditu, infernura sartzeko dagoen ate bakoitzeko bana. Hala diote behintzat sustrai zeltikoak dituzten herrialdeetako sinesmenek.
Salvador Dalí , Pablo Picasso, Jorge Oteiza, Joan Brossa, Vik Muniz eta Juan Muñoz artisten lanak bildu dituzte, besteak beste, Gasteizko Artium museoko Heroirik ez gehiago izeneko erakusketan. Ikusgai dauden eskultura, margolan, argazki eta bideo instalazioek heroien inguruko gogoeta kritikoa bultzatzen dute. Erakusketak gizakia aldarrikatu nahi du, telebistak eta couché paperak sustatzen duten jokatzeko modu heroiko, tragiko eta desmobilizatzailearen aurrean.