ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 13a
Iñaki Galdos

«Gizarteak ez du herri galdeketa politikariek bezala bizi»

  • Oñati, 1966. “Gipuzkoako kirola goren graduan dago munduan. Olinpiar Jokoetan hamahiru lagun izan dira zortzi modalitate ezberdinetan, baita Joko Paralinpikoetan beste bost ere, arrakasta handiz. Kontua ez da soilik futbol taldea, baina hara, Reala lehen mailan balego askoz hobe” adierazi digu Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol diputatuak. Kirola politika gaia izanda ere, geure politikaren goi mailako gaiez jardun dugu Gipuzkoako EAko lehendakari Iñaki Galdosekin.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2008ko irailaren 28a
Iñaki Galdos
Dani Blanco
Eusko Alkartasuneko Iñaki Galdosek politikaren gaineko gogoeta hau eskaini digu abiaburuan: “Paradoxa da, baina neurri batean gure ‘arrakasta’-ren biktimak gara. Duela hiru hamarkada euskal nortasuna hiltzorian zegoen. Berau suspertzeko bitartekoak ipini ziren. Orain, berriz, egindako lanari esker, eta oraindik asko falta bada ere, gizartea modernizatu da. Adibidez, euskarari, bere larrian, arnasa eman zaio, Euskal Herria aurrera doa. Halere, lortu dugun ‘arrakasta’-ren erruz belaunaldi berriek ez dute euskal identitatea guk bizi genuen agoniarekin bizitzen. Ez dute bizi gure gurasoek eta geuk ere ezagutu genuen egoera larria. Horrek jendearen sentimendu nazionalista nahiz boto joera aldarazi ditu nolabait”.

Auzitegi Konstituzionalak Jaurlaritzaren herri galdeketaren legea debekatu du. Jarrerak jarrera, esaterako, zuk ez duzu desobedientzia erabiltzea babesten.


Eta ez naiz desobedientzia zibilaren aurkakoa, aitzitik, ni intsumisoa izan nintzen. Hemezortzi hilabeteko zigorra jasan nuen Espainiako Ejertzitoari uko egiteagatik. Hala ere, gauza bat da kontzeptualki desobedientziaren aldekoa izatea eta beste bat egungo euskal gizartean filosofia hau aplikatu ahal izatea. Giza historian desobedientzia zibilaren bidea urratu da baldintzak izan direnean. Egungo egoera politiko, ekonomiko eta soziala kontuan hartuta, ez da bidea. Alderantziz, gure kaltetarako litzateke.


Uda honetan EAtik gogoeta ezberdinak plazaratu dira galdeketaren aurrean.


Gure lehendakariak eginak, adibidez. Unai Ziarretaren gogoeta asko hala ere, proposamen gisa azaldu dira prentsan, eta ez da zuzena. Agerraldiotan berarekin egon naiz eta beste bide batzuk exploratzeko garaia iritsi dela iritzi dugu, egoerari aurre egiteko zenbait formula agortu direla. Alegia, EAtik gogoetak zabaldu dira, baina ez diot inori proposamen zehatzik entzun. Maila horretan ez dago desadostasunik. Egia da, abertzaletasunean egonezin moduko bat dagoela Madrilgo botereek jorratu nahi dugun bidea itxi dutelako. Testuinguru horretan beharrezkoa da gogoetak plazaratzea. Udan albisteek oihartzun berezi bat hartzen dute eta EAren ingurukoak halakoxeak izan dira.

Gaia Estrasburgoko auzitegira eraman da. Zer espero duzu zuk?


Nik bi gauza bereiziko nituzke: batetik, orain galdeketa hobeto landu eta are zehaztuago agertu behar dela Estrasburgoko epaitegian arrakasta izan dezan. Bestetik, gauza bat da eman daitekeen erabaki juridikoa eta beste bat bide horretatik lortu daitekeen lorpen politikoa. Hau da: gai hau poliki-poliki jorratu behar da, Europan bereziki Euskal Herriko auzia zertan den jakinarazteko. Urtetan eta urtetan gure ekimen politiko honi zenbat eragozpen jarri zaizkion ezagutarazi behar dugu munduan.


Gizartea ez ote da galdeketatik urrun?


Haatik galdeketa eztabaida politikoan dagoen gaia da. Alegia, auzi politiko honek bi plano ditu: bat zilegitasuna da, bestea legaltasuna. Eta hemen askotan nahastu egiten ditugu biak. Hau da, Eusko Jaurlaritzaren ekimen honen alde egiten dugunok jabetu behar dugu, eta umiltasun osoz onartu ere, gizarteak ez duela bizi gai hau politikariok bizi dugun garrantziarekin. Nik nahiago dut onartzea hori horrela dela, eta arazo larri baten aurrean gaudela. Geure boto emaileen artean dagoen zalantzaz jabetzen naiz, eta galdeketa egingo balitz ere, baiezkoa emango luketenen artean gaiarekiko urruntasuna dagoela ikusi ere. Honekin ez dut esan nahi nik horrekin bat egiten dudala, konstatazio bat da.


EAko lehendakaria zara Gipuzkoan. EAJko GBBko Joseba Egibar buruarena ez den sektorearengandik hurbilago zaude, agian.


Nik ez dut politika EAJko sektoreen edota iritzien arabera egiten. Areago, EAJn, ustez, orain dauden ezberdintasun estrategiko hauek gizarteratu baino dezente lehenago EAko batzuek hainbat gogoeta egin genituen zentzu honetan. Hau da, 1999ko EAko Kongresu Nazionalean aurkeztu genuen ponentzia alternatiboan, gaur egun abertzale batzuen ahotan zalapartak sorrarazten dituzten ideiak zeuden. Dena den, nik neure ibilbidea daukat. EAJk eta EAk ordezkatzen dugun abertzaletasunaren baitan ideologikoki ez, baina estrategikoki ezberdintasunak daude, bereziki epe laburreko taktikari dagokionean. Nik horiek guztiak aberasgarriak ikusten ditut, aztertu eta aintzat hartzekoak. Ezinbestekoa zaigu horiek onartzea eta elkarrengandik ikastea. Esaterako, uda honetan gauza oso gogorrak irakurri ditut Iñaki Azkunaren hainbat adierazpenen kontra. Nire gogoeta justu alderantzizkoa da. Ez ditut bere adierazpenak nire egiten, ezta gutxiago ere, baina jabetu behar dugu abertzaletasunean jende askok Azkunaren pentsatzeko modua duela. Nik ez diet iritzi horiei muzin egiten, finean, azken hamarkadetan erakunde nagusietatik herri hau gidatzeko modua izan badugu, iritzi ezberdinak asumitzeko eta elkarbizitza bermatzeko gauza izan garelako da.


Jaurlaritzaren galdeketa bidez aurrera egiteko modurik ikusten duzu, halere?


Aurrera egiteko modua heldutasunez eta erantzukizunez jokatzea da. EAn beti kontuan hartu ditugu gizarteak dituen beharrak eta nahiak. Ordezkatzen dugun abertzaletasunaren izenean batzuetan beste irudi bat plazaratu bada ere, guk harrotasunez goraipatu behar dugu autogobernuan eman diren urratsak, EAEn gutxienez. Gizarte bat eraiki dugu eta gauza izan gara aurrera egiteko. Egia da, urrats berriak eman behar ditugu. Ni independentista naiz, eta geroa bermatzeko aukera hori egokiena dela uste dut. Baina une honetan euskal gizartea nola dagoen osatuta ikusirik, hauteskundez hauteskunde ez badakigu botoaren joera zuzen interpretatzen –azken hauteskundeek adierazi bezala– ez dugu asmatuko etorkizunean urratsak ematen. Gure bihotz abertzale erromantikoaren araberako estrategia orok, errealismoz eta gradualismoz ematen ez diren urrats orok, alferrikako egoerara eramaten gaitu, gure aurkako urratsak bihurtzen dira finean. Beraz, bidea luzeago izango bada ere, urratsak gizarteak dioenari kasu eginez ematearen aldekoa naiz. Iñaki Esnaolak Argian esan berri duen “jarri ditzagun hankak lurrean, behingoz” esaldia egokia da oso. Noski, ahaztu gabe euskal gatazkaren muina non dagoen, ahaztu gabe herri galdeketaren gaia. Gizarteari gehiago hitz egiteko ordua iritsi zaigu, azken urteetako lorpenei buruz eta egin nahi dizkiegun proposamenei buruz. Agian, dena ez dugu horren ondo egin, eta autokritika egin behar dugu.


Datozen hauteskundeetan EA eta EAJ batuta edo bereiz? Zuk nola nahiago?


Bat: nire iritzia jakina da, eta ez da aldatu. Bi: aurrekoetan EAk biltzar berezia egin zuen eta koalizioaren aukera baztertu zen. Hiru: gai hau ez da EAko Batzorde Eragilean hizpide uneon. Lau: euskal politikagintza nola dagoen ikusita ez zaio ezein ideiari atea itxi behar.


Ibarretxe hautagai izango al da? Bera ezean ordezkorik ikusten duzu?


Ibarretxek hautagai izan behar duen edo ez berak erabaki behar du, berak eta bere alderdiak. EAJk erabakiko du bere hautagaia, eta EAk ere, bakarrik joanez gero, berea.


Patxi Lopez lehendakari ikusten al duzu?


Ez. Eta ez PSOEk edo PSEk ez dutelako nahi, Katalunian izan dugu horren adibidea. PSE eta Patxi Lopez ez daude gizarte hau gidatzeko moduan. Batetik, irakurketa okerra egin dutelako azken bi hauteskundeez. Alderdi sozialista harrokeriaz jokatzen ari da. Hainbat gaietan PSEk erabili duen erantzukizun ezak kezkatzen nau. Ez dute urratsik eman nahi autogobernuaren bidean. Cristina Garmendia ministroak ikerketari buruz esandakoa eta PSEk nola erreakzionatu duen lekuko. Kutxen fusioen inguruan jarrera arduragabea bestalde. PSE ez da alderdi sendoa herri hau gidatzeko.

Hauteskundeak begi bistan eta ezker abertzalearen aukerak legez kanpo.


Injustizia baten aurrean gaude. Kalitate gutxiko demokrazian bizi gara, ezker abertzalearen egoerak irtenbide bat behar du. Egoeraz gogoetatu behar da. Gizartean gero eta susmo handiago hau dago: ilegalizazioak edo legalizazioak Alderdi Sozialistaren beharren eta arabera egiten direla. Noski, aldi berean ezker abertzaleak gogoetatu behar du eta bestelako urratsak eman. Ezin dute beren formulazioa aldatu bakarrik hauteskunde garaian. Azken urtetan hori egin dute neurri handi batean. Hau da, beren diskurtsoa aldatu dute hauteskundeei begira, eta ez planteamendu estrategiko berria zutelako. Ezker abertzaleak ezinbestekoa du gogoeta sakona egitea aro berri batean sartzeko. Eta horretan badaki ETArengandik “deslotu” behar dela behin betiko. Denok sartu behar dugu aro berri horretan, eta aro hori ez dago izaterik Alderdi Sozialistarekin kontatu gabe –har bezate hori kontuan Lizarra-Garaziko Akordioaren nostalgikoek– ezta ezker abertzalearik gabe ere noski, are gutxiago berau legez kanpo dagoen bitartean.


Bukatzeko, Gipuzkoa, abertzaletasunaren gotorlekua kolokan bide dago.


Horrelako sentimendu agonikoa dago bai, gotorlekua zulatzen ari den sentimendua. Gaur egun, Gipuzkoako hiri handienak PSEren esku daude: Donostia, Eibar, Irun edota Errenteria. Azken hauteskundetako emaitzek abertzaleok gogoetatzera eraman behar gaituzte. Batzuen iritziz egoera koiunturala da, nik estrukturaltzat joko nuke. Boto emaileen artean aldaketarako joera izateaz gain, klase politikoak ulertzen ez dugun –edo ulertu nahi ez dugun– fenomeno bat gertatzen ari da: belaunaldi berrietako jende askok gero eta erreparu gutxiago du botoa ematerakoan. Guretzat gaindiezinak ziren hainbat hesi gainditu dituzte. Odon Elorzaren kasua: berari botoa ematen diotenek egun berean ahaldun nagusi abertzalea bozkatzen dute. Eta fenomenoa Donostiatik Gipuzkoara zabaldu da. Alegia, belaunaldi berriek ez dute bertigorik Zapaterori botoa emateko, eta adibidez, hurrengoan Ibarretxeri. Beraz, aldaketa hauek ondo interpretatu ezean nekez ariko da klase politikoa.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

ASTEKARIA
2008ko irailaren 28a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude