Txikia bezain ezezaguna

  • Parisek ukatu nahi badu ere, Frantzia estatu kultur anitza da oraindik. Bretainiarrek, korsikarrek, katalanek, euskaldunok… mosaiko koloretsua osatzen dugu. Baita flandestarrek ere.
Frantziako Flandes
Karlos Zurutuza
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Paristik Londresera doan Eurostar trena inoiz hartu baduzue, Frantziako Flandes zeharkatu duzue. Agian arreta eman dizue bertako paisaia lauak, haize errotek edota adreilu koloreko herri txikiek. Tamalez, 200 kilometro orduko abiaduran ezin detaile txikiei erreparatu.

Munstro metalikoak ordu erdi eskasean zeharkatzen du Flandesko zati hau, frantsesek Nord deituriko departamendua. Belgikako Flandesen mugaren beste aldeko lurraldea da Frans-Vlaanderen (Frantziako Flandes): Lille hiritik Dunkerkeko porturaino.

Lille da Paris eta Londresen arteko geldiune bakarra eta Rijsels du flandestar izena. Hiri industrial honek sekulako aurpegi garbiketa jasan du azken urteotan. Geroz eta turista gehiago inguratzen dira hona, eta askok Bruselako plaza nagusiarekin parekatzen dute bertakoa. Eta ez da harritzekoa, flandestar arkitekturaren adibide bikaina baita Lille.

Aldaketak aldaketa, alderdi asko ez dira hainbeste zaindu hemen. Nederlandera hizkuntza erabat gutxitua dago, bai Lillen, bai eskualde osoan ere. Ez da eskoletan irakasten, ez da beharrezkoa lanpostu bat aurkitzeko, ez dago seinale elebidunik... Antza, nederlandera astean behin baino ez da entzuten Lillen. Hizkuntza zale batzuk asteazkenero elkartzen dira hiri erdiguneko Taberne Flamande-n. Donostian gaskoizko azken hiztunek antzeko bilerak egiten zituzten XX. mende hasieran. Azken saiakerak ziren haiek, jada hilda zegoen hizkuntza berpizteko.

Lille-Flandres geltokitik abiatzen dira Dunkerkeranzko tren “motelak”. Belgikako muga eskuinean dugula, Van Goghek hainbestetan margotutako paisaiaz goza dezakegu, patxadan oraingoan. Adreiluzko kanpandorre zorrotzek euren bertikaltasuna aldarrikatzen dute, gari-soro lauen monotonia hautsi nahiko balute bezala. Agian, angelu zuzen eta lehor hauengatik bihurritu zuen pintoreak bere trazua.

40 minutu eskasetan Hazebrouck herrian gaude. “Capital de la Flandre”, dio bertako kioskoan erositako postalak. Argazkian, bere eliza puntaduna eta, goialdean, flandestar lehoia duen bertako armarria. Itxura batez, Belgika iparraldeko edozein herritan egon gintezke: herriko plaza, etxeak, kaleak… Batek esango luke txukunegi, politegi dagoela dena Belgika izateko. Nolanahi, herriaren flandestar izena, Hazebroek, ez da inon ere ageri, ezta bertako jatorriko hizkuntzaren izpirik ere.

Nederlandera hitz egiten al da oraindik Hazebroeken? “Zahar batzuk baino ez”, ohiko erantzuna. Eta ba al dago flandestar elkarterik hemen? “Ez”, batzuk; “ez dakit”, gehienek.

Marie Fleur Le Coq herriko museoaren zuzendaria da. Agustindarren komentua izan zen eraikin honek flandestar pinturaren, lanabesen zein janzkeren erakusketa du ikusgai. “Nederlandera gutxi batzuen etxe barruko hizkuntza da egun hemen”, dio Le Coqek. “Hainbatek hizkuntza berreskuratu behar dela dio, baina nekez lor daiteke horrelakorik gobernuaren babesik gabe”.

Hizkuntza ez ezik, flandestar nortasunaren ikurrak desagertzeko zorian egon litezke Hazebroeken: “Belgikako bi komunitate nagusien arteko istiluak direla eta, hainbat tabernarik flandestar lehoia kendu dute, bisitari frantsesak haserretuko direlakoan”, gaineratu du 35 urteko zuzendariak.

Turistak eta lubakiak

Askoren ustetan, Kassel herria da Frans-Vlaanderengo politena. Lautadan ez, mendixka baten gainean dago toki lasai eta atsegin hau. Tren-geltokian gora igotzeko norbait zain ez baduzu, ordu erdiko txangoa behar da herri erdigunera iristeko. Baina paseoak merezi du.

Hazebroeken ez bezala, Kasselgo herriko plazan harro erakusten du taberna batek Flandeseko lehoia bere atean. Barruan, flandestar bandera erraldoi bat zintzilik.

“Lehoia eta bandera turistengatik jarri nituen, gehienak Belgika eta Herbehereetatik datoz eta!”, dio Marcel tabernariak, Parisko frantses bikainaz. Nire etsipenaz jabetuta, gizonak orain arteko leloari eutsi dio: “Zaharrek oraindik nederlanderaz hitz egiten dute”.
Belgiar eta herbehereetarrekin batera, makina bat bisitari datoz Erresuma Batutik ere. 2.000 biztanleko herri hau britainiarren kuartel nagusia izan zen Lehen Mundu Gerran, eta berebiziko garrantzi estrategikoa izan zuen bigarrenean ere. Britainia Handiko makina bat soldadu hil ziren Flandesko lubakietan, eta horietako asko hemen daude hilobiratuta. Egun, euren ondorengoen bisita jasotzen dute bertako kanposantuan.

Haize errota batek adierazten du Kasselgo punturik garaiena. Alboan, 1677ko Kasselgo Gudaren harrizko oroigarria. Orduan eskuratu zuten frantziarrek eskualde hau, herbehereetarrak garaitu eta gero.

Abiadura motela baino, euren maiztasun urria da Lilletik Dunkerkera doazen trenen arazoa. Baliteke denbora gehiegi ematea nederlandera hiztunen bila Kasselen eta gure trena Ipar-itsasorantz alde egiten ikustea gero. Zer egin bi orduz lautada honen erdian? Bada, Flandesko zirimiriak tartea uzten badu, Bavinchove herrixkaraino paseoa eman daiteke. Bertan, garagardo bat har dezakegu Goedendag (egun on) izeneko vlaamse herberge-n (flandestar aterpea). Bere paretetan, lehoi beltzak, Bretainia eta Korsikako banderak, Chieftains musika talde irlandarraren posterra eta egurrezko lauburu bat.

“Nire aiton-amonekin galdu zen hizkuntza nire familian”, dio Marc-ek, 30 urteko tabernariak. “Zergatik hitz egiten duzue flamouchez? Galdetzen zieten askotan. Azkenerako belaunaldi oso bat lotsaraztea lortu zuten”. Marcek dioenez, flamouche izena erabat gutxiesgarria izan arren, askotan entzun ohi da egun oraindik.

Tabernaren alboan, herriko eliza eta kanposantuak daude. Kuipers, Hazelreew, Mertens… Horiexek dira Bavinchoveko hilobietan aurkitutako hainbat izen. Dirudienez, abizen frantsesik aurkitzea nederlandera entzutea bezain zaila da lautadaren erdian galdutako herrixka honetan.

Ebakuatuak eta emigranteak

Dunkerke hiria aliatuek Bigarren Mundu Gerran jasandako porrotagatik da ezaguna. 1940ko ekainean, ia 400.000 britainiar soldadu ebakuatu zituzten bertatik, alemanen erasoei aurre egin ezinik. Hiriaren jatorriko izen flandestarra Duinkerke da (Duin, duna eta kerke, eliza). Izan ere, bertako turismo bulegoak “Dunes de Flandre” (Flandesko dunak) goraipatzen ditu, bai eta bertako “flandestar eta frantziar sukaldaritzen arteko nahasketa bikaina”; alegia, patata frijituak eta muskuiluak.

Baina turismoa ez da inoiz izan industri-portu honen alderdirik arrakastatsuena. Egia esan, kontrako fenomenoa eman da beti hemen: etorri baino, jendeak alde egin ohi du. Nord departamenduak Frantziako emigrazio tasarik handiena du. Irlandako gaelikoaren gainbehera Amerikako Estatu Batuetarako emigrazio masiboak eragin bazuen, antzeko prozesuaz hitz egin daiteke hemen. Baina New Yorken edota Bostonen ez, Paris kanpoaldeko auzoetan galdu da Frantziako nederlandera, bere hiztunekin batera.

Manchako kanalaren ur grisek bustitzen dute Dunkerkeko hondartza erraldoi eta haizetsua. Bertan, Ingalaterratik datozen ferryen argiak bereiz daitezke. Itsas azpian, Londresera doa trena, 200 kilometro orduko abiaduran. Frans-Vlaanderen, ordea, bidean gelditu da; “mugarik ez duen” Europa honek baztertuta.

www.argia.eus/flandes kanalean, erreportajearen diaporama.
20.000 hiztun
Espainiaren kontrolpean egon eta gero, Frans-Vlaanderen eskualdea 1677an eskuratu zuen Frantziak. Egun, Nord-Pas de Calais izeneko departamendu barruan dago. Frantziako ipar mendebaldean hitz egiten den nederlandera, hizkuntza honen mendebaldeko bariantetzat hartzen da. Egun 20.000 lagun inguruk hitz egiten dute, eta beste 40.000k oinarrizko ezagutza dutela diote. Hizkuntza ez da ofiziala eta erabat gutxitua dago.

Azkenak
Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


Gorpu bat aurkitu dute Nagoreko urtegian, Nafarroan

Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.


Ukrainako Independentzia Egunean, Kievek eta Moskuk 146na preso trukatu dituzte

Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez hemeretzi pertsona hil ditu, tartean lau kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean lau kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


Israelek eta Hamasek su-etenerako negoziazioekin jarraitzen dute, Gazan gosetea “larritzen” ari den bitartean

AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]


Gaskoia irakatsiko dute lehenengo aldiz Samatzeko eta Bidaxuneko eskoletan

Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.


Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu Kanaria Handitik 429 kilometrora zegoen txalupa batetik

Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


2025-08-25 | Euskal Irratiak
Zigor Akixo
“Euskal Herriari, Miarritzeko herriari eta itsasoari atxikia zitzaion Maite Maniort”

95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Eguneraketa berriak daude