Hausturak bidea ireki zain

  • Waloniar eta flandestarren arteko desadostasunek kolokan jarri dute Belgikako Estatuaren etorkizuna. Konfederazioa omen da orain epe laburrerako irtenbide bakarra; flandestar askoren ustetan, independentziarako azken urratsa baino ez. Baina hausturarik gerta al daiteke Europako bihotzean? Denborak du hitza.
Flandes
Karlos Zurutuza
Eric, Gilbert eta Ivan Euskal Herrira etorri ziren joan den ekainean. Donostiako Klasika ospatu zen egun eder hartan, Flandeseko banderez josi zuten Boulevardeko helmuga. Oporraldietan, hirukotea han-hemenka dabil beti, Alpeetako mendi gailurretatik itsasertzeko hiribideetara, euren bandera horia eskuan dutela. Askok absurdotzat joko dute honelako ahalegina, batez ere hiruetatik bi txirrindularitza zale amorratuak ez direla jakinda. Baina bat datoz hirurak: “Munduari flandestarron berri eman nahi diogu”.

Ez da hau, ezta gutxiago ere, ekimen inprobisatua. Vlaanderen Vlagt (www.vlaanderenvlagt.org) taldeak sei urte daramatza “flandestar herria era positiboan ezagutarazten”. Lasterketa non, gure lagunak han… eta Flandeseko bandera telebistan!
Ahalegina eraginkorra ala ez, ezin ukatu bandera hura ez den beste ikurrik nekez datorkigula burura. Izan ere, Flandesek faltan ditu Eskoziak edota Irlandak esportatzen dituzten sinboloak, euren nortasunaren adierazle ezagunak. Baina izan baditu: Brujasko kanal erromantikoak, adreiluzko etxeak, Rubens eta Brueghel pintoreak… eta Brusela, jakina!

Belgikarik ba ote?

Ikurrak ikur, Flandesen kultur adierazle garrantzitsuenetakoa nederlandera litzateke, Herbeheretan hitz egiten den hizkuntza bera. Badakigu baita ere Flandes Belgika barruan dagoela. Baina zer da Belgika? Zeren baitan eratu da bere nortasuna?

Herrialdea 1830ean sortu zen, beti gerran zeuden Frantzia eta Alemaniaren “koltxoi” gisa. Baina nazioartean ez bezala, Belgika ez da gauza izan bere bi komunitateen arteko liskarrak leuntzeko. Egun dituen 10 milioi lagunetatik, iparreko flandestarrek %60a osatzen dute, eta %40a Walonian eta Bruselan bizi diren frantsesdunek. Bakoitzak bere egunkariak irakurtzen ditu eta bere telebista kanalak ikusi; komikiak, filmak, eleberriak… Guztiak dira desberdinak. Funtsean, bost axola denei “beste aldean” gertatzen dena. 70eko hamarkadaz geroztik, alderdi politikoak ere bitan banaturik daude. Hala, Socialistische Partij-a dugu batetik, eta Parti Socialiste-a bestetik; bi alderdi kristau demokrata, bi liberal, bi ekologista, eta eskuin muturreko beste bi.

Garagardogileen Nazio Elkarteagatik ez balitz, Belgikako erakunde bateratu bakarrak sindikatuak lirateke. Eta horiek ere banatzen hasiak dira.

Belgikarik ba ote?, galdetzen diote askok euren buruari goizero, flandestar zein frantsesezko egunkaria eskuartean dutela. Eta erreparatu euren gosariei arretaz: kafesnea eta croissanta hegoaldekoek, eta arrautza, saltxitxa eta patata frijitu platerkada sendoa iparraldekoek. %1 da bikote mistoen kopurua Belgikan. Hala ere, gosalorduko desadostasuna baino arrazoi pisutsuagoak daude horren azpian.

Flandes eta Walonia banatzen dituen marra horizontala sinplea da oso. Ez, ordea, bi komunitateak estatu berean lotzen dituen korapilo administratiboa. Bi probintzia ez, hiru dira herrialdean (Flandes, Walonia eta Brusela), eta bakoitzak bere parlamentua du. Aldi berean, hiru komunitate daude (flandestarra, frantsesduna eta alemaniarra), bakoitza baita ere bere legebiltzarrarekin. Nazio parlamentuarekin batera, zazpi dira Belgikan, eta zortzi zerrendari Europakoa gehitzen badiogu. Hori gutxi ez eta hamar azpi-probintzia daude Belgikan (bost Walonian eta beste hainbeste Flandesen); horietako bakoitzak, jakina, bere administrazio eta eskuduntza propioak dauzka. Baliteke konplexutasuna bera izatea Belgikaren nortasun ikur handienetakoa.

Eta historiaz ari bagara, bi komunitateen arteko balantza-mugimenduak idatzi ditu azken kapituluak. Behinola komunitate txiro eta marjinatua zen Flandes, eskualde aberatsena bilakatu da gaur, eta bere nazio eskubideak agenda eta helburu politiko propioen bidez aldarrikatzen ditu. Waloniak, aldiz, iraganeko botere eta oparotasun oro galdu du azken hamarkadetan. Meatzaritzaren gainbehera batetik, eta Kongoko koloniaren galera bestetik, trantze larrian da egun hegoaldeko eskualdea. Horra datua: hainbat zonaldetan %28koa da langabezia tasa.

1+1=3

“Frantsesdunen obsesioa izan da beti Waloniak Bruselarekin muga egitea, nola edo hala”, dio Bernhard Daelemansek, Meervoud (www.meervoud.org) aldizkari flandestarraren editoreak. “Brusela Flandeseko lurraldearen barruan izan da beti; izan ere, gure hiriburua da”.

Waterlooko Guda uste baino gertuago daukate bertakoek. Antza, Bruselako Waterloo kalea waloniarren ohiko eskaeretakoa da. Hiribide hauxe alboko eremu basotsu bati erantsi eta… voila! Horra Waloniaren Bruselarako atea.

Waloniarren proposamen horrek zur eta lur utzi du beti Bernard: “Jugoslavia ohiaren adinako gatazka ikusten al dute gurea? Bestela, ez diot zentzurik ikusten pasabide humanitario honi”.

Momentuz ez dago garbiketa etnikoaren mehatxurik Belgikan, eta oraindik Flandeseko lurrak inguratzen du hiriburua. Mapa bat hartu besterik ez dago, edo Rudi Coel-ekin hitz egin. Brusela hegoaldeko flandestar eskualde batekoa da Coel, Waloniako mugan. Dioenez, hiria etorkin askoren jomuga da, langile xume zein eurokrata. “Askok frantsesez dakite jada –dio– eta ez dakitenek hizkuntz hori ikasiko dute, eta ez ‘ezertarako balio ez duen nederlandera’”. Gauzak honela, flandestarren hizkuntzak beherakada itzela jasan du Bruselan eta, antza, baita hiriburuaren inguruan ere. “Hirian etxebizitza garestia denez, askok kanpoaldeko herrietara jotzen dute. Horietatik oso gutxik ikasten dute nederlandera, frantsesarekin nahikoa dela pentsatzen baitute. Egoera honek gutxiengo bilakatu ditu flandestar hiztunak euren jatorriko hainbat herritan”, azaldu du Coelek.

Hitzetatik ekintzetara, Coelek flandestarren hizkuntz eskubideen urraketa oro salatzen du bide administratibotik. “Arrazoia ematen didate beti. 1963an konpromiso bat sinatu zen halakoak saihesteko, baina ez da arautu oraindik inolako zigorrik ‘konpromisoa’ hausten dutenentzat!”.

Bere kezka ez da harritzekoa. Brusela-Halle-Vilvoorde distrituarena diskriminazio kasurik ezagunena bada ere –ikus koadroa–, flandestar jatorriko hamaika herri frantsesdun bilakatu dira jada, edo bidean daude. Alderantzizko kasurik, ordea, ez da ezagutzen.
Hein batean, Bruselan bertan gertatutakoa saihestu nahi dute flandestarrek. Antzina nederlandera hutsez mintzo zen hirian, frantsesa da nagusi egun: milioi bateko bere biztanleriaren %15ak baino ez daki flandeseraz. Europa, Belgika eta Flandeseko hiriburua ez ezik, Brusela asimilazioaren adibiderik garbi eta gordinena da.

Eta buruhausteak ez dira hor bukatzen. Etorkizunean Belgika konfederazio bat izateak ez du arazo handirik sortzen bi komunitateen artean. Praktikan, ia horixe da indarrean dagoen eredua, hain da handia flandestar eta waloniarren arteko haustura. Baina zenbatek osatuko lukete konfederazio hori? “Hiruk” diote frantsesdunek, Brusela “eskubide osoko” probintzia dela argudiatuz; “bik”, flandestarrek, “Brusela Flandesen egon izan baita beti!”.

Adituen aburuz, Bruselako egoera korapilatsuak eten du Flandesen erabateko sezesioa. Flandestar gehienak ez bezala, Vlaanderen Vlagt-eko sortzailea den Ivan Mertens prest legoke Brusela galtzeko: “Independentzia lortzeko Brusela galdu behar dugu, ez daukat zalantzarik. Baina gauza jakina da hiria Flandesen diruari esker bizi dela. Lau, bost, sei urteren buruan gure altzora bueltatuko litzateke”, dio Anberesko gizonak, baikor eta irribarretsu.

Liberté, egalité... et solidarité!

Erraza da Belgikako Alderdi Sozialistak Bruselan duen egoitza topatzea. Gorriak dira waloniarren alderdi handienaren etxeko paretak. Horien gainean, mural handi batzuk: batean, Brusela-Ostenderako tren billetearen bi prezioak ikus daitezke, avec ou sans solidarité (elkartasunez edo gabe): 4 euro eta 29,20 euro, hurrenez hurren. Medikuaren kontsultaren prezioak daude ikusgai beste batean: 5, 51 eta 21,53.

Izan ere, Flandesetik datorren diruaren menpe daude Brusela eta Waloniako komunitate frantsesdunaren gizarte-babesa, langabezi subsidioa, pentsioak, mediku zerbitzua edota hezkuntza sarea. Eskumen transferentzia horiek gabe, frantsesdunen gizarte-ongizateak kalte handiak jasango lituzke.

Baina flandestar askok diote subsidio-kultura erabat errotuta dagoela waloniarren artean; areago, Belgikarekiko atxikimenduaren azpian “pribilegioak” galtzeko beldurra besterik ez dagoela.

Marcel bezalako waloniarrak, jakina, ez datoz bat: “Alper etiketa jarri digute flandestarrek. Eta klixe hori egunero entzutearen poderioz, gero eta indar handiagoa hartu du”. Kexu da 40 urteko dendari eta Parti Socialiste-ko oinarriko kidea.

Alderdiko legebiltzarkide Yvan Mayeur-ek ez du guztiz ukatzen subsidio-kultura hori salatzen duen argudioa. Nolanahi, azalpen historiko batez justifikatzen du egungo egoera: “Duela 30 urte baino ez Waloniak sustengatzen zuen Flandes. Iparraldeko emigrazioa jasotzeaz gain, gure esku zegoen gizarte-babesa. Elkartasuna erakutsi genuen orduan. Zergatik ez jaso gaur gauza bera euren aldetik?”.

Neurri batean, arrazoi du legebiltzarkideak. Dezente dira flandestar abizena dutenak waloniarren artean, euren gurasoak, edo gurasoen gurasoak, iparraldetik iritsi zirenaren seinale. Askok mehatzeetan aurkitu zuten ogibidea, egun iragan oparo baten oroigarri besterik ez diren zulo beltz eta huts haietan.

Solidarité hitza nahikoa al da alderdi baten programaren ardatza izateko? Waloniarrentzat hala dirudi, baina ez da hau Parti Socialiste-aren helburu bakarra. “Konfederazio bat onartuko genuke baldin eta elkartasuna mantentzen bada”, jarraitu du Mayeur-ek. Baina zenbaten arteko konfederazioa? “Hirukoa, jakina. Brusela eskubide osoko probintzia ez ezik, Europako eta Belgikako hiriburua ere bada”.

Independentzia gogoan eta gogoko

Stefaan Neukermans Brujasko flandestarra da eta badaki Flandesen independentzia ospatzea zer den, edo kasik. 2006ko abenduan telebista kate batek “Flandesen independentziaren ospakizunen jarraipena” egin zuen. “Alberto erregeak Belgikatik alde egin du jada”, zioen orduan ustezko erreportari batek, errege-jauregiaren alboan. “Ezin nuen sinetsi ere egin”, dio gaur Neukermansek une haiek gogora ekarrita. “Telefonoa joka hasi zen; batzuek egia ote zen galdetzen zidaten; beste batzuk kalera atera ziren ospatzera… Istiluak sor zitezkeelakoan, telebista-kateak ordu erdiz besterik ez zion eutsi adarjotzeari. Edonola, oso modu orijinalean utzi zuen agerian herrialde honen Akilesen orpoa.

“Herrialdea haustekotan guk Flandesi eutsiko diogu baina waloniarrek Belgika besterik ez dute”, dio Neukermansek. Agian ez. Bertako frantsesdunen artean uztailean eginiko azken inkestak oso datu deigarria kaleratu du: waloniarren erdia prest legoke Frantzian sartzeko, Belgikako haustura behin-betikoa izatekotan. Nolanahi, ezin daiteke esan flandestar gehienak independentziaren aldekoak direnik. Momentuz, autogobernua indartu nahi duen flandestar alderdien koalizio bati eman diote bozka gehienek.

N-VA (Nieuw-Vlaamse Alliantie) alderdi flandestarraren Bruselako bulegoetan aspaldi hartu zuten azken oporraldia. Alderdiko bozeramaile Piet De Zaegerrek 2007ko ekainean izan omen zuen aisialdirako azken tartea, hauteskundeak bukatu ondoren.
“Hamahiru hilabete eman ditugu waloniarrekin adostasun batera iritsi nahian, baina alperrik. Gure autogobernua areagotzeko edozein proposamen mehatxu gisa ikusten dute”, dio aita izan berri den gazte honek. N-VA alderdia, Yves Letermeren Alderdi Demokristauaren gobernuko koaliziokide da. “Guk autogobernuaren aldeko apustua egin dugu beti –jarraitu du De Zaegerrek–. Konfederazio antzeko zerbait proposatzen bada, ziur nago bilakaera baten bukaera izango dela, edo beste baten hasiera. Ez gaude prest lortutakoari uko egiteko waloniarrekin konpontzearren”.

De Zaegerren baieztapena ez da bere koaliziokideei mehatxu hutsa. Dioenez, independentziaren aldeko sentimendua gero eta handiagoa omen da flandestarren artean eta erdiak bultzatuko luke egun; “inoizko portzentajerik handiena”, De Zaegerren hitzetan. “Irlanda bezalako herri txikiei erreparatu diegu beti. Gurea baino populazio txikiagoa duten arren oso ongi moldatu dira azken urteotan. Horrek, eta waloniarrekin akordio batera iristeko ezintasunak, begi asko ireki ditu gurean azken urteotan”.
Etorkizunak zer ekarriko duen ezin jakin, baina De Zaegerrek oso garbi ikusten du oraingo egoera: “Belgika porrot egin duen estatuaren eredu baino ez da”.

Momentuz, alderdi frantsesdunek “estatuaren erreforma sakona” egitearen beharra onartu dute, baina ez flandestar koalizioak proposatutako konfederazio mota, ezta B-H-Vko distritua hausteko proposamena ere. Eztabaida mahai gainean dago. Solaskideak bi ala hiru izango diren jakitea falta da orain.

www.argia.eus/flandes kanalean, Flandesera egindako bidaiaren egunerokoa, diaporama eta informazio osatuagoa.
Krisi baten kronologia
Belgikako Estatuaren erreforma gauzatzen hasteko, ezinbestekoa da nortzuk bideratu beharko luketen adostea. Eta hastapeneko urrats hau ere emateke dago. Hauxe da krisi amaigabe baten kronologia:
  • 2007ko ekaina: CD&V eta N-VA alderdi flandestarraren koalizioa Belgikako hauteskundeetan atera zen garaile.

  • 2007ko uztaila: Erregeak Yves Letermeri gobernua osatzeko eskatu zion. Bi saiakerek porrot egin bazuten ere, Alberto II.ak Letermerengan utzi zuen gobernua osatzeko ardura.

  • 2007ko abendua: Guy Verhofstadt-ek (VLD, flandestar liberala) trantsizio gobernu bat osatu zuen, Letermeren behin-betiko gobernua sortu bitartean.

  • 2008ko otsaila: flandestar eta waloniar alderdi nagusiek estatuaren erreforma murriztua adostu zuten, baina ez zioten krisiaren oinarriari heldu.

  • 2008ko martxoa: Alberto II.ak Yves Leterme izendatu zuen lehen ministro, estatuaren erreforma bideratzeko konpromisopean.

  • 2008ko uztaila: erreforma burutzeko epea bukatzean, Letermek dimisioa aurkeztu zuen. Erregeak ez zuen onartu eta hiru bitartekari izendatu zituen negoziazioaren nondik norakoak erabakitzeko. Txostena oraintsu irailean aurkeztu behar dute.
B-H-V: diskriminazioaren siglak
Brusela-Halle-Vilvoorde distritua, flandestarren eta waloniarren arteko puntu beroenetakoa. Halle-Vilvoorde Flandesen badago ere, Bruselako elebitasuna distritu osoari ezartzen zaio. Bertako frantsesdunek frantsesez egin dezakete hautes-kanpaina, bai eta alderdi waloniarrei bozkatu ere. Walonian bizi diren flandestarrek, aldiz, alderdi waloniarren artean erabaki behar dute, ezin baitituzte alderdi flandestarrak bozkatu.

Flandestarrek ez ezik, Belgikako Epaitegi Gorenak ere “diskriminatzaile eta antikonstituzionaltzat” jo du 2003an ezarritako B-H-V eredu hau.

B-H-V distritua desegitea da flandestarren eskaeretako bat estatuaren erreforma bideratzeko. Halle-Vilvoorde Leuven integratzea eskatzen dute, flandestar legedipean egon dadin. Beste era batera esanda, ez dadila izan herrialdeko hauteskunde-sistemaren salbuespen bakarra.

B-H-V barrutiari buruzko azalpenaren aurkezpena ikusi (Egilea: N-VA).

Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude