«Etsaiarekin jokatzera joan beharrean jolastera joan gara beti»

  • Jende batek ahoa ireki aurretik aspertzen zaitu. Beste batek ez zaitu aspertzen, baina esaten dizuna belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zaizu. Gutxi dira hitza hitzari josiz harrapatzen zaituztenak, gutxi dira karismadunak. Horrelakoa da Iñaki, bere txakurrak kasurik egiten ez dion arren.
Iñaki Esnaola
Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Hirurogeigarren hamarkadaren erdialdera, nola bururatu zitzaion debar gazte bati abokatua izan behar duela?


Orduan Deban bizita, “abokatua izango naiz” pentsatzea ezinezkoa zen. Garai hartako ikasketak tailerretara begirako moduluetara eta Francoren unibertsitate laboraleko peritutza teknikoetara mugatzen ziren. Kasualitatez, ni baino zaharxeagoa zen koadrilakide batek Zuzenbidea aukeratu zuen, eta horri esker hasi nintzen nire bidea argiago ikusten. Ez pentsa, ordea, prestigioaren bila egin nuenik. Urte haietan, abokatuei abogadillo esaten zitzaien, eta herrietan behintzat, nahiko lanbide gutxietsia zen.

Orduko giro politiko eta sozialak ez zuen eraginik izan zure erabakian?


Ez, kontrako bidea egin dut nik. Estudiatzen hasita ekin nion ikasten ari nintzena prozesu sozial eta politikoan aplikatu eta erabiltzeari. Orduan Gipuzkoan bi edo hiru abokatu famatu baizik ez zeuden, eta abokatuaren irudiak apenas zuen prestigio eta garrantzirik. ETA bera ere hasiberria zen, eta pisuzko lehen ekintzen ondoriozko epaiketak hasi arte jende asko ez zen abokatuaren inportantziaz jabetu. Epaiketa horiek hasi zirenean karrera bete-betean nengoen, eta garbi ikusi nuen zer zen egin nahi nuena.


Desberdina al da abokatuaren lana frankismoan edo gaur egun?


Arlo zenbaitetan orduko eta oraingo trabak berdintsuak dira. Ez nuke esango hobera egin dugunik. Alderantziz. Francoren garaian, esaterako, atxiloaldiak hiru eguneko topea zuen, Donostian atxilotzen bazintuzten bertako epaitegian deklaratzen zenuen... Arazo bakarra salbuespen egoerak lege guztiak deuseztatzen zituela zen, eta bolada batzuetan, salbuespen egoera sarri-sarri dekretatzen zuten. Horregatik gertatu dira Frankismoaz ezagutzen ditugun barrabaskeriak, bestela ohiko legedia egungoa baino jasan errazagoa zen. Demokraziarekin eskubideak bermatu direla entzuten dudanero hori Frantzian izango dela pentsatzen dut, zeren hemen inkomunikazio epea luzatu dute, kondenak gogortu dira, legeak zorroztu... Diktadura demokratizatzera ausartu ez zirenez demokrazia diktadurizatu dute.


Demokraziaren diktadurizatze horrek eragiten al du jendearen militantzia mailan, jendearen konpromiso mailan?


Dudarik gabe. Egia da Francoren garaian jendea inplikatuago zegoela baina ez konparatu militantziaren orduko eta egungo arrisku maila eta kostu pertsonala. Orduan, ETAren kolaboratzaile izateagatik sei hilabete kartzelan emanda libratu egiten zinen, orain sei urteko kartzelaldia ez dizu inork kenduko. Komando bat etxean edukitzeagatik, orain hamar bat urte pasa zenitzake itzalpean, orduan normalki urtebete bat eginda baldintzapeko askatasunera itzultzen zinen. Horrek asko animatzen zuen jendea. Izugarri.


Kondenak zenbakiak badira, eta zenbakiek ez badute gezurrik esaten, zer pentsatua ematen du...


Nire adinean frustrantea izan daiteke, baina ez da, bizitza horrelakoa dela ikasten joaten zarelako. Orduan, Franco hil eta bi hilabetera independenteak izango ginela pentsatzen genuen, denak independentistak edo gutxienez erabakitze eskubidearen aldekoak ginela zirudien. Baina Franco hil zela pasa dira 33 urte, eta ohartzen zara sistemak beti aurkitzen dituela zu izorratzeko bideak. Gaur egun, nola ikusten duzu Euskal Herriaren independentzia? Merezi du borroka egiteak? Ez du merezi? Borrokarik egon ez balitz nola egongo litzateke herri hau? Zer arraio egin behar da hemen? Horrela jarraitu behar da beste bi edo hiru belaunaldiz? Nebulosa gehiegi gauza onerako. Zure ilusioak poliki-poliki beherantz ikusi badituzu, ez daukazu besteenak ere halaxe doazela pentsatu beste erremediorik.


Zeri zor zaio ilusioen gainbehera hori?


Dena dago lotuta. Franco hiltzean hau konponduta zegoela pentsatzetik, ordura arte aldaketaren ikurrak ziren alderdi politikoak joko interesatuetan nahastuta ikustera pasa ginen. Geneukanarekin konformatu behar genuela zioten, helburu potoloak gerorako utzi behar zirela. PSOEkoek Gerra Zibilean bezain autonomista eta espainolista izaten segitzen zuten, EAJk horren arabera jokatzen zuen, Madrilgo Gobernuak zedarritutako markoa gaindituz gero ejertzitoa bidaliko zigutela mehatxatzen zuen, eta bitartean ezker abertzalean zulo horretatik nola arraio atera pentsatzen saiatzen ginen. Urteekin, konturatu ginen erakunde armatuaren bidez Gobernuarekin negoziatzeko zirrikitu bat geneukala, baina ez zen posible izan, uneoro denek dena nahi zutelako. Hori gutxi balitz, 1989an Berlineko pareta eraisten da, “Ekialdea” desagertzen, eta Mendebaldeko sistemaren garaipenak mundu mailako kontzeptu geopolitikoa erabat aldatzen du. Ondorioz, alderdi politikoak funtzionario habia bihurtu ziren, eta ikusten duzu batzuek 30 urte daramatzatela euren agintetxoari eusten. Horri kale-mugimenduak izan duen gainbehera gehitzen badiozu, nola ez zara desanimatuko? Etsigarria da. Kostatzen zait esatea, izorratu egiten nau, baina sistema irabazten ari da. Ez dut esan nahi irabaziko duenik, baina oso errotuta dago.


Negoziaketak aipatu dituzunez, gauza bera negoziatu al da Aljerren eta Loiolan?


Negoziatutakoa gauza bera da, baina mahai batean esertzera zoazenean zure indarra zein den jakin behar duzu. Oso argi ukan behar duzu zer nahi duzun, negoziaketa hori zertarako erabili nahi duzun. Hor hanka sartu dugu. Etsaiarekin jokatzera joan beharrean jolastera joan gara beti, eta oso harro gainera. Beti iruditu izan zaigu irabazita geneukala eta zakurraren bibolinak! EAEko nazionalisten eta ez nazionalisten arteko bozka proportzioa aztertzen jarri, eta oso antzekoak dira 1976an eta gaur egun. Non daukagu gehiengoa? Araban? Nafarroan? Iparraldean? Gehiengoa gara Lizartzan, zorionez. Hori garbi eduki ezean zaila da eman beharreko pausoak zehaztea. Baina jakina, hemen alde guztiek nahi dute eurena, eta konponbidearen mesedetan eurenetik zerbait uztea baino nahiago dute dena pikutara bidali. Hori gertatzen da beti, eta jesukristorenak garela uste dugun bitartean hori gertatuko da. Jarri ditzagun hankak lurrean, behingoz! Proportziotxo bat baino ez gara, hauteskundeen arabera EAEn gehiengoa daukan proportziotxo bat.


Mingain gaiztoek negoziatzen diren gaiak beherapenetan daudela diote.


Derrigorrez, eta hala ere, asko eskatzen ari garela uste dut batzuetan. Irudipena daukat egon zela garai bat dezente negoziatu zitekeena, baina orain negoziatzera jarrita zer aterako duzu ba? Asko jota, Arzakenean bi lagunek afaltzeko beste! Hori jakinda, zer da hobea, orain arte bezala jarraitzea ala ondo sendotu eta politika egitea? Apustu hori egiteko jakin behar litzateke erakunde armatuaren gaitasuna zein den, oraingo martxan zer mesede eta zer kalte egiten dion ezker abertzaleari eta Euskal Herriari, eta beste alderdi nazionalistek politika ideiak aurrera eramateko ala partidua mantentzeko egiten duten. Zoritxarrez, alderdiak helburu politikoen gainetik jarrita dauzkagu. Hemen jendea bere alderdiarentzat bizi da, eta alderdiek euren epe motzerako helburua baino ez dute buruan. Alderdiek, ondo bizi, egiturak sano mantendu, dirua eduki, eta boterea nahi duten artean alferrik izango da, bai beherapenetan eta bai bestela!


Egungo egoeran ezker abertzaleak politika egin dezake?


ETArekin orain arteko harremana duen bitartean ez. Alde guztietatik harrapatuta dago. Tira, batzuek esango dute orain egiten ari dena politika dela, baina zer da politika egitea? Eusko Legebiltzarrera joatea, udaletxean egotea, Nafarroako parlamentura sartu nahi izatea, eta hor geratzea hortik aurrera joan ezin duzulako? Aski denbora pasa da orain arte egin dugunarekin nora iritsi daitekeen ikusteko. Ez dakit hobea edo okerragoa izango den, baina uste dut unea dela beste aukera eta estrategia batzuk esperimentatzeko.


Politikagintzan bisionista eta esperimentatzailea izatea ez al da arriskutsua?


Gaur egun zuzendaritzaren aurka bazaude joan etxera eta hasi liburuak irakurtzen. Ez daukazu zereginik. Lehen ere hala zen, baina oraingoa exajerazioa da. Alderdi bakoitzak bere marko txikiak ditu eta urte asko behar dira marko horiek aldatu eta mugitzeko. Baina jendeak hor jarraitzen du, eta azkenean, ez dakizu zer defendatzen ari diren, interes pertsonalak, interes alderdikoiak, ala interes nazionalak. Egia izango da jende bat interes pertsonalak eta alderdikoiak bateratzen abila dela. Ni ez nintzen inoiz saiatu, eta saiatu izan banintz ez dut uste asmatuko nuenik.


Horregatik joan zinen etxera liburuak irakurtzera?


Nik beti defendatu dut ezker abertzaleko militantziak esaten ziguna egin behar genuela, eta ez militantziari geure politika markatu kalean aplikatu zezan. Hori ez zen kasualitatez izan ETA militarra eta politiko-militarraren arteko desberdintasun nabarmen bat. Txomin Iturbe hil zenean, zuzendaritza hasi zen estrategia markatzen, eta uste dut orokorrean negatiboa izan dela ezker abertzalearentzat. Nik ordura arteko eskemekin jarraitu nahi nuen, baina itxuraz deus aldatu ez balitz bezala jarraitzeko eta azpitik ordura arte egindakoa amaitutzat jotzeko esaten zidaten. Ez zitzaidan zuzena iruditu eta etxera joan nintzen. Zer aukera nuen? Nire benetako ideiak plazara bota beste alderdiek aprobetxatu eta ezker abertzaleari egurra eman ziezaioten? Hori bai ez nuela nahi. Egia da gogorra izan zela, benetan gertatu zenaz bost lagun bakarrik jabetu zirelako, beste denek zuzendaritzak esandakoa sinesten zutelako, eta ni isilik nengoenez ba… Trago mikatza izan zen, pasa beharrekoa, eta pasa dudana.


1989ko azaroaren 20ko gaua ere ez zen gozoa izango. Atentatua Madrilen, Josu Muguruza eraila, zu larri zaurituta…


Irentsita neukan, egiten nuen lana eginda, eta Madrilera astean hirutan joanda, horrelako zerbait gertatuko zela. Atentatu bat jasan behar banuen presoen abokatua izateagatik jasango nuela uste nuen, ordea, eta perspektiba politikotik iritsi zen. Atentatuaren ostean politikan berdin-berdin segitu nuen, Madrilera joateari utzi nion soilik. Nire ideietan izan dudan konbentzimendua ez zuen atentatuak arrakalatu. Jende horren kontra borrokatzen nuen atentatua baino lehen, eta borrokatu dut atentatua eta gero. Jende batek bestela interpretatu bazuen ere, politika uzteko nire erabakian horrek ez zuen zerikusirik izan.
De Juana
“De Juanarekin egiten ari direna lotsagarria da. Ez daukat garbi Paraguain bizitzera behartu nahi duten, ala hemen bizitza izorratu eta betiko isilik mantendu nahi duten. Gauza bat da azkenaldian preso eta preso ohien ondasunekin egiten ari direna, baina beste bat kondena bete duen pertsona bati etxera joaten ez uztea. Dena den, De Juana nortasun sendoko pertsona iruditzen zait eta egoera salbatzen jakingo duela uste dut”.
Nortasun agiria
1948ko uztailaren 28an jaio zen Deban (Gipuzkoa). HB-ren sorreran parte hartzeaz gain, formazio horren lider eta bozeramailea izan zen 80ko hamarkadan, ardura politikoak abokatu lanarekin uztartuz. 1989an eskuin muturreko talde batek egindako atentatu baten biktima izan zen, eta 1991n politika uztea erabaki zuen alderdiarekin zituen desadostasunak tarteko. Egun, abokatu lanetan ari da Donostian duen bulegoan.
'Egunkaria' auzia
“Erabat auzi politikoa da, eta garbi dago, Euskal Herrian prozesu emankor bat egongo balitz epaiketak beste bide bat hartuko lukeela. Auzi politikoa delako luzatzen ari da hainbeste. Gobernuak mahukan daukan karta bat da eta berak erabakiko du noiz eta nola jokatu”.
AZKEN HITZA
Herri galdeketa
“Auzitegi Konstituzionala espainola da eta konstituzioaren izenean Espainia defendatuko du. Hortik ezin da besterik espero. Gero, EAJk, beti egin duen bezala, amen esango du eta dena pikutara joango da. Tira, forma aldetik Europan helegiteak aurkeztuko ditu, baina ez du politikoki borrokatuko herri galdeketa posible dela frogatzeko eta, EAEn soilik izan arren, lehentasunezko urrats bat dela erakusteko”.

Azkenak
Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


2025-09-09 | Jon Torner Zabala
Itsasoaren berotzeak euskal kostaldeko espezie batzuen portaera aldatu du, Aztiren arabera

"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin... [+]


Drone batek eraso egin dio Flotillari Tunisian, eta Israelek Gazako bonbardaketak indartuko dituela iragarri du

Gauerdian, Global Summud Flotillako ontzi bati eraso egin dio drone batek. Bideoan argi ikusten bada ere, Tunisiako Gobernuak gezurtatu egin du. Haren arabera, ez da atzerriko erasorik izan.


Spoti-fire, Stop-ify edo Spoti-fair

Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko... [+]


2025-09-09 | Irutxuloko Hitza
Kaleratzeak Stopek gaitzetsi du Donostian GOe egiteko azkartasuna, ondoko orubeko gazteentzako apartamenduei ekiteko datarik ez dutenean

Joan den astean jakinarazi zuten Basque Culinary Centerren GOe eraikina urriaren 20an inauguratuko dutela, eta horren harira, Kaleratzeak Stop plataformak idatzi bat helarazi du komunikabideetara. Bertan, gaitzetsi egin du Basque Culinary Centerreko eraikin berria 20 hilabetetan... [+]


Nafarroako azoka ekologiko handiena Noainen lurreratuko da irailaren 12tik 14ra

Hamargarren urtemuga ospatuko du aurten Nafarroako Azoka Ekologikoak. Berrogei postuko azokaz gain mintzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta erakusketak izanen dira


2025-09-09 | Gedar
EAJko presidente ohi Andoni Ortuzar kanpo-aholkulari gisa fitxatu du PwC multinazionalak

 "Komunikazioan eta gai publikoetan" lagunduko dio enpresari. Lizitazioak manipulatzeagatik isundu izan dute konpainia, eta lotura zuzenak ditu EAJrekin. 


2025-09-08 | Aimar Lopez
Istilurik gabe baina normaltasunik gabe ospatu dute bertze behin Alarde eguna Hondarribian

Jaizkibel konpainia berdinzaleak Herriko Etxearen eta epaileen deliberoak bete ditu, ez haatik HAOSEk, alarde baztertzailearen antolatzaileek. «Estrategia aldaketa bat» eskatu dio Jaizkibelek auzapezari; ezkerreko ordezkariek «Alardea antolatzeko».


2025-09-08 | ARGIA
Israeli armak salerostea debekatzeko dekretua iragarri du Espainiako Gobernuak

Pedro Sánchez Espainiako presidenteak adierazi du, legez arma-blokeoa ezarrita, presioa eragin nahi dutela Benjamin Netanyahurengan. Sánchezek deitoratu du nazioarteko komunitatearen zati baten “indiferentzia” eta Israelgo Gobernuarenganako... [+]


Bayrouren gobernua erori da Frantziako Asanblean eta estu da Macron

Astelehen arratsaldean konfiantza mozioa galdu du Frantziako lehen ministro François Bayrouk. Konfiantza mozioa eskatu zuen, datozen lau urteetarako austeritate usaina zuten aurrekontu batzuk aurkeztu eta bere aurkako zentsura mozioa iragarri zuenean eskuin muturrak. Aurrez... [+]


2025-09-08 | Axier Lopez
Argentinako ultraeskuinak lehen kolpea jaso du haustekundeetan

Peronismo klasikoak Buenos Aires probintziako hauteskunde legegileetan botoen %47,2 lortu du. Javier Mileiren La Libertad Avanza hautagaitza 13 puntura geratu da (%33,7). Emaitza esanguratsua da bozka emateko eskubidea duten argentinarren %38 Buenos Aires probintzian biltzen... [+]


‘Esnatu ala hil’, kaleko euskaltzaleentzako liburua ondu dute Goikoetxeak eta Iurrebasok

Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]


2025-09-08 | Gedar
Igorreko Kiñu Gaztetxearen aurkako epaiketa, irailaren 15ean

09:00etan Durangoko epaitegi aurrean biltzera deitu dute Kiñuko kideek. Duela bost urte hasi zen Gaztetxearen aurkako prozesua.


2025-09-08 | Ahotsa.info
Bideoa: Labaren irekiera festa ospatu dute Iruñean

Labaren itzulera ospatzeko festa antolatu dute egun osoan zehar. Broken Brothers Brass Band-en kalejirak Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ditu Estafetaraino, ondoren lehiotik kantua izan da Amets Aranguren, Julen Goldarazena Flako, Idoia Tapia eta Oier Zuñigaren eskutik; eta... [+]


2025-09-08 | ARGIA
“Terroristak” dira Espainiako Vuelta geldiarazi zuten Bilboko ekintzaileak, Israel-Premier Tech taldeko jabearen arabera

“Ez gintuen harritu nola hartu gintuzten Euskal Herrian, ezker muturreko ekintzaileen eta separatisten gotorlekua baita”, adierazi du Sylvan Adams-ek.


Eguneraketa berriak daude