Familiako zikulu-saltsa

Luzuriaga radicans
Duchesne marrubien erregearen bihotzeko erregea, Luis XVI.a, lepatu zuten urtean, 29 zituen Ignacio Maria Ruiz de Luzuriagak. Bizkaitarra, bilaroztarra, areatzarra, medikua zen dagoenerako. Bergarako eskola entzutetsuan ikasi ondoren Paris, Londres eta Dunedinen (Eskoziako hiriburua) egin zen mediku. Gero ur-aparretan bueltatu eta Madrilgo erregearen jarraileria eta ipurzerbitzaileen osagile izan zen. XIX. mendea abiatu ordurako txerto kontuetan hamaika lan egina zuen, baina hamalau moduan azaltzen omen zen, izan ere, ibilia zen toki guzti horietako mediku sozietateetako kide izan! Hamalau haizea laster baretu zion Jose I.a Pepe Botella erregeak, 1809an Frantziara deportatuta. Madrilgo lagun ugariei esker, luze gabe bueltatu zen. XIX. mendearen hogeita bigarren urtean hil aurretik lan mordoa argitaratu zuen, tartean, bizkaitar peto, itsasoan erabili beharreko higieneaz batzuk.

Bilbok Mazarredo doktore garaikideari bezala Gasteizek Luzuriagari kalea eman bazion ere, bere ospearen ohoreak beste bide bat hartu zuen. Andeak mendikatearen Ozeano Bare alderako Peru eta, batez ere, Txileko lurretan bizi den landare familia bati bere izena jarri zitzaion: Luzuriagaceae. Familia horrek genero bakarra du, Luzuriaga, lau espeziez osatua. Ezagunena Luzuriaga radicans da, toki laiotz eta ospeletan bizi den igokaria. Beste landareen gainean hazten da, igo eta heltzeko erro mehe batzuk luzatuz; hortik izenean radicans azaltzea. Lore zuriak eta fruitu gorriak harro erakusten ditu urte osoan eusten dion hostaje distiratsuaren gainean. Negu partean ez soiltze horrek lorategitarako egoki bihurtzen du eta gero eta sarriago erabiltzen da. Mito ugari lotzen ditu landare honek. Hango basoetako jentila, trauco deitzen duten izaki indartsua landare honekin janzten da eta bere koxkor gorriak janez bizi da. Bere aihena erruz erabiltzen dute bertakoek ere, saskiak, erratzak eta abar egiteko.

Liliidae ordenako landare askorekin gertatzen den eran, honen sailkapenean ikaragarrizko zikulu-saltsa dago, eta egun oraindik ez da ehunka urtetako istilu taxonomikoa isildu. Erabat argitu artean, Luzuriagatarrak hor izango dira. Bizkaiko Areatzan bateren bat ba ote da? Landare genero hau inongo ugariena den Txileko Izal departamentuarekin anaikidetu beharko dute...

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude