Barrearen iturriaren bila... alferrik

  • Oporren aurreko azken ARGIArako bete ezineko erronka jarri genion geure buruari: umoreari buruzko erreportaje umoretsua idaztea, eta gainera ona. Helburua lortu ez dugulakoan, hona hemen emaitza. Ea irailerako ahaztu zaizuen. Bestela, Brasilen galdetu gutaz, Alaskan egongo gara eta.
Umorea
Dani Blanco
Euskal Herrian umoreari buruzko aditu entzutetsu bat aurkitu nahi izan dugu, baina azkenean Kike Amonarrizekin mintzatu gara. Hasteko, galdera erraza: zer ote da umorea? “Hitz batean eta euskaraz laburbiltzekotan –erantzun digu sustoa pasatu zaionean–, aldartea esango nuke. Aldarte ona noski. Iruditzen zait bizitzaren krudelkeriari, zentzugabekeriari aurre egiteko modua dela, ikuspegi alai baina baita ere, batzuetan, kritiko batez. Ez da erraza umorea definitzea [bai, konturatu gara horretaz], zeren gainera aldatu egiten da. Aldatu egiten da denboran, aldatu egiten da herrialdetik herrialdera, eta aldatu egiten da pertsona batetik bestera”.
 
Amonarrizek gogorarazi digunez, Grezia klasikoko garaietatik egile ospetsu asko saiatu dira umorearen definizioa ematen, eta inork ez du lortu. Hala ere, mundutik ibiltzeko erabilgarri izan dakiguke honako hau: barrea eragiten duena da umorea, barre dosia, irribarre xumetik algara geldiezinera, edozein dela. Amonarriz serio jarri da ordea, ez digu hain erraz jarriko: “Umorearen eta komikotasunaren arteko bereizketa egin behar da”. Zerbait komikoa barrea eragiten duena da, barre ozena esan nahi baita. Norbaitek banana azala zapaldu eta lurrera jaustea, esaterako. Proposamen umoretsuak ere algara eragin dezake, baina baliteke bestelakoa izatea helburua: ia igartzen ez den irribarretxoa eragitea, ezusteko atsegina ematea, kritika bat egitea…
 
Umorea zer demontre den jakin gabe segitzen dugu, baina behintzat konturatzen hasiak gara funtzio soziala izan dezakeela. Eta ez munta txikikoa, Amonarrizen esanetan. “Barrea eragiten diguna arau-haustea izaten da normalean, eta modu askotara hautsi daiteke araua. Esaterako, sintaktikoki, narrazioaren amaiera ustekabeko lekura eramanez”. Txiste esaten omen zaio horri, Kike. “Konparazio baterako –jarraitu du entzungor–, azken boladan eman duten auto marka baten iragarkia: ‘Aizu, nondik joaten da Bilbora (hiri bat esatearren)?’. ‘Ikusten duzu auto gorri hori?’. ‘Bai’. ‘Ba nirea da; Bilbora handik joaten da (beste norabide bat adieraziz)’”.
 
Publizitate-etena baino lehenago esan nahi genuena, azken buruan, zera da: arau-haustea gauza askotarako erabil daiteke, auto asko saltzeko ez ezik. Gizartean indarrean dauden arauak are gehiago indartzeko, adibidez. Umore erreakzionarioaren helburua sistematik kanpo daudenak baztertzea izan da beti, Amonarrizek azaldu digunez (guri, geurez, ez litzaiguke bururatuko). Hor daude txiste arrazistak, sexistak, homofoboak, klasistak… Kontrako bidetik ere dezente ibiliak gara gizakiok, zer esanik ez. Boterea barregarri uzteko txisteez badakigu zerbait Euskal Herrian, edo bestela galde iezaiozue Francori. Lasai, ez du erantzungo.
Arau-hauste sintaktikoak aipatu ditugu, baina badira beste mota askotakoak. Semantikoak izan daitezke, edo absurduak, edo hiperbolikoak, edo… Halako ur sakonetan murgiltzen diren liburu asko dago, batzuk txistez hornituta, beste batzuk hileta baino serioagoak. Abuztu honetan aspertzeko gogoa daukanak bibliografia gizen horretan aurkitu dezake modu bikaina. Kontua da, eta horretara iritsi nahi genuen, diziplina ugarik aztertu duela umorea: hizkuntzalaritzak, psikologiak, historiak… Azkeneko horri erreparatuko diogu, mito bat suntsitzeko balioko digu eta.

Euskal seriotasunaren genea

Hego Euskal Herriko biztanleok serioak gara, eta kito. Andaluziarrak, berriz, umoretsuak. Eta kito ere bai. Baina, seguru? Noiz eta nork erabaki du herri bat umoretsua ala serioa den? “Iruditzen zait hemen komunikabide sozialak gaztelaniaz hedatzen hasi ziren momentuan –dio Amonarrizek–, umore eredu batzuk sustatu zirela Espainia ideia indartze aldera. Eta hori, une jakin batean, Andaluzia zen batez ere”. Hara nola ordura arte alaitasunaren eredu ginen euskaldunok serio bihurtu ginen. Bai, sinets ezazue: lehen herri umoretsua ginen, edo hala ikusten gintuzten behintzat. Jose Felix Diaz de Tuestaren Euskal Herria atzerritarren ahotan liburuan badira adibide eder batzuk, guk hau aukeratu dugu: “Herrialde honetako jendea oso alaia da, espainiarren guztiz kontrakoa, espainiarrek ez baitute ezer egiten serioki ez bada. Euskaldunak beti ari dira txantxetan, barrezka eta dantzan, hala gizakumeak nola emakumeak”. XXI. mendeko umore stablishment-ari zuzenean eraso egiten dioten hitz horiek Andrea Navagliero politikari veneziarrak esan zituen 1528an. Badaezpada gaineratu dezagun urte bi lehenago Granadan egon zela, hau da, Andaluzian.
 
Gaia korapilatsuagoa omen da baina. Gure umorearen izaera da ezbaian dagoena, ez umorea bera: “Sanferminetara edo inauterietara datorrenak nekez esango du hemen umorerik ez dugula. Beraz, umore mota bat da epaitua, sustatu nahi den beste mota harekiko. Nik sarritan galdetzen dut: euskaldunok zein baino serioagoak gara? Eta zeintzuk dira gu baino umoretsuagoak? Galiziarrak, esloveniarrak, kurduak? Ez, andaluziarrak. Eta andaluziarrak baino ez. XIX. mendeko eraikuntza ideologikoa da hori”.
 
Umorea “kendu” ziguten, baina zerbait eman ziguten ordainetan: langile ospea, ordura arte ez omen geneukana. Baliteke hori hain txarra ez izatea, gure aditu partikularrak azaldu digun umorearen inguruko kontraesan honi begiratuta: “Itxura batean umorea gauza onekin lotzen da gizartean, baina pixka bat sakonduz gero ez da hala. Pertsona serioa ona da; beti umoretsu dabilena, ganorarik gabekoa ia-ia. Egoera batzuetan, lanean esaterako, ez da batere ondo hartzen umorea”. Pertsona umoretsua ez da fidagarria “kontu garrantzitsuak” tartean direnean, eta horregatik beharbada oso zaila da, esaterako, umorea maiz erabiltzen duten politikariak aurkitzea. Churchill izan zen salbuespenetako bat, eta haren izena gogora ekarri dugunez gero, ezin eutsi pasadizo hau idazteko tentazioari:
 
– Churchill jauna, ni zure emaztea banintz, pozoia jarriko nioke zure teari –esan zion behin kazetari batek.
 
Ziplo etorri zen lehen ministroaren erantzuna: – Eta ni zure senarra banintz, edan egingo nuke.

Umorearen teoria orokorrak

Badaezpada aurreko lerroko izenburutxoak irakurle guztiak uxatu ez dituen, jarrai dezagun. Hitz egin dugu txisteez, mintzatu gara etorri handiko politikari ingelesez, berba egin dugu ondo pentsatutako iragarkiez, jardun dugu lurrean botatako banana azalez… Baina horiek ez dira barrea eragiten duten gauza bakarrak. Umoreak milaka aurpegi ditu, kantuko borreroak adina edo gehiago. Horiek guztiak teoria orokor bakarrean bildu nahi izan dituzte ikertzaile askok, batzuk Churchill bezain famatuak akaso, eta kale egin dute. Dagoeneko esanda genuen hau, ezta?
 
Umorearen teoria orokorrez gehiago jakiteko –gutxiago ezin– Eduardo Jauregui psikologoarengana jo dugu, eta beraz hari egotzi behar zaio hemendik aurrera egingo ditugun akats guztien errua. Curriculum ikaragarria aurkeztu digu Jaureguik. Apaltasun handiz adierazi digunez, bera da Espainiako Estatu osoan aditurik handiena umore kontuetan. Berarekin hitz egin eta gero, sinetsi egin diogu. Gaiari buruz idatzi eta guzti egin du: umorea aukeratu zuen doktorego-tesia egiteko gaia, eta horrekin konforme ez nonbait, El sentido del humor (Umore sena) irakurtzea beste erremediorik eduki ez dugun liburukotea argitaratu zuen 2007an. Aurrekoa gutxi balitz, Humor Positivo (webgunea daukate) izeneko kontsultoretzan egiten du eguneroko lana, eta umoreari buruzko dozenaka artikulu kaleratzeko gauza izan da, bilbotarra izan gabe ere.
 
El sentido del humor lanean, besteak beste, historian proposatu diren umorearen lau teoria orokor garrantzitsuenen berri ematen du Jaureguik, eta halako batean zirrikitu bat baliatzen du Bosgarrena emateko. Berarena, noski, zertarako bestela letra larria. Guztiz ezinezkoa izan arren, ahalegindu egingo gara lehenbiziko laurak labur-labur esplikatzen. Zer esaten duten, eta zertan egiten duten huts. Gero, Jaureguiri utziko diogu Bosgarrena azaltzen, eta zergatik den onena esaten.

Nagusitasunaren teoria

“Nik zuri burua zapaltzen dizut, nik zutaz barre egiten dut”, izan daiteke teoria honen formulazio sinple samarra. Beste bat, apainagoa, hau da: “Barrea erasorako tresna da, besteen hanka-sartzeak, akats fisikoak edo zorigaitzak ikusten ditugunean sortzen zaiguna”. Hots, umoreak biktima behar du. Baina horrek ez ditu behar bezala azaltzen zenbait adierazpide umoretsu, hitz-jokoak edo umore absurdua esaterako. Bestalde, benetan besteen gainetik gaudela sentitzen dugun uneetan ez dugu barrerik egiten, normalean. Jaureguik esan du azkeneko hori, guri ez ezer leporatu, otoi.

Inkongruentziaren teoria

Nagusitasunaren teoria zaharrena da, baina hau da ezagunena. Jaureguik oso hitz politekin esplikatzen du bere liburuan; hona itzulpen baldarra: “Elementu bateraezin bi edo gehiago modu desegokian elkartuta ikusteak eragiten digu barrea”. Adibidez, tabernara sartu den tipo batek honela diotso zerbitzariari: –Zenbat balio du kafe batek? –Euro bat. –Eta azukreak? –Hori dohainik da. –Orduan emadazu kilo bat mesedez.
Txisteen mekanismoa ondo argitzen du teoria honek, baina Nagusitasunarenak hoberen esplikatzen dituen alderdietan egiten du huts. Ez du azaltzen, esaterako, zergatik egiten dugun barre opera kantari batek oso nota altua eman nahian huts egiten duenean.

Katarsiaren teoria

Freud izeneko psikiatra erdi-ezezagun bati zor diogu teoria hau, edo behintzat berak defendatu zuen sutsuen. Zioenez, txiste eta txantxek debekatutako gaiez hitz egiteko aukera ematen digute, eta era horretan askatutako tentsioek katarsia eragiten digute. Teoria hau ongi ezkontzen da barreak estresa gutxitzen dutela frogatu duten ikerketekin, eta gainera Freudena denez, dotorea da bera defendatzea. Baina baietz gure Jaureguik akatsen bat aurkitu: “Zein tentsio askatzen da hitz-joko batek edo lagun baten hanka-sartzeak algara eragiten digunean?”. Eta bakarra gelditzen zaigu.

Jokoaren teoria

Lau teoria nagusietan hau da plazaratu den azkena. 1902an, hain zuzen. Horrek ederki adierazten digu umoreari buruzko ikerketak puri-purian daudela. Gogoraraziko dizuegu teoriak dioena, dagoeneko egilearen birbilobak ere ez dira oroitzen-eta: umoreak lagundu egiten digu bizitzaren penak jasaten, mehatxuei garrantzia kentzen, zorigaitzaz iseka egiten. Teoria ona da umore kontzientea azaltzeko –txisteak, satirak, komikia, sketch-ak...–, baina ez bat-bateko umorea. Norbaitek banana azala zapaldu eta jaustean sortzen den algara, oraintxe bururatu zaigun adibide bat ematearren. Bestalde, Jokoaren teoriak ez du zehazten zerk eragiten digun barrea. “Gauza barregarriek sorrarazten digute barrea”, esaten du gutxi-gorabehera.

Eta bost: Teoria dramaturgikoa

Aurreko lau teorietatik bakarra ere ez da gai barrea eragiten duten gauza guztiak azaltzeko, temati errepikatzen ari garenez. Horregatik Eduardo Jaureguik, agidanez zeregin hoberik ezean, den-dena esplikatzen duen teoria sortzea beste burutaziorik ez du eduki. Teoria dramaturgikoa du izena, eta ez zaio batere makala atera egia esan, aurreko lauren sona ez duen arren, momentuz. Hitz egin dezala maisuak.
 
“Esaldi bakarrean bildu daiteke teoria: barrea eragiten duena beste aktore sozial batek bere rola ondo bete ez duen pertzepzioa da”. Ulertu dutenek zerbait hartzera joateko baimena dute, besteek, hau da, ia denek, hemen jarraitu beharko duzue denbora labur batez.
 
Itzul dezagun euskarara Jaureguik esandakoa. Ezer baino lehen, testuingurua behar dugu. Eta testuingurua Bizitzaren teoria dramaturgikoa da, izena ere ez dakigun kanadar psikologo batek sortua. Zera dio: denok gara aktore bizitzan, denok antzezten ditugu etengabe gizarteak egotzi digun pertsonaia, edo guk geuk aukeratu duguna. Hori betetzen ez dugunean, alegia, gure pertsonaiaren mozorroa, nahita edo nahi gabe, eransten dugunean, barrea sortzen da.
 
Horrexek lotzen ditu, Jaureguiren aburuz, Kike Amonarrizen txisteak, banana zapalduta erreportaje berean hiruzpalau aldiz erortzeko gai izan den tipoa, Churchillen ateraldiak eta –esaterako– kilimak. Txisteen kasuan, mozorro galera fikziozkoa da, beste batzuetan egiazkoa, baina eragiten diguten erreakzioa berdina da.
 
Ez ditugu kilimak besterik gabe aipatu. Teoria gehienentzat oztopo handiena izaten dira, baina Jaureguik ez dio ezeri beldurrik: “Jende gehienak pentsatzen du kili-kiliek eragindako barrea mekanismo automatikoa dela, baina ez da hala. Bestela, joan zaitez ezezagun batengana eta ezer esan gabe has zaitez kilimak egiten, ea barre egiten duen”. Orduan? 
 
Kili-kiliak gorputzaren atal bigunetan egiten dira, eta gorputzak badu horiek babesteko sistema, hori bai automatikoa. Ezagun batek kili-kilia egiten digunean, gure gorputza uzkurtu egiten da erasoaren aurrean, baina gure gogoa berehala ohartzen da ekintza absurdua egin dugula: zertarako babestu erasorik egingo ez ligukeen –izan ere egin ez digun– lagunaz? Jende “normalak” ez du halakorik egiten. Hots, ez dugu gure pertsonaia ondo jokatu, eta horrek barrea dakar.

Non dugu umorea?

Neurologiaz ari gara orain. Umorea burmuinaren atal jakin batean dago “gordeta”? Ez jakin. Eduardo Jaureguik dioenez –horretan aditua ez dela aitortu eta gero–, umoreak garunaren atal desberdinak “pizten” ditu. Batzuk zaharrak, piztiak ginen garaitik heldu zaizkigunak. Beste batzuk berriagoak, piztiak eta kasik planetak akabatzen dituzten izaki arrazional bihurtzean sortu zitzaizkigunak. Ez dago ezer garbi, eta erreportaje hau irakurri ostean are gutxiago. Ikerketa (serio) baten arabera, Londresko taxi-gidariei neuronak hazten zaizkie orientazio espazialarekin zerikusia daukan garunaren alde batean. Baliteke umoreak egoitza nagusia edukitzea garuneko txokoren batean, eta baliteke komiko profesionalei handitzea, baina hori ere, momentuz, ez dakigu. Sekula ez zizueten hain informazio gutxi emango sei orrialdetan!

Umorearen mitoak
Bada barreterapia munduan behin eta berriz errepikatzen den esaldia: umeek egunean 300 aldiz egiten dute barre, helduek hamabost besterik ez. “Datu hori guztiz asmatua da, mitoa da”, dio Eduardo Jauregui psikologoak, “eta badira gehiago; hedabideetan ondo ematen dute eta, frogatuta egon ez arren, medio batetik bestera igarotzen dira”.
 
Barreak osasunari ekartzen dizkion onurak ez dira esan ohi den bezain handiak, Jaureguiren ustetan. Ez da ikerketa gehiegirik egin gaiari buruz, eta inola ere demostratuta ez dauden ideia asko dabil hegaka. Egia da umorea mesedegarria dela gorputz nahiz gogoaren osasunerako. Barreak, esaterako, estresa gutxitzen du, eta eragin analgesikoa ere badu; barre egin ostean hobeto jasaten dugu mina. Baina hortik landa… “Azterketak egin dira barreak bihotzari egiten dion onura neurtzeko, pertsona umoretsuak urte gehiago bizi direla frogatzeko edota barre egiteak sistema immunologikoa indartzen duela agerian uzteko, eta ez da ondorio garbirik atera”.
 
Izan ere, umorearen eta osasunaren arteko harreman estatistikoa aurkitzeko egin den ikerketa handienak emaitza harrigarriak izan zituen. Zenbat eta umore gehiago, osasun kaxkarragoa eta bizitza laburragoa. Nola azaldu? Itxuraz, bai azterketa hartan bai beste batzuetan ere ikertzaileek behatu egin dute pertsona umoretsuek jarrera “lasai” samarra dutela bizitzaren aurrean. Alegia, nahi dudana edango dut, erre egingo dut, gaixorik banago ez noa medikuarengana… Zertarako neure burua zaindu bizitzak lau egun baditu? Hala jokatzen duenak nahi beste estres gutxituko du barreari esker, baina…

Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude