Beunde, baso eta larre

  • Basoa aspaldi kolonizatu zuen euskaldunak, maneatu eta bere intereserako esplotatu. Aratz magaleko Beunden, pagoen soiltasunak harrituko du bisitaria. Txurruko puntaren soineko freskoa da basoa, eta artzain txabolak harkaitz zorrotzen artean ezkutatzen dira.
Otzaurte
Urko Apaolaza
Otzaurteko portua lerro batean dago, ur tantek orain Mediterraneora eta orain Kantaurira egiten duten horretan. Zegamatik edo Etxegaratetik iritsi daiteke bertara. Bide gurutzaketa horren pribilejioz eta San Adrianek Aizkorriri zulo bat egin zionari eskerrak, Otzaurte pasabide ezaguna izan da mandazain, basomutil eta artzainentzat.
 
Benta horretatik errepide batek eramango gaitu Beundeko (Beunda) atsedenlekura. Toki paregabea da hau, berdin Aizkorriko malkar zorrotzak igo ondoren oinak belarretan lasaitzeko, berdin otordurako, edo onddotarako. Lehenago taberna zegoen bertan ehiztarientzat, orain etxolatxo bat familiarentzat. Beundeko saroian basoak eta larreek bat egiten dute; bata eta bestea ehunka urteko bizikidetzaren irudi dira.

Basoa: eremu zibilizatua

Piztia arriskutsuak zeuden inguru basatia zela uste zenuen? Ba ez. Ukitu gabeko lur misteriotsua? Ezta ere. Euskal Herrian ez da, aspalditik, Amazonasik izan, baso “zibilizatua” baizik. Ebakidura bakoitzak badu bere logika, adarren itxurak zentzua. Forma bakoitzean gizakiaren eskua dagoela konturatuko da norbera.
 
Erdi Aroan baso gehiena zuhaitz tantaiez josia zegoen arren, gero eta ugariagoa zen txara motakoa, ipurditik behin eta berriz mozten zena egur-ikatza lortzeko. Burdinolentzat preziatua zen material hori eta horregatik zen hain ugaria; XVI. menderako Gipuzkoako probintziaren herena txaradiz beterik zegoen.

Baina ontzigintzak, burdingintzak ez bezala, enbor sendo eta bereziak behar zituen. Horregatik, Aro Modernoan pago mugarrotua zabaldu zen izugarri, zenbait lekutan hegemoniko bihurtu arte. Enborra lurretik bi metrora lepatzen zuten eta sistema horrekin abereek ez zituzten kimu berriak jaten. Izan ere, demografiaren presioa zela-eta, lurrak behar ziren abereak bazkatzeko, eta mugarrotzea formula egokia izan zen: ezkurra eta egurra, biak batera. Egungo pago kiribilduak ondare historiko ere badira, eta Beundera bidean ale politik ikus daiteke.
 
Ordurako basoak galdurik zuen izaera naturala; baratzeak bailiran, zuhaitz haztegietatik milaka landare aldatzen zituzten urtero udalek, Diputazioak hala aginduta. Ez dakigu zehazki Beunden zein landare aldatu zituzten, baina Seguran, adibidez, 1750-1808 artean 64.940 aldaxka sartu zituzten. Gero desamortizazioa etorri zen –eliz lurren salmenta–, eta azkenik, papererako pinuaren erreinaldia. Hala ere, Aratz-Aizkorriko galtzarbean pagoa sendo errotu da eta gaur arte iraun du. Egiaz, oraingo oihana duela bi mendekoaren hirukoitza da Euskal Herrian.

Larrea: partzoneria Gipuzkoa eta Araba artean

Beundetik pista eroso bat abiatzen da, zuhaitzen abarotik landa. Basoak eta larreak bat egiten dute linbo horretan. Bidean barna, Unamendiri (898 m) izkin egin eta Garagartzako haitzak laster azalduko zaizkio ibiltariari. Horien babesean, ezkutaturik, artzain txabola bikaina dago. Zegamako asurmenditarren artaldeak Txurruko punta inguruetan bazkatzen du udan.
 
Aizkorriko artzaintza, irudi bukolikotik haratago, hamaika familiaren ogibidea da oraindik. Gipuzkoako eta Arabako Partzonerian 8.000 ardi ibiltzen dira; gutxi dira, baina, uda sasoia mendian pasatzen duten artzainak, Urbiako zelaietan batik bat. Partzoneria hainbat mendetako elkarlanaren ondorioa da; gaur egun honako herriek hartzen dute parte: Arabako Donemiliaga eta Asparrena, eta Gipuzkoako Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerain. Elkarte horren bidez baso eta larreen ustiaketa erregulatu izan da eta iraganean auzolana izan du oinarri, horra zer zioen XX. mendeko euskarazko bando batek bide berriak irekitzeko herritarren betebeharraz: ...garoa ekartzen duten guziak bearko dute juan lanera datorren asteartean goizeko zortzietarako, eramanaz bakoitzak pikachoya edo achurra eta peazaya. Garoa izerdiaren truke, herri-lurren filosofia.

Begirada bat Txurruko puntatik

Aukera duenak Txurruko puntara (989 m) bueltaxka bat egin lezake. Garagartzara iritsi baino lehen, Ultzamako lepoan, larrean gora zuzen jotzea besterik ez da behar. Otzaurtetik ere igo daiteke zuzenean lepo horretara. Beundeko basoan, zuhaitzen akropoli honetan, galbiderik ez dago.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude