ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a

Hil-beila ala infiltrazioa?

Harkaitz Cano
2008ko uztailaren 06a
Harkaitz Cano
Harkaitz Cano, idazleaAlberto Elosegi
sango duzue ez dela berria, beti dabilela norbait hil-kanpaiak jotzen (Xuan Bellorekin ados: “Ez dut Jainkoarengan sinesten; bai, ordea, kanpaietan”). Baina, gero eta gehiago, idazleen hau ofizio iraungi bezala dakusat. Ofizio ohi bat; bai bederen, XX. mendeko ikuspegi humanistaren jarraitzaileei dagokienez. Lokatzetan bezala, XX. mendean geratuko gara agian zenbait, betirako: Victor Ericek ere esan zuen, zinema egiteko modu hori hil dela (bereaz bakarrik ari ote zen? Ohitura zabaldua da norberarena orokor-ustekotzearena, humanista ez dakit, baina bai humanoa…); ongietorriak patrikako telefonoak eta patrikako zinema! Zumezko saskiak egingo bagenitu bezala da, eta bat-batean, zumezko saskiak Txinatik datoz (eta gainera, ez dira zumezkoak eta ezta saski ere). Orduan –garaiz bagabiltza behintzat–, ogibidez aldatu eta denok ama zelulak ikertzen hastea onena, museo batean amaitu nahi ez badugu. Garaian garaikoak?

Bai, nik ere izaten ditut egun baikorrak: narrazioa, memoria, norbere buruari kontatu beharreko ipuin etengabea… Horiek guztiak ez dira, jakina, iraungi. Idazleak ere malgua behar du, eta malgu denak iraungo du, izango dute bere “zerbitzuek” (hotel y domicilio, garai bateko iragarki letra txikikoetan), estimazioa ez bada, erabilera. Baina literaturaren etorkizuna hil-beila koskorretan ikusten dut, zeinak diren, besteak beste, irakurle-klubak (klubak, bai… letra txikiko iragarkietan legez). Zer da irakurle-klub bat, finean? Saia gaitezen umore ingelesaren aldera lerratzen: idazle edo liburu baten zelebrazioa eta iruzkina, gorpua (idazlea/liburua) bertan dela (edo ez). Hil-beilatxo hauek –paradoxikoki literatura bizirik mantentzen dutenak (“ez zaitugu sekula ahaztuko!”)– egin daitezke norbere etxean ere, modu pribatuan, akelarre edo ouija formatuan –XX. mendean espiritismo esaten genion–. Elvisen espirituari deitu beharrean, Jon Miranderenari dei egitea da ezberdintasuna, Axular ez aipatzeagatik. Entzun dizuet: “Baina zer uste zenuen bada, gixaixo horrek? Literatura beti izan da minorien kontua!”. Adibiderik ez da falta: Borgesek, 37 ale saldu zituen bere lehen liburutik (eta berari asko iruditu, nonbait). Beti izan da horrela, beraz? Bai eta ez. Merkatuaren legeak orokortu diren honetan (bat baino gehiago dira, lege horiek?), hotz handia egiten du ouija horren abarorik ezean, hil-beilatik kanpo.

Hil kaperatik at, infiltrazioa edo filtrazioa da aukera bakarra. Gutxien espero duzunean, XX. mendeko humanistek literatura esaten zioten zerako zera hori prime time ordutegian iragazten da, zirrikitu batetik, ezari-ezarian, agente sekretu bat bezala, olio orban bat bezala. Hala gertatu da berriki Jack Kerouacekin, auto marka batek bere iragarkian On the Road liburuko zatia baliatu duelarik. Eta hala gertatu zen duela urte pare bat Julio Cortazarrekin ere, haren ipuin bat (“Cuando te regalan un reloj…”) entzun genuelarik beste auto konpainia bati esker. Cortazarren kasuan are nabarmenagoa zen: ouija orokortu egin zen, idazlearen ahotsa entzuten baikenuen, benetako ouijatan bezala! Zenbait jende haserretu egin zen, idazle argentinarra erabili egin zutelakoan. Ez ni: kanpainak iraun zuen bitartean, irrikaz geratzen nintzen iragarkien tartean telebistaren aurrean zain, haren ahots erretsua noiz entzungo. Cortazarrek erabili zituen auto-saltzaileak, eta ez alderantziz (espiritismo liburuak irakur, asko dira kasuak).
Horixe da, beharbada, geure buruari egin behar diogun galdera: literaturak literatura izateari uko egin behar ote dion –arteak arteari uko–, disolbatu egin behar ote duen molde tradizionalak eta ezkutuko agente bilakatu, bere izenari ere uko egin eta beste zerbait bihurtu, horrek biziraupena ziurtatuko badio.

Orain, mahai inguruan jarrita, har ditzagun elkarren eskuak eta herts ditzagun begiak: “Hor al zaude…?”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

ASTEKARIA
2008ko uztailaren 06a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude