Itzultzaileek ez dute dena euskaratu nahi

  • Hizkuntza-koofizialtasunak lanez gainezka ditu EAEko administrazioan dabiltzan itzultzaileak. Kasu gehienetan erdararen gotorleku den horretan, haiek arduratzen dira gaztelaniaz sortutakoa euskaratzeaz, azken produktuak behintzat legea bete dezan. Baina kexu dira: askotan alferrikakoa da euren lana, inork irekiko ez dituen tiraderak betetzeko baino ez du balio eta.
Artxibategia
ArtxibategiaDani Blanco
Administrazio publikoetako itzultzaileak ez daude lan faltan Euskal Autonomia Erkidegoan. Testu asko eraman behar da gaztelaniatik euskarara, eta inoiz, oso gutxitan, euskaraz sortutakoa itzuli behar da gaztelaniara. Lan izugarria, sarritan behar adina fruitu ematen ez duena. EAEn diharduten itzultzaileen artean guztiz zabalduta dago kezka: euskaratzen dutenaren zati handiegia alferrik euskaratzen dute.

Euskararen aldekoak ari dira eskatzen gutxiago euskaratzeko. Tiraka bloga Eusko Jaurlaritzan lan egiten duten hainbat euskaltzalek sortu zuten; bertan pixka bat ibilita, gaiari buruzko hausnarketa bat baino gehiago ikus daiteke. Denak ildo beretik: gauza gehiegi itzultzen dira. Blogaren sortzaileetako batek, Martin Rezolak, uste du gogoeta egin beharko litzatekeela, zer euskaratu behar den eta zer ez finkatze aldera. “Orain ia dena itzultzen da, ohituraz”, diosku.

Duela hilabete batzuk, Edorta España itzultzaileak antzeko kezkak plazaratu zituen, Administrazioa euskaraz aldizkarian argitaratutako artikulu mardulean. Españak Uribe Kostako Mankomunitatean egiten du lan, Bizkaian, eta berak eta beste lankide batek dute zazpi udalerrik sortutako testuak itzultzeko ardura, ia beti gaztelaniatik euskarara. Betebehar eskerga, inondik ere. Azken legealdian, gainera, handitu egin da, lehen bidaltzen ez zizkieten zenbait agiri mota jasotzen baitituzte orain. Ez da harritzekoa, hortaz, zeregin horren zati bat kanpoko enpresa bati bideratu behar izatea. Eta hala ere atzerapen handiz entregatzen dituzte lanak, guztira iritsi ezinik. EAEn baliabide asko xahutzen da administrazioko testuak itzultzen, Españak gogorarazten duenez; “askotan alferrik, gero ez duelako inork irakurtzen”.

Rezolak bezala, ea dena itzuli behar ote den hausnartzeko eskatzen du Españak. Beste irizpiderik ezean, administrazioko langileen barne-kontsumorako agiri, txosten eta abarrak gaztelania hutsez uztearen aldekoa da, baldin eta erabiliko duten guztiak erdaldun elebakarrak badira. Besterik da herritarren eskura jartzen dena: arauak, ordenantzak...

Elebakartasunaren alde

Harago doa Martin Rezola, Tiraka blogean idatzitako gogoeta honetan antzeman daitekeenez: “Itzulpen-kopurua murrizteko eskariari halako eskubide-printzipio ukiezin bat kontrajarri ohi zaio: euskaldunok eskubidea dugula hainbat eta hainbat informazio eta dokumentu euskaraz ere izateko. Eta hortik beldurra. Nik, alabaina, beldur horren funtsa zalantzan jarri nahi nuke”. Besteak beste, euskaraz inork irakurriko ez duena gaztelania hutsean utzita, gordinago ikusiko da zein den euskararen egoera, eta agian baten bat suspertu egingo da. Bestalde, agirien elebakartasuna ez litzateke gaztelaniaren mesede hutserako izan behar: euskaraz testu gehiago sortzearen aldekoa da Rezola. Eta gaztelaniara ez itzuli.

Ildo beretik mintzo da, beste artikulu batean, Malores Etxeberria Hernaniko Udaleko euskara teknikaria. Dioenez, administrazioan ustez dagoen elebitasuna azal hutsezkoa da. Praktikan, gaztelaniaz lan egiten da gehienbat, eta amaieran euskarazko ukitua ematen zaio produzitutakoari, euskarazko itzulpena jarriz erdal jatorrizkoaren aldamenean. Orobat, elebitasunaren aurkako iritziak oso zabalduta daude administrazioko langile euskaldunengan. Elebitasuna modu horretan ulertuta, beti ere.

Irizpide finkorik ez Euskararen Legean

Euskararen Legeak ez du zehazten zer itzuli behar den eta zer ez, eta ez dio den-dena elebidun izan behar denik ere, Eneko Oregik, Herri Arduralaritzako Euskal Erakundeko (HAEE) Itzulpen Zerbitzu Ofizialeko buruak adierazi digunez. “Legeak esaten du herritarren eskubideak bermatu behar direla, eta hori betetzeko gauza asko itzuli behar dira”.

EAEko administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko laugarren plangintzaldia ezartzear da, eta hark gehiago itzuli beharra ekarriko du, Oregiren esanetan, baina orain baino gehiago itzuliko da euskaratik gaztelaniara. “Egin dira aurrerapausoak horretan hala ere, oraindik euskarazko produkzioa apala den arren”, azpimarratu nahi izan du.

Erabilpena sustatzea, hori da gakoa Oregiren ustez. Zerbait aurreratu dela dio, baina funtzionario asko euskaraz aritzeko trebatu izanak ez du erabilpena areagotu. Horrek “malenkonia” halakoa eragin die administrazioko langile askori, egindako lanak emaitzarik ez duela ikusi dutenean. Funtzionarioek euskaraz lan egin ahal izateko ahalegin asko egin behar da oraindik, aitortzen du Oregik, eta zeregin horretan funtsezkoa izango da itzultzaileen parte hartzea; ez itzultzaile modura, trebatzaile modura baizik.

Horixe aldarrikatzen du, hain zuzen, Edorta Españak: “Itzulpen-kopurua murriztu eta ordu gehiago eskaini beharko genioke langileekin egoteari”. Bide luzea da baina. Españak salatzen duenez, langile batzuek hizkuntza-perfila lortu eta hortxe amaitzen dute euskaraz jarduteko trebakuntza; praktikan ez dira gauza euskaraz ezer ekoizteko. Beste batzuek berriz, ezta perfila lortu ere.
Euskara argiaren bidean
Duela hamar urte inguru, HAEEk euskara argiaren aldeko apustua egin zuen. Horren ondorioz, gaur egun administrazioek argitaratzen dituzten euskarazko testuak ulergarriagoak dira ordukoak baino. Baina ez askoz ulergarriagoak, Edorta Españaren ustetan. Errua itzultzailearen trebezia falta izan daiteke batzuetan; beste askotan, gaztelaniazko jatorrizkoaren mordoilokerian bilatu behar da arrazoia, euskarazkora igarotzen baita. Zortzi lerrotan hiru koma besterik ez dituen esaldia gaztelaniaz ulergaitza bada, hagitzez ulergaitzagoa izango da euskaraz. Gehitu egiozu dozena erdi hitz tekniko, eta hor duzu antilingua.

Itzultzaileek, gero eta gehiago, irizpide horiek dituzte gogoan, eta denak bat datoz aurrera egin dela, baina Españaren esanetan asko dago oraindik egiteko. “Orain dela hamar 8-10 urte HAEEk bide hori zabaldu zuenean, prestakuntza ikastaroak egin ziren hainbat administraziotan, euskara garbiaren beharra denon ahotan zegoen... Baina iruditzen zait hasierako ahalegin handi hura apur bat motelduta dela. Gauza bat da irizpide sorta bat jasotzea liburu batean, eta beste bat hori nola gizarteratu den, ea benetan itzultzaileengana zein gainerako langileengana ondo iritsi den”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude