Kolonbiar errefuxiatuak Ekuadorreko linboan

  • Duela hiru urte, mafien mehatxuak eraginda Kolonbiatik Ekuadorrerako muga gainditu zuen Orlando Valenciak. Egun, ARCOE Ekuadorreko Kolonbiar Errefuxiatuen Elkarteko koordinatzailea da eta bi herrialdeen arteko zubi lana egiten du.
Orlando Valencia
Orlando Valencia ARCOE Ekuadorreko Kolonbiar Errefuxiatuen Elkarteko koordinatzailea
“Anaia gazte bat nuen, eta familian ‘ibiltari’ esaten genion, zortearen bila joaten direnei bezala…”. Hitz horiek ez dira kolonbiar cumbia erritmo bateko bertsoak, Orlando Valencia Sernarenak baizik, anaia nola hil zuten azaltzerakoan. 2000. urtean izan zen. Kolonbiako poliziaren txalekoa soinean zeraman lagun talde batek gazte ibiltariaren autoa geldiarazi eta hil egin zuten. “Hainbat lagun izan ziren hilketaren lekuko, eta egun berean harrapatu zituzten hiltzaileak, baina gau hartan bertan denak aske utzi zituzten”.
Zigorrik gabeko ohiko lotsagabekeria.

Orlando Valenciaren anaia bitxigilea zen eta harremana zuen Kolonbiako esmeralda meatzeetako jendearekin, “horregatik familiakook uste dugu txertaketa konturen batengatik hil zutela”. Kolonbian, gizartea mafien bidez kontrolatzen dutenek kobratzen duten diruari deitzen zaio txertaketa. Hilketa hori gertatu zenean hasi ziren Valencia familiaren kontrako mehatxuak. “Nire anaiaren odol bereko guztiak hil nahi zituzten…”. Tolima departamentuan (Bogota mendebaldean), Valencia familia bizi zen herri berean, hiriko polizia-buruak berak proposatu zion familiari lekuz aldatzeko. Kafearen ardatzera ihes egin zuten orduan, herrialdearen erdialdera, Orlando Valencia hazi zen eskualdera. Bere esanetan, “heriotzari ihes egiten dion pertsonaren joera da hori; psikologikoki haurtzaroarekin lotzen gaituzten lekuetan babesteko tendentzia dugu”. Mehatxuak ez ziren eten, areago, gauzatu egin ziren eta Orlandoren beste anaia bat hil zuten. “Familiako gazteena zen eta ez zen inoiz inolako istiluetan nahasi”, ziurtatu du. Azkenik, 2005. urtean, 19 lagunek, “familia bereko lau belaunaldik” igaro zuten Ekuadorreko muga.

Orlando Valencia ARCOE, Ekuadorreko Kolonbiar Errefuxiatuen Elkartearen koordinatzailea da gaur egun. Erakunde horrek errefuxiatuen eskubideen alde egiten du lan eta 270 bat kolonbiar familia ordezkatzen ditu Quiton. Bere historia iceberg handi baten muturra baino ez da, Kolonbiako gatazka dela-eta Ekuadorren bizi diren milaka kolonbiarren sufrimendua ezkutatzen duen icebergarena. Baina Valenciaren odisea are garrantzitsuagoa da egun: Kolonbiaren eta Ekuadorren artean sortu berri den krisi diplomatikoak bereziki eragin dio.

Valenciak esan digu beti izan dela zaila Ekuadorren kolonbiarra izatea. Izan ere, estereotipoak dira nagusi: “Gizon kolonbiarrak narkotrafikatzailetzat hartzen dituzte, bidelapurtzat (zintzotasun gutxiko pertsonatzat), eta emakumeak prostitutatzat”. Odola bera izoztu zion gertakari baten lekuko izan zen behin: eskola bateko zuzendariak “kolonbiar gerrillari txinatarra (gorria)” esan zion haur bati. Mutikoak lau urte besterik ez zuen...

“Emakume bat ezagutu nuen”, gogoratu du ARCOEren koordinatzaileak. “Senarra Kolonbian hil eta handik gutxira iritsi zen Ekuadorrera, bi seme-alabarekin. Ez zuten errefuxiatutzat hartu, eta ondorioz ezin zuen lanik egin. Gainera, bazekien Ekuadorren lanean harrapatuz gero erbesteratu egingo zutela. Oso emakume polita zenez, eta herriko esamesen arabera emakumeak prostitutak direnez... gizon batek 20 dolar eskaini zizkion 20 minuturen truke. Eta azkenean prostituzioan sartu zen, seme-alabei jaten emateko”.

“Ez zen horren krudela izango –dio Valenciak– Ekuadorren eskumena duten agintariek kolonbiar emakumeei lan egiteko eskubidea emango balie, eta prostituzioan aritzen direnak erbesteratuta. Hemen ordea, kontrakoa gertatzen da, eta emakumeak, etsita, prostituzioan sartzen dira, eta orduan… ‘kolonbiar putak’ esaten diete”.

180.000 babesgabe

Ohikoa izateaz gain, adibide horrek kolonbiar desplazatuen sakoneko arazoa azaleratzen du: izan ere, errefuxiatutzat hartuko balituzte, Ekuadorren lan egiteko eskubidea izango lukete legez. Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak (ACNUR) emandako datuen arabera, 180.000 lagunek baino gehiagok behar dute babesa Ekuadorren, baina gaur egun arte 15.000 kolonbiar baino ez dituzte errefuxiatutzat hartu.

2006ko maiatzean, ‘impassea’ gainditzeko, Venezuelako enbaxada okupatu zuten Valenciak eta aitortu gabeko beste 42 errefuxiatuk. “Suitzako enbaxada hartu nahi genuen, baina hura bunkerra da, eta Venezuelakoa hartzea beste aukerarik ez geneukan”, onartu du ARCOEren koordinatzaileak. “Azkenean, ‘andetar txartela’ eskuratzea lortu genuen. Txartel horrek bizitzeko eskubidea ematen digu, baina ez lan egitekoa. Turisten parekoak gara ia-ia… Hemen geratuko gara”, dio, “migratzaileen linboan”.
Ez dirudi gerrillako buru baten heriotza eta greziar mitoak pareka daitezkeenik, baina Pandoraren kutxatik atera ziren izurriteen antzera, Kolonbiako armadak Raul Reyes Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako kantzilerra Ekuadorreko lurretan hil izanak ezusteko ondorioak izan ditu eskualdean. Besteak beste, azpimarratzekoa da azken gertakaria, ezustekoa eta positiboa: joan den martxoaren 7an, Ekuadorren eta Kolonbiaren arteko krisi diplomatikoa amaitu egin zen, Rioko taldean bildutako Latinoamerikako herrialdeen agintariek esku hartu zutenean.

Aitzitik, Orlando Valenciak ez du esperantza galdu, eta uste du agintariek ulertuko dutela ez dela aski arazo diplomatikoari heltzea. Izan ere, Kolonbiako gatazka krisi humanitarioa da eta aintzat hartu behar da biktimen iritzia ere, ezinbestekoa baita Kolonbian bakea eta justizia ezartzeko. Pandoraren kutxaren hondoan ere, esperantza baino ez zen geratu azkenean.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude